Kontzeptua

Foix dinastia

Foix Dinastia 1479-1512 bitartean izan zen Nafarroako erreinuan, Fernando Katolikoak konkista gauzatu zuen arte. Francisco Feboren erregealdiaren hastapenean krisi sakona bizi ostean, Catalina I.a eta Juan III.a errege-erreginen garaian erreinuak erabateko bakealdia bizi izan zuen. Garai horretan neurri berriztatzaile garrantzitsuak hartu ziren eta, horri esker, erreinuan hainbat hamarkadatan ezagutu gabeko aurrerapenerako oinarriak finkatu ziren.

Vianako Printze Gaston eta Frantziako Magdalena ziren bere gurasoak eta Nafarroako Leonor I.a erreginaren eta Foix-Biarnoko Gaston IV.aren biloba zen. Leonor erregina 1479ko otsailaren 12an hil zen Tuteran eta, horren ondorioz, Francisco Febok hartu zuen erregetza. Modu horretan, mende oso bat erdietsi ezinik ibili ostean, Foix-Biarno dinastiak bere helburu nagusia lortu zuen, hau da, Pirinioen hegoaldera koroa eskuratzea. Errege-koroa hori baliagarri zatekeen Biarnoko jauntzaren status soberanoa sendotze aldera. Jauntza, azkenik, Nafarroara atxiki zen.

Inguruetako erregeek ezkontza bidez errege gaztea eta haren ama erakartzeko ahaleginak egin zituzten. Horren adibide bat Frantziako Luis XI.aren kasua izan daiteke, izan ere, hark Portugaleko erregearekin batera Francisco Febo eta Juana "La Beltraneja" ezkotzea proposatu zuen, Errege Katolikoei presioa egiteko neurri gisa. Frantziako Magdalenak hasieratik erakutsi zuen politikan trebea zela, izan ere, ezkontza bidezko loturekin konprometitu gabe, aliantzen azpijoko bikoitz bati ekin zion, Errege Katolikoekin zituen harreman politikoak sendotuz; aipatu erregeen oniritzirik gabe alferrikakoa zen Nafarroako Erreinuan bakea finkatzeko edozein ahalegin. Erreinuko egoera politikoa makurra zen, "beaumondarren" eta "agaramontarren" arteko liskar etengabeak zirela eta.

1479ko abuztuan Magdalena Zaragozan zegoen Fernando Katolikoarekin, Nafarroaren auziari buruz kalakan. Erreginaordearen helburua erreinura bakea ekarri eta haren gaineko kontrol politikoa eskuratzea zen. Gaztela eta Aragoiko erregeen eta Frantziako erregeen guraria Nafarroa kontrolpean izatea eta Nafarroako errege-etxearekin harremanak estutzea zen.

1482ko abenduan beaumondarrek Nafarroako Pedro mariskala erailtzeko saiakera egin zuten. Mariskala agaramontarren buruzagia zen eta, ondorioz, gizarte-gatazkak berpiztu egin ziren. Egoera horretan erregea eta haren ama Biarnora erretiratu ziren. Ezinezkoa zirudien erreinuan bake iraunkorra erdiestea. Horrenbestez, lurralde seguru batera itzultzea erabaki zuten, hots, Biarnora. Francisco Febo 1483ko urtarrilaren amaieran hil zen, bere arreba Catalina zelarik erregetzaren jaraunslea.

Catalinak Nafarroako erregetza eskuratu zuen 1483. urteko hastapenean. Errege Katolikoek erregina beren semearekin, Juan printzearekin ezkontzea nahi bazuten ere, Catalina Albreteko Alainen (Albreteko Jauna) semearekin ezkondu zen 1484an, hau da, Albreteko Juanekin. Ezkontza horri esker, Foix-Albret etxeak Pirinioen iparraldera kokatutako lurraldeen zati handi bat zuen kontrolpean. Adin txikikoa zen bitartean bere ama, Frantziako Magdalena izan zen agintea hartu zuena, erreginaorde modura. Hala, Albreteko Alainen laguntzarekin Magdalena izan zen erreinua gobernatu zuena 1495eko urtarrilean hil zen arte.

