Arkitektoak

Guibert Tabar, Francisco Javier

Arkitektoa. Iruña, 1925; Madril, 2011.

Francisco Javier Guibert Tabar arkitekto nafarra bere lurraldean XX. mendeko egile interesgarrienetakoa dugu, batez ere gerra ondorengo urteetan arrazionalismoa berreskuratzeaz gain estilo horren irakurketa berria proposatu zuelako, organizismoa izenekoa eta testuinguru hartan txertatua.

Francisco Javier Guibert Tabarri gerra ondorengo egoerari aurre egitea egokitu zitzaion. Horren ondorioz, 1957an Madrilgo Arkitektura Eskolan titulua lortu zuenean, modernitateak eta arrazionalismoak hasieran Erregimen frankistak inposatutako historizismoa eta ekletizismoa gainditzea lortu bazuten ere, berrogeita hamargarren hamarkadaren amaieran argi ikusi zen berreskuratutako hizkuntza berritzaileak arriskuak ere bazituztela. Formak funtzioari jarraitu behar bazion ere, eta material berrien aldeko apustua ezinbestekoa izanik, modernitateak eta arrazionalismoak beste gai eta kezka asko erantzunik gabe uzten zituzten. Horien artean kezkagarrienak natura, paisaia, historia edota gizartea beraren aurrean hartu beharreko jarrerak ziren. Horrela, nahiz eta Guiberten lehen lanetan maisu arrazionalisten eragina begi bistakoa izan -Mies van der Rohe, Le Corbusier, Gropius, Richard Neutra-, berehala erreferentzia horiek ordezkatu eta beste batzuk hartuko ditu, organizistagoak hasieran -Frank Lloyd Wright, Alvar Alto- eta bere bilakaera aurrera egiten duen heinean adierazkorragoak. Ibilbide horretan Guibert ez da bakarrik aurkituko, 1959tik 1966ra bitartean Fernando Redon Huicirekin lana egingo baitu. Gero, bakarrik arituko da 1985era arte -bere estudioa ixten duen arte-, bere arkitekturan besteen artean, Ramon Vazquez Molezun madrildarraren eta Luis Peña Ganchegui gipuzkoarraren eraginak oso garrantzitsuak izango dira, hainbat ingeniarien lanarekin batera, Javier Manterolaren kasua bezala, adibidez.

Lehen lanak bakoitzak bere kabuz egin ondoren -zenbait lokalen erreformak eta etxebizitza soilak-, 1959an Francisco Javier Guibert eta Fernando Redon elkarrekin lanean aritzea erabaki zuten. Lehen lanak, urte berean, etxebizitza multzoak izango dira Iruñeko San Juan auzoan egindakoak bezala, modernitatean eta arrazionalismoan oinarrituta. Hala ere, hasiera horretan bai batak bai besteak argi zuten estilo horretan oinarriturik, hainbat kezka eta galdera erantzunik gabe geratzen zirela. Horregatik, estiloa edo estetika arrazoiak zirela medio, beste arkitekto batzuk organizismoaren alde apustua egin bazuen ere -arkitektura ikusgarriagoa egiteko asmotan, adierazkorragoa-, Guibert eta Redonen kasuan ez da horrela izango. Beraiek organizismora heltzen dira benetan beste arkitektura mota bat egiteko beharra sentitzen zutelako, naturatik hurbilagoa, paisaiarekiko sentiberagoa, historiarekin ulergarriagoa, eta bereziki, gizakia eta gizartearekiko arduratsuagoa. Hala ere, estilo batetik bestera aldaketa ez da traumatikoa izango nahiz eta azkarra izan. Horrela, hurrengo urtetan tipologiaren arabera, hots, funtzioa eta enkarguaren arabera, estilo batean edo bestean lan egingo dute.

Organizismoan murgildurik eraikiko duten lehen lana 1962an Olazagoitiako Kinder Elkartea izango da, Portlan Zemento enpresak burututako eraikina, bai langileei bai herritarrei zuzenduta, beraien gizarte ekimenetarako egoitza eskaintzeko asmoz. Elkarte horren eraikina gaur egun ere benetan harrigarria gertatzen da. Oinplanoa argia da eta kalearen kota berean dago. Sabaia bakarra dauka eraikin guztia estaliz, eraikina baserrien tipologiarekin uztartuz. Guibertek eta Redonek eraikin liluragarria burutu zuten, tradizioa eta modernitatea primeran konbinatuz, materialei zein formari dagokionean. Urte bete beranduago, 1963an Iruñeko Huarte dorretan, bulego eta etxebizitzei eskainitako eraikinean berriro arrazionalismoa berreskuratu bazuten ere, etxebizitzen oinplanoa eta materialen erabilerari so eginez gero, organizismoaren irakaspenak ez dituztela gehiago ahaztuko erakusten digute.

