Jaialdiak-Ekimenak

Eusko Ikaskuntzen Kongresua

Eusko Ikaskuntzaren XIII. Kongresuak Zamudioko Teknologia Parkea izan zuen garapen-toki, 1995eko azaroaren 29 eta 30ean eta abenduaren 1ean "Ciencia, tecnología y cambio social en Euskal Herria = Zientzia, teknologia eta gizarte aldaketa Euskal Herrian = Science, technologie et changement social dans le Pays Basque" izenburupean ospatuz.

Lehenetsitako helburu bezala, euskal teknologia eta zientzia-sistemaren egoera aztertzea ezarri zen eta, emaitzen arabera, bere eraginkortasuna gehitzeko iradokizun batzuk egin.

Hamarkadaren hasieratik, Eusko Ikaskuntza Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan Zientzia-Teknologia sistemari buruzko ikerketa-lanetan jardunaz zetorren, eta ikastaroen bitartez baita irakaskuntzan eta hedapenean ere. Kongresua ospatu izateaz geroztik sistemaren hobekuntzan lankide izateko borondatez gaion inguruko ikerketak eta jardunaldiak sustatuz jarraitzeari ekin zion XIII. Kongresuko programa hiru atal handitan bananduta egon zen:

  1. Teknologia-Berrikuntzaren ondorio eta sorkuntza. Alde batetik, berrikuntzaren garrantzia eta prozesu berritzaileen ondorioak aztertu ziren; bestetik teknologia-berrikuntza eta gizarte-aldaketa.
  2. Teknologia berrikuntza eta I + D ekimenak Euskal Herrian.
  3. Zientzia-, eta teknologia-politika, hezkuntza-sistema eta aldaketaren aurreko jarrerak.

Aipatutako gaioi buruz 29 txosten aurkeztu ziren eta eskatutako 6 komunikazio eta 27 aske. Hiru jardunaldien bukaeran, bederatzi puntutako laburpen bat aurkeztu zen eta hauxe esatera zetozen:

  1. Merkatuaren egungo egoera: Teknologia, merkatuaren beharrizanei erantzuna emateko tresnetariko bat da, sektore jakin batetan lehiakortasunerako posizioa hobetzeko eta, batzuetan behintzat, merkatuan bizirik jarraitu ahal izateko.

  2. Enpresen estrategia eta teknologia-kudeaketa: Enpresek euren estrategia eta teknologia-kudeaketa ezarri behar dituzte inguruan diren eragile desberdinen eskaintzarekin bat etorriz, berezitasunez, Teknologia-Guneak, Unibertsitateak, Ingeniaritza eta Aholkularitzak eta beste enpresa mota batzuk ere.

  3. Teknologia-Eragileen zeregin berria: Teknologia-eragileek ez dute teknologia-hornitzaile zeregin hotzera bakarrik mugatzerik. Enpresarekin askoz gehiago inplikatu behar dute.

  4. Teknologia-eragile eta enpresa berritzaileen elkarren arteko harremanak: Teknologia-Guneen eta Unibertsitateen arteko harreman esanguratsurik ezak potentzialitate garrantzitsuak alferrik galtzea dakar.

  5. UPV-EHU. Beharrezkoa izango da Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketagaiei dagokienean hazkunde eta sustraitze ahalegin garrantzitsu bat egitea.

  6. Enpresetan teknologia-eskariak bultzatzea. Teknologiarekiko transferentziarako eragileen eta enpresen arteko harreman sendo eta eraginkorrago bat izatea lehen mailako helburua dugu.

  7. Ikasleentzako integraziorako aukerak: Ikasleek berrikuntza egitasmoetan, praktika bezala, sartzerik izan beharko lukete. Enpresa arloko eraberrikuntzan, arrakasta izateak, jarrera berritzailea eta geroago eta prestatuago dauden giza-baliabideak eskatzen dituena argi dagoela dirudi.

  8. Sistemaren emaitzak ebaluatu: Aurrerantzean funtsezkoa da sisteman sortzen dituen emaitzak objektiboki neurtu eta bideratutako ekonomia- eta giza-baliabideen araberako bere eraginkortasuna sistematikotasunez ebaluatzea.

  9. Erakundeen arteko laguntza gehiago. Ikuspegi europar batetik komenigarritzat jotzen da Akitania, EHAEko Gobernuaren, Nafarroako Gobernuaren eta zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-arloetan lanean diharduten eragileen elkarren arteko harreman handiago bat.

JAS