Ikertzaileak

Alzueta Beneite, Mari Karmen

Karmele

Pedagogo gipuzkoarra, euskarazko irakaskuntzaren alde lan egin zuen emakumea. Donostian jaio zen 1928ko maiatzaren 4an eta hiri berean hil zen 1983ko abenduaren 25ean.

Eskolara bidali zuten lehenengo aldia, Elbira Zipitriaren ikastolara izan zen, Donostiako Alde Zaharrean; handik Amezketara lekualdatu zen ikastola eta Mari Karmenek ere bide bera jarraitu zuen. Gurasoek alabak gaztelania ere jakin behar zuela iritzita, Tolosako moja eskolara bidali zuten, eta denborarekin ikasi zuen ordura arteko hizkuntza arrotza; horren erakusgarria da batxilergoa gaztelaniaz egin eta oso nota onak atera izana.

Goi Mailako ikasketak egiteko, Madrilera bidaiatu, eta Kimika ikasten hasi zen; handik Salamancara, karrerako azken bi urteak egitera. Baina horrez gainera, donostiarra oso fededuna zenez gero, 1948an Misiolari Sekularren Institutuko kide egin eta bere burua prestatzeari ekin zion. Kimikan lizentziatu eta ikasteko gogoz jarraitzen zuenez, Madrileko Leon XIII Institutuan Gizarte Zientziak ikasten hasi zen.

Mari Karmenek Vatikanoko II. Kontzilioa bere egin zuen, eta hala, bere osotasunean hazi eta biziko zen gizakia hezi nahi izaten zuen. Misiolari Sekularren Institutuko Batzorde Nagusiko buru egin zuten eta erakundea eguneratu nahi zuen; gainera Erromara, zenbait bidaia egin zituen autoz. Kristautasuna eta hezkuntza uztartu zituen gipuzkoarrak; hala, Donostiara bueltatu eta Gizarte Laguntzaileen Eskola sortzeko lanari heldu eta aurreneko zuzendaria izan zen. Bere egitekoen artean, irakasgaiak zehaztea, irakasle egokienak bilatzea, ikasleak erakartzeko lan egitea, eta beste zeuden.

1969-1970an ikasturtean berriz, Gipuzkoako hiriburuko Santo Tomas Lizeoan hasi zen irakasle. Garai hartan toki ezberdinetan ikasten zuten lizeoko ikasleek. Guztira 800 bat izango zirela aipatu zuen Alzuetak 1972n Zeruko Argian argitaratutako elkarrizketa batetan:

"Etxe onetan aurtengoz bakarrik gaude eta sei urtetatik amasei urtetarako ikasleak ditugu. Denetara jota 600en bat ikasle dago. Iru urtetatik sei urtetarakoak berriz, beste leku batetan daude eta danera 200en bat egiten dute. Beraz Lizeoaren babesean 800en bat ikasle dago. Ez da gutxi. Ba dago zer egiñik."

Irakasle moduan hasi eta urtebetera zuzendari kargua hartu zuen. Ideia garbiak zituen Alzuetak, azpiegiturak finkatzea esaterako, eta 1972 eta 1977an eraiki ziren lizeoko eraikuntza nagusiak; bestalde, irakaskuntzarako baliabide egokiak bilatzea lehenesten zuen, gurasoen inplikazioa lortzea...

Hiru ardatz nagusi izan zituen bere bidean. Alde batetik, etengabeko lana burutzen zuen, bai ikastetxean eta baita etxean ere. Bestalde, elkarlana sustatu zuen lanerako prest zeuden irakasleekin, lantaldeetan bideratuz. Eta hirugarrenik, lizeoak gurasoen egitekoa ez zuenez ordezkatu behar, haien partaidetza aktiboa bultzatu zuen.

Bazen garai hartan lortu nahi zen beste xede bat, eta hori lizeoaren homologazioa zen, baina horretarako besteen artean, ikasleen eskolatze liburuak behar ziren; gogor saiatu zen horretan eta azkenean, hiriko zenbait instituturen laguntzarekin lortu zuen. Gainera, irakasle euskaldunak bilatu behar ziren, titulua zutenak eta haien lan modua finkatzeari ere heldu zion. Argi zeukan, Santo Tomas lizeoan ikasleak euskal kulturan hezi behar zituztela, euskara irakasteaz gainera, neska-mutilak euskal kulturaren jabe egitea garrantzitsutzat ikusten zuen zuzendariak, bertako historia, ohitura, eta abarrak irakatsiz. Eta gainera, ikastetxe plurala izan behar zela argi uzten zuen Alzuetak. Oro har, pedagogia hainbat puntu garatu zituen: eskola euskalduna, mistoa, gurasoen inplikazioarekin, lantaldean jardungo zuena.

Baina ikastetxea utzi zuen, eta Eusko Kontseilu Nagusian lan egiten hasi zen 1978an, Gasteizen. Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko estatutuetan jasotako eskuduntzak ziurtatzeko lan egiten zuen, eta Mari Karmen hezkuntza arloa lantzen hasi zen Carlos Santamariaren esanetara.

Garai hartan Hezkuntzaren Administrazioan pertsona baliabideen eskasia zegoen eta, besteen artean, euskal sistema eraiki ahal izateko legea aldatu, euskal eskola publiko sarea eratu eta, ia erdalduna zen irakaskuntza publikoa euskaldundu beharra zegoen, bai eta titulurik ez zeukaten irakasleen egoera konpondu ere. Besteen artean, horretan jardun zuen Alzuetak.

Lan horretan gertu zeukan Javier Retegik Bidegileak lanean Mari Karmen Alzueta deskribatzen du:

"Hura langile nekaezina zen, azkarra, ideiak argi izan ohi zituena, elkarrizketarako gaitasun handikoa, jende askorekin erlazionatzen zena. Hura, hitz batean esanda, gure taldearen ardatza zen."

1984an Eusko Jaurlaritzak Mari Karmen Alzueta Sariak sortu zituen, bere heriotzaren urteurrenean.