Pintoreak

Bonnat, Leon

Margolari baionarra hiri lapurtarreko Victor Hugo kalean jaio zen 1833an, eta 1922ko irailaren 8an hil zen Monchy-Saint-Eloin.

Madrilen egin zituen lehenengo ikasketak, bertan bizi izan baitzen haren sendia. Federico de Madrazo margolariarekin ikasi zuen. Baionako Udalaren diru-laguntza jaso zuen margolaritza-ikasketak Parisen jarraitzeko. Coigneten lantegian sartu zen, eta hiru erretratu aurkeztu zituen 1852ko erakusketan. Kritikaren arreta bereganatu zuen 1854an ikusgai jarritako koadro batekin: Los peregrinos al pie de la estatua de San Pedro de Roma. Theophile Gautierrek zalantzarik gabe adierazi zuen zer pentsatzen zuen artelan horri buruz: "Marrazkia, kolorea, gorpuzkeren sentimendu sakona, pertsonaien eta arkitekturaren armonia, norberaren kutsua, askotan errepikatutako gai baten inguruko originaltasuna eta pintzelkada lodia eta zabala aurki ditzakegu" (itzulpen moldatua gazteleratik).

Garai horretatik aurrera, erakusketak egin zituen Parisen maiz. Baionaren laguntza izaten jarraitzen zuela, Italiara joan zen, eta Erroman jarri zen bizitzen 1861ean. Esan izan dute maisu klasiko espainiarren eragina ikus daitekeela bere lanetan, erlijio-margolanetan batez ere. Egia esan, Martirio de San Andrés lanak Ribera ekartzen digu gogora. Erlijio-gaiak askotan lantzeaz gainera -San Vicente de Paul, San Nicolas del Campo, San Dionisio mártir, Cristo en la Cruz, Parisko Justizia Auzitegikoa, kendua izan zena erradikalak zeudelako boterean-, Bonnatek erretratuak ere landu zituen, eta teknika akademiko garbiko erretratugile indartsu gisa nabarmendu zen. Beste batzuen artean, honako erretratu hauek egin zituen: Victor Hugo, Thiers, Puvis de Chavannes, Pasteur, Renan, Carnot, Felix Faure, Jose Bertrand, Taine, Lavigerie, condesa de Potocka eta Sra. Pasca.

1880an, Ohorezko Domina eman zioten urte hartako erakusketan, Job lanagatik. Euskal gaia ere landu zuen, bai eta muralak -San Dioniso, Panteoian-, gai historikoa eta alegorikoa (Los Campesinos napolitanos ante el palacio Farnesio, La Fuerza, La Justicia, etab.), ekialdeko gaiak eta generokoa ere.

Pariseko eta Baionako Arte Ederretako Eskoletako zuzendari izan zen, eta ikasle ugari izan zituen, beste batzuen artean: Georges Berges, Artista Frantsesen Elkarteko presidentea, Ohorezko Legioko Gurutze handiko Zalduna, erakusketak antolatzen zituena etengabe, adibidez, 1910ean Berlinen antolatutakoa. Bilduma ofizial eta pribatu entzutetsuetan jasota daude haren lanak. 1860tik aurrera, museo bat sortu nahi izan zuen Baionan, munduko arteko garai eta estilo guztietako zenbait erakusgai bilduko zituenak. Horregatik, artelanen bilduma egin zuen bizitza osoan zehar, eta bere proiektuan parte hartzen utzi zion Baionako Udalari 1891ean. Louvre museoari utzi zizkion bildumako artelan batzuk, eta gainerakoak Baiona hiriari. Baionak egungo museoa eraiki zuen bilduma baliotsu hori gordetzeko. Museo horretan, bildumako artelanez gainera, Bonnaten 142 lan daude. Saint-Andre eliza ere aberastu zen margolariak emandako Asunción de la Virgen margolanari esker. Baionak margolariaren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen 1933ko ekainaren 18an, eta Garat alkateak, Bergesek eta Lerouxek hitz egin zuten ospakizunean.

