Elkarteak

Euskal Dantzarien Biltzarra

Euskal Dantzarien Biltzarra" bere hasieratik Euskal Herriko kultura arloan dagozkien ekintzak garatzen dituzten dantza edo folklore taldeak biltzen dituen elkarte bezala sortzen da.

Elkartea legez Baionan sortzen da, 1966. urtean eta bere barne araudian helburu gisa honako hau ezartzen da: "euskal dantzari guztiak Euskal Herriko dantzei buruzko ikasketaren, irakaskuntzaren eta praktikaren inguruan bildu". Bere lehendakaria Paul Rocca Serra-Legarralde izan zen eta elkartearen baitan izan zen lehen zatiketara arte kargu horretan jarraitu zuen.

Lehendabiziko urte horietan zehar, maila teorikoan, jardute eremuaren eta elkartearen zabaltzearen egokitasuna edo egokitasunik eza azaltzen da: euskal dantzak, folklorea orotara edo esparrua euskal kultura guztira (berezitasunez euskeraren egoerak kezkatu egiten du) zabaldu. Urrats praktikoen ikuspegitik aipagarri ditugu dantza taldeekiko harremanaren mantenua edo bere elkarkuntza, alarde jendetsuen sustapena (lehen Dantzari eguna Miarritzen egin zen 1967ko Berpizkunde Pazkoz) eta nolabaiteko ekimen edo egitura-proposamenak (dantzen ikasketa sistematikoa, dantza berriak sortzea, taldekideei begirako kultura hedapena, lehiaketa ugari, garaiko kultura egoeraren adierazleak, etab.). Iritzi gune eta bilgune bezala, Dantzari izeneko aldizkaria sortzen da, lehendabiziko 12 aleak Xabier Gereñok zuzendutakoak izanik.

"Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen" bitartekotzari Ester, 1969. urtean eta Jesus Arozamenaren lehendakaritza edota zuzendaritzapean, Gipuzkoako Gobernu Zibilean Euskal Dantzarien Biltzarra Dantzarien Elkarte eta euskal dantza taldeen federazio bezala erroldatzen da, bere egoitza Donostian ezarriz. Bere xedea euskal folklorearen eta berezitasunez bere herri-dantzen sustapen eta zaintzara mugatzen da. Barne egoera dela eta, aldizkaria berriz berrargitaratzen da, baina orain Dantzariak izengoitiz eta aldi berean Folkloreari buruzko Nazioarteko Lehendabiziko Jardunaldiak antolatzen dira.

1972an, elkarteko presidentea zendu ondoren, Imanol Olaizola Etxeberriak bere agintaldiari hasiera ematen dio (ordura arte presidenteorde kargua izan zuen). Izatez, erakustaldi jendetsu klasikoen antolaketarekin jarraitu zuen arren, ekitaldi edota ekintza berrien sustapenari ere ekin zitzaion, tradizioaren jatorrizko iturburuetatik geroago eta gehiago edatearen aldeko aldezpenera bideratutako apustuari ekiten hasiz.

1977ko urte inguruan, elkarteak bere baitako berregituraketa jasaten du deszentralizazio maila handiagoa eta lurraldeetako federazio ezberdinen arteko koordinazio gehiago lortze aldera. Euskal Herriko kultura esparrua osatzen zuten lurralde guztien Euskal Dantzarien Biltzarrean benetako integrazioa aurkitu nahi da, euren arteko harremana bultzatu, dantzak trukatu eta dantza taldeen euren urteroko lanaren erakustoki gisa Dantzari eguna ezarri. Guzti horren programa asmoen artean honako hauek azaltzen dira:

  • Dantza taldeen lanaren koordinazioa.
  • Erakunde ofizialen aurrean ordezkatzea.
  • Dantzaren ikerketa, berreskuratze, zaintza eta hedapena.
  • Herriko jaien garapena.
  • Dantzaren garrantzia herriari itzultzea.
  • Federazioak prestatzaileen talderen bat sortu izatea.
  • Hedatze asmoz dantza sorta jakin bat ezarri.

Dantzari egunaren prestakuntza eta ospakizunak, 1978an, Iruñan, inflexio-puntua adierazten digu, hortik aurrera aldi berri iraunkor eta erabat ustiakorra zabalduz. Iñaki Irigoien Etxebarria buru dela gobernu aldaketa ematen da, bai maila filosofikoan bai bere ezarpen praktikoan ere. Aldi oparo horren emaitza berrietariko batzuk, honako hauek aipa ditzakegu:- Federazioetan deszentralizatu eta euren arteko koordinazio eraginkorra.

