Literatoak

Etxebarria Ibarbia, Toribio

Dirauket, E'tar J.A.

Euskal idazle eta itzultzailea. Santurtzin (Bizkaia) jaio zen 1934ko otsailaren 7an. 1996ko otsailaren 17an zendu zen Gernika-Lumon (Bizkaia).

Batxillergoa Portugaleten gauzatu ondoren, eliz-ikasketak Arteagan (Arratia) lehenik eta Gazteizen, ondoren, egin zituen. Artegako seminario hartan 12 urterekin sartu zen eta euskararekin izan zuen lehen kontaktua bertan izan zen, baina hamazazpi urte arte ez zen euskara ikasten hasi.

1956an apaiz ikasketak utzi eta bizitza zibilera itzultzen da. Hurrengo urteetan irakasle lanetan ibili zen Algortan (Getxo) eta Bilbon latina eta grekoa irakasten. Urte haietan hasi zen argitaratzen bere lehen artikuluak: lehena Oargiren Batzaldia (1955) izan zen. Hiru urte geroago, 1958an, Haize errota, Bakardadean, Jaungoikoari, Aberriari eta Adiskideari idatzi ta argitaratu zituen Karmel aldizkarian Dirauket ezizena erabiliz.

Echevarriak idatzitako lanik iraunkorrena berak bere eskuz 1986-1989 bitartean argitara ematen zuen Excerpta aldizkako kuadernoa izan daiteke. Kuadernoen ardatz nagusia, greko-latindar klasikoen itzulpenak ziren.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1966an eta euskara batuaren inguruko gogoetetan parte-hartzen du.

Itzulitako liburuen artean aipatzekoak dira Charles Perraulten ipuiñak (1965), Martial'en ziri- bertsoak (1965), Phedro'ren alegiak (1965-66), Lope de Vega'ren bakar-autuak (1966), Raúl A. Arangoren Fatima'ko Ama birjiña ta umeak (1966), Liturji-goratzarreak (1966), Agustín Deunaren eskutitzak (1966), Esopo'ren alegiak (1967) eta Verdaguer, Costa, Llobera eta J. Maragall-en katalanezko zenbait olerki. Olerkiok ere Dirauket ezizenarekin sinatzen zituen.