Politikariak eta Kargu publikoak

Eguiagaray Ucelay, Juan Manuel

Bilbon 1945eko abenduaren 25ean jaiotako politikari ospetsua.

Bilbo eta Amorebieta bitartean hezia izan zen. Jarraian, jesuitekin ikasi zuen. Deustuko Unibertsitatean Ekonomia zientziatan lizentziatura eta Zuzenbidean Doktoretza eskuratu zituen. Frantziako Nancy-ko Unibertsitatean Goi Mailako Diplomatura ere erdietsi zuen. Deustuko Unibertsitatean bertan Ekonomia Zientzietako Fakultatean Egitura Politiko Ekonomikoko irakasle numerarioa izan zen.

1977an ekin zion bere ibilbideari PSOE alderdian eta UGT sindikatuan. Lehendabiziko udal eta foru hauteskundeetan Bilboko zinegotzi aukeratu zuten eta Bizkaiko Foru Aldundiko Diputatua (1981ra arte) eta Batzar Nagusietako Prokuradorea (1983ra arte).

Kargu horietaz gain, 1979an Euskadiko Alderdi Sozialistaren Batzorde Eragilearen kide izendatu zuten. Zinegotzia zen heinean, Alkate eta Zinegotzi Sozialisten Elkartearen (GAC) sustatzaileetariko bat izan zen. PSEko Plangintza eta Ikerketarako eta Arloko Politikako idazkaria izen zen eta 1985ean, eskualde mailako IV Kongresuan, Euskadiko Alderdi Sozialistaren idazkariorde nagusia izendatu zuten. Kargu horri eutsi zion 1988ko V. Kongresuan. Urte horretan bertan, PSOEren XXXI. Kongresuan Batzorde Federaleko kide aukeratu zuten. Gobernuaren ordezkaria izanik, 1989an Argelen ETA erakundearekin izan zituzten elkarrizketetan parte hartu zuen. Era berean, sozialisten ordezkaritzan parte hartu zuen Izquierda Unida alderdiarekin harremanetan jarri zirenean elkarrekin aurkezteko 2000ko martxoaren 12ko hauteskunde orokorretara. 1991etik 2000ra bitartean PSOE alderdiaren Batzorde Eragile Federaleko kidea izan zen.

1988an Murtzia eskualderako Gobernuaren ordezkari izendatu zuten eta 1989ko abenduan Gobernuaren Ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan bilakatu zen. 1991ean kargu hori utzi egin zuen Administrazio Publikoetarako Ministro izendatu zutenean. Ministerio horretan "Itun Autonomikoa" esaten dioten ekimenean izan zuen partaidetza. 1993ko uztailaren 14 Ministerioa utzi egiten du, Industria eta Energiako Ministerioaren ardura hartzeko 1996ko maiatzera arte. Azken ministerio horretan Prever egitasmoa azpimarratzekoa da, estatuko automobilak berritzeko asmoz burututako ekimena alegia. Horrez gain, hainbat enpresa esanguratsuen pribatizazioak bideratu ziren, besteak beste, Enagas, Repsol edo Sidenor. Gainera, INI delakoa desagertu egin zen eta hortik Estatuko Industria Agentzia (AIE) eta Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea (SEPI) sortu ziren.

1996ko martxoaren 3ko hauteskunde orokorretan Murtziako zerrendan PSOE alderdiaren izenean aurkeztu zuen bere burua eta jarlekua erdietsi zuen. Eskualde horretan Gobernuaren ordezkari izendatu zuten unetik aurrera PSEko kide izateari utzi egin zion eta orduz geroztik, 2002ra arte Diputatua izen zen Murtziako eskualdea ordezkatuz (6. eta 7. legealdian).

Legebiltzarrean burutu zuen lana apartekoa izan zen. Berez, Eusko Legebiltzarrean 1982tik 1988ra bitartean talde sozialistaren bozeramailea izan zen eta hainbat batzordetan esku hartu zuen. 1996an Murtziako zerrendan zegoelarik jarlekua eskuratu ostean, segituan garrantzia hartzen joan zen Legebiltzarrean bertan, Joaquin Almunia ordezkatuz talde sozialistaren bozeramaile bezala 1997az geroztik. Horrez gain, Merkataritza, Ogasuna eta Ekonomia batzordeko bozeramailea ere izan zen. 2000. urtean berriro ere jarlekua erdietsi ostean, Ogasuna eta Ekonomia Batzordeko bozeramailea bilakatu zen.

2002ko maiatzaren 16an diputatua izateari uko egin zion esparru pribatuan lanean aritu ahal izateko. Unibertsitatean irakasle lanetan hasi zen, Deustuko unibertsitatean eta Carlos III unibertsitatean) eta hainbat enpresetan aholkulari gisa ere arituz.

Gobernuan aritu ostean, zenbait enpresatako administrazio kontseiluetan parte hartu zuen. Horrez gain, zenbait GKEtan ere lagundu zuen, esaterako, Solidaridad Internacional. 2010era bitartean Alternativas Fundazioaren Laborategiko zuzendaria izan da. Europako EDS-CASA partzuergo aeronautikoko Kontseiluaren kide izan da. Era berean, Arco Valoraciones enpresako aholkulari ekonomiko gisa aritu da, Creation, Advising and Development enpresako eta EP Taldearen fundazioko aholkularitza kontseiluetako kidea da.