Sukaldariak

Aduriz, Andoni Luis

Donostian jaio zen Andoni Luis Aduriz 1971ko ekainaren 13an. Gaur egun, euskal sukaldaritzaren maila gorenean aurkitzen den gaztea da eta bere sormenek nazioartean ospea eman diote.

Plater eta plateren artean esperimentatuz joan da sukaldaria. Modu horretan, era tradizionalez jakiak birsortzeaz gain, zientziari ere aukera bat eman dio; horretarako, Azti-Tecnalia teknologia zentroarekin lankidetzan aritu da, esaterako. Txaloak edota kritikak jaso izan ditu sukaldariak, baina argi dago inor ez dutela oharkabean utzi bere kreazioek.

Adurizek kritika positibo asko eta asko jaso ditu eta modu horretan behin baino gehiagotan aitortu izan zaizkio sukaldaritzari eginiko ekarpenak. Donostia saria eman zioten 2001ean; urte berdinean, Bidasoa Saria. Gastronomiako Sari Nazionala eman zioten 2002an; Gastronomiako Euskadi Saria berriz, 2003an. Haurrei zuzendutako Txikichef liburuarekin berriz, Gourmand World Cookbook Awards saria eman zioten 2006an.