Jaialdiak-Ekimenak

Legazpiko Armen Alardea

Legazpiko Armen Alardeak urte eta mende askotako antzinatasuna dauka, asmakizun berritzat badaukagu ere. Kontua da eten luze baten ondoren, 1994. urtean berreskuratu egin zela eta ibilbide laburra egin duela geroztik. Ez du ezaugarri berezirik, ez bada azken urteetan hartu duen berezko itxura. Ez du, halaber, inolako gertakari berezirik ospatzen, Irunen, Hondarribian, Tolosan edo Antzuolan bezala, besteak beste.

Alardearen gainean topatu dugun agiririk zaharrena 1506. urtekoa da, eta bertan ikus dezakegu legazpiarrek Segurara joan beharra zeukatela hango armen erakusketan parte hartzera. Izan ere, garai hartan Legazpi ez zen komunitate administratibo independientea eta Seguraren menpe zegoen. Hiribildura egin beharreko ibilaldi horiek, ordea, ez ziren legazpiarrentzat oso gogokoak eta, hain zuzen horregatik, auzi luzeak sortu ziren XVI. mendearen bigarren erdian, azkenean legazpiarrek alardeak herrian egitea lortu zuten arte. Handik urte batzuetara, 1608. urtean udalerri askea izatea lortu zuen.

Armen alardeen helburua herrian zeuden indarrak erakustea zen. Hori dela eta, kapitain, alferez, sarjentu, soldadu eta banderadunak aipatzen dira dokumentu zaharretan alardeen aipamenekin batera. Erakustaldi haietan parte hartzea derrigorrezkoa zen. "Se ordena que acudan todos sus vecinos aptos", zioen 1614. urteko Legazpiko Udalaren dekretu batek. Hurrengo urtean, 1615.ean, Ana Austriakoa, Frantziako erregina eta Felipe III.aren alaba, Legazpitik igaro zenean 18 urtetik 56 urtera bitarteko gizonezko guztiak derrigortu zituzten bertan parte hartzera.

Armen Alardeak XVI. eta XVII. mendeetan urtean behin egin ohi ziren Legazpin, Pazko igandez. XVIII. mendearen hasieran, berriz, horrenbestekoa zen ospakizun horrek hartu zuen indarra, ezen urtean lautan egitera ere iritsi baitziren: Santa Krutz egunean (maiatzak 3, Legazpiko jai nagusia), Gorpuzti egunean, Oktabario egunean (Gorpuzti zortziurrenean) eta San Joan egunean. Bizitasun horren erakusgarri da, 1730. urtean udaletxe eta plaza berria egin zirenean, oso kontuan hartu zirela alardeak non egin behar ziren, pasarte honek erakusten duen bezala: "se haga plaza nueva para usarla en tiempos oportunos para la celebración de las muestras de armas". XVIII. mendearen bigarren erditik aurrera berriro ere urtean behin egiten hasi ziren, Oktabario egunean, Oilar-jokoa egiten zen egun berean, hain zuzen. Adierazi beharra dago oraindik ere bizirik dagoela joko hori.

XVIII. mendearen amaieran ideia iraultzaileak Euskal Herrira iristean, herri miliziak auzitan jartzen hasi ziren eta, handik aurrera, armen alardeak jai giroko ikuskizun bilakatu ziren, gero eta gehiago, azkenik, 1875. urtean, foruen galerarekin batera, armen alardea egiteari utzi zitzaion arte.

1994. urtean, ikastolen aldeko Kilometroak jaiaren aitzakian, Legazpiko Armen Alardea berreskuratzea erabaki zuen batzorde eragileak. Ordurako herriko ikerlari batek aztertua zuen haren historia (Murua, 1986) eta antolatzaileek hartaz baliatzea pentsatu zuten. Hala, herritarren lanerako gogoa tarteko, aldi berriko lehen alardea antolatu zen.

1990. hamarkadaren hasieran Legazpiko herria behea jota zegoen, krisi ekonomikoaren eraginez. Bertako enpresa nagusiak (Patrizio Etxeberria S.A.) erdira murriztu zuen langileen kopurua 1982tik 1992ra bitartean eta, azkenean, jarduera ezberdinak zituzten hiru enpresatan banandu zen. Hori dela eta, bertako gazte gehienek kanpora alde egin beharra zuten lan bila eta, ondorioz, herriko giroa nabarmenki apaldu zen. Horri gehitu behar diogu legazpiarron identitate krisia. Izan ere, XX. mendeko biztanleriaren hazkuntza hain handia eta azkarra izan zen (zortzi bider biderkatu zen mende hasieran zuena), ezen haustura sakona gertatu baitzen garai bateko ohitura eta herri-giroarekiko. Bada, testuinguru horretan sortu zen aldi berriko Legazpiko Armen Alardea, nolabait festa gogoari eta herri identitatea sendotzeko beharrari erantzunez.

