Arkitektoak

Hoz Escalera, Angel de la

Arkitektoa. Donostia, 1946.

Angel de la Hoz Escalera arkitekto gipuzkoarrak azken hamarkadetan lurralde berean lan ugari burutu ditu. Bere estiloa arrazionalista bada ere, zaharberritze prozesu interesgarrietan parte hartu du eta berezko hizkuntza pertsonala garatu du, neurrikoa eta era berean adierazkorra den arkitektura proposatuz.

Angel de la Hoz gipuzkoarrak 1972an lortu zuen arkitekto titulua Madrilgo Arkitektura Eskolan eta laster lanean hasi zen Estudio SEISS izeneko lan taldean. Talde horretan, De la Hoz-ekin batera, besteak beste, Javier Unzurrunzaga, Francisco de Leon Molina, Eduardo Ruiz, Alberto Zabala eta Francisco Javier Zubiria aritu ziren. Urte horietan elkarrekin egindako apustua ausartzat jo behar dugu. Ausarta, garaiko beste arkitekto asko ez bezala, ez zutelako orduko arrazionalismoa eta funtzionalismoa kritikatu, joera posmodernoen alde eginez, hau da, historizismoa eta eklektizismoaren aldeko apustuekin bat eginik. Aitzitik, nahiago izan zuten arrazionalismoa kritikatu eta berrikusi, berau baztertu gabe. Ez zieten uko egin funtzionalismoari, material berriei, elementu geometrikoei, forma kubikoei eta joera minimalistei.

Ildo horretatik abiatuz Angel de la Hozek eraiki zituen bere bi lehen lan garrantzitsuak arkitektura talde horretako lankideekin gauzatu zituen. Lehena Zarauzko Ikastola izan zen (1974-75), Javier Unzurrunzgarekin batera, eta bigarrena Azpeitian etxebizitza bloke bat (1976-79), Alberto Zabalarekin. Bi lan horietan, SEISS estudioko kideek argi utzi zuten arrazionalismoaz gain neoplastizismoa, konstruktibismoa edo brutalismoa ere ezagunak zitzaiela eta arkitektura modu funtzionalean ulertu nahi zutela, hau da, historizismorik gabe eta oraindik modu abstraktuan, baina arrazionalismoaren akatsak errepikatu gabe, bereziki testuinguruari dagokionean.

Nahiz eta Estudio SEISS utzi eta bakarkako ibilbideari ekin, Angel de la Hozek printzipio guzti horiek ez ditu baztertuko eta bere hurrengo lanaren bitartez gure eremu eta esparruan ospea eskuratzeaz gain, eraikin horren bitartez azkenean arkitektura ulertzeko zeukan modua praktikara eramatea lortuko du. Donostian Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetako kanpusean duen Magisteritza Eskolaz (1985) ari gara, Juan Ramon Iturbe arkitektoarekin batera egindako lana. Bertan, nahiz eta posmodernitatearen hainbat aholku edo ezaugarri jarraitu -adreiluaren erabilera, simetria eta konposizio zehatza kanpoko bolumenetan, atariaren erabilera eta garrantzia-, oro har, De la Hozek ez du arrazionalismoa baztertzen. Eraikin horretan, batez ere barnealdeko antolamenduan -bi patioen inguruan eraikinaren funtzioak antolatuz baina biak forman desberdinak izanik- eta bertan erabilitako formetan, argi ikusten da De la Hoz-ek arrazionalista izaten jarraitu nahi duela, horretarako arrazionalismoaren zenbait akats zuzendu behar baditu ere.

Urte batzuk beranduago, hurrengo lan garrantzitsua egiteko aukera izango du, zehazki 1993an eta Donostian dagoen Koldo Mitxelena Kulturunea izango da. Lan horrekin batera De la Hozek lan talde berria eratuko du Cristina Fontan arkitektoarekin batera elkartuz eta HFA izeneko estudioa sortuz. Geroztik, De la Hozek estudio horren barnean egin ditu bere lan guztiak, baina Cristina Fontanek ez du beti izan lan guztietan parte hartuko, beste zenbait lanetan beste arkitektoekin batera arituko baita, esaterako, Juan Ramon Iturberekin Hondartza Kiroldegian Hondarribian.

Koldo Mitxelena Kulturunean Angel de la Hozek eta Cristina Fontanek sekulako lana egin beharko dute, jatorrizko eraikinaren fatxada errespetatuz. Ramon Cortazar eta Luis Elizalde arkitekto eklektikoen eraikina zen. 1896an eraiki zuten Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintziala gisa eta gero Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola bihurtu zuten. Bi arkitekto gipuzkoarrek barruko guztia eraitsi zuten eta eraikin berria gauzatu zuten, berriro ere posmodernitatearen aholkuak eta gomendioei muzin eginez eta arrazionalismoaren aldeko apustua eginez. Argiarekin jolastuz, eraikinak zeuzkan bi patioetan liburutegia bezeroei zuzenean eskaini zieten, materialetan beiraz gain egurra asko erabiliz. De la Hoz eta Fontanek eraikin horren bitartez, garai hartan sinesten zaila gertatzen zen zerbait lortu zuten: eraikin zaharrak eraberritzea funtzio berriak eskainiz, horien barnean bizitza berria sortuz. Lan horren arrakastaren ondorioz, HFA estudioak eraikin zaharrei funtzio berriak eskaintzeko proposamen gehiago jaso zituen.

