Eskultoreak

Durrio de Madron, Francisco

1868an Valladoliden jaiotako artista, bere lehen ikasketa-matrikulazioan adierazten denez. Hala jasotzen da behintzat bere heriotza-aktan (1940), Pariseko Saint Antoine ospitalean. Sekula ez zen bizkaitarrentzako beka eta pentsioetarako aurkeztu, Xabier Saenz de Gorbeak 2003an adierazi bezala. Mariano Gomez de Caso bere jaiotza-agiria aurkitu zuen Gaztelako hiri hartan.

Informazio gutxi dago bere lehen ibileren inguruan, Unamunorekin batera La Cruz kaleko ganbarara joaten zela besterik ez. Han Lecuonaren ikasketak jasotzen zituzten, bertako pintore xume bat. Hamahiru urterekin Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan eman zuen izena eta eskultore modura aurkeztu zuen bere burua. Madron abizenarekin agertu zen eta Adorina Granie amaren tutoretzapean. Horrek aitarekin ez zela bizi adierazi ahal dezake eta familia-egitura berri bat osatzen zutela.

Urte hartan, 1881ean, Madrilera joan zen. Han urtebete eman zuen Justo Gandarias eskultorearekin, Ronda de Atocha kaleko tailerrean. Garai hari buruzko datu gutxi daude. 1888an Cosme Echebarrieta bilbotarrarekin Parisera joan zen. Hark Ignacio izeneko semea zuen, mintzagai dugun artista baino bi urte gazteagoa eta horregatik ezagutzen zuen. Aipatu finantzarioaren Mausoleoaz arduratu zen. 15 urte eman zituen maketa ezberdinak landuz. Modu horretan, hamaika proiektu egin zituen, sekula gauzatu ez zirenak. 1903. urte inguruan, Getxoko hilerriko obran dagoen obeliskoa agertu zen, 1923an amaitu zena. Oso prozesu luzea izan zen obra berezi hura burutzeko.

Artista asko dira hasiera batean eskari estetiko batzuekin abiatu eta bizitza guztian zehar haiek jorratzen dituztenak. Francisco Durrio da horren adibidea eta, gainera, hura ez zen gehiegi urrundu hastapeneko aiher plastikoetatik. Parisen, hemeretzigarren mende amaieran, Paul Gauguin artistaren inguruko artistekin lotzen da. Durrio haren jarraitzaile eta lagun-min izan zen. Are, frantziarrak Tahitira egin zuen azken bidaia abiatzear zela hainbat pieza utzi zizkion. Durrio euskal instituzioetan saltzen saiatu zen behin baino gehiagotan.

Durriok zeramikan aplikatu zuen mendeetako sintetismo sinbolista. Kezka horretan murgilduta, labe berezia bat eskuratu nahi izan zuen bere piezen erreketa gauzatzeko eta azken urteetan hori lortzeko ahaleginean jarraitu zuen.

Hastapeneko lan-baldintzen eraginez hainbat busto egin zituen hainbat tokitatik jasotzen zituen eskariekin batera. Eskari horien artean Sota familiak Ibaigane jauregian paratzekoa nabarmendu behar da. Bertan euskal landa-munduaren ikono-programa bat islatu zuen, Jose Arrue artistak asmo oneko umorez egin zituenetatik oso aparte ez dagoena. Dena den, Durrioren irrika sortzailea haratago zihoan eta unean puri-purian zegoen orokorekin lotu zen; Piccaso ere ezagutu zuen eta haren laguntzaile modura aritu ere bai. Dena den, eboluzio kubistaren ondotik, ez zituen artista hark egindako obrak ulertzen. Bere joera estetikoa hurbilago zegoen zentzumenen laudoriotik, artea gozatzeko modu sinestesikotik eta zibilizazio historiko handien ekarpenekin (Ekialdetik Egiptoraino) lotutako ideiak islatzetik. Ihes egiteko joera horren eraginez arau klasikotik urrundu zen neurri batean. Arte mota horretan ,sarritan, funtzioa ez du alboratzen. Halaxe gertatzen da edergarrien lan handian edo bere gutiziazko itxuratze eta koloreak erabiliz loreontzietan Kristoren aurpegiera islatzean.

Durrioren obren katalogoa ez da zabalegia. Dena den, bi lan azpimarratu behar dira, garai hartan egindako lan garrantzitsuenen artean sartu zirenak. Bi obrak denboran irauten duten lanak dira eta programa ikonografiko konplexuz hornituak, zentzuz beterikoak.

