Pintoreak

Alangua Puchet, Julián

1921ean Bilbon jaiotako pintore eta eskultorea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren beka baten jabe, Madrilen sakondu zituen ikasketak eta Piquer Beka eskuratu ondotik, hari esker, Frantzia eta Italian barna bidaiatu zuen.

Madrilen finkatuta Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean hirugarren domina eskuratu zuen eskulturaren alorrean (1950).

Amerikara jo zuen eta hogeita hamar urte baino gehiago eman zituen Peru, Brasil, New York edo Caracasen bizitzen. 1987an Espainiara itzuli zen.

Erakusketa kolektibo nahiz bakarkakoetan parte hartu du. Azken erakusketen artean Madrilen, Rio de Janeiron (1953), Perun (1967, 1968), Detroiten (1969), New Yorken (1970, 1972) edo Venezuelan (1980) egindakoak azpimarra daitezke. Modu kolektiboan Madril edo New Yorken izan da ikusgai.

Bere bizitzako lehen aroan Madrilen egindako lanen artean, Santa Teresa eta Santa Isabelen zurezko tailuak aipa daitezke, Chamberiko eliza baterako eginak. Garai horretan, era berean, Santanderreko Deikundeko Katedraleko ebanjelariak (1941), Ucleseko (Cuenca) Monasterioko aldare nagusiko irudiak eta Segoviako Katedraleko Jesusen Bihotzaren zurezko tailu bat nabarmendu daitezke. Orobat, pertsona ezagunen erretratu eta busto ugari egin zituen, gehienak brontzezkoak, esate baterako, Romanoneseko Kondearena, Santo Floroko Markesarena, Lozoyako Markesarena, Villapadiernako Kondearena edo Ramon Castroviejo doktorearena.

Amerikako egonaldi luzean zehar garatutako jarduera artistikoaren ondorio dira Limako elizetako erlijiozko lanak (Pilar eliza, Magdalenako Fatimako Ama Birjinaren eliza, Mirafloreseko eliza) edo Caracaseko kaperetarako egindakoak. Halaber, erlijiozkoak ez diren enkarguak jasotzen ditu hainbat pertsona ezagunen brontzezko bustoak egiteko, esate baterako, Ramon Velazquez Venezuelako presidentearena edo Dollie Colerena (General Motors enpresako presidentearen emaztea).

Bere pintura-lanen inguruko azken erakusketetako bat Benielen (Murtzia) paratu zen, 2012ko irailean.

  • Foro del Paso Blanco de Huercal-Overa [Web Foroa]. "Alangua." [Kontsulta data: 2016ko maiatzak 10].