Politikariak eta Kargu publikoak

Anasagasti Olabeaga, Iñaki Mirena

Cumana, Venezuela, 1947ko azaroak 16.

Sucreko Estatuko Cumana hiriburuan, Venezuelan, jaio zen 1947ko azaroaren 16an. Gurasoak, Jose Luis Anasagasti Hernani eta Itziar Olabeaga Barsurko, erbesteraturik bizi izan ziren Venezuelan. J.L. Anasagasti EAJ-PNVko Larrazabal batailoiko komisario politikoa zen eta Telesforo Monzonek gidatzen zuen gobernazioko egituran antolaturik zegoen. Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen itsasontzi batean Frantziatik Santo Domingora 1939an eta ondoren Venezuelara iritsi zen. Itziar Olabeaga Zarauzko Banco Guipuzcoanoko zuzendariaren alaba zen eta 1936ko irailean zigortua izan zen, buruko hilea erabat moztuz eta Iruinera kanporatua, bere aitak Eusko Jaurlaritzaren agindupean ari zelako Bankoen diruak kudeatzen. Mendiz mendi kontrabandisten bideak jarraituz iparraldera ihes egin zuten eta 1939an Donibane Lohitzunen San Ignazio eguneko jaietan Jose Luis eta Itziar elkar ezagutu zuten. Caracasen ezkondu ziren 1945ean. Eraikuntzazko enpresa baten kide zen eta ondoren lan publikoetan, errepidegintzan (Cumana eta Puerto La Cruz) ari zen. Horrelako lanak burutzeko Cumanan zegoela Iñaki Mirena sortu zen 1947an. 1950an hegazkinez ama eta arrebarekin Euskadira egin zuen lehendabiziko bidaia, sendikoen artera. Cumanan jaio ziren beste nebarrebak ere, Maitena, Jon eta Koldo.

1955ean seme alabak ikasketak Euskadin egin behar zituztela erabaki zuten eta horrela ama eta seme alabak Santurtzira heldu ziren Marques de Comillas itsasontzian. Donostian bizitzen hasi ziren eta Marianisten eskolan egin zituen ondoko ikasketak baina izena aldatu egin zioten: aurrerantzean Ignacio Maria izango zen. 1956an lehen jaunartzea egin zuenen aita Caracasetik etortzea lortu zuen. Ikaskide izan zuen Fernando Fernandez Savater filosofoa eta idazlea. Donostiatik 1961an Bilbora aldatu zen aita eta sendi guztiarekin eta batxilergo ikasketak 1965an amaitu zituen Santiago Apostol ikastetxean. Urte berean aita Caracasen hil zen eta amak deitu egin zion Caracasera itzultzeko aitaren lekua betetzeko. Kontabilitate lana eginez Osiris izeneko garbiketako enpresan hasi zen eta aldi berean arratsaldez Universidad Católica Andres Bello izenekoan ekonomiazko ikasketak burutu zituen hiru urtez.

1981ean Caracasen ezkondu zen Maria Esther Solabarrieta Aznarrekin, Ondarroako alkate ohiaren Jose Maria Solabarrieta eta Eusko Jaurlaritzako kontseilari sozialistaren iloba. Seme alaba bi dituzte: Iker eta Naiara.

Euskal herritar abertzaletzat du bere burua baina legez, Venezuela eta Espainiar herritartasuna du.