Abeslariak

Embil Echániz, Pepita

Getarian 1918an jaiotako soprano gipuzkoarra. 1994an hil zen Mexiko DFn.

Bere aita piano eta organoko irakaslea zen eta musika munduan berarekin eman zituen lehendabiziko urratsak. Gero, Donostiako Kontserbatorioan sartu zen eta han Gabriel Olaizola izan zuen irakasle bezala. Donostiako Orfeoian parte hartu zuen eta bertan hasieratik bakarlari bezala aritu zen. Eusko Abesbatza Koruan eta Gabrial Olaizolak eratutako Eresoinka koruetan ere esku hartu zuen. Jarraian Parisera alde egiten du kantu ikasketak hobetzearren Madame Babayaren eskutik.

Gerra Zibila igaro eta gero, Madrilera jo zuen zarzuelako konpainia berriak eratuko zirelakoan. Bartzelonako Lizeoan debuta egin zuen Placidaren papera antzeztuz. 1940an Iruñean Federico Moreno Torrobaren Sor Navarra kantatu zuen bere senarra izan zen Placido Domingo Ferrerkin batera, eta handik gutxira Pablo Sorozabalen Black el payaso eta Don Manolito, Guerreroren Loza lozana, La canción del Ebro, Tiene razón Don Sebastián, Romoren En el balcón de palacio, Rosilloren La niña de la flor, edota Torregrosaren Leonardo el joven antzeztu zituen. 1940tik 1945era bitartean Calderon Antzokiko Konpainia Lirikoaren lehen sopranoa izan zen. 1943an Pepita Embil eta Antonio Medioren Konpainia izena hartu zuen eta Loza lozana, En el balcón de Palacio eta Tiene razón don Sebastián piezak estreinatu zituen.

Operan aritzeko eskaintza ugari jaso bazuen ere, Pepita Embil bere bizitza osoan zarzuelan aritu zen. 1946an, senarra, seme-alabak -Mª Pepa eta Placido- eta Moreno Torrobaren konpainia lirikoarekin batera, Ameriketan barrena bira burutu zuen bi urtez Kuba, Puerto Rico, Venezuela eta Mexikon izan zirelarik. Arrakasta handia lortu zutenez, Mexikon bizitzen geratu ziren eta han bertan konpainia propioa eratu zuten, gero Latinoamerika osoan zehar eta Estatu Batuetako zenbait hiritan lanean arituko zirelarik. 1948an Abreun konpainia propioa eratu zuen.

Pepita Embil Mexikon "Zarzuelaren Erregina" titulua jaso zuen. 1966an denbora batez Espainiara itzuli zen Jose de Lunaren konpainiarekin bira egiteko.

Eszenatokian agertu zen azken aldia 1974an izan zen Bartzelonako Lizeoan Doña Francisquita kantatuz. Pepitak Aurora Beltranen papera interpretatu zuen eta bere senarrak Don Matiasen papera, zuzendaria euren seme Placido izan zelarik.

Bizitza bukaeran Mexikoko telebista katean Antología de la zarzuela programa zuzendu zuen.

Burutu zituen grabaketen artean honako hauek azpimarra ditzakegu: Black el payaso, Pucciniren Madame Butterfly-ren ariak, Val Tabarin, Marquesen El anillo de hierro zarzuela eta Leharen Eva eta La viuda alegre operetak.