Politikariak eta Kargu publikoak

Hernandorena, Teodoro G.

Idazle, kultur sustatzaile eta politikari gipuzkoarra. Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio zen 1898ko azaroaren 6an. Donibane Lohizunen (Lapurdi) hil zen 1994ko azaroaren 9an.

Familian gaztelaniaz hitz egiten zen eta kalean ikasi zuen euskaraz hitz egiten. Zaragozara medikuntza ikastera joan zenean euskal nortasunaz jabetu zen eta Basurtuko Ospitalean lanean hasitakoan murgildu zen giro abertzalean. Justo Garate eta Aingeru Irigaray izan zituen gidari ideologiaren bidaia horretan.

1931an politikan sartzea erabaki zuen. EAJko Euzko Gaztedian izena eman eta handik gutxira Gipuzkoako Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten. Hizlari trebea zen, Ehundik gora mitinetan hartu zuen parte urte haietan, Aitzol, Telesforo Monzon eta beste hainbat abertzalerekin batera. Euskal Herriaren aipamenak kanpora ere atera beharra zegoela-eta, Dublinen, Buenos Airesen, Montevideon eta atzerriko beste herrialde askotan ibili zen hitzaldiak ematen.

Ez zen zinemagilea, koiunturak eraman zuen horretara. Izan ere, zizurkildarrak arte berriaren abantailak interpretatzen jakin zuen, ideia abertzaleak zabaltzeko tresna bezala, eta horregatik ekin zion 1933an euskal zinemagintzaren historian, gai politikoari buruzko lehenengo dokumentala errodatzeari Euzkadi izenburupean.

Baliabide eskasak zituzten eta dirua erruz behar zen, errodajea aurrera ateratzeko. Hernandorenak bere poltsikotik ordaindu zuen guztia. Emaitza izugarrizkoa lortu zuen harek, Euskal Herriko ikuspegi abertzalea erakusten zuen: Agirre, Monzon eta Hernandorenaren hitzaldiak, herri eta museo askotako irudiak, Sabino Aranaren hilobia, lantegiak, meza irteerak, dantzak, pilota, azokak eta abar.

Muntaiak aurrera egin ahala, garrantzia hartu zuen. Izan ere, Hernandorenak aditu ezagunak erakarri zituen. Testuak idazten Bernardo Estornesek lagundu zion, musika Aita Donostiak aukeratu zuen eta Orfeó Catalák jarri zuen ahotsa. Euzkadi filma Donostiako Casino Kursaalean estreinatu zen 1933an. Gaur egun film originala desagerturik dago.

1936ko Gerra aurretik, Teodoro Hernandorena José Antonio Agirreren Gobernuan aritu zen kultur ekimenak antolatzen, Elai Alai dantza taldeaz baliaturik batez ere. Frankismotik ihesi Iparraldera joan zen bizitzera eta Iparraldeko hiru probintzietan ere euskaltzaletasuna sustatzeko lanetan hasi zen berehala. Hala, Teodoro Hernandorena Iparraldeko bertsolaritza berpizteari ekin zion. Zizurkildarrak Hendaiatik Atharratzeraino zeuden txoko guztiak arakatu zituen bertsolarien bila eta Donibane Lohizunen txapelketa antzeko zerbait antolatu zuen 1946an. Bertan bildu ziren, besteak beste, Urepeleko Xalbador eta Ahetzeko Mattin. Harrezkeroztik, hamaika saio egin zituzten bi bertsolariek, Hernandorena ondoan zutela beti ere.

Idazle moduan idatzitako lan gehienak euskaraz egin zituen eta Herria, Zeruko Argia, El Bidasoa, Anaitasuna eta Príncipe de Viana-ko euskarazko eranskinean argitaratuak izan ziren.

Bestalde, euskarazko lehen irratsaioa egin zuen Joseba Zubimendi eta Ander Arzelusekin, eta buru-belarri ibili zen Euskaltzaleak, Eusko Pizkunde edo Eusko Nekazarien Bazkuna erakundeen sorreran ere.

XX.mendean, erreboteak izan zuen suspertzaile eta babeslerik handienetakoa Hernandorena zizurkildarra izan zen. Jokalari, xaxari, antolatzaile, suspertzaile... Jose Treku eta beste lagun batzuekin batera Errebote Zabalkunderako Euskal Elkartea sortu zuen 1930ean.

  • IRIONDO, Joxemari. Teodoro Hernandorena. Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko aurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2004.