Arkitektoak

Fontán Sáenz, Rafael

Arkitektoa. Bilbo, 1898; Bilbo, 1986.

Rafael Fontan Saenz arkitekto bizkaitarra gure esparruan XX. mendeko arkitekto interesgarrienetakoa izatea lortu zuen, printzipioz ez ohiko tipologietan lan eginez eta arrazionalismoaren irakurketa berezia eta pertsonala eskainiz.

Rafael Fontan Saenz Bilbon jaio zen 1898an eta 1925ean Madrilgo Arkitektura Eskolan arkitekto titulua lortu zuen, orduan berriro Bilbora itzuliz eta bertan lan egiteko asmotan bere estudioa irekiz. Hasieran, lehenengo urtetan batez ere, eklektizismoaren aldeko apustua egingo du. Izan ere, bere lehenengo lanak banakako etxebizitzak diseinatzea izango da eta etxebizitza hauetako jabeak -Bilboko goi mailako kideez osatuta-, historizismoan oinarritutako etxeak eskatuko dizkio, zehazki neoeuskalduna deitu daitekeen ukituaz eginak -hau da, Euskal Herriko usadio zaharreko baserrien estetikaren eraginpean-. Dena den, laister, hogeitamargarren hamarkadatik aurrera, Fontan beste lan eskaintzak jasotzen hasten denean eta ahal duen neurrian, atzerriko aldizkarietan ikusi eta miresten zituen modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua egiten hasiko da.

Berez, Rafael Fontan eta bere belaunaldiko beste arkitekto sorta bati esker -Pedro Ispizua, Manuel Ignacio Galíndez edo Juan Carlos Guerra, beste batzuen artean- hizkuntza arkitektoniko garaikidea ez da Bilbora hogeitamargarren hamarkadan bakarrik helduko hirian presentzia izan zuten lehen lanekin, baizik eta bereziki geroago, berrogeigarren hamarkadaren amaieratik aurrera. Une horretan Bilbon berriro azaldu eta zabalduko da estilo hori, oraingoan hiriaren itxura definituz batez ere lehen zabalgunetan eraikiko diren hainbat etxebizitza multzoei esker.

Hala ere, ibilbide hau ez da ez Rafael Fontanekiko ezta bere belaunaldiko beste arkitektoekiko ere lineala izango, hau da, norabide bakarrekoa, baizik eta ibilbide edota estilo desberdinez osatuta egongo da. Askotan, ibilbide hauek momentu berean paraleloki garatuko dira, eta ez bakarrik eskaintzaren baldintzen arabera baizik eta baita ere arkitektoen nortasuna, izaera edota garapenaren eraginpean ere. Horrela, Rafael Fontanek hasierako eklektizismo historizista laister baztertuko badu ere, ez du berehala modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko aposturik egingo. Izan ere, hogeitamargarren hamarkadan art deco estiloarekin lotura zuzena izango duen arkitektura garatuko du, bereziki Bilboko zabalgunean eraikiko dituen lehen etxebizitza multzoen diseinuan.

1936ean Gerra Zibilaren hasierarekin Logroñora bizitzera joango da -bere emaztearen familia bertakoa zuen- eta, Errioxako hiriburuan, gerrako urteak pasatzeaz gain bertako udalerako hainbat lan eta plangintza aurrera eramango ditu -bereziki hirigintza eta plaza eta parkeen diseinuarekin lotutako ekimenak burutuz-. Beste lan batzuetarako Logroñon bigarren estudio bat irekiko du hurrengo hamarkadetan ere mantenduko duena. Hala ere, gerra amaitzean Bilbora itzuli eta bere ohiko estudioan lanean jarraitu zuen. Gerra ondorengo lehen urtetan Frankismoak inposatutako eklektizismo historizistara itzuliko da, baina ez bere ibilbidearen hasieran ulertu zuen moduan eginez, baizik eta oraingoan irakurketa soil eta sinpleago bat proposatuz. Diseinuan beran hogeitamargarren hamarkadako modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua mantentzeko prest zegoela antzematen zen, antzinako historian oinarritutako estiloen bitartez eraikina apainduz, ez baitzuen eraikin berri hauetan gezurretan ibiltzeko asmorik. Berez, berrogeigarren hamarkadako fase honetan Fontanek bere lan ezagunenak burutuko ditu, bi bereziki nabarmenduz: Begoñako Igogailua (1943) eta Diputazio kaleko Bulego eraikina (1944).

Bi lan hauetan, baina bereziki lehenengoan, Begoñako Igogailuan -ospetsua Bilboko erdiguneko bilbean duen presentziagatik -, Fontanek arkitektura garaikidean funtzionaltasuna eta adierozkortasuna bateragarriak izan zitezkela erakutsi zuen nahiz eta medio gutxi izan. Bestalde, nahiz eta eraikinean garaian Frankismoak bultzatu nahi zuen monumentaltasuna nabarmena bada ere, Fontanek eraikina, igogailua arina eta dotorea izatea lortzen du. Diputazio kaleko Bulego eraikinaren kasuan igogailuan nabarmendu den arintasuna faltan somatzen bada ere, argi dago eraikinari dinamismoa txertatu nahi diola angeluko lehioen erabilpenak adierazten duen bezala . Adibide honetan ere nabarmena da elementu historizisten aldeko apustua -zutabeeneta harriaren erabilpena -,eraikina monumentalaz gain dotorea ere gertatuz.

Berrogeitamargarren hamarkadatik aurrera, Espainia eta Euskal Herriko giro orokorra baretzen eta neurri batean lasaitzen hasten den heinean, arkitekturaren esparruan modernotasuna eta arrazionalismoa berriro ere berreskuratuko dira, arkitekturaren hizkuntza garaikideen aldeko benetako apustua eginez. Fase berri honetan Fontanek parte hartze zuzena eta oso garrantzitsua izango du Bilboko esparruan bereziki. Berez, hamarkada honetan Bilboko zabalgunetan eraikiko diren hainbat etxebizitza multzoen egilea bera izango da, eraikin hauetan antzeko estilo bat jorratuz. Izan ere, Begoñako Igogailuan proposatu zuen bateratzea etxebizitzaren tipologian errepikatuko du. Funtzionaltasuna eta adierazkortasuna uztartuko ditu etxe moderno eta arrazionalak diseinatuz, baina, aldi berean, eraikin hauen fatxadan adreiluaren erabilpenaren bitartez eta blokearen angeluan balkoi eta lehio kurbadunak erabiliz, eraikinari mugimendua atxikituko dio. Egun oraindik, pertsona askok buruan txertatuta duten Bilboko erdiguneko bilbearekiko irudia etxebizitza hauen formarekin harremanetan jarraitzen du, eta hori Fontanen eta bere belaunaldiko beste hainbat arkitektoen meritua da.

Hirurogeigarren hamarkadan eta arkitekto lanbidea utzi zuen arte, Fontanek bide honetatik jarraituko du beste tipologietan hainbat eraikinak altxatuz bai Bilbon bai Bizkaiaren zehar -elizak, ikastetxeak, banakako etxebizitzak-. Eraikin hauetan material berrien aldeko apustua egingo du, arrazionalismoa modu sinple eta soilan ulertuz. Horren adibide argia da azken urte hauetako lan interesgarrienetako bat, La Pureza ikastetxea (1963) hain zuzen ere.