Kontzeptua

Konbentzio Gerra Euskal Herrian

Aipatu dugun bezala, Konbentzio gerrak ez zuen ilusio eta atxikimendu handirik topatu Euskal Herriko bi aldeetan. Arrazoi ezberdinengatik bada ere, Euskal probintzietako biztanleei etsaiarekin kolaboratzea leporatuko zaie. Horren ondorioz, alde batetik, foruak zalantzan jarriko dira eta bestaldetik, biztanle andana exekutatu, kartzelaratu eta herri osoak beren biztanleez hustuak izango dira eta deportatuak.

Frantsesak Donostian sartzen direnean hiriak ez du erresistentziarik jartzen. Are gehiago, ateak irekitzen dizkio frantziar ejertzitoari. Carlos IVaren ministro zen Godoyk, beranduago Gipuzkoa traidoretzat joko du eta foruak kentzeko ahaleginak egingo ditu. Hala dio Godoyk:

"Donostiako okupazioa ez zen armen bidezko ekintza izan, hainbat gipuzkoar politikari Adrien de Moncey jeneralarengandik liluratuta zeuden, zeinak hitz eman zien herrialdea errepublika independente bilakatuko zuela. Gizon sinesberak haiek, ... hiria frantsesen esku utzi zuten". (itzulpen moldatua gazteleretik.)

Gipuzkoako Batzarrak negoziaketak hasten ditu Frantziarrekin Errepublikari lotutako probintzia independente bat lortzeko asmoz. Hasiera batean, Frantsesek Pinet eta Cavaignac negoziaketetarako ordezkarien bitartez, ez dute proposamena onartzen eta Gipuzkoa Frantziari anexionatzea nahi dute. Hala diote Osasun Publikoko Komitean: "la province du Guipuscoa sera gouvernée comme pays conquis" ["Gipuzkoako herrialdea herri konkistatu gisa gobernatua izanen da."]

Gipuzkoako Batzarra atxilotua eta preso sartua da Baionan. Orduan Gerrarako Foru Batzar berezia biltzen da Arrasaten 18 udalerrietako ordezkariekin eta Bizkaia eta Arabaren laguntza eskatzen dute.

Moncey jeneralak, euskal errealitate berezituaz jabeturik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba baturik ikusten ditu eta Frantziaren babespean egongo litzatekeen Errepublika independente bat eratzea eta foruak errespetatzea proposatzen du Osasun publikoko Komitean baina gipuzkoarren esperantzak altxatzeaz gain ez du Frantziar botere guneetan arrakastarik izango.

Bizkaiak, Gipuzkoako eredua jarraitu nahi du baina ikusiz nola amaitzen duten negoziaketak bertan, atzera egiten du. Halere, nahiz eta Bizkaiko Batzarrek idatzien bitartez bere fideltasuna adierazi Espainiar erreinuari, errealitatean errealitatea bestelakoa da. Bizkaitar andanak uko egiten dio armadan sartzeari eta are gehiago Bizkaiko eremuetatik kanpo borrokatzeari. Manex Goyenetche historialariak dudan jartzen ditu frantziarrak Bilbon hain berandu sartzearen arrazoiak, hau da ez du uste Espainiar bandoaren erresistentziagatik dela baizik eta Frantziar armadak zituen barne arazoengatik. "ez al zen izan frantziar armada tifusak joa zelako?" galdetzen du bere ikerlanean. Dena den, 1795ean armada frantsesak Bilbon desfilatzen duenean ez du erresistentzia handirik jasango herritarrengandik.

Nafarroak arazo komertzial eta instituzionalak zituen Espainiarekin. Espainiako erresumaren presioa gero eta handiagoa da fiskalitate eta komertzio auzietan. Nafarroako gorteetan ikuspegi kontrajarriak agertzen dira. Alde batetik Nafarroa mendialdekoak eta Iruñekoak Frantziak dakarren ideia berrien jarraitzaile eta aduanak dauden mugetan uztearen aldekoak dira onurak ekartzen baitizkie Frantziarekin komertzioa egiteko. Nafarroa hegoaldekoak berriz, Espainiar merkatura ireki nahi dute eta aduanaren oztopoa kentzearen aldekoak dira. Horregatik Espainiaren alde egingo dute. Halere, Nafarroako foruak auzian ezarriak dira etengabe Madriletik, oztopo gisa ikusiak, eta beren legeak ez errespetatuak, herritarren haserrea sortuz. Iruñetik ez zen inor ejertzitoan erroldatu beren foru eskubideak gauzatuz. Iñaki Egaña historialariak aipatzen duenez mendi aldean erreklutatutako boluntarioak ihes egiten zuten eta Frantsesak nafar lurretan sartzen uzten zituzten. Gainera, Nafarroak 5000 soldadu baizik ez ditu ezartzen gerran eta 1794rate itxoingo du horretarako.