  • 1857: Paris, Salon des Artistes Français erakusketa-aretoa, hiru erretratu aurkeztu zituen.
  • 1859: Paris, Salon des Artistes Français, Le Bon Samaritain (olioa 2,47 x 1,72 m.) aurkeztu zuen. Frantses Estatuak erosi zuen lan hori, eta egun Bonnat museoan dago.
  • 1861: Paris, Salon des Artistes Français, Adam et Eve découvrant le corps d'Abel (Lilleko museoa) eta Portrait de l'abbé Lavigerie (Bonnat museoa) jarri zituen ikusgai.
  • 1863: Paris, Le Martyre de Saint-André (olioa 3,02 x 2,23 m.) aurkeztu zuen Salon des Artistes Français-en. Bonnat museoan dago gaur egun.
  • 1864: Paris, Salon des Artistes Français-en parte hartu zuen Pélerins au pied de la statue de Saint-Pierre margolanarekin (Napoleon III.ak erosi zuen eta, gerora, 1936an, Museo Nazionalek).
  • 1865: Paris, Salon des Artistes Français, Antigone conduisant Oedipe aveugle jarri zuen ikusgai.
  • Portrait de M. Gidou (Poitierseko museoa).
  • 1869: Paris, Salon des Artistes Français, L'Assomption (Baionako Saint-Andre elizan, zirriborroa Bonnat museoan) jarri zuen ikusgai.
  • 1870: Paris, Femme Fellah eta Rue de Jérusalem aurkeztu zituen erakusketa-aretoan.
  • 1875: Paris, Portrait de Mme. Pasca (1923an Luxembourgeko museoan) jarri zuen ikusgai erakusketa-aretoan.
  • 1876: Paris, Salon, La Lutte de Jacob avec l'Ange (Bonnat museoa) jarri zuen ikusgai.
  • 1877: Paris, Salon des Artistes Français-en parte hartu zuen Portrait d'Adolphe Thiers (Louvre museoa), Portrait de Madame Olazabal eta Portrait de madame Bischoffsheim (Bonnat museoan daude bi koadro horiek) margolanekin.
  • 1878: Pau, Bouquet de fleurs eta Portrait de Madame O. aurkeztu zituen "14e. Exposition de la Société des Amis des Arts" erakusketan. Paris, Portrait de M. de Montalivet jarri zuen ikusgai erakusketa-aretoan.
  • 1879: Paris, Salon des Artistes Français-en parte hartu zuen Portrait de Victor Hugo lanarekin.
  • 1880: Job sur le fumier (1923an Luxembourgeko museoan, eta 1932az geroztik Bonnat museoan) eta Comtesse Potocka (Bonnat museoa) aurkeztu zituen erakusketa-aretoan.
  • 1881: París, Portrait de Léon Coignet aurkeztu zuen erakusketa-aretoan.
  • 1882: Paris, Portrait de Puvis de Chavannes aurkeztu zuen erakusketa-aretoan. Paris, Italiako garaiko formatu txikiko lanak eta Paysage de Saint-Jean-de-Luz jarri zituen ikusgai Petit galerian.
  • Paris, Portrait de Cardinal Lavigerie aurkeztu zuen erakusketa-aretoan.
  • 1889: Paris, Idylle eta Portrait d'homme aurkeztu zituen erakusketa-aretoan, beste batzuen artean.
  • 1891: Paris, Salon-en parte hartu zuen Portrait de Madame Cahen d'Anvers (Bonnat museo) lanarekin.
  • 1900: Paris, Salon des Artistes Français, Idylle (Bonnat museoa) jarri zuen ikusgai.
  • 1901: Paris, La Justice éclairant la Vérité et protégeant l'Innocence contre le Mensonge et la Calomnie (bozetoa) aurkeztu zuen erakusketan.
  • 1903: Paris, Salon des Artistes Français, Portrait de M. Eugène Guillaume eta Portrait de Mademoiselle Bréval jarri zituen ikusgai.
  • 1904: Paris, Salon des Artistes Français, Poupée jarri zuen ikusgai. Baiona, abuztuan, Poupée jarri zuen ikusgai "2e. Exposition de la Société des Amis des Arts Bayonne-Biarritz" erakusketan.
  • 1910: Paris, Portrait de M. Isidore Leroy eta Portrait de M. Edmond Théry jarri zituen ikusgai Salon des Artistes Français-en.
  • 1913: Paris, Portrait de M. Dentach de la Meurthe aurkeztu zuen Salon des Artistes Français-en.
  • 1921: Paris, Portrait du Général Dubail, Grand Chancelier de la Légion d'honneur; Portrait de M. l'abbé Sicard, curé de Saint Pierre de Chaillot eta Portrait du bâtonnier Henry Robert lanekin parte hartu zuen Salon des Artistes Français-en.
  • 1933: Paris, Salon des Artistes Français, hiru erretraturekin parte hartu zuen; horietako bi dira Portrait de M. Alfred Mihura eta Portrait de Maurice Champetier de Ribes, bere azken lanak.