Baina Guibert eta Redonen arteko lankidetzaren emaitza bikainena urte bete beranduago helduko da, 1964ean, Ultzamako bailaran bertako Golf zelairako -Nafarroako lehen golf zelaia- zerbitzuetarako eraikina burutzen dutenean. Hirukiaren formatik abiatuz eta hexagonoan oinarritutako oinplanoan aplikatuz-Ramon Vazquez Molezunek eta Jose Antonio Corralesek 1958an Bruselan egin zuten bezala, bertako Erakusketa Azokan Espainiaren izenean eraikitako pabiloian- Guibertek eta Redonek bi eraikin altxatzen dituzte. Bata aldagelak egokitzeko eta bestea bestelako zerbitzuak bideratzeko: sarrera, bulegoak, bilera aretoak eta taberna. Kinder Elkartearen antzera sabaiari protagonismoa osoa eskaini zioten, material ohikoak eta berriak konbinatuz -egurra eta hormigoia, adreilua eta burdina-. Era berean, eraikina naturan eta paisaian integratu zuten baina beste aldetik ingurutik babestuz, isolatuz. Urte berean, Luis Peña Gancheguik Imanolena etxean (Mutriku, Gipuzkoa) egingo duen bezala, Guibertek eta Redonek erakusten digute tradizioa eta modernitatea ez daudela kontraesanean, formak funtzioari jarraitu diezaiokeela baina adierazkortasuna ere galdu gabe, hori bai adierazkortasun anitza, errespetuz beteta paisaia, natura, historia eta gizakiarekiko.

Elkarrekin egingo duten azken lan garrantzitsuan, 1964ean Iruñeko Erroz dorreak burutzean alegia, berriro ere arrazionalismoa eta organizismoa konbinatzen saiatuko dira. Baina oraingo honetan, Huarte dorretan ez bezala lehentasuna organizismoari eskaini zioten, eta horren ondorioz bitxia gertatzen zen ikustea: nola saiatu ziren bi arkitekto nafarrak hirian kokatutako etxebizitza blokean bertako etxebizitzei banakako etxeen abantailak eskuratzen. Baina ariketa bera egiten saiatu zen Madrilen Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarrak Dorre Zuriak izeneko eraikinean alegia.

Azken bi eraikin horiek amaitu zituztenean, Guibertek eta Redonek elkarrengandik banantzea erabaki zuten, eta bakoitzak bere ibilbideari ekingo dio. Guibertek ondorengo urtetan hainbat etxebizitza multzo eta ikastetxe gauzatuko ditu Estatuaren hainbat erakundetarako lana eginez -Instituto Nacional de la Vivienda, Nafarroako Foru Aldundia, Organizacion Sindical del Hogar-. Baina bere eraikin esanguratsuenak organizismoaren alderdi adierazkorrena aditzera ematen dutenak izango dira, eraikinaren egiturari eta kalkuluari garrantzia handia emanez. Ezaugarri guzti horiek hobekien bilduko dituen eraikina 1966ean Iruñeko Txantrea auzoan eraiki zuten Santiago eliza da.

Alde batetik, Vatikanoko II. Kontzilioaren printzipioetan oinarritzen da. Eliza fededunari gehiago hurbiltzen saiatuko da, eta neurri batean, gizartea Eliza erakundean gehiago txertatzen. Bestalde organizismoaren alderdi adierazkorrenak jorratzen ditu, John Utzon arkitekto daniarrak Sidneyko Opera erakinean egin zuen bezala. Guibertek eliza honetan funtzioa bikoitza betetzen du, hau da, fededun multzo handia biltzea eta horiek sinbolikoki elkartzea, forma adierazgarriak eratzen baititu, hormigoia eta sabaia erabiliz. Eliza kanpin denda baten estaliaren antzera antolatzen da. Metalezko egitura hormigoiez eraikitako lau ataritan oinarritzen da. Guibertek eliza honetan sabai ikusgarria burutzen du Olazagoitia eta Ultzamako eraikinetan oinarrituta, baina sinbolikoagoa izateaz gain bereziki adierazkorra izanik, hemen hormigoia eta sabaia zulatu egiten ditu argia barrura uzten sartzeko, eta sabaiari itxura berezia eskainiz: txori batek bere gorputza eta bere hegalak altxatuko balitu bezala. Eraikin horrekin elizari dagokion tipologiak Frankismo garaian bere unerik gorenetakoa lortzen du, hamarkada bat lehenago Gasteizen Miguel Fisac, Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes hasi zuten lanari jarraituz -Koroatzeko eta Aingeruen elizetan- eta hamarkada bat beranduago Gasteizen ere amaituko dena Luis Peña Gancheguiren San Frantzisko elizaren bitartez.

Bere hurrengo lan adierazgarriak honako hauek izango dira: Singular eraikina (1970) -hemen laguntzailea gisa besterik ez zuen lan egin, multzoa eraikitzen eta bereziki egituraren kalkuluak egiten lagundu zion Manuel Jaen arkitektoaren lantaldeari, azken hori izango baita benetako egilea-, Irurzungo ikastetxea (1969) -bere alderdi funtzionalena eta brutalistena erakusten du, bereziki nabarmena eraikinaren xehetasunetan-, Noaingo Tiro Elkartea (1972) -hemen berriro ere organizista izango da, Ultzamako Golf Elkartearen antzera- eta Iruñean Sadar kaleko etxebizitza multzoa (1979), arrazionalismoa berreskuratuz.

1985ean, garaiko krisi ekonomikoaren ondorioz enkarguak amaitzen zaizkiolako Guibertek estudioa itxi egin zuen eta Madrilera bizitzera joan zen. Ondoren, hainbat proiektuetan parte hartu bazuen ere, data honetan bere ibilbidea eta garapena amaituta geratu ziren.

2011ean Madrilen hil zen 86 urte zituela.