  • Ekonomia-azpiegiturak zein fisikoak lortu. Hau da, elkartearen egoitzak ezartzea lortzen da eta entitate publiko zein pribatuekin harreman erraza izatea lortzen da.
  • "Dantzariak" aldizkariaren berrargitalpena eta erredakzio kontseilu egonkorra sortzea. Elementuok aldi distiratsua izatea lortu zuten, bai argitaratutako kopuruagatik (2 ohizkanpoko ale eta 8tik 52ra artekoek) bai lortutako mailagatik edota artikuluen kalitateagatik ere.
  • Dantzen hedapenerako Ikastarotxo teoriko-praktikoak, metodologiazkoak, etab. ematen dira eta prestatzaileen taldeak osatzen dira.
  • Euskal Herriko dantzen, tradizioen eta ohituren filmaketei hasiera ematen zaie. Bestalde soinudun agiri ugari argitaratzen dira euren hedapen eta zabalkunderako.
  • Dantzak edo euskal dantzaren praktika, arautu eta arautu gabeko irakaskuntzan sartzea lortzen dute.
  • Dantzarien eta dantza taldeen elkartzerik gorenaren unea. Garaiko "Dantzari eguna"ko kontzentrazioetan nabarmen ikusten zen.
  • Taldeei zerbitzuetarako kooperatibaren antzekoa (dantzarako materialak lortu, jantziak, jantziei buruzko informazioa, harreman ugari, ekitaldiak, ikastaro ugari, etab.) ezartzen zaie.

90. hamarkada inguruan, lehendakaritza Angel Murua Iñurritegi legazpiarraren eskuetara aldatzen da eta "Euskal Dantzarien Biltzarra"ren erabateko sustraitzearekin bat egiten du. Aldi horretan elkartearen ildo programatikoei eutsi egingo zaie (arlo jakin batzuk berretsiz eta beste ezarri gabeko egitasmo batzuk alboratuz) eta neurri handi baten, aurreko lehendakariak zirriborratutako egitasmo eta printzipio teorikoekin jarraituko da. Are gehiago, "Dantzariak" aldizkariaren zeregin hedatzailea garatuz (aurreko Jesus Fernandezen dedikazioari eta geroago Mikel Larramendi Garbisuren esku izandako zuzendaritzari esker) jarraituko da, folklore ikerketari ekinaz, sustraitutako "Dantzari egunak" (mota horretako ekitaldiak lurralde edo eskualde mailan ere ospatzen hasten dira), soinudun hainbat agiri argitaratzeko ildoari eusten zaio edota tradizio jakinen jatorrizko lekuetan filmaketa ezberdinak eginez jarraitzen da. Azken finean, elkartearen beraren hastapenean ezarritako zutabeen finkatzailea izanik aldi kontinuista batez hitz egin dezakegu.

Geroago, lurralde entitateen burujabetza handiagorako nahien barne prozesua hasten da. Une horretarako, erritmo ezberdinez eta era desberdinean, lurralde-federazio bakoitzak era askez jardutea ahalbidetzen dien giza-baliabideak, materialak eta finantza baliabideak lortzeari dagokionez bere heldutasuna lortua du. Benetako koordinaziorik ezaren eta nolabaiteko irizpideengatiko zatiketaren une gogorra saihestea egokitu zitzaion Maribel Ortiz de Zarate lehendakari berriari kargu horretan izan zen aldi guztian. Ordura arte ezarritako egiturak zekarren inertzia berarekin jarraitzen da eta jadanik arinago, 1995eko udaldian, 52 zenbakidun azken "Dantzariak" aldizkaria argitaratua izan zen.

Urte batzuetatik hona, Xabier Mendizabalen lehendakaritzapean, koordinazio benetako eta eraginkorra lortzeko lanari ekiten zaio. Baina egia esan "Euskal Dantzarien Biltzarra"ren beraren edo bere lurralde federazioena ere, antzinako jarduerei eusteko nolabaiteko estatikotasunaren edo barne korronte berri edo dibergenteen sorrerak eragindako nolabaiteko berrantolaketarako aldia da. Baina hala ere, elkarteak Euskal Folklorearen mundua hedatu eta zabaltzeko bere ildoari ekinez jarraitzen du: hor dira bere argitalpen ezberdinak (2006an, bere aldizkaria berriz argitaratu da), euskal dantzaren hedapen eta jendarteratzeko bere gogo bizi egoskorra, bere musika tresnak eta jantziak edota helburu edo aukera berrien bilaketa.

  • Dantzari Aldizkaria, zenbakiak: 1etik 12ra.
  • Dantzariak Aldizkaria, zenbakiak: 1etik 7ra.
  • Dantzariak Aldizkaria, zenbakiak: 8tik 53ra (gehi ohiz kanpoko bi).
  • Dantzagune
  • Euskal Dantzarien Biltzarra