Basilikak

Koruko Andra Mari Basilika. Donostia

Donostiako alde zaharreko kale Nagusiak eta Abuztuak 31 kaleak bat egiten duten tokian (43º19'25.75" I 1º59'11.77" M) aurkitzen da Gipuzkoako hiriburuko elizarik garrantzitsuena. Hiriak bizi izan dituen gorabehera guztien lekuko izan den Santa María elizaren inguruan egiten zuten beraien bizimodua donostiarrek. Hiriaren erdigunean kokatuta zegoen modu estrategiko batean, Urgull mendiaren babespean bertako Motako gotorlekutik hurbil eta portuan zeuden arrantzaleengandik gertu. Historian zehar itxura aldaketa ugari jasandako eraikin erlijiosoa da. Gaur egun ezagutzen dugun elizaren oinaren traza Pedro Ignacio de Lizardi eta Miguel de Salezani dagokie, altxaera Ignacio de Iberori dagokion moduan. Aurretik beste diseinu proposamenak egon ziren, zeinen artean Domingo de Yarzak proiektatutakoa nabarmendu behar den besteengan izan zuen eraginarengatik. Azken basilika honen eraikuntza 1743. urtean hasi zen, pertsona ezberdin ugariren zuzendaritza izan zuelarik azkenik 1774. urtean inauguratu zuten arte.



Santa Maria del Coro edo Koruko Andra Mari basilika historian zehar itxura aldaketa ugari izan ditu. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun eliza topatzen den leku berean, estilo erromanikoko eliza kokatzen zen, 1522 eta 1560 artean zabaldu bazen ere, euskallurraldean hainbesteko indarra hartu zuen gotiko-errenazentistaren garaian. Honen ondoren, estilo gotikoko beste bat izan zen bertan, baina hasierako eliza hauek ordezkatu behar izan ziren ezinbestean Donostiako hiriak jasandako lurrikarek, leherketek edo bestelako hondamendiek eragin zuten suntsipenarengatik.

XVIII. mendean behar guztiak aserik zituen Donostia agintari ofizial eta militarrentzako egoitza bilakatzen hasi zen. Caracasko Errege Konpainiak hirian eta lurraldean eragin ekonomiko handia ekarri zuen. Oparotasun garai honetan, 1743. urtean zehazki, hasten da gaur egun ezagutzen dugun basilikaren eraikuntza Ignacio de Iberoren zuzendaritzapean, aipatutako konpainiak finantzatuta gehienbat. Horretarako hainbat etxebizitza-eremu erabili behar izan ziren. Eraikuntza lanek iraun zuten bitartean pertsona ugari egon ziren honen gauzatzearen arduradun, familia bereko generazio erreleboak egon zirelarik. Hala izanik, Ignacio de Iberok hasitako lanak José de Lizardi, Pedro Ignacio de Lizardi, Juan Bautista de Inchauraniaga, Martín Sarobe eta Francisco de Iberok bukatu zituzten. Eliza berria 1774. urtean zabaldu zen, oinarrizkoena 1759. urterako bukatuta bazegoen ere.

Urteetan zehar donostiarrek Santa Maria elizaren inguruan egin zuten beraien bizimodua. Donostia hiriko eliza garrantzitsuena bilakatu zen, Abuztuak 31 kalearen beste aldean topatzen den San Bizente eliza zaharragoa bada ere. 1867. urtean Donostia hiriko zaindaria den San Sebastianen irudi bat bere sarrera nagusian ipini izanak ematen du hiri honek Santa Maria elizarekin izan duen harreman estuaren seinalea.