Hala ere, beraien ibilbidean beste eraikin bat ere garrantzi handikoa izango da, ildo berria irekiko baitu estudioaren garapenean, nolabaiteko bigarren fase bati ateak irekiz. Hondarribiko Hondartza Kiroldegiaz (1997) ari gara, De la Hozek Juan Ramon Iturberekin batera egingo duen lana. Eraikin horretan De la Hozek hemendik aurrera ohikoak izango diren zenbait ezaugarri nabarmenduko ditu: funtsean arrazionalismoa jarraitu, material berrien aldeko apustua egin beste ohikoagoak baztertuz eta bereziki beiraren aukerei etekinak ateratzen saiatu, eta funtzioak ahal diren neurrian forma desberdinetan banatu eta forma hauek bolumen kubikoetan antolatu, geometria zehatza eta zorrotza baten arabera. Ezaugarri guzti hauek Hondartzan aurkitzeaz gain, bertan funtzioak antolatzeko erraztasuna eta abilidadea azpimarratu behar dira.

Bere bi hurrengo lanek -bigarrena berriro ere Cristina Fontanekin batera-, zaharberritze prozesuetan murgilduko dute HFA estudioaren lana. Lehenengo kasuan, De la Hozek bakarrik, Donostiako Justizia Jauregia (2001) eraberritu zuten, berez XIX. mendeko Ospitalea militarra zen eraikina alegia. Oraingoan ere, patio baten inguruan eraikinak bete beharreko funtzio guztiak modu zuzenean egokitzeaz gain, hainbat erabaki garrantzitsu hartu zituen ikuspegi urbanistikoa aintzat hartuz behintzat. Horrela, Egia auzoa Donostiako erdigunearekin zuen lotura hobetu egin zuen, trenbidearen arazoa saihestuz. Bigarren lanean, Oñatiko Kultur Etxea (2003), XIX. mendeko etxebizitza baten aztarnak erantsi behar izan zituzten proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Hurrengo proiektuetan De la Hozek Hondartza Kiroldegiaren ildoa jorratu nahiko du. Horrela, aurrena Jaizkibelen dagoen Txingudiko Depuradoran (2004), gero Irunen dagoen Sifra pabiloian, eta azkenik, Usabal Kiroldegian Tolosan (2006), De la Hozek bere lan bikainetakoak aurrera eramatea lortuko du. Hirukote horretan Usabal Kiroldegia bereziki nabarmendu behar da. Berriro funtzioak eta formak bat egiten dute arrazionalismoari jarraituz, material berrien aldeko apustu ausarta eginez -beiraren erabilera nabarmentzekoa da-. Oraingo honetan, eraikinaren baitan eta bereziki kanpo ikuspegiari so eginez gero, adierazkortasun handia lortu zuen, eraikina, batez ere gauez, esanguratsua eta erakargarria baita zalantzarik gabe.

Usabal Kiroldegiak ezarriko duen dinamika berriari jarraituz, De la Hozek HFA estudioaren bitartez -eta lan gehienetan Cristina Fontanekin batera-, beste bi lan garrantzitsu burutuko ditu. Lehenengoa Arrasateko Garaia Ikerkuntza Gunea da, 2008an, eta bigarrena Zaisa bulego eraikin dorrea Irunen, 2009an. Bi lan horietan De la Hozek, beirarekin bereziki lanean jarraitzeaz gain, bere hizkuntza gehiago depuratzen du, bere eraikinak minimalismoaren bidean sartuz. Horrela, Usabaleko adierazkortasun joera moteldu egin zuen, mantsotu. Joera berri hori berriro aurkituko dugu hurrengo proiektu garrantzitsuan, Donostiako Aquarium eraikinaren zaharberritze eta handitze lanetan (2009). Lan horretan, berriro ere zaharberritze lanak modu bikainean burutzeaz gain, bide batez Donostiako kaia eta Paseo Berriaren lotura nabarmenki hobetuz eta eremu horretan plaza berriak eta zoragarriak eraikiz, eraikin berria gauzatzen dute -taberna eta jatetxearen gunea-, guztiz minimalista, neurrizkoa, eraikin zaharrari eta batez ere Urgull mendiari protagonismoa kendu nahi ez diona.

Neurrizko joera eta adierazkortasun nahiaren arteko uztartzea -bi kontzeptu horiek kontraesanean daudela ematen badu ere, arkitekturan ez da horrela-, azkenean Oñatin Mondragon Unibertsitateak eraikitako Enpresa Eskolan (2010) aurki dezakegu. Eraikin hori, berriro ere, funtzioaren arabera hainbat forma kubikotan antolatuta dago. Formari dagokionean, alde batetik neurrizko joera aurki dezakegu, baina forma horien antolamenduan, beiraren erabilera nabarmentzekoa da, kanpoko espazioa eta barrukoa bat eginez. De la Hozek Fontanekin batera, neurrizko jarreran adierazkorrak izateko nahia erakusten digute. Arrazionalismo onak hori egiten jakin badakielako, eraikina funtzioari egokitu testuingurua kontutan hartuta, baina baita eraikinak berak eska dezakeen sinbologia, adierazkortasuna ahaztu gabe, gehienetan gizakiz beteta baitaude.

  • ARSUAGA, M.; SESE, L. Donostia-San Sebastián: Guía de Arquitectura. Donostia: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1996.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, E. 50 años de arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 1990.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.