Kontzeptua

Donostiako Arte eta Lanbide Eskola

Donostiako Arte eta Lanbide Eskola, urteen poderioz, lanbide heziketako erreferentziazko zentro bilakatu zen hiriko langile eta emakumeentzat. Bere sorreraren aurrekariek, 1872an, hiriak halako instituzioekiko zuen interesa erakusten dute. Azkenik, 1880. urtean gauzatu zen proiektua, Nicolas Bustunduy y Vergara industri ingeniariak 1876an proposatu eta, hiru urte beranduago, 1879an, Udalak Foru Aldundiari finantza-laguntza eskatu zionean. Urte hartan onartu zen eskola horretako jarduera-araudia. 1880-1921 bitartean On Jose de la Peña izan zen bertako idazkaria. Hark, 1894-95 ikasturteko memorian Arte eta Lanbide eskolak egiaz "txiroaren unibertsitateak" direla esan zuen, "herria erroretik edo ezjakintasunetik askatzeko" modu gisa.

Bilbokoak ez bezala, Donostiakoak sail komertziala mantendu zuen 1885eko berrikuntzaren ondotik. Ezaugarri horrek talka egiten du instituzio horiek zituzten helburu zehatzekin, izan ere, langile eta artisauak prestatzeko helburua zuten. Zabalik egon zen bitartean ikasle asko jaso zituen, izan ere, Donostian zerbitzuen sektorea zen nagusi, prestakuntza egokia izatea eskatzen zuten banku, bulego nahiz establezimendu komertzial ugari baitzeuden, besteak beste. Haatik, tarteko lanak burutzeko prestatutako langileria (langilezainak) sendotzeko saiakerek ez zuten arrakastarik izan eskola horretan, nahiz eta ikasketa-planetan, pixkanaka, ikasgai kopurua areagotu eta, era berean, ikasketa xehatuagoa eskaini, espezialitate eta kualifikazio profesional ugari sakonduz.