1966ko ekainaren 26an Donostian jaiotako atleta olinpiko gipuzkoarra.
Beasainen hasi zen atletismoan, Jose Maria Ballesteros eta benjamin Gonzalez entrenatzaile zituela. Ordizia Kirol Elkarteko kidea izan da, eta Antonio Postigo izan du prestatzaile.
Espainiako zortziehun onenen artean laugarren postuan sailkatu zen, Maite Zuñiga, Rosa Colorado eta Montserrat Pujolen atzetik. Bi urtez lehiaketatik kanpo egon zen, lesio baten ondorioz.
Pista estaliko 600 metroko Espainiako txapelduna izan zen 1982an, 800 metroko juniorra 1983an eta pista estaliko 1500 metroko promesa 1986an. Kategoria absolutuan Espainiako txapeldun geratu zen pista estaliko 800 metrokoan 6 aldiz 1986 eta 1995 artean eta behin aire zabalean (1993an). 1991ko (Atenas) eta 1993ko (Narbona) Mediterraneoko Jokoetan 800 metrotan parte hartu zuen 5. eta 3. geratuz. 1992ko Olinpiar Jokoetan, Bartzelonan, kanporatu zuten (5. izan zen 800 metroko 5. seriean, 2.02.67rekin, bere marka pertsonaletik 34 ehunenera). 400 eta 800 metroko gainmarkista probintziala (54.60 1993an, 2.02.33 1992an) eta 1000 metrokoa pista estalian (2.42.51 1994an). Beste marka batzuk: 25.38 (1990) 200 metrotan eta 4.18.49 eta 4.16.86 pista estalian (biak 1992an). 19 aldiz nazioartean.