Echevarrieta familiako hilobiko San Cosme obra mendeko lehen erdialdean euskal erlijioaren estatuagintzan egindako ekarpen garrantzitsuenetako bat da. 1903-1923 bitartean gauzatu zuen eta kripta baten barnean paratzen da. Hala ere, sarbide-ate bikainetik ikusi egin daiteke. Ate hori ere frantziar nazionalitatea eskuratu zuen artista horrek egina da. Estatua horretan intentsitate egiazki ikaragarria islatzen da. Otoitzean ageri da eta bere baitan bilduta, intimitate osoz, irudi arras fina makurtuta. Aurpegia erabat zarpaila ageri du eta barne-jardun horretan murgilduta dago, garezurraren anatomia apur bat luzatua agerian utziz. Artistak maisutasun osoz landu zuen materia. Anatomiarekin lotutako xehetasunak zolitasunez eta gozotasunez landu zituen, hustuketa emozionalarentzako tokia utziz. Aztarna espresionista nabari zaio, nazioarteko beste autore batzuen aldamenean kokatzea eragiten duena, esate baterako, George Minneren alboan. Santua izaki espiritual eta, aldi berean, gizatiarra da, Wilheim Lehmbrucken irudi ilaun eta minberak bezalaxe. Burua zabala da goialdean eta finki biribildua, Raymond Duchamp Villonek egindako Baudelaireren bustoa oroitarazten duelarik. Tamaina horretan bolumenaren eta ehunduren lanketari ere ez dio muzin egiten. Erabiltzen duen materialean erabateko plastikotasunez jasotzen da irudikapen bikainaren isla.

Francisco Durrio, gauza guztien gainetik, modelatzaile bikaina da eta zizelkari modura ez dira haren lan asko ezagutzen, Arriagari egindako monumentuko idulkian ageri diren gauzatze eskematikoetatik haratago. Litekeena da San Cosme txikia zilarra erabiliz egin zuela ikusirik, marmolezko pieza bere ikasle zen Valentin Dueñasek egin izana.

Ehorzketen kriptarako sarbide-atea ere bereziki interesgarria da. Burdina forjatua erabiliz egin zuen eta egitura lineal, kalatua eta oso etereoa da. Sareta baten moduko egitura horri esker, espazioa beha daiteke, argia sartzen da eta lekua aireztatzeko balio du. Azpialdean eguzki dirdiratsuaren eta satelite bizien irudikapena ikus daiteke. Gorputz nagusian armiarma-sare erraldoi bat zabaltzen da, sarean mitxeletak daudelarik harrapatuta. Azkenik, goran burdina langa mehe bat dago. Bertan, aurrez aurre ikusten diren beste sei mitxeleta ikus daitezke, hegalak zabalduta. Ate-alboetan, era berean, bestelako animalia batzuk agertzen dira. Multzoan harrapatuta eta ihesbiderik gabe (hegaldi higitsua nabaritu arren) dagoen gizakiaren bizitzari buruzko ikuspegi ahula irudikatzen da.

Maubegeko Museoan (Frantzia) bada beste antzeko burdin sare bat. 1956. urtetik dago han 1931ko Udazkeneko Aretoan erakusgai izan ostean. Metala ere ez zuen alboratu, izan ere, edergarri interesgarri eta eskulturazkoak osatu zituen, hainbat irudikapen sinbolistaz hornituak.

Arriagako Monumentuak arazo gehiago eman zizkion eta prozesu konplexuagoa izan zen hura gauzatzea. Bere historia oso gorabeheratsua da, izan ere, hogeita zazpi urte igaro ziren 1906an proiektua taxutu zuenetik 1933an monumentua inauguratu zen arte. 1905ean aipatu musikariaren jaiotzaren mendeurren zela-eta Bilboko Udalak Areatzan edo beste etorbide publiko batean hura oroitarazteko monumentu bat kokatzeko mozio bat onartu zuen. Hasiera batean, gehienez hamar mila pezetako aurrekontua onartu zen, baina, gero hogei mila pezetara igo zen kopuru hori. Horretarako, Bilbon bizi ziren edota Udalak eta Foru Aldundiak bekatutako artisten artean deialdi publikoa ireki zen. 500 pezetako sari bat jarri zen eta 250 pezetako bi sari. Jarduera artistikoan emandako denboragatik 4.500 pia inguruko ordainsaria ezartzen zelarik.

