Arkitektura

San Bartolome parrokia. Aurizberri

Aurizberriko San Bartolome parrokia zaharra XVII. mendean eraberritu zen. Beranduago, 1850ean, bi albo-kapera eta hiru erretaula churrigueresko gaineratu zitzaizkion. 1881eko abuztuan parrokiak su hartu zuen beste bost etxerekin batera. Hurrengo bi urteetan eraberritu egin zen eta, 1894. urtean, gainera, bi erretaula neoklasiko gaineratu zitzaizkion. Tresneria horretatik ez da deus geratzen, 1928. urtean geratzen zen oro saldu baitzen.

1959-1961 bitartean parrokia berria eraiki zen, Candido Ayestaran eta Javier Esparza arkitektoen eskutik. Sei ataleko nabe bat eta burualde erdizirkular goratu bat ditu. Alboetan horma-hobi erako kaperak daude eta horietara sartzeko arku beheratu bat igaro behar da. Kapera horiek kanoi beheratuko gangekin estaltzen dira. Korua oinean dago lekutua, azken bi atalen gainean, eta albo-harmailetatik zehar luzatzen da burualdera iritsi arte. Korupean bataio-kapera dago eta sabai aizunak estalita dago. Gainera, bertan beste gela bat ere badago, korura igotzeko eskailera gordetzen duena. Nabea oraska eran estaltzen da eta burualdean labe-ganga bat dago Emilio Sanchez Cayuela "Gutxi" artistak egindako mosaiko batekin dekoratua (Atienzak gauzatua), titularraren, San Bartolomeren, bizitzako eszenak erakutsiz.

Kanpoaldean, bost arku-kolpe beheratuko arkupe bat luzatzen da antzeko egitura duen galeria batekin, elkarren artean angelu bat osatuz, dorrera iritsi arte. Beste aldetik, parrokia-etxearekin osatzen du angelua. Horrela, hartako hiru aldeekin atari itxi bat eratzen da. Dorre oso altu bat dago eraikia, harlanduzkoa. Dorreak fuste prismatikoko forma du eta gorantz doan heinean estutu egiten da. Lau bazterretan kontrahormaz dago hornitua. Estaldura bi isurkikoa da, oso maldatsua, eta arbelez egina. Gainera, kanpoaldeko zokaloa harlandu zaharrez egina dago eta pilare, arku eta ertzak barneratzen ditu.

Eliza horretan mantentzen den tresneria bakarra zilarrezko kaliza bat da, XVII. mendearen bigarren erdialdean egina. Egitura purista du. Azpialdean zilindro formakoa eta kopa irekiaz. Korapiloa, ordea, udare formakoa da, barroko erakoa jadanik. Era berean, parrokia-gurutzea aipatu behar da, XVI. mendearen bigarren erdialdekoa, estilo errenazentista platereskoa duena. Arrietako gurutzearekin antza duenez, Luis de Suescun zilargilearena dela pentsa daiteke. Dena den, honek diseinu sinpleagoa du eta zabarragoa ere bada. XVIII. mendeko korapilo barroko bat du eta estalki esferikoa. Guztia loredun dekorazioz apaindua. Besoetan dekorazio anitz ikus daiteke, esate baterako, kartelak, maskaroiak, kerubinak, girlandak eta busto dotoreak. Atzealdean gurutziltzaketa dago, ebanjelarien pintura-konposizioak agertzen dituzten kartelen artean, eta atzealdean Ama Birjina ageri da, San Joan Bataiatzailea, San Mateo, San Pablo eta San Juanen pintura-konposizio artean.

Hilerrian hilarri ugari ikus daitezke.