Literaturakoak

Peru Abarka

Eliz liburuak ez ezik, literatura obrak idatzi zituen Juan Antonio Mogelek: Peru Abarka, alegiak eta autore klasikoen itzulpenak. Peru Abarka euskal literaturako obra nagusietako bat da.

Hauxe du izenburu osoa: El Doctor Peru Abarca, Catedrático de la Lengua Bascongada en la Universidad de Basarte o Diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan (Durango: J. de Elizalde, 1881).

1802 inguruan idatzia, ez zen argitaratu XIX. mende bukaerako Pizkundea arte. Izan ere, liburua idatzi zen garaian korrejidoreak eta haren eskuko Kontseiluak ez zuen baimenik ematen euskarazko libururik argitaratzeko, eta, bestalde, zeukan kritika sozial eta politikoak (adib., justizia sistemaren kritikak) ez zuen argitalpena erraztuko. Egilea hiltzean, bere iloba Juan Jose Mogelek eskuetaratu zuen jatorrizko eskuizkribua, eta gero Zarauzko frantziskotarren komentuan gorde zen. XIX. mendean barrena kopia bidez ezagutua izan zen, eta Pizkunde mugimendu euskalzalearen garaian argitaratu zuten: lehenik, zati bat agertu zen Bilboko Beti-Bat aldizkarian, 1880an, baita Gasteizko Ateneon; gero, liburu gisa, Durangon, 1881ean.