Giotto gardant ses chèvres (1850, Bonnat museoa), Portrait de mon frère Paul (1850), Marie, la petite soeur de l'artiste (1850), Autoportrait (1850, Bonnat museoa), Portrait de la tante de l'artiste (1850), Mère de l'artiste cousant (1850, Bonnat museoa), La Résurrection de Lazare (1857, artistak Baiona hiriari emana, eta gaur egun Bonnat museoan), Portrait de Luis Arias (1857, Bonnat museoa), Portrait de M. Ulysse Darracq (1862), Saint Vincent-de-Paul prenant la place d'un galérien (1866), Portrait de ma petite soeur (1866, Bonnat museoa), Ribera peignant à la porte de l'Aracoeli à Rome (1867), La Femme d'Ustaritz (1872), Non piangere (1873), Christ (1874), Premiers pas (1874), Trois demoiselles Dreyfus (1874), Le Martyre de Saint-Denis (1885, Petit Palais), Portrait d'Ernest Renan (1892), Pays Basque. Saint-Jean-de-Luz (1899), La Force (1900, Bonnat museoa), La Justice (1900, Bonnat museoa), Portrait de M. le président Fallières (1907).

1880 aldera, Hirugarren Errepublikako erretratugile ia ofiziala bihurtu zen Leon Bonnat. Beste pertsonaia ezagun askoren artean, hona hemen erretratatutako pertsona batzuk: Victor Hugo, Jules Grevy, Jules Ferry, Ernest Renan, Hippolyte Taine, Sadi Carnot, Armand Fallieres, Emile Loubet, Felix Faure, Le Cardinal Lavigerie, Leon Gambetta, Louis Pasteur, Puvis de Chavannes, baron Gustave de Rotschild, general Davoust, de Lesseps, don Carlos, Le duc de Broglie, Rose Caron, Andre Dumas fils eta Carlos Pellegrini.

Bonnat Museoan jasotako bildumaz gainera, honako toki hauetan jasota dago margolari honen lana: Baionako Euskal Museoan, Baionako Udal Liburutegian, Parisen (Panteoian, Arte Ederretako Eskolan eta Justizia Auzitegian), Musée du Chateau de Versallesen, Musée Condé de Chantillyn, Musée des Beaux Arts de Paun, Lillen, Poitiersen, Bordeauxen, Grenoblen, Cannesen, Londresen, Amsterdamen, Madrilen, Florentzian eta Bostonen, beste batzuen artean.

Zenbait hiritako bilduma pribatuetan ere jasotzen da Bonnaten lana. Honako hauek aipa ditzakegu: Viena, Venezia, Brusela, New York, Chicago, Baltimore, Providence, Haga eta San Petesburgo.