Eskultoreak

Anchieta, Juan de

XVI. mende erdiko euskal eskultore ospetsu honen bizitzari buruz xehetasun urri ditugu eta diren apurrak ez dute bere bizitzaren azken 23 urteez baino argibiderik ematen. Hori horrela izatearen arrazoia XX. mende hasierara arte gutxi ezagutua izanari zor zaio.

Juan de Antxieta gipuzkoarra da. Ba omen zegoen Antxieta izeneko beste lagun bat, Mikel Nafarra alegia, eta horren eraginez egilea bere lanetatik banantzeko joera eman da. Halere, geroztik argitaratutako agiriek Antxieta bakar bat izan zela garbi frogatu dute, Azpeitian jaioa alegia, data ezezaguna bada ere. Cean Bermudezek, Antxieta Florencian hezi eta italiar berpizkunde apartarekin harremana izan zuela aditzera ematen du, Della Quercia, Robbia, Donatello eta, bereziki, Miguel Angelen lanak ikusi eta beronen eragin ukaezina jasoaz, euskaldunaren lan guztietan zehar azaldu eta nabarmenduko den eragina alegia.

1565ean jada Valladoliden bizi da. Catalina de Agilar Andrearekin, burgostarra bera, izan zuen seme baten bataio-agirian Juan de Anchieta bezala azaltzen da. Dena den, Antxieta ez zen emakume horrekin ezkondu, bere ahaidea zen Ana de Agirrerekin baizik. Garaiko gaztelar eskolako Berruguete, Becerra, Jordan eta Beltran bezalako maisu garrantzitsuenekin eta Antxietaren mireslerik handienetakoa zen Juan de Junirekin harremanak ditu. Junik hauxe dio Antxietaz: "pertsona oso aditua zen, trebea, jakintsua eta Gaztelako erreinuan dauden adituenetako bat... ez dago arte horretan fidatzeko adinako beste inor". Ez dago frogatuta bere partaidetza Briviescako Santa Klarako erretaulan, baina jakina da toki horretara hainbat alditan bidaiak egin zituela. Gainera, penintsula osoan oihartzun handia izan zuen erretaula horri amaiera eman zion Lopez de Gamiz eskultorearekinere harremanetan ibili zen. Bere estiloa Briviescako erromanismotik gaztelar expresionismotik baino hurbilago dago.

1576an Valladolidetik alde egiten du Iruñean behin-betiko -Navarrerias kalean- bizitzeko. Herri horretan lortuko ditu lorpenik garrantzitsuenak. Antxieta gazteak hainbat ekimenetan esku hartzen du, besteak beste Zumaiako Pedro Deunaren elizako erretaulan lan egiten du; halere, bai ordainsari txikiagatik, bai dirusariak eskuratzerakoan gertatzen ziren atzerapenengatik, bere bizitza gogorra da eta bizi guztian zehar izan zuen txirotasun gorritik ihes egiteko maileguak eskatu behar izan zituen. Zumaiako erretaula 1577rako bukatuta zegoen. Irudi exentuez osatutako Gurutze-bideak burutzen duen hiru solairu ditu, erliebez betea. Camon Aznarren iritziz, hauxe da Briviescako oholtzatik hurbilen dagoen lana. Aipatutako lan horretan zera ematen da aditzera: irudien xehetasunik garrantzitsuenak , irudien barne mundu sendoa, proportzio atletikoak -zerbait txaparrotuak badira ere-, planoen neurritasuna, keinuen baitaratzea.

Urte bete lehenago Casedako Andra Mariaren oholtza eta sagrarioaren eraikuntza bideratzeko kontratua izenpetu zuten Casedako parrokiak eta Antxietak berak, lana burutzen lau urte emango zituelarik. Halere, hori ez zen bere ekintza bakarra izan, jakin baitakigu 1576tik eta 1578ra bitartean Burgoseko Katedralerako erretaulako Jasokundea, Ama Sortzez Garbiaren Koroatzearen eszena eta koruko atril gaineko honen irudia kokatze lanetan zebilela. Bestalde baliteke beste hainbat tokitan ere lanean aritu izana, esaterako: Jacako Katedraleko Hirutasunaren erretaula egiten, Ama Birjina frontiseko medailoian dagoelarik eta hiru Bertuteak goiko tinpanoan; Alkizako erretaulan; Asteasuko erretaulan, egun San Pedroren irudia bakarra geratzen delarik; eta Errezilgo erretaulan, bertan Sagrarioa mirestu daiteke.