Paco Durrioren proiektua denboraz kanpo iritsi zen Udalak Bilboko musikariaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko irekitako deialdia. Apirilaren 20an Placido Zuloaga, Juan Rocheit, Manuel Losada, Ricardo Bastida eta Leopoldo Gutierrezek osatzen zuten epaimahaiak Parisen bizi zen artistaren obrari eman zioten lehen saria. Nemesio Mogrobejoren bankua bigarren tokian geratu zen, ondoren Quintin de Torreren zirriborroa. Dena den, epaimahaiaren ustez lehen bi sariak ziren gauzatzeko modukoak. Torrek protesta egin ondoren, hirugarren saria Larreari eman zitzaion, epaimahaikideen txostena ikusi ostean batzordeak hartutako erabakiz. Nolanahi ere, lana ez zen aurreikusitako epeetan gauzatu eta 1914. urtean auzia artxibatu egin zen, aldeen arteko akordiorik ezin lortuta.

1931ean auzia berrireki zen. Hainbat gorabeheren ostean Durrioren ikasle zen Valentin Dueñasi agindu zitzaion Madrilen zuen estudioan multzoa amai zezan, Durrioren adostasuna eskuratuta.

Inaugurazio-ekitaldian orri-laurden batzuk entregatu ziren. Bertan monumentuaren sinbolismoa azaltzen zen xehetasun osoz: "Jeinuaren heriotza goiztiarraren berri izan zuenean Artearen Musa kexa betean hasi zen. Protesta modura lirarekin kolpatzen ditu bularrak eta hartako soketatik basamentuaren katamaloak zintzotasun osoz jasotzen duen negarra isurtzen da, eternitatearen ikur, zeina murrutik jaiotzen diren eskuetan oratutako lokiekin meditaziorako jarrera lasaia hartuta, aldi berean, itzultzen duen, negar-malkotan, minez".

Oinarriaren azpialdean kokatutako frisoek kantuaren adierazpen bizia irudikatzen dute pentagraman finkatutako txorien bidez.

Monumentuaren atzealdean kokatutako maskaroiak, aldi berean, bi iturri dira, meditazioa irudikatzen dutenak, zeintzuen ahotik ura katilura isurtzen uztean soinuak ateratzen diren naturalki, inspirazioaren jaio modura" (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Argi bereizitako bi zatitan banatutako lana da. Idulkia osatzen duten harrizko bolumenek zantzu egiptoar argiak dituzte eta irudiko brontzea sintesi sinbolista eta ideistan kokatzen da. Obra bikaina eta sinestesikoa da, non begirada azaleran zehar irrista daitekeen, uretan gera daitekeen eta gorenera altxa daitekeen.

Paco Durrio euskaldun gisa onartutako artista da bere prestakuntzagatik eta Euskal Herriko arte modernoaren garapenean ekarpen handiak egin zituelako Parisen beste autore batzuk hartuz edo Frantziako eszenako sortzaile berezienen obrak ekarriz. Animatzaile kultural garrantzitsua izan zen. Bere eskariek ez zuten beti babesa jaso, baina hari esker, Bilboko Arte Ederretan dagoen Gauguin Museoa ikus dezakegu.

1940an hil zen Pariseko Saint-Antoine ospitalean. Hil ondoren 1984-1985 bitartean Bilboko Bankuko San Nikolas Eraikinean egindako Escultura Vasca 1889-1939 erakusketan izan zen ikusgai bere lana. Gainera, Valentziako Bancaixan antolatu zen Escultores y orfebres erakusketan (1994) eta Madrileko Reina Sofia Museoan Francisco Durrio y Julio González. Orfebrería en el cambio de siglo (Colecciones del MNCARS) izenarekin antolatu zen erakusketan (1997) ere paratu ziren bere lanak.

  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. Escultura Vasca 1889-1939. Bilbao Bankuak antolatutako erakusketaren katalogoa. Edificio San Nicolás, 1984-1985.
  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. "Escultura y escultores vascos (1875-1939)" Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004, 23 zbk., 91-138 or.
  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. "Audiovisual del Museo de Euskal Herria, 1999". Apuntes de clase en la Diplomatura de Arte Vasco del siglo XX. Deustuko Unibertsitatea.
  • GÓMEZ DE CASO ESTRADA, Mariano. "Paco Durrio: Un maqueto en Bilbao ". Euskonews & Media, Eusko Ikaskuntza, 2003ko azaroak 14, 230 zbk. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 9].