Jose Maria Lacarrak aipatu moduan, erregealdian zehar Catalina I.ak eta Juan III.ak politika kulunkaria gauzatu zuten. Horrenbestez, une batzuetan inguruko Estatuetako erregeekin harremanak estutu egin ziren eta beste batzuetan harreman horiek korapilatu egin ziren. Inguruetako errege horiek subiranoak beren alde izan nahi zituzten, izan ere, haien lurraldeak oso garrantzitsuak ziren estrategikoki, bereziki estatus politiko pribilegiatua zutenak, hots, Nafarroa eta Biarno.

Erregeek Nafarroako Gorte Nagusien babesa izan zuten nazioarteko politikan; finean, helburu politiko berdinen xerka ari baitziren. Ekimen politiko horietako batek ekarri zuen Nafarroak eta Biarnok osatuko zuten eliza-probintzia sortzeko ahalegina, XVI. mendean eginikoa. Hala, Iruñea artzapezpiku-barruti bilakatu eta multzo osoko gune nagusi izango zen. Horrez gain, erreinuan Lizarra, Zangoza, Orreaga eta Tuterako apezpiku-hiriak sortuko ziren. Halaber, Pirinioen iparraldera kokatutako zenbait lurralde erreginaren osaba zen Juan de Foixi lagatzeko aholkatua eman zitzaien Gorteetatik Juan eta Catalinari. Hala, aipatu osaba Nafarroako monarkiari zegozkion ondareen jabe bilakatuko zen, 1496. urtean gertatu zenez. Era berean, Nafarroako Gorte Nagusietako XVI. mendearen hastapeneko aktei jarraiki, 1463az geroztik Gaztelak besterendutako lurrak (egun "Arabar Errioxa" izendatuak) Nafarroarentzat berrekuratzeko asmoa partekatu zuten errege-erregina zein Gorteek.

Barne-politikari dagokionez, 1494an gerra zibilaren azken zuzia itzali zenetik subiranoek beaumondarren sektore asaldatzailea azpiratzea lortu zuten. Ordutik 1512ko udan ihes egin behar izan zuten arte Nafarroa izan zen Juan eta Catalinaren egoitza kuttuna. Gainera, erreinuan jaio eta hazi ziren Nafarroako printze, infante eta infanta gehienak; zehazki esatera, 1492-1512 bitartean izandako hamabi seme-alabetatik hamar.

Kanpo-politikan 1495az geroztik beren seme-alabak Errege Katolikoen oinordekoekin ezkontzera bideratutako ezkontza-politika bati ekin zioten. Horren adibide dira 1495eko Madrileko tratatua, 1500eko Sevillakoa, 1504ko Medina del Campokoa eta 1506ko Tudela de Duerokoa. Urte horietan eta aurreko beste zenbait urtetan (1488an kasu) Nafarroako eta Gaztela Eta Aragoiko erregeek laguntasunerako eta konfederaziorako konpromiso eta tratatuak adostu zituzten. Hala, Errege Katolikoek Nafarroak eta Biarnok osatutako Pirinioetako estatu bikoitza defendatzeko konpromisoa hartu zuten eta Foix-Albret erregeek konpromiso bera hartu zuten Gaztela eta Aragoirekiko. 1506an Gaztelako Felipe I.a erregea (Felipe Ederra) hil zenean, Nafarroa Carlos V.aren aitona zen Maximiliano enperadorearen zaintzapean geratu zen. Horren ondorioz, urte hartatik aurrera harreman politikoak tirabiratsuak izan ziren Fernando Katolikoarekin.

