Kontzeptua

Albret Dinastia

1512ko konkistarekin Nafarroako Erreinuaren bilakaeran erabakigarria izango zen prozesu historiko bat abiatu zen. Haren ondorioz, erreinua bi zatitan banatuta geratu zen. Zati bat Austriarren monarkiaren kontrolpean geratu zen eta beste zatia Albret dinastiako erregearen baitan. Bigarren dinastia hori da artikulu honetan aipagai dena. Aitzinsolas gisa aipagarria da Albret dinastiako subiranoen erregealdiaren alderdi nagusiak ulertzeko (esate baterako, erreinuan gauzatuta administrazio-berrikuntzak), oso garrantzitsua dela Catalina I.a eta Juan III.ak (Nafarroako erregeak eta Biarnoko Jaunak) erregealdian zehar (1483-1517) Nafarroan garatu zituzten modernizazio-neurri erabakigarriak ezagutzea; izan ere, Christian Desplat historialariak azaldu zuen gisan, garai hartan sortu ziren Biarno eta Behe Nafarroa estatu-eredu moderno izatea eragin zuten botere-instituzio gehienak.

Zangozan jaio zen 1503ko abuztuan. Horregatik sangüesino (zangozar) ezizena hartu zuen. Nafarroako koroaren oinordeko zenez, Vianako Printze titulua izan zuen, 1517an erregetza baitaratu zuen arte. Catalina I.a ama izan zen bere tutorea 1515eko martxora bitartean. Urte hartako urtarrilean Luis XII.a Frantziakoa hil egin zen eta Francisco I.ak hartu zuen haren lekua, hogei urterekin. Jazoera horrekin Juan eta Catalinaren itxaropenak piztu egin ziren, izan ere, 1512tik aurrera Francisco gaztearen amak semeak erregetza baitaratzen zuenean Nafarroako monarkei beren erreinua berreskuratzeko ahaleginean laguntza emateko konpromisoa hartu zuen.

Konpromiso hori ikusirik eta Nafarroa berreskuratzeko Frantziako tropen laguntza ezinbestekoa zela jakinda, Nafarroako monarkak Francisco I.arekin aliatu ziren. Modu horretan, Luis XII.a erregea bizi izan zen artean sekula hartu gabeko konpromiso bat hartu zuten: Enrique Frantziako gortera eramatea, haren heziketarekin han jarraitzeko. Vianako Printzea eta aita 1515eko martxoan abiatu ziren Biarnotik Frantziako gorterantz. Hara iristean gazte nafarra Frantziako erregeen tutoretzapean geratuko zen, Frantziako Claudia subiranoaren Ostatura atxikita.

1517ko otsailean Nafarroako erregina hil egin zen eta Biarnoko Estatuek haren aitaren aldeko aitona, Albreteko Alain izendatu zuten tutore. Aitonak eragin nabarmena izan zuen Albreteko Enriquerengan eta aldez aurretik gurasoek garatutako helburu eta ildo politikoekin jarrai zezan lortu zuen, hots, Biarno eta Nafarroaren arteko loturak sendotzen jarrai zezan. Modu horretan sortu zen Pierre Tucco-Chala historialariak Estatu independente bikoitza izendatu zuena: Nafarroa-Biarno.

Enrique II.ak bi aldetako jokabide politikoa garatu zuen Espainia eta Frantziako Monarkiekin. Hala, Austriako Etxearekin negoziazioetan izan zen Pirinioen hegoaldera kokatutako Nafarroako lurrak berreskuratzeko xedez. Bestalde, Frantziako erregearekin kolaboratu zuen hainbat proiektu armatu gauzatzeko, esate baterako, hogeiko hamarkadan gauzatutako Italiako inbasioa, Paviako borrokan atxilotu zutelarik (1525). Frantziako monarkaren eragina erabakigarria izan zen hainbat kontu garrantzitsutan, esate baterako, bere ezkontzan; izan ere, Francisco I.aren arreba zen Margarita Angulemakoarekin ezkondu zen 1527an. Horrenbestez, Catalina I.a eta Juan III.aren nahimenak pikutara joan ziren, haiek Carlos V.aren arrebetako batekin ezkon zedin nahi baitzuten.