Arkitekturari dagokionez handitasun nabarmeneko multzoa da, berpizkunde barrokokoa, estilo churriguerescoko ezaugarri batzuk ere badituena. Formari erreparatuta, eliza angeluzuzena dela esan daiteke, 45 x 33 metroko azalerako oinplanoarekin, luzeetara gurutzeriazko gangez estalitako hiru nabeetan banatuta dagoena. Nabe hauetako bakoitza banatzen sekzio oktogonaleko sei zutabe sendo daude, estalkia heldu eta ondorioz elizako barne banaketa launa zatiko nabeetan antolatzen dutenak. Hauek goiko aldean taulamendua dute eta Ama Birjinari eskainitako eliza gehienetan bezala, kapitelak korintoarrak dira. Erdiko nabea da zabalena, amaieran presbiterio erdi zirkularra duena. Sei zutabe nagusi horiez gain badaude beste hamalau zutabe itsatsi ere, alboetako aldareek hartzen dituzten espazioak eratzen dituzten barrualdeko kontrahorma gisa. Iparraldeko hormari erantsita, aurreko elizaren Santa Maria izeneko nabe baten aztarna dago. Nabe bakoitza lotzen dituzten arku eta hormak ezberdinak dira, punta erdikoak, beheratuak edota eliptikoak aurkituko ditugularik.

Fatxada da elizaren osagai arkitektonikoen artean ikusgarrienetakoa. Bi dorre aurreratuk mugatutako nitxo bat du, rococo estilo garbiko elementuak dituena. Estilo honetako elementuak oso ugariak dira, nitxotik haratago ondoko fatxadara iristen direlarik ere. Nitxoaren erdian, Ama Birjinaren eskultura bat aurkitzen da. Honen goiko aldean Aita Santuaren sinboloak gordetzen dituen okulu bat eta San Sebastianen irudi bat duen beste nitxo bat aurkitzen dira. Alboetako fatxaden konposizioaren eskema errepikakorra da, inguruan pilastrak eta goian frontoiak dituztenak.

Barnera sartzean hamabi zatitan banatutako espazioa aurkituko dugu. Espazio osagarriak elkarren artean komunikatuak daude. Iparraldeko Santa Maria nabeak gaur egun tarteko oin bat dauka, altuera asko murrizten diona. Bi sakristia daude presbiterioaren aldean. Gainaldean dauden espazioetara joateko harmailari handi bat dago. Elizan, aldare nagusiaren parean, korua dago. Koru honen elementurik esanguratsuenak aulkiteri erdizirkular bat eta organo erromantiko bikain bat dira. Koruko Ama Birjinaren erretaula nagusiena eta bere alboetan daudenak (San Pio V.arena eta Santa Barbararena) estilo klasizistakoak dira, bestelako erretaula guztiak rococo estilokoak direlarik.

Donostia hiriko elizarik ikusgarriena bezala kontsideratu daiteke. Esanahi urbano handia du perspektiba abiapuntu gisa, Artzain Onaren Katedralaren parez pare geratzen baita, kale Nagusiaren bestaldean, Donostiako hiri tramaren ardatz garrantzitsu bat markatuz. Gaur egun ere bertan egiten dira hiriko elizkizunik handienak. Koruko Andra Mari basilikan ospatzen da abuztuaren 14ean Salve ospetsua, Donostiako Aste Nagusiaren egun garrantzitsuenaren bezperan. Basilika hau da beraz donostiarrentzat nagusiena, bere patroi den Koruko Andra Mariaren omenezkoa eta bere zaindaria den San Sebastian-en irudia duena sarrera nagusian.

  • 2007: Teilatuak zaharberritzea eta fatxadak garbitzea eta kontsolidatzea. Lehenengo ekinaldia.
  • 2008: Teilatuak zaharberritzea eta fatxadak garbitzea eta kontsolidatzea. Bigarren ekinaldia.
  • 2009: Kontrol arkeologikoa.
  • 2009: Transparente delako kapera zaharberritu, argiteri naturaleko eragingailua berreskuratu eta bere eguneroko kapera izaerara moldatzeko obrak egitea.
  • 2011: Barneko birgaitze lanak.
  • ARSUAGA, Miguel. SESÉ, Luis. Donostia-San Sebastián Arkitekturako gida-liburua. Donostia: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1997.
  • ASTIAZARAIN ACHABAL, María Isabel. La iglesia de Santa María de San Sebastián. Donostia: Donostiako Aurrezki-Kutxa Munizipala, 1989.
  • Gipuzkoa.net [web] "Nuestra Señora del Coro". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 18a].
  • Hiru.com [web] "Parroquia de Santa María". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 18a].
  • Ingeba.org [web] "Koruko Andre Mariaren Parrokia". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 18a].
  • SADA, Javier. Donostia-San Sebastián. Editorial Txertoa, 1999.