Gaztelako Koroara pixkanaka urreratzearen ondorioz, Nafarroako erregeen eta Frantziako monarken arteko harreman politikoak hoztu egin ziren. Hala, 1510. urtean ia gerra piztu zen, izan ere, Luis XII.ak Catalina I.ari omenaldia egiteko eskatu zion Biarnoko jauntza zela eta. Erreginak ukatu egin zuen eskaera, Biarno Frantziaz aparteko lurralde subiranoa zela adieraziz.

Hala Fernando Katolikoak nola Luis XII.ak ahaleginak egin zituzten Nafarroa Estatu satelitea izan zedin. Gainera, XVI. mendetik aurrera, Nafarroa eta Biarno kontrolatzeko asmo horretan, behar izanez gero, indarra erabiltzea erabaki zuten. Hori bi urte beranduago argi geratu zen, Gaztela eta Aragoik inbasio armatua egin baitzuten eta bortizkeria gaitzesgarria erabili baitzuten.

1509. urtearen amaieran Cambraiko Ligak porrot egin zuen. Liga horri esker, urtebete lehenago Luis XII, Julio II.a Aita Santua, Fernando Katolikoa eta Maximiliano enperadorea Veneziaren aurka batu ziren. Veneziarrak gainditu ostean, Ligako kideak liskarrean hasi ziren elkarren artean, izan ere, Italiaren banaketa egiterakoan ez zuten adostasunik erdietsi. Cambraiko Liga desegitearekin batera, Fernando eta Luis XII. aren arteko aliantza ere hautsi egin zen. Gainera, Aita Santuaren eta Luis XII.aren arteko harremanak gaiztotzen hasi ziren. Horren ondorioz, Fernando Katolikoaren eta Julio II.aren arteko aliantza estu bat sortu zen.

Egoera berri hori aringarria izan zen Nafarroako monarkentzat, erreinuaren kokapen geografikoak berebiziko garrantzia baitzuen politikoki; izan ere, berriro ere elkarren aurka ziren Europako bi potentzia nagusien artean zegoen.

Aita Santuaren eta Frantziako subiranoaren arteko areriotasuna Pisako Kontziliabuluan islatu zen, Luis XII.ak antolatu zuena Julio II.a baztertzeko. 1511ko maiatzaren 28an deitu zen florentziar hirian. Deialdia hamaika kardinalek sinatu zuten, Bernardino de Carvajal espainiarra buru zela. Kontziliabulua 1512ko apirilera arte luzatu zen hiri hartan. Apiril horretan Frantziako tropek atzera egin behar izan zuten eta kontzilioa Astira aldatu zen, Piemonteko hiri nagusietako batera. Ekainean Frantziara lekualdatu zen, Lyonera hain juxtu. Frantziako hirian desegin zen azkenik, pixkanaka babesik gabe geratu baitzen.

Fernando Katolikoaren eta Luis XII.aren arteko norgehiagoka horretan kokatzen dira Guyana Frantsesa inbaditzeko proiektu anglo-espainiarra eta Enrique VIII.a Ingalaterrakoak Baiona hartu eta antzinako Akitania ingelesaren zati bat bereganatzeko zuen helburua. 1512ko apirilaren 11n, Ravenako gudan Gaston de Foix hil zen, Nemourseko dukea. Luis XII.aren lagun kuttuna eta Catalina I.aren etsaia zen dukea eta, bere heriotzaren eraginez frantziarra Nafarroako subiranoekin aliantza bat erdiesteko ahaleginean hasi zen. Aliantzaren helburua Biarnoren eta Pirinio hegoaldeko beste zenbait lurralderen jabetza ziurtatzea zen, trukean frantziarrak babesa emango zien nafarrei.