Manex Goyenetche historialariak aipatzen duenez, euskaldunak ez Antzinako erregimenaren amaierari uko egiten baina bai eredu politiko eta administratibo berriaren eraikitze moduari. Alta, Konbentzionalen ustetan Euskaldunen jarrera "aristokraziaren konplota" besterik ez zen.

1793an, Iraultzak hartu zuen itxura ez zen begi onez ikusi Euskal herrian. Azken batean, tokiko legeak auzitan jartzen zituen eta Euskal instituzioek beraien bizi iraupena arriskuan ikusten zuten. Gerra hasi zenean erreklutatze kanpainak ez zuen arrakastarik izan eta Frantziako ordezkariak neurriak hartzen hasi ziren bereziki Lapurdin. Izualdi garaian gaude orduan eta, Iraultzarekin bat egiten ez duen oro kontra iraultzailetzat hartua da, elizaren aldekoa, eta beraz, arriskutsua frantziar nazio berriarentzat. Sabotaje eta altxamenduak biderkatzen dira, eta Urruña, Donibane Lohitzune eta Ziburu setiatuak dira. Lapurtarrei espainiarrak laguntzea eta apaiz erregogorrekin bat egitea leporatzen zaie.

Pinet eta Cavaignac frantziar estatuko ordezkariak misioan daude Iparraldean eta Gipuzkoa Frantziaren menpe egon behar duela defendatzen duten aldi berean, Iparraldean, ustetan iraultzarekin bat egiten ez duten ororen aurka jotzen dute. Exekuzioak eta kartzelaratzeak biderkatzen dira. 1794ko martxoaren 3an euskaldunen espetxeratze dekretua adosten dute. Lehenago, otsailean, Espainiak ofentsiba gogorra egin zuen eta Bataillon de chasseurs delakaoaren 47 euskal partaidek desertatu egin zuten. Espetxeratze eta deportazio neurria horren ondotik dator. Sara, Itsasu eta Azkaine herri zital izendatuak dira eta erabat hustuak. Hona zer dioen dekretuaren azken pasarteak:

"Les habitants des Communes infâmes de Sare, d'Itxassou, d'Ascain seront enlevés de leurs domiciles et conduits dans les départements intérieurs(...) tous les habitants des communes d'Espelette Ainhoa et Souraïde, sur le compte desquels il sera élevé ou s'élèvera un soupçon de haine pour la révolution et d'amour pour les espagnols, seront avec leurs familles entières soumis à la même peine".

["Sara Itsasu eta Azkaine herri zitaletako biztanleak beraien etxeetatik erauziak eta barnealdeko departamenduetara eramanak (...) Ezpeleta, Ainhoa eta Zuraideko biztanle guziak, zeinetan iraultzaren aurkako gorroto eta espainiarren aldeko maitasun susmoa dagoen edo egongo den, zigor bera izanen dute beraien familiekin batera".

Neurria Luhuso, Lekorne, Makea, Larresoro, Biriatu eta Kanboko udalerrietan ere ezarriko da. Hasiera batean, elizetan sartuak dira ondoren landetako herrietara eta azkenik Lot, Lot et Garonne, Gers, Landes, Pirinio baxuak, eta Pirinio Altuetako departamenduetan barreiatzen dituzte. Beraien ondasunak konfiskatuak eta familiak banatuak. Higiene egoera latzetan garraiatuak eta 4 mila deportatuetatik laurden bat hil egingo da baldintza kaskarren ondorioz. 1794ko udazkenean itzulera antolatuko da, Robespierren erorketaren ondotik, eta biktima gisa ikusiak izango dira Konbentzio berriaren partetik. Deportazio neurri horiek hartu zituztenen aurka egingo du Konbentzioak baina benetako arduradunak ez dira zigortuak izango. Deportatuen ondasun guztiak galduak edota ebatsiak izango dira. Uztaritzeko direktorioak egindako eskaera, egoeraren adierazle da:

"Les ci-devant communes de Sare, Itxassou, Ascain, Biriatou et Serres, dont les habitants internés il y a huit mois par mesure de sûreté générale, n'ont pas été cultivées. Les habitants qui viennent d'obtenir la liberté de se retirer dans leurs foyers, demandent à grands cris des subsistances sans qu'on puisse leur procurer les moyens de satisfaire à ce premier besoin de l'homme, la faim."

"Sara, Itsasu, Azkaine, Biriatu eta Serres antzinako udalerriak, bere biztanleak segurtasun orokorra dela eta zortzi hilabetez deportatuak izan zirenak, ez dira landuak izan. Askatasuna berreskuratzen dituztenak, bere etxeetara bultatzean, ozenki eskatzen dituzte jatekoak, gizonaren lehendabiziko eginkaria bete ezin dutelako: gosea."