Pintoreak

Caro-Delvaille, Henry

Baionan (Lapurdi) jaio zen 1876an irudiak eta biluziak margotzen zituen margolari kostunbrista hau. Sceauxen, Parisen hegoaldean, hil zen 1928ko uztailaren 2an.

1891 eta 1897 artean, Philippe Jolyeten ikasle izan zen Baionako Marrazketa eta Margolaritza Eskolan. Zenbait sari lortu zituen bertan, beste batzuen artean, ministroak ikasle onenari emandakoa 1987an.

1989an Parisen ikasi zuen Leon Bonnatekin eta Albert Maignanekin. 1910ean, Chevalier de la Légion d'Honneur izendatu zuten. Armadan sartu zen eta mobilizatuta egon zen 18 hilabetetan zehar Mundu Gerran (1914-1918), baina 1916an lizentzia eman zioten gaixotasunagatik. Frontetik itzulitakoan, Estatu Batuetara joan zen bizitzera, eta bertan egon zen 1923ra arte. Urte horretan bertan argitaratu zuen L'invitation à la vie intérieure lan filosofiko itxia.

Caro-Delvaillek te-orduko egongela dotoreak margotzen zituen. Paul Bourgeten eleberriek margolaritzan zuten kontrapuntua ziren. Gustuko zuen barrualde dotoreak eta talentu harmonikodun emakumeak margotzea. Emakume paristarren graziaren interpretari leun, hainbat erretratu egin zituen; beste batzuen artean, Madame Edmond Rostand-ena. Emakumeen biluziak oso arrakastatsuak izan ziren marra garbia zutelako. Salon des Artistes Français erakusketa-aretoan egin zuen lehenengo erakusketa, eta, ondoren, Société Nationale des Beaux-Arts elkartean.