Instrumentugilea

Castellon Campos, Agustin

Sabicas

1912an Iruñean jaiotako ijito jatorrizko gitarrista nafarra. 1990eko apirilaren 13an New Yorken hil zen. Sabicas bere nahia zen bezala Iruñeako hilerrian dago lurperatua.

Gitarra flamenkoko interprete hoberenetzat hartua, umetatik "sabicas" ezizena jarri zioten "habicas" asko gustatzen zitzaizkiolako. Gitarra jotzen bere kabuz ikasi zuen eta eszenatoki batera lehen aldiz zazpi urte zituela igo zen, hain zuzen, Iruñean soldaduen banderaren zinaren ospakizuna zela eta antolatutako jaialdian. Hamar urte zituela La Chelitoren laguntzaile gisa aritzen zen Madrileko Eldorado Antzokian. Flamenko giroetan azkar nabarmendu zen eta 1920 eta 1930 bitartean Espainia guztia zeharkatu zuen hainbat ikuskizunekin.

CRG 2003



1936an Amerikara joan zen Carmen Amaya dantzariaren konpainiako kide moduan. Hogei urtez Latinoamerika eta Estatu Batuetan zehar ibili zen. 1950 eta 1955 bitartean Mexikon instalatu zen eta geroago New Yorken, bertan hil arte bizi izan zelarik.

Sabicas flamenkoaren zabaltzailea izan zen amerikar kontinentean eta 50 eta 60ko hamarkadako gitarristei bide berriak zabaldu zizkion. Tekniketan berritzailea izan zen, gitarraren pordoietako pikatuekin, alzapua teknika eta hari guztiak sartzen zituen arpegioekin adibidez. Flamenkoaz at zegoen publikoa hurbildu zuen musika mota honetara eta Estatu Batuetan Mario Escuderorekin eginiko Espainia eta Hegoameriketako gai herrikoien moldaketen grabaketek oihartzun handia eduki zuten.

CRG 2003

Espainiara sari eta omenaldiak jasotzera noizbehinka soilik itzuli zen: 1967an Malagako Flamenko Ikasketetako Asteko Urrezko Domina eman zioten, Jerez de la Fronterako (Cadiz).

Flamenkologia eta Andaluziako Ikasketa Folkloriko eta Flamenkologia Katedrako Gitarra Flamenkoko Sari Nazionala ere jaso zuen; 1971an Espainiako Irrati Nazionalaren Saria eta hainbat urrezko diska. 1982an Iruñean omenaldi bat eta Gayarre Antzokian kontzertu bat eskeini zioten.

Nazioarteko ospeak ez zion eragotzi flamenkoaren une garrantzitsuenetan egotea, hala nola, Madrileko Alcala Antzokian ospatu zen Lehen Goi-Bilera Flamenkoan edo Sevillako Arte Flamenkoko IV. Bienalean (1986). 1987ko maiatzak 15ean Madrileko Errege Antzokian eskeini zuen kontzertua ahaztezina izan zen.

Ezin dugu bere konpositore fazeta alde batera utzi. Gipsy Concert izeneko kontzertu bat konposatu zuen besteak beste, bera hil ostean Rafael Riqueni eta Kordobako Orkestrak estreinatu zutelarik 1993an Kordoban.

CRG 2003

Flamenkoko berrogeita hamar diska baino gehiago grabatu zituen, bai bakarrik edo eta flamenko munduko Camaron de la Isla eta Enrique Morente bezelako musikariekin eta baita ere jazz munduko musikariekin, honela adibidez Joe Beck-ekin Rock Encounter diska (1970) egin zuen. Bere esperimientuek The Soul of Flamenco and the Essence of Rock (1971) diskan jarraipena eduki zuten. Bere beste izenburu batzuk: España en dos guitarras; Fiesta flamenca; Grandes figures du flamenco; Guitarra flamenca; La guitarra flamenca; Recital de guitarra flamenca 1; Recital de guitarra flamenca 2; Recital de guitarra flamenca 3; Sabicas; Sabicas y los cantaores.

CRG 2003

  • Ríos Ruiz, Manuel: "Sabicas [Agustín Castellón Campos]". Non: Casares, E. (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericano. [Madril]: Egile eta Editoreen Elkartea, 1999. 9. t., 517-8 orr.
  • Woodall, James: "Sabicas [Agustín Castellón Campos]", non: Oxford music online.

KSE 2008