Armen Alarde berrian antzinako elementuak berreskuratu ziren: konpainiatan ibiltzea, alkatearen buruzagitza onartzea, musikari eta banderadunen laguntza, betiko ibilbidea errespetatzea (azken zatian, badarik ere), soldaduen edo partaideen izenak jasotzea eta abar. Hala ere, ez zen batere arazorik izan elementu berriak ere sartzeko: jantziak, ospakizunaren eguna (San Joan bezperan izatea eta ez San Joan egunean), ibilbide luzeagoa, emakumeek parte hartzea eta beste hainbat. Geroago elementu gehiago gehitu zitzaizkion: txilibitu joleak, zaldizkoak, lantzeroak, gurdiak...

Dena den, alardearen onarpen zabala ez zen berehalakoan etorri. Errezeloak izan ziren hasieran haren kutsu militarrarekin eta herriko ehiztari/eskopetarien gehiegizko protagonismoarekin. Izan ere, arma baimena behar zen nahitaez erakustaldian parte hartzeko. Denborarekin, ordea, jai giroa gailendu da, hasierako baldintza zorrotzak laxatzearekin batera eta, pixkanaka pixkanaka, ezinbesteko hitzordua bilakatu da udako solstizioa ospatzeko ekintzen artean (San Joan sua, San Joan arbola, loreak bedeinkatzea...).

Alardearen osaketari dagokionez, Legazpikoa ez da beste alardeetatik asko urruntzen. Herri-milizietan ohikoak diren pertsonaiak irudikatzen dira bertan, hala nola: kapitaina (herriko alkatea), alferezak (zaldizkoak), sarjentuak (konpainia buruak), soldaduak (eskopetariak), banderadunak eta "pifanoak" eta "txanbolinak" (txistulari eta txilibitu joleak). Parte hartzaileen janzkera xumea da, kapitaina, alferezak eta sarjentuenak izan ezik: alkandora zuria, mahoizko prakak, txapela, gerriko eta apreta beltzak eta koloretako lepoko zapia (konpainia bakoitzak berea). Alkatea udaletxeko balkoian kapela eta kaparekin azaltzen da. Bi zaldizkoek aspaldiko jantziak eramaten dituzte: batek, olajauna irudikatzen du; besteak, baserritarra. Konpainia buruek, azkenik, jaka beltza eta txapela gorria janzten dute.

Antzinako ibilbidea laburra izaten zen, udaletxetik Bikuña jauregira, joan eta etorri (kilometro eskas). Zorionez, gaur egun bikuñatarren jauregia zutik dago eta bide berbera egiteko arazorik ere ez dago. Baina, herria bera azken hamarkadetan asko hazi denez, ikusgarritasunaren mesedetan, ibilbidea luzatu egin da. Hala, bide historikoari lotu aurretik, herriaren zati handi bat gurutzatzen da aldenik alde.

Indar erakustaldia arratsaldez izaten da eta bi orduko iraupena dauka, bataz beste. Egialde auzoan hasi eta udaletxean amaitzen da, Bikuña jauregian atsedena hartu eta gero. Esan beharrik ez dago musika doinuek eta armen danbatekoek giro alai eta zaratatsua sortzen dutela herrian zehar.

Legazpiko Armen Alardearen antolaketa herritarrek osatutako batzorde baten esku dago eta bertan adosten dira urte bakoitzean egin beharreko aldaketa eta berrikuntza guztiak. Esan liteke, hortaz, bigarren aldiko alardea finkatze bidean dagoela oraindik eta, aurrerantzean, beste osagarri batzuk ere izan ditzakeela.

  • AGUIRRE, J. Legazpi, burdinezko bihotza. Eusko Ikaskuntza, Legazpiko Udala, 2005.
  • MURUA, A. "Fiestas y danzas en Legazpia". Dantzariak, 1986, 32. zbkia, 19-47 orr.
  • URBELTZ, J.A. "Alardeak". Bertan bilduma, 8. zbkia. Gipuzkoako Foru Aldundia, 1995.