Ingeniariak

Echeverría y Ugarte, Lucas

Ingeniari gasteiztarra. Gasteiz, 1831- Bartzelona, 1891.

XIX. mendean Euskal Herriak ezagututako heziketa zientifiko-teknikoarekin gehien konprometitutako gizonetariko bat. Bere ezagutzak fisika aplikatua, industria-mekanika edo mekanika arrazionala bezalako, de facto, loturarik zeukaten arloak bere baitan hartu zituen.

Horrelako toki batean, Lucas Echeverriari eskainitako sarrera zabala izatea, Bergaran industria-irakaskuntzak bultzatu izanagatik besterik ez bada ere, ondo merezia du; -Bartzelonako bere egotaldiko ekarpenak alde batera, horiek ez baititugu azpimarratuko-, irakaskuntzarik gabe ez dago XIX. mendean Euskal Herriko industria-garapenaren hasiera azaltzerik. Ezta aurrerabide teknikorik ere. Ikasketak, Gasteizko Institutuan egin zituen, 1849an filosofian batxiler titulua lortuz. Ikasle aparta izan omen zen, adin horretarako jada Fisika-katedran laguntzaile gisa ziharduelako. Jarraian, filosofia ikasi zuen, lehendabizi Valladoliden eta hiru urte geroago Madrilen, 1854an bertako Unibertsitate Zentralean, zientzietan lizentzia lortuz.

Lizentziatu berria zela, agian aipatutako Eskola abiarazi izanak zekarren irakaskuntzarako aukerak erakarrita, Bergarako Industria Eskolako kimika laguntzaile gisa aritzeko eskaintza (gogora dezagun Eskolak bere ibilbidea 1851an abiarazi zuela, Estatuan zeuden hiru industria-eskoletatik bat -besteak Bartzelona eta Sevilla izan ziren- izanik). Bertan kimika eta fisika irakatsi zituen, azkenekoa musu-truk, baina zientzia aplikatuetan ere sakontzerik izan zuen: 1857an Fisika orokor eta aplikatuko katedra lortu zuen, kargu horretatik zientziaren aplikazio praktiko eta industrialak sustatzeari ekinez.

Echevarriaren hezkuntza-jarduna nabarmendu zuen ikuspegi pragmatikoa Bergarako Eskolak industria-irakaskuntzetarako bere lanabes hornidura (edo Fisika Kabinetea) eraberritu izatera iritsi izanak islatzen du. Kabinete horretako inbentarioa aztertzean, egia esan, 1856tik eta 1857ra bitartean hainbat tresna eta makina berri erosi zirela --guztira 70-- ikus daiteke. Baliteke Ignacio Sanchez Solis (1816-1890), eskolako zuzendariordea eta Industria-Fisika katedradunaren, laguntza izatea, nahiz eta Sanchezek 1857ko uztailean Bergaratik alde egin zuen. Honenbestez, Echeverriak, makinak esparrurik garrantzitsuena osatzera etorrita ikasturte horretako eduki teorikoekin bat zetorren fisika programa sortu zuen. Kabinete horretako lanabes eta makinek zehazten zuten ikasgai-zerrendako praxia. Baina tresneriak erabat fidagarriak izan beharra zeukan, eskola teorikoetan eta eskola magistraletan irakatsitakoarekin esperimentu eta froga formalak ahalbidetzeko modukoa [Berak erositako tresneriaren artean honakoak ziren: Rumforden bero-neurgailu bat, Gay Lussacen dentsimetro bat, Wheatstonen fotometro bat eta Peltierren elektrometro bat, aipagarrienetariko batzuk adieraztera ematearren]. 1857an idatzi zuen Fisika orokor eta aplikaturako programak, industria gaietan bere bizitza osoan zehar defendatu zuen zientziaren ikuspegia erakusten zuen. Komenigarria da, bere programako sarrera berridaztea, nahiz eta bere edukian sakontzerik -tokirik ezagatik batik bat- ez dugun arren.

"1. atalak Fisika aplikatuko bi ikasturteen aurretik behar duen Fisika orokorraren ikasturtearekiko gaiak ditu, bertan beroaren teoriari eta...Industria Mekanikari [gasak, akustika, magnetikotasunaren eta elektrizitate-teoriak] buruzkoak behar besteko zabaltasuna emanez; 2. atalak beroaren aplikazioekiko guztia jorratzen du [errekuntza, tximiniak, haizagailuak, baporizazioa, galdarak, destilazioa, lurrunketa...] eta 3. atalak argiaren eta elektrizitatearen aplikazioari buruz azaldu behar den guztia [argiketa, elektrizitate dinamikoaren teoriak, korronte elektrikoa]. Atal bakoitza hirurogei ikasgaitan banatuta dago." (Caballer, Llombart eta Pellón, 2001: 224-234).