1512ko uztailean Bloiseko tratatua adostu zuten Nafarroako eta Frantziako monarkek. Horrenbestez, nafarrek Frantziako erregeari laguntza emango zien lurralde frantziarrean, aipatu inbasio anglo-espainiarrari aurre egiteko. Halaber, Frantziako tropek Aragoi edo Gaztelara bidean, Biarno, Nafarroa eta Nafarroako Errege-etxearen gainerako jabetzak ez zituela zeharkatuko hitzartu zen. Horrez gain, XV. mendearen amaieraz geroztik indarrean ziren Nafarroa eta Espainiako aliantzak mantendu egin ziren, horrenbestez, Nafarroak ez zion inolako laguntzarik emango Frantziari.

Hala ere, Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatzeko saiakera egin zuen. Ez Bloiseko tratatuari erantzuteko, izan ere, ekainean jadanik erabakita zegoen ekimena, bere Kapitain Jeneralari, Albako dukeari adierazi zionez. Catalina I.a eta Juan III.a herejetzat jo zituzten, Pisako Kontziliabuluaren sortzailea zen Luis XII.ari babesa emateagatik. Julio II.a Aita Santuak 1513ko otsailean eskumikatu zituen, hau da, konkista gauzatu eta urte erdira.

Eskumikua irizpide politikoei jarraiki erabaki zen eta Fernando Katolikoak eskatuta gauzatu. Izaera politiko hori argi geratu zen Kontziliabulu horretan parte hartu zuten gehienei eskumikua kendu zitzaienean. Gainera, Leon X.aren Aitasantutza (1513-1521) hasi zelarik, Frantziako Luis XII.a erregeak sekula ez zuela eskumikurik izan adierazi zuen Erromak, horretarako arrazoirik ez zela egon argudiatuta. Dena den, Nafarroako erregeei eskumikua mantendu zitzaien.

Juan eta Catalinak Nafarroan burututako politikaren balantze bat eginez, ezinbestekoa da aipatzea erreinua Europako Aro Modernoan barneratu zutela, hala XV. mendearen amaieran lortu zuten hamabost urte lehenago ameskeria zirudiena, hots, erreinura bakealdia ekarri eta administrazio moderno bat sustatu eta sortu zuten, modu horretan, erdi aroko administrazio-ereduak atzean utziz. Horren adibide bat Nafarroako Errege-kontseiluan ikus daiteke. Kontseilua 1494-1496 bitartean berritu zen. Hala, Erdi Aroko kide anitzeko eredua atzean utzi eta profesional kopuru murriztu batek osatuko zuen Kontseilua, azkenik erreinuko Justizia Auzitegi Nagusi bilakatu zelarik. Era berean, Nafarroako herri eta hiribilduak ekonomikoki indarberritzeko neurriak hartu ziren. Hori izan zelarik XV. mendearen amaieran erreinuan izandako hazkunde demografikoaren arrazoietako bat, arestian aipatutakoekin batera.

Juan III.a 1516ko ekainean hil zen Moneinen, erromerian zegoela. Catalina I.a erregina, bestetik, Pauen hil zen 1517ko otsailean.

  • ADOT LERGA, Á. Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517). Prólogo de Christian Desplat. Pamiela: Iruñea, 2005.
  • ADOT LERGA, Á. "Itinerario de los reyes privativos de Navarra: Juan III de Albret - Catalina I de Foix (1483-1517)". Príncipe de Viana, LX. urtea, 217. alea, maiatza-abuztua 1999, 459-492. or.
  • ADOT LERGA, Á. "Séjours en Béarn des rois légitimes de Navarre: Jean III d'Albret et Catherine I de Foix (1483-1517)". Revue de Pau et du Béarn, 2000. urtea, 41-85 or.
  • ADOT LERGA, Á. "De Pamplona a Sevilla. Un viaje del rey Juan III de Navarra (1500)". Cataluña y Navarra en la Baja Edad Media. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 13-52 or.
  • BOISSONADE, P. Histoire de la Réunion de la Navarre à la Castille. Paris, 1893. Genève: Slatke - Megariots Reprints, 1975.
  • LACARRA, J. Mª. Historia del reino de Navarra en la Edad Media. S.l.: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1976, 518-556 or.