1580tik aurrera, hau da bere heriotza baino zortzi urte lehenego, Antxietak tasatzaile lanari heldu behar izan zion, bere ekonomia egoera larria arintzeko. Eta hainbat lekuetara badaia egin behar izan zuen -Valtierra, Alkiza, Agurain, Donostia, eta abar. Egin zituen lanen artetik biribilena egiten du: Aoizko erretaula. Tamalez, mende erdi beranduago, barrokoaren bultzadaren eraginez desegin egiten dute eta erretaula beste erara antolatzen dute Juan de Tornesen eskutik egina. Ama Birjinaren irudi ederra dago presbiterioan; gizon-hazpegi ederduna, mikelangeldun egonkortasun sendo eta lasaiduna. Biluzik dagoen Kristo gurutziltzatuaren irudia Errenazimenduan bukatutako lana da.

Zaragozan lan egiten du, eta bertan dela San Miguel de la Seoko erretaularen arkitektura eta erliebeak egiten ditu. Egun oraindik ikus daiteke lan horren jatorrizko polikromia urria, inspirazioz penintsularra baino italiarragoa dena. Konposaketa, ausarta da, gai ugari jorratuz eta arkitektura elementu berriduna. Aipagarria da, duen jeinu ukitu bereziagatik, Deikundearen erliebe nagusia, bertan batzen direlarik graziaz betetako aingeru apoliniarra, Ama Birjina handi eta indartsua.

Sorkuntzari so eginez, eskultore honen aldirik oparoena 1583tik bere heriotzara (1588an) doan garaia da. Orduan burutzen du Tafallako Andra Mariaren sagrarioa eta erretaula. Sagrarioa da bere maisu lana; esparru txiki baten barruan bat egiten dute larritasun eta txirotasunezko bizitzan zehar izandako indarkeriak eta dramatismo osoak. Sagrarioak hiru solairu ditu, arkitektura aldetik guztiz ordenatuak. Bertan, oso irudi aztoratuak ikus daitezke, baina halere orekan daudela esan egenzake. Erretaularen erliebe nagusian honako irudi hauek ikus daitezke: Joanes Bataiatzaile Deunaren Jaiotza, izur eta mantu ugariz, Deikundea, Ikustaldia, artzainen Jaurespena, Kristoren lurperatzea, Emakume Doneak, Joanes Deuna eta Pedro Donea hilobian eta Eraistea. Erliebeak kanpo irudi ederrez osatuta daude. Oholtza, artistaren heriotza goiztiarragatik ezin amaitu izan zen; amaierara arteko lana Pedro Gonzalez de San Pedroren esku izango da eta lan horri dagokion polikromia Juan de Landak gauzatzen du.

Antxieta 1588ko azaroaren 30ean hil zen, azkena izango zen lana burutu ostean, hau da, Alloko elizaren Koruko aulkiteriarentzako diseinua. Katedraleko klaustroan lurperatua izan zen; aparteko lana utzi zigun, jarraitzaile sutsuak ziren batzuk eta Ana de Agirre emazteak ozta-ozta ordaindu ahal izan zituen zorrak. Bere jarraitzaileak asko izan ziren. Besteak beste, Pedro González de San Pedro, Ambrosio de Bengoechea, Lope de Larrea, Bernabé Imberto, Martín Ruiz de Zubieta, Domingo Vidarte, Juan de Berrueta, Domingo de Luso, Diego Giménez, Juan de Bascardo, Martín de Morgota, Pedro de Arraydu eta beste asko eta asko nabarmendu daitezke.

Antxietaren lanak edota berari egotzi dakizkiokeenak, Euskal Herrian eta inguruko lurraldeetan daude, bai Agate Deunan bai Tolosan, Hernanin zein Logroñon, Iruñan, Zaragozan, eta abar.