Eta Echeverria aukeratu genuenean, bere hezkuntza-ibilbide distiratsua laburbiltzetik haratago, horrelako zerbait azpimarratu nahi izan genuen. Ikasturtea osotzen duten 180 ikasgaietako goiburuak irakurtzerakoan, unibertsitateetako programa teorikoek ez bezala, Etxeverriak lantzen zituen gaietako askoren aplikagarritasunaz harritu besterik ezin egin gaitezke. Egia esan, "erabilitako erregaien eta haizagailu makinen araberako tximini antolaketa egokia " bezalako gai teknikoak azaltzen zituela ikusi dezakegu, edota are espezifikoagoak, 'erregaiek izan behar dituzten baldintzak, beraien bero-potentzia zehazteko metodoak edo are gai espezifikoagoak?.Hala ere, ez dira Rudolf Calsiusek (1822-1888) 1850ean aurkeztutako barne-energia kontzeptuaren edo James Prescott Joulen (1818-1881) eta Robert Mayerren (1814-1878) energia zinetikoari buruzko teoriak bezalako termodinamikaren oinarrizko teorien aipamenak aurkitzen: Azkenik, unibertsitatetako ikasgeletan fisikako tratatu orokorrak ugariak ziren bitartean, Echevarriaren klaseetan, ostera, ingeniaritzarako eskuliburu teknikoak zerabiltzaten, hastapenean itzulita zeuden liburu teknikoetara jotzeari ekin zioten arren (1857tik aurrera aldiz, frantsesez idatzitako lanak erabili zituzten ).Echeverríak gai horretan erakutsi zuen interesaren adierazgarri 1852tik 1858ra Eskolak eskuratutako mekanika eta fisikako 32 liburuetatik 22 1857tik 1858ra egindakoak izatea da. Besteak beste honako izenburuak aurki ditzakegu: Traité des Machines a Vapeur, C. E. Jullienena; Manuel du Constructeur des Machines Locomotives, O. Evansena; Construction des Engrenages, Haindtena; eta Máquinas de aire caliente, F. Reechena.

Bergarako eskola itxi (1860) ondorengo hiru hamarkadetan, Echeverriak bere irakaskuntza jarduna Bartzelonan garatu zuen, lehendabizi Konderriko Unibertsitatean (Mekanika arrazionalaren irakasle bezala) eta 1866tik aurrera Industria Mekanikako Katedradun bere kargutik, ofizioetara eta nekazaritzara fisikaren aplikazioak sustatzen ahalegindu zen Industria Goi Eskolan jardunaz (arinago 1865ean, industria-ingeniari titulua lortu zuen). Hamarkada horren erdialdean Teoría general del movimiento de las máquinas izeneko doktoretza tesia prestatzen hasi eta 1869an doktoretza lortu zuen, bertan industria prozesuetarako mekanika teorikoaren garrantzia, berriro ere, azpimarratuz. Beharbada Echeverriaren kasuan -bere ibilbidea, egia esan, industriaren mundutik at [ez arlo akademikotik: ekonomia elkarteetako eta nekazal elkarteetako kidea izan zen, Bartzelonako Real Academia de Cienciaseko presidentea izatera iritsiz (1878-1880)] garatu zen- bere pragmatikotasuna eta ikuspegi zabala berak zituen industria sentiberatasunagatik eta baita inpresioengatik ere sustatuak izan ziren.

Programa de Física general y aplicada de la Escuela Industrial profesional de Vergara (15 de septiembre de 1857) Archivo Central del Ministerio de Educación y Ciencia (Alcalá de Henares), leg. 6.541; (1869). Teoría general del movimiento de las máquinas; Sobre la termodinámica; Memoria sobre el fluido eléctrico; Influencia de los procesos de la mecánica en la agricultura; Consideraciones generales acerca de las aplicaciones de ciertos principios a la construcción de aparatos de calefacción.

  • Archivo Histórico de la Universidad de Barcelona, "Expediente personal de..." (1869);
  • Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo-Americana. Barcelona: Hijos de J. Espasa, 19 (p. 18);
  • Caballer, María Cinta, Llombart, José, Pellón, Inés (2001) La Escuela Industrial de Bergara (1851-1861). Donostia: Colegio Oficial de Ingenieros Industriales de Gipuzkoa.