Literatoak

Antoñana Chasco, Pablo

Idazle nafarra. Vianan jaio zen 1927ko urriaren 19an. Iruñean hil zen 2009ko abuztuaren 15ean.

Aita Vianako irakaslea zen, eta arrazoi ekonomikoak zirela medio Ekuatore Gineara emigratu zuen. Haurtzarotik ondo ezagutu zuen langileen landa giroa, jauntxoena eta ondasunak eskuratu zituzten familiena, gero eleberrietan hain modu bizian islatu zuena.

Logroñon irakasle ikasketak egin zituen, eta Zaragozako Unibertsitatean, aldiz, Zuzenbidea ikasi zuen; han, Zaragozan argitaratu zituen lehen literatura lanak, garaiko egunkarietan eta aldizkarietan. 1953an Santsol, Desoio eta El Busto udalerriko idazkari plaza lortu zuen. Haren ondotik, baita Viana eta Los Arcosekoa ere, 1988an erretiroa hartu zuen arte.

2007an Irujo Etxea Fundazioak literatura lana aitortzen zion Manuel de Irujo Saria eman zion.

32 urte zituela lehen eleberria idatzi zuen, El capitan Cassou, eta Acento nobela laburreko saria eskuratu zuen. Europako gerra handiaren testuinguruan militar frantses baten istorioa kontatu zuen; ordenantza fusilatzeko agindu ondoren, arranguren mende geratu zen, zoratzeko puntuan. Bi urte geroago Antoñanak Sésamo saria irabazi zuen No estamos solos nobelarekin (Madril, AULA edizioa, 1963); lan horretan partida karlista baten desegitea azaltzen du, militarki porrot egin ondoren; argumentu horrekin gerran galdu duenaren tragedia azaldu zuen, bere iraina eta jazarpena. Urte berean Nadal sariko finalista izan zen La cuerda rota lanarekin (Iruñea, Pamiela, 1995); istorio honetan lau etorkin portugesen istorioa kontatzen du, lan bila Frantziara iristen saiatzen ari direnak. Pobreziari eta klandestinitateari buruzko nobela izan zen, eta 1995 arte ez zen argitaratu.

1964an, ordea, bigarren nobela editatu zuten, El sumario, azpi izenburua El dilema de un juez zuena (Bartzelona, Plaza y Janés, 1964); eleberri honetan Cornelioren hilketa egoerak eta arrazoiak atzera begirantz eraiki zituen (Cornelioren hilotza ibai ertzean agertu zen). Harrezkero, Antoñanak 9 urteko tartea hartu zuen beste narrazio obra bat argitaratu arte, Pequeña Crónica izenekoa; honekin nobela laburreko Donostia Hiria Saria lortu zuen (Donostia, Kurpil, 1975; Iruñean, Pamiela, 1984 berrargitaratua). 1976an Ipuinen Tuterako Hiria saria eskuratu zuen, eta 1978an nobela laburreko Navarra saria, Relato cruento lanarekin (Iruñea, Nafarroako Kutxa, 1978). Saritutako lanean Vignecourt familia aristokraten bukaera izan zuen mintzagai. Istorio horretan Gerardo kaikua, haur tentela eta familiaren azken ondorengoa, elementu nagusia eta jauntxoen hondamendiaren sinboloa da.

1962 eta 1977 artean Antoñanak atal bat izaten zuen Diario de Navarra egunkarian, Las tierras y los hombres izeneko, igandeetan. Testu haietako batzuk Patrañas y otros extravíos liburuan jaso ziren (Iruñea, Pamiela, 1985), ipuinak, testigantzak eta oroitzapenak biltzen dituen obra askotarikoa, eta Botín y fuego y otros relatos lanean (Iruñea, Pamiela, 1985). 1983 eta 1986 urte artean Navarra hoy argitalpenarekin kolaboratu zuen eta, ondoren, Diario de Navarra eta Diario de Noticias-ekin.

1990an Noticias de la Segunda Guerra Carlista argitaratu zuen (Iruñea, Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta 1993an La vieja dama y otros desvaríos lanean (Iruñea, Kultura Zuzendaritza Nagusia) zenbait ipuin eta bi nobela laburbildu zituen, besteak beste El capitán Cassou, tartean argitaratu gabe zegoela, eta Cartas guineanas. Urtebete geroago Pamielak La cuerda rota berreskuratu zuen, 1962an Nadal sariaren finalista izan zen lana.

1996an Principe de Viana Saria lortu zuen; horri esker bere zenbait lan berrargitaratu ziren, eta Textos y Pretextos izenburupean (Bermingham, 1996) artikulu pertsonalen eta elkarrizketen bilduma osatu zen. Horrez gain, Memoria, divagación, periodismo izenburua zuen hausnarketen bilduma ere plazaratu zen (Iruñea, Pamiela, 1996). Urtebete geroago Despropósitos lana eman zen argitara (Iruñea, Pamiela, 1997), hogeita hamahiru ipuin labur, batzuk hamar bat lerrotan bildutakoak. Lan horretan Antoñanak gerra karlisten eta kolonialisten garaira jo zuen berriz ere, baita "Ioar Errepublika" maitera ere, fikzioa eta historia nahierara nahastuz.

1999an berrogeita hamar bat ipuin bildu zituen Extraña visita y otras historias lanean (Iruñea, Pamiela, 1999), idazlearen ohiko gaiei helduz: gerra, porrota, mende hasierako immigrazioa edo beherakada; eta 2001ean Último viaje y otras fábulas lanean (Donostia, Ttarttalo, 2001) prentsan argitaratutako narrazio testuen bilduma osatu zuen; berriz ere, gai komuna gerra izan zen, eta kontakizun guztien atzeko paisaia krudeltasunak eta etsipenak osatzen zuten.

