Literatoak

Martínez de Lezea, Toti

Toti Martínez de Lezea Gasteizen jaio zen 1949an, baina Larrabetzun (Bizkaia) bizi da. Zenbait urtez itzulpen-lanak egiten aritu zen, ingelesezko eta frantsesezko itzulpen teknikoak egiten, eta Bizkaian umeentzako euskarazko antzerkirik ez zegoela ikusirik, senarrarekin batera Kukubiltxo antzerki-taldea sortu zuen. 80ko hamarkadaren hasieran Euskal Telebista sortu zenean, ume eta gazteentzako saioetako gidoilaria eta zuzendaria izan zen, eta lan horretan iraun zuen 90eko hamarkadaren hasierara arte. Itzulpen-lanak berrartu zituen ostera ere, eta hamarkadaren azken urteetan argitaratu zituen lehenengo eleberriak (aldez aurretik Leyendas vascas / Euskal leiendak -1987- lana zuen argitaraturik, Asun Baltzolarekin batera).

Lan guztiak Ttarttalo (gaztelaniaz), Erein (gaztelaniaz eta euskaraz) eta Maeva (gaztelaniaz) argitaletxeekin kaleratu ditu, eta, besteak beste, Zilarrezko Euskadi Saria (2000), Zilarrezko Luma Saria (2001 eta 2002) eta Racimo de Oro saria (2006) irabazi ditu.