Pintoreak

Cruzalegui, Juan Leon

Margolari bizkaitar hau Mundakan jaio zen 1895eko abenduaren 26an.

Ingalaterran egin zituen ikasketak, eta lehenengo marrazketa eskolak Catholic Institute de Liverpool Institutuan jaso zituen. Jaioterrira itzuli zen, eta Bilbon eta Madrilen jarraitu zituen ikasketak.

Hizlari bikaina zen, entretenigarria, interesgarria eta argia, eta, horregatik, entzulegoak atsegin handiz entzuten zion. Arte kritikari eta literatura idazle gisa, pintura eta letra zaleen artean ospea hartu zuen. Hainbat aldizkaritan argitaratu zituen literatura lanak, batez ere euskal argitalpenetan. Bizkaiko hiriburuan, euskal artista gazteez osatutako taldea sortu zuen, Union Arte izenekoa, eta elkarteak 1933an erakusketa kolektiboa antolatu zuen, gazteei ateak ixten zizkien goi hierarkiaren aurkako protesta egiteko.

Gerra zibila lehertu zenean, Argentinako Errepublikara abiatu zen, eta kultura-jarduera garrantzitsuak aurrera eraman zituen, euskal artearen alde. Buenos Airesetik Frantziara joan zen, arrazoi artistikoak zirela eta. Parisen denboraldi bat igaro ostean, Buenos Airesera bueltatu zen berriro, euskal artea defendatzen jarraitzeko. Erakusketa kolektiboak eta indibidualak egin zituen. 1950ean, arrakasta lortu zuen Buenos Aireseko Riel Galerian, euskal paisaien erakusketarekin. 1952an, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxearen 75. urtemuga ospatzeko, euskal margolarien erakusketa aparta antolatu zuen. Bertan, euskal artearen egilerik garrantzitsuenak bildu zituen, eta esan daiteke, azken berrogeita hamar urteetako proiekzioa gauzatu zuela. Erakusketak arrakasta handia lortu zuen, kritikaren eta publikoaren aldetik.

LDM

Mar de Platan bizi izandako denboran, askotan egin zituen erakusketak Mauricio Flores Kaperotxipiren etxeko Euskal Margolarien Erakusketa Iraunkorraren aretoan. Hego Amerikako herrialdeetan erakusketak egin zituen, eta hizlari, kritikari eta idazle lanetan aritu zen. Horrez gain, hainbat aldizkaritan eta argitalpenetan lankidetzan aritu zen.

1977ko irailaren 21ean, Buenos Aireseko Laurak Bat zentroan, "Pintura Vasca" hitzaldia eman zuen, Ameriketako Institutuak Euskal Etxearen Mendeurrena ospatzeko antolatu zituen kultura ekitaldien barnean. Idatziak edo kapituluak (15) Buenos Aireseko Euskal Ikasketen Institutu Amerikarraren Aldizkarian argitaratu ziren: 1978. urtean, 113, 114 eta 115; 1979an, 116, 117,118 eta 119; 1980an, 120, 121, 122, 123, 124, 125, 126 eta 127 eta 1982an, 128, 129, 130, 131 eta 132 ondorioa. Une horretan, 82 urte zituen.

Hitzalditik ateratako testu batean honela dio Cruzaleguik:

"Gerra madarikatuak gure herritik kanporatu gintuen eta moztutako bizitza berreraikitzeko aukera eman ziguten Ameriketako herrialdeetara erbesteratu ginen. Jakina, horrelako aldaketa batek artistaren ikuspegia eta balio plastikoak hankaz gora jartzen ditu. Izan ere, artista, plastiko, idazle edo musikari orok inork ez bezala behar du ikusten duena, hizpide duena, entzuten duena."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Ekitaldi horren ostean, arrastoa galdu zioten.

1987an, "Los Guernicas de Arteta y Picasso" artikulua argitaratu zuen Muga aldizkariaren, 60-61 alean (56 orrialdetik 63 orrialdera).

SRP