Konposatzaileak

Azurza Aramburu, David

Tolosan 1968ko urriaren 12an jaiotako konpositore eta kontratenorea.

Arte Ederretako ikasketak (Errestaurazioa) burutzearekin batera, aldi berean kontratenore izateko ikasketak ere aurrera eraman zituen Donostian Isabel Alvarezen eskutik. Gero Madrilgo Errege Goi Kontserbatorioan kantu sailean karrera amaierako Ohorezko Aipamena lortu zuen, ikasle librea izanik.

Kontratenore bezala "Lucrecia Arana" sari berezia jaso du eta konpositore bezala 1998an Tolosako Lehiaketan Haurren abesbatzentzako Konposizio sailean lehen saria erdietsi zuen Cinco juegos celestes lanagatik.

Bakarlari bezala hainbat talde eta orkestrekin jo du, besteak beste, Orchestre Bayonne-Côte Basque Orkestra, Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Opus III percussion Ensemble...; jaialdi eta kontzertu ugari ere eskaini ditu, esaterako, Donostiako Musika hamabostaldia, Errenteriako Musikaste, Donostiako Kursaal Auditoriuma, Bilboko Euskalduna Jauregia.

Antzinako ahots musika lantzen duten hainbat taldeko kide ere bada, besteak beste, Peñaflorida kapera, Conductus Ensemble eta Kea taldea, musika garaikidea interpretatzen aditua. Talde horiekin proiektu askotan parte hartu du.

Zenbait musika antzezlanetan parte hartu du, C.M. Schömbergen Miserableak eta L. Barten Oliver; aretorako opera lanetan, Peñaflorida Kondearen El borracho burlado, J. de Nebraren Viento es la dicha de Amor, M. de Oñateren Itziar eta A. Ilarramendiren Zapatos de mujer; I. Albenizen Merlín opera lanaren munduko lehen grabaketa Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin eta 2003an Tomas Marcoren abeslari eta talde instrumentalerako Segismundo aretoko operaren erabateko estreinaldia.

Era berean Gipuzkoako abesbatzen Federazioaren Haur Abesbatzen Batzorde Teknikoaren koordinatzailea ere izan da bost urtez; zuzendari bezala hainbat koru eta abesbatzarekin lan egiten du, esaterako, Tolosako Hodei truk haur abesbatza, Bergarako Gabero gazte abesbatza, Bergarako Orfeoia eta Lausardi koru sinfonikoa.

Horrez gain, hainbat tokiko Unibertsitate, Kontserbatorio eta koruen federazioetan ahots teknikako irakasle ere izan da: Aragoi, Kantabria, Gaztela Lehoi, Euskal Herria, Kanariar uharteak, Espainiako Abesbatzen Konfederazioa (COACE).

Konpositore bezala ahotsa bereziki landu du. 2001ean ¡Mira Marí! Eguberritako bere ipuin musikala estreinatu zen haur abesbatza, narratzailea eta talde instrumentalerako. 2002an Gasteizko Vocalia aretoko abesbatzak Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan euskal kanta baten interpretazio onenari saria jaso zuen Oihu hau bere lanagatik.

David Azurzak gonbidapenak jasotzen ditu abesbatzen lehiaketetan eta koruentzako konposizio ekitaldietan epaimahai kide izateko, hitzaldiak eskaintzeko, abesbatzak eta ahotsarekin lotutako artikuluak idazteko eta hitzaldiak eman eta abesbatzekin tailerrak gauzatzeko.

Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketaren 35. edizioko kartela diseinatu zuen, Egur ezearen kea izenburua duen Joaquin Pildainen abestia abiapuntu bezala hartuz. Abestia Lizardiren olerkian oinarritzen da eta sugarrak ekartzen ditu gogora.

1992an gaueko hamabitan konposatu zuen, Lizardi, Txomin Garmendia eta Etxegarayren testuak biltzen dituen bi zatiko gabon-kanta. Pieza hori 2004ko edizioan Abesbatzen Lehiaketan haur koruen lehiaketako derrigorrezko pieza izan zen.