Nafarroan instituzio-berrikuntza nabarmenak ezarri zituen, esate baterako, Auzitegi Nagusi bat eratu zuen Saint Palaisen, Nafarroa Garaiko Gorte Nagusiaren (bere gurasoen garaian berriztatutako instituzioa, Errege Kontseilua eta Kontuetako Ganbera bezalaxe) parekoa zena. Instituzioak modernizatzeko prozesu horren barnean, 1534an justizia kriminala eta justizia zibila ganbera independentetan (bakoitza presidente batekin eta sei kontseilarirekin osatua) banatzea eragingo zuten ordenantzak argitaratu ziren. Halaber, hil aurretik Biarnoko Foruen bilduma (1551) argitaratzeko gai izan zen. Bilduma hori da gobernuak itunak egiteko zuen jarreraren adibide nagusiena, erregeen eta jopuen itunaren ondorioz.

Oso gaztea zela alaba Felipe printzearekin (Carlos V.aren seme zaharrena) ezkon zedin saiatu zen Juanaren aita. Dena den, monarka horren kontseilariek zituzten interes eta zalantzen nahiz Francisco I.aren botereak zuen pisuaren ondorioz, azkenik Guillermo de Clevesekin ezkondu zen. Haatik, Enrique II.a Nafarroakoak ezkontza hori bertan behera uztea lortu zuen, sekula ez zela ospatu argudiatuta. Dena den, ezin izan zuen saihestu Frantziako monarka berriak (hark ere Enrique izena zuen) emandako agindua geldiaraztea, hots, Juana odol frantziarra zuen printze batekin ezkontzekoa, hain zuzen, Antonio Borbonekoarekin.

Ziur aski bere erregealdian egindako esku-hartze interesgarrienak Behe Nafarroan eta Biarnon gauzatutako eliza-berrikuntzekin dauka zerikusia. Berrikuntza horiek hainbat ondorio ekarri zituen, horietako bat 1562-1598 bitartean luzatu zen Erlijio Gerrena izan zen. Juana uste sendoko andrea zen eta, hala, 1560ko Gabonetan Erromako katolizismoa ukatu eta Kalbinismoa baitaratu zuen ofizialki. Hurrengo urteetan Erreforma Protestantea finkatzera bideratutako hainbat neurri aplikatu zituen. Horrela, 1566an Rotesen sortu zuen Akademia protestantea eta Eliza-ordenantza berrien erredakzioa (1566-1571 bitartekoak) dira ekimen azpimarragarrienetako batzuk.

Horrez gain, ahalik eta jopu gehienak bere alde izateko asmoz, eliza-testuak lurralde soberano bakoitzeko ama-hizkuntzan idazteko agindua eman zuen. Biarnoko herritarrentzat bertako hizkuntzan kaleratu ziren Juan Calvinoren Kristau-ikasbide bat (1563) eta Psautier de Marot testuaren itzulpena, Arnaud de Saletteren eskutik (1568). Behe Nafarroari zegokionez, erreginak Juan de Lizarraga elizgizonari Testamentu Berria bertako lengua navarrorum horretan itzultzeko eskatu zion. Hala, 1571n argitaratu zen itzulpena, Kalbinismoa Biarnoko eta Pirinioen iparraldeko Nafarroako erlijio ofiziala bilakatu zen garaian.

XVI. mendeko Albreteko erregeen artean barneratzen da Enrique III.a, izan ere, hala kronistek nola historialariek amaren aldetiko familiarekin jaio zenetik (1553ko abendua) izan zuen harremana nabarmendu izan dute. Gainera, berak hautatutako aitaren irudia ez zen Antonio Borbonekoaren isla, baizik eta bere aitona Enrique II.a Nafarroakoren irudi mitifikatua. Idatzi izan denez, aitonarengandik hartu zituen bere izaera xalo eta landatarra, errege justu eta atseginaren nortasuna eta soldadu ausartaren ezaugarria. Dena den, Enrique III.a errenazimenduko gizona izan zen, giro humanista batean heziketa ona jaso zuena eta bere lagunen artean pertsonaia ospetsuak zeuden, adibide batera, Michel de Montaigne.

San Bartolome gaueko hilketa (1572ko abuztuak 24) sakon hunkitu zuen gertakaria izan zen. Parisen Margot erregina ezagunarekin ezkontzeko ospakizunean zegoelarik ospakizunera urreratu ziren higanot buruzagi ugariren hilketa ikusi zuen.