2008ko otsailean azken liburua izango zena argitaratu zuen, Aquellos tiempos, Orbela aldizkarian 6 urtez plazaratutako 60 artikulu kostunbrista baino gehiagoren bilduma; horietan, pasadizoak, jendea eta galdutako usadioak izan zituen mintzagai.

Autore honentzat literatura "bizi dugun unearekin eta denborarekin konpromisoa" zen. Eleberria gizarte arazoen bidea, testigantza eta salaketa zen. Hori dela eta heldu zion behin eta berriz gerraren gaiari, injustiziari, maltzurkeriari, porrotari edo pobreziari. Landa unibertsoan girotuta, Antoñanak ondo jaso zuen langile xumeen bizitza tristea, baserritar eta jornalariena, jauntxoen eta nagusien botereari aurre eginez. Idazle nafarraren nobela guztietan bi talde agertzen dira, elkarren aurkakoak eta bateraezinak: jabeak eta desjabetuak. Espainiako 50ko hamarkadako errealismo sozialaren testuinguruan, Antoñanak abangoardia faulkneriarra bertako literatura tradizioarekin uztartu zuen.

(Martin Nogales, 1989).

Romerak nabarmendu duen moduan:

"Narratzaile espainiar gutxik jakin izan dute (Juan Benet izan da, akaso, salbuespen bakarra) hain narrazio unibertso propioa eraikitzen, dela gaiei, dela pertsonaiei, dela erreferentziei dagokienez, eta baita geografia fikzio propiotik ere".

(Mata, 2002. Itzulpen moldatua gazteleratik).

Xehetasun naturalistetan aberatsa den literatura estiloarekin, irudi sinbolikoak eta pertsonaia etsiak erabiliz, Antoñanak literatura errealista eta testigantzakoa osatu zuen, nahita kritikoa eta etsia, eta horri gizakiaren ikuspegi atsekabea dario.

  • IRIBARREN, Manuel. Escritores navarros de ayer y de hoy. Iruñea: Gomez, 1970.
  • MARTIN NOGALES. "El año de Pablo Antoñana". Anuario de Diario de Navarra. Iruñea: 1997.
  • MARTIN NOGALES, Jose Luis. "Escritores navarros". Cincuenta años de novela española (1936-1986). Bartzelona: Promociones Publicaciones Universitarias, 1989.
  • MATA INDURAIN, Carlos. "Panorama del cuento literario navarro del siglo XX". Príncipe de Viana. 216. zbk., urtarrila-apirila 1999, Iruñea: Kultura Zuzendaritza Nagusia.
  • MATA INDURAIN, Carlos. "Panorama de la novela histórica en Navarra". SARALEGUI PLATERO, Carmen; CASADO VELARDE, Manuel (ed.). Pulchre, Bene, Recte. Estudios en homenaje al Profesor Fernando González Ollé. Iruñea: Eunsa, 2002.
  • MATA INDURAIN, Carlos. Navarra. Literatura. Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2002.
  • YERRO, Tomas. Escritores navarros actuales. Antología I y II. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Hezkuntza eta Kultura saila, 1990-91.

Aipatutako bibliografiaz gain, azterketa kritiko hauek ere idatzi ziren Antoñanari buruz:

  • MORENO, Victor: Pamiela,4. zbk., 1984;
  • YERRO, Tomas: "Pablo Antoñana, perro solitario de la literatura española". Pasajes, Iruñea, 1987, 117-50 or.;
  • MARTIN NOGALES, Jose Luis. La vieja Dama y otros desvaríos lanaren hitzaurrea (Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1993);
  • MURO, Antonio. "Tiempo de Historia en Relato Cruento de Pablo Antoña". Príncipe de Viana, 17. zbk., (1996) eta Nafarroako Unibertsitatean aurkeztutako autoreari buruzko doktoretza tesia;
  • SANCHEZ-OSTIZ, Miguel. Pablo Antoñana, el jinete solitario.

"Elkarrizketa baten pasarteek tropa kuarteleratuen xehetasunak ematen zituzten, matxinada artilleria errejimentuan, graduaziorik gabeko guardia zibil batek pistola garondoan (edo lokian) jarri zion koronelari eta burezurra hautsi zion: kalabaza huts gisara lehertu zen. Albiste izugarria izan zen, eta tabako ke lauso eta lodiak espazioa sakontasun akuatiko bihurtu zuen; han figurek flotatu egiten zuten, ezabatu eta desegin egiten ziren, espektro bihurtuz. Ahotsak ere arraroak eta inorenak ziren, hipnotismo saio bat izango balitz bezala.

Aitak bulegoko kiratsa utzi zuen, eta egoera guztia zuzentzen ari zen. Pertsonak eskuarekin agurtzen zituen, adeitasunez. Ke eta iluntasun tronu txiki baten gainean, keinu duin eta hotz batekin jantzi zen (mozorro bat bezala), eta ez zion horri utzi gau osoan. Aurpegia, umorea eta baita eskuak jartzeko modua ere aldatu zituen: zaldia lotzen zuen nekazari izateari utzi zion. Orain koronel malenkoniatsu erretiratua zirudien, laborantza etxe bateko jabea baino gehiago.

Etxea kuartel bihurtu zen, muturreko egoera argia, baina ulergaitza.

Ama inguratu zitzaion, eta ezpainak belarrietan jarri zizkion.

"Zer egiten du jende-modu horrek hemen?"

"Jende-modu" esan zuen, eta aita, kean iltzatutako kofaduran mugitzerakoan, argiz estali zen une batez.

"Hau oso kontu serioa da. Gerra da".

Gerra. Amari begiak busti zitzaizkion, baita memoria ere"

(Itzulpen moldatua gazteleratik).