Pintoreak

Baroja Collet, Juan Luis

1957an Le Creusoten (Frantzia) jaiotako artista polifazetikoa. Eibarren (Gipuzkoa) bizi da 1964. urtetik.

1979an kalkografiazko grabatua ikasi zuen Mari Puri Herrero eta Gabriel Ramos Urangarekin. 1983. urtetik Debako Artisautza Ikaskuntzen Ikastegiko kalkografiazko grabatuaren ikasgelako arduraduna da. Ignacio Chillidarekin grabatuaren inguruko ezagutzak sakondu zituen eta 1997an Itzal izeneko grabatu- eta edizio-tailerra sortu zuen Soraluzen (Gipuzkoa) Mari Fran Agirregabiriarekin. 1997an Mallarmeren Betazalak izeneko grabatu-liburua aurkeztu zuen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara Aretoan, Michel Hubert Lepicuche poetaren testuz lagunduta. 2000. urtean Eibartarrak grabatu-seriea aurkeztu zuen Eibarko Portalea Aretoan. Fuendetodoseko Grabatuen VII. Lehiaketan irakasle gonbidatu modura parte hartu zuen eta 2001. urtean Espainiako pabilioirako hautatu zuten Kairoko Biurtekoan (Egipto).

1981. urtetik beka eta sari ugari jaso ditu. Horien artean hauek nabarmentzen dira: Arteder erakusketan parte hartzeko beka 1981. eta 1983. urteetan, eta Kalkografiazko Grabatuan ikertzeko laguntza bana jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren eskutik 1983. eta 1984. urteetan. 1984. eta 1985. urteetan Gure Artea izeneko 2. Saria jaso zuen Grabatuaren espezialitatean. 1986an Grabatuko Lehen Saria jaso zuen Gasteizko Arte Plastikoen Lehiaketan. 1988an eskulturako Lehen Saria jaso zuen Gasteizko VIII. Biurtekoan eta sorkuntzarako laguntza jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. 1989an Eskulturako Aipamen Berezia jaso zuen Zornotzako Biurtekoan eta Eusko Jaurlaritzaren Eskultura Beka ere bai. 1991n Ciudad de Arganda Lehiaketan Eskulturako Lehen Saria eskuratu zuen (Madril) eta Pablo Gargallo Lehiaketaren V. edizioan ere Lehen Saria jaso zuen Eskultura arloan. 1996an Gasteizko Eskuratze Plastiko Garaikidearen Saria jaso zuen eta Ohorezko Aipamena Eivissako Ibizagrafic 96 XIV. Biurtekoan, 2000. urtean errepikatu zuena XVI. Biurtekoan. 2001. urtean Eibarko Alfa Arte Eskultura Anizgarriaren I. Lehiaketan Lehen Saria jaso zuen (Gipuzkoa) eta 2002an Ohorezko Aipamena erdietsi zuen Tarragonako Kontratailu Grabatuaren Nazioarteko I. Biurtekoan.

Bere lana ikusgai dago Madrileko Kalkografia Nazionalean eta Liburutegi Nazionalean, Bilboko Arte Ederretako Museoan, Eivissako Arte Garaikidearen Museoan, Gipuzkoako Foru Aldundian, Zaragozako Udalean, Gasteizko Udalean, Argandako Udalean, Iruñeko Caja Municipal kutxaren Bilduman, Eusko Jaurlaritzaren Bilduman, Madrileko Actilibre Fundazioaren Estanpa Bilduman, Eibarko Alfa Arte Bilduman, Fuendetodoseko Goya Museo Etxeko Bilduman edota Madrileko BBVA Arte Grafikoko Bilduman.

Hainbat lan publiko ditu paraturik, esate baterako, Omenaldia Josetxu Agirreri Gasteizen eta Cruce de miradas izenekoa Eibarren (Gipuzkoa).