Frantziako Enrique III.a erail zutenean (1589), Nafarroako Enrique Frantziako errege bilakatu zen. Horretarako, ordea, sinesbidea aldatu behar izan zuen (ez erlijioa) eta katolizismora aldatu zen. Horregatik monarkarekin lotu ohi da esaldi ezagun hau: Paris bien vale una misa (Merezi du Parisek meza bat).

Hurrengo urteetan garatu zuen politika ez zen erlijioaren arloan bakea erdiestera bideratu, hots, protestanteak eta katolikoak batzera; aitzitik, bake zibila erdietsi nahi izan zuen. Erlijio gerren amaiera Nanteseko ediktuak (1598) ekarri zuen, sinestunen egunerokotasuna antolatu zuena. Ediktu hori oso garrantzitsua izan zen, izan ere, lehen aldiz Europan foru publikoa (erregearen jopu bakoitza legearen baitan uzten zuena) eta foru pribatua (zeinaren arabera pertsona bakoitzak askatasun osoz hauta zezakeen bere sinesbidea, bere kontzientziari jarraiki) bereizten ziren.

Enrique Nafarroakoa eta Frantziakoa Europa Batuaren aitabitxietako bat dela esan ohi da. Berrespen hori zuhurtziaz eta esanahia zehaztuz egin izan da beti, izan ere, ez zuen egun ezagutzen dugun Europa Batu hori nahi, egiaz Europako bakea zen nahi zuena. Bake hori lortzeko ezinbestekoa zen Europako potentzien arteko oreka. Enriqueren aburuz, oreka hori lortzeko, besteak beste, ezinbestekoa zen Espainiako erregearen eta Erromatar eta Germaniako Inperio Sakratuaren asmo hegemonikoak alde batera uztea. Gogoan izan behar da Frantzia lurralde boteredunez edo horien aldeko lurraldez inguratuta zegoela garai hartan. 1610eko maiatzaren 14an erail zuten Parisen, François Ravaillac izeneko burubero baten eskuetan. Historialari ezagun askok bakearen errege izendatu izan dute, Europan bakea lortzeko politika hedatzeko egin zituen ahaleginengatik eta erlijioen gerrei amaiera eman ziena izateagatik.

Azken finean, XVI. mendearen hastapenetik Albreteko monarken erregealdietan mamitu zen Erreinu Humanistikoaren ideia utopikoak Pirinioetako erreinu txikia mito bilakatu zuen, garaiko idazle nagusien inspirazio-iturri izatera iritsiz. Ildo horretatik uler daiteke XVI. mendearen amaieran William Shakespeare idazleak Trabajos de amor perdidos izeneko obra Nafarroari eskaini izana. Bertan munduko mirari gisa definitu zuen Nafarroa eta mundua harrituko duen erreinu gisa.

  • ADOT LERGA, A. "Infancia y adolescencia de Enrique II de Navarra. Educación y papel político del príncipe de Viana". Zangotzarra, XIII. urtea, 13. alea, 2009, 10-66 or.
  • DESPLAT, C. Henri IV. Itinéraires d'enfance, de gloire et d'amour. Paue, 1991.
  • DESPLAT, C. Henri IV. Roi de France et de Navarre. Paue, 2010.
  • DESPLAT, C. "La religion d'Henri IV". Henri IV, le roi et la reconstruction du royaume, Actes du 3 Colloque de Pau-Nérac (14 - 17 septembre 1989). Paue, 1989, 223-269 or.
  • MIRONNEAU, P. Henry IV. S.l., 2005.
  • OLAIZOLA, J.M. El Reino de Navarra en la encrucijada de su Historia. El Protestantismo en el País Vasco. Iruñea: Pamiela, 1995 (1. arg.), 2011 (2. arg.).
  • ORIA, J. "El humor jocoso de Hircan (el sangüesino Enrique II de Albret) en el Heptámeron". Zangotzarra, V. urtea, 5. zbk., 2001, 193-203 or.
  • ORIA, J. "Henrique II de Albret, Príncipe Renacentista del Reino Privativo de Navarra". Enrique II de Albret, "el sangüesino" (1503-1555). Celebración del V Centenario (1503-2003). Zangotza, 143-150 or.
  • ROEKLER, L. Jeanne d'Albret, reine de Navarre. Frantziako agiriak, 1980.