1978. urtetik bakarkako hogeita hamar erakusketa inguru egin ditu eta herri askotan izan da bere lana ikusgai: Bilbo, Donostia eta Gipuzkoako beste zenbait herritan (Deba, Eibar, Hondarribia eta Zarautz). 1993an Iruñeko Zitadelako Pabilioi Mistoan eta Bilboko Berta Belaza Galerian egin zituen erakusketak, 1994an San Telmo Museoan, 1996an Eibarko Arrate Kultur Elkartean (Gipuzkoa), 1997an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara Aretoan, 1995., 1996. eta 1998. urteetan Bilboko Berta Belaza Galerian, 1999an Zumaiako Laia Museoan (Gipuzkoa), 2000. urtean Huescako El Alambique aretoan eta Eibarko Portalea Kultur Etxean, 2001ean Donostiako Arteko Galerian, 2002an Durangoko Beitu Art Galerian (Bizkaia). 2003an Tolosako Aranburu Jauregian (Gipuzkoa). 2004ko uztailean, Itzaletik izenburupean, Debako Andre Mariaren elizako klaustroan tamaina itzeleko burdinazko hogei eskultura inguru ipini zituen ikusgai, 1988-2004 bitartekoak. 2006. urtean Arteko Galerian "Gaueko zurrumurruak" izenekoa aurkeztu zuen eta 2009an "Cruce de Miradas" erakusketa egin zuen Ermuko Lobiano Aretoan. Eskultura, grabatuak eta collage erako lanak uztartzen dituen erakusketa bat da.

Ehun erakusketa kolektibo baino gehiagoan parte hartu du. Horien artean azkenekoak nabarmentzen ditugu soilik. 1996. urtean Eibarko Udalak (Gipuzkoa) antolatutako Eibartikan izeneko erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, beste artista ezagun batzuekin batera, adibidez, Pello Alberdi, J. Antonio Azpilikueta, Fernando Beorlegui, Jose Ramon Elorza, Leire Kareaga, Asier Laspiur, Elena Maiora, Marino Plaza, Alberto Rementeria, Daniel Txopitea eta Jose Zugastirekin. 2002. urtean Marbellako Grabatu Espainiar Garaikidearen Museoan paratu zuen erakusketa, Valladolideko Grabatu Sari Nazionalean hautatua izan zen, Madrileko Kalkografia Nazionalean parte hartu zuen, Pontevedrako Museoan parte hartu zuen, Badajozeko Arte Garaikidearen Extremadurako Museoan, Kontratailu Grabatuaren Nazioarteko I. Biurtekoan Bartzelona, Reus, Salou eta Tarragonan, Gijoneko Arte Grafikoaren III. Hirurtekoan, Matrize/Estanpan. BBVA Fundazioaren Arte Grafikoko Bilduman ikusgai dago bere lana, Madrilen. Carmen Arocena Nazioarteko Sarian hautatua izan zen, Salazarreko Casa Principal etxean (La Palmako Kabildoa). 2003an hautatu izan zen Cacereseko El Brocense Aretoko V. Lehiaketan, Marbellako Grabatu Espainiar Garaikidearen Museoan, Fuendetodoseko Grabatu Museoan eta Koloniako Kunst Köln 03 izenekoan (Alemania).

Bere lanek artisautzaren arloarekin, arkaikoarekin eta industriaurreko garai bateko iragan denborekin lotura estua izan dute betidanik. Hori dela eta, bere lengoaia abstraktuaren eta figuratiboaren artean kokatzen da. Burdinazko bere pieza askotan forma anbiguoak erabiltzen dira, eguneroko objektuak oroitarazten dituztenak, esate baterako, plantxa bat edo mahai bat. Objektu horiek, era berean, landa giroko tresnak oroitarazten dituzte. Dena den, ikusle bakoitzak ezberdin ikus eta senti dezake, artista ez baita deus zehazten saiatzen. Beltza da kolore gakoa, beti bizitasun handiz erabilia. Kezkak-Inquietudes erakusketan artistak adierazi zuenez, bere helburua "irudiak iradokitzea da, ikusleak bere kabuz osatu behar dituenak, norberak bere esperientzia pertsonala izan dezan".

Fernando Golvano kritikariak egokiro adierazten duenez, bere lan ia guztiek kezka metafisikoa sorrarazten dute eta, horregatik, bere eskultura, marrazki, collage edo grabatuek, hein batean, Tapies edo Chillida oroitarazten dituzte.

"Sus collages y sus esculturas, señala Golvano cabrían ser percibidos como un muestrario de herramientas orgánicas... Como si se tratara de un atlas de historia natural perteneciente a un mundo imaginario, sus series refieren a una poética de lo informe".


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 94 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.