Kontzeptua

Dantza soltea

Euskal dantzarekin estu lotzen den dantza solteak ez luke zentzurik izango haren aurkakorik gabe, hots, dantza loturik gabe.

Kontzeptua kontaktu fisikorik gabeko edozein dantzarako erabil badaiteke ere (gizonek bakarka edo emakumeek bakarka dantzatzen dituztenak barne), normalean, bikotean baina kontaktu fisikorik gabe egiten diren dantza mistoekin lotzen da, hau da, alde batetik, fandangoa eta haren aldaerak eta jota eta, beste alde batetik, arin-arina eta porrusalda. Horrenbestez, gaur egun euskal dantzan arruntenak diren bi dantza motak ditugu aurrez aurre.

Herrialdean oso ohikoa izan da dantza soltea goraipatzea lotuaren aldean. Kontzeptu horiek gutxi gorabehera XIX. mendeko bigarren herenean erabili izan dira dantzan. Baskoniara Europa erdialdetik iritsi ziren, Paris eta Madrilen egonkortu ondoren. Herrialdean kontradantza finkatu zen hasiera batean eta, geroago etorri ziren, balsa, polka, mazurka, ezkotixa, habanera eta guztien gainetik pasodoblea, izan ere, kontaktu fisikoa ahalbidetzen zuten eta bikoteari askatasunez dantzatzeko abagunea eskaini. Finkatze horren aurka azaldu ziren Elizako agintariak eta baita, askotan, agintari zibilak ere.

Hori gutxi balitz, kultura arloko berpizkundean eta lehen euskal nazionalismoan katolizismoa izan zen euskal nortasunaren elementu nagusietako bat. Hala, dantza lotuaren aurkako borroka gogorra abiatu zen. Sabino Aranak aipamen urri egin zituen dantzen inguruan, baina horietako batean oso modu argian ikus daiteke dantza lotuarekiko mesfidantza (1895:267):

"Ikus ezazue elizako agintarien eta agintari zibilen begiradapean egiten den dantza bizkaitarra, eta ikusiko duzue nola alaitzen den arima txistuaren, albokaren eta dultzainaren soinuan, eta xalotasun sinpleena eta poztasun zoroena batasun liluragarrian nola batzen diren ikusiz; bistatu dantza espainiar bat, eta sexuen arteko besarkada arin, nardagarri eta zinikoak ez badizue goragalerik ematen, ziur egon zaitezkete zuen sabela sendo duzuenaz"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Horrenbestez, euskal dantza zintzoaren eta Espainiako dantza ezmoralaren arteko aurkakotasuna izango da dantza soltearen erreferentzietako bat. Txistulari aldizkaria, Txistularien Elkarteko organoa, 1927an sortu zen. Aldizkarian sarritan agertzen ziren fandangoak, arin-arinak eta biribilketak eta, aldi berean, dantza lotua ez zen agertu ere egiten, nahiz eta danbor-jotzaileen errepertorio zaharretan oso maiz agertu. Aipatu aldizkarian txistulariei aholku ematen zitzaien "txistuarekin, "tangoak", "habanerak", "fostroteak" eta halako gauzarik jo ez zitzaten, horiek ez baitira txistularienak, ez kristauenak, ezta euskaldunenak ere". (Txistulari, 5. zenb. [1928], 15. or.)

Beraz, ez da harritzekoa XX. mendeko amaiera aldera, oraindik, Alejandro Aldekoa Berrizeko txistulari handiak (1920-1996) buruan dantza soltearen (dantzarien arteko kontaktu fisikorik gabekoa ia; kategoria horretan sartzen zituen, batez ere, fandangoa, arin-arina eta biribilketa) eta lotuaren (kontaktu fisiko gehiago zuena eta, funtsean, Espainiako dantzek osatzen zutena, esate baterako, pasodobleak, balsak eta beste batzuk) arteko dikotomia izatea. Euskal dantza zintzo horiek, jakina, egun argitan egitekoak ziren eta ez gauez, eta horiek ziren txistuaren doinuan interpretatu behar ziren bakarrak (Bikandi 2009).

Dena den, argi dago gerraosteko giroan, nortasun kristau horri esker, euskal kulturako pertsona jakin batzuek eta bertako kultura tradizionaleko pertsona bakan batzuek espazio bat bereganatu zutela Espainiako nazionalismo eta katolizismoko bizitza kulturalean eta baita eguneroko bizimoduan ere. Horrela, Iruñako gotzain monsinore Olaecheak 1941ean "bi sexuetako gazteen arteko dantza soltea" aipatzean "txistuaren eta danbolinaren soinura dantzatzen den dantza arin, eder eta begirunezko" modura deskribatu zuen (aipua, Aranburu 2008:201) (Aipu moldatua gaztelaniatik).

Dantza ulertzeko modu horrek bat egiten du bete-betean egun fandangoaren, arin-arinaren eta antzekoen inguruan dugun irudiarekin. Hala ere, badirudi, ez datozela bat haiei buruz ditugun lehen informazioekin. Informazio horiek XIX. mendekoak dira, hots, dantza lotua Baskoniara iritsi zen garaikoak ia. Fandangoari dagokionez, derrigorrezkoa da hemen Frai Domingo de Santa Teresa aipatzea. Haren arabera, fandangoa zantarra zen erabat, izan ere, bertan mugimendu desonestuak egiten ziren (1816:137). Egia da garai hartako deskribapenetan ezmoraltasuna edozein kontaktu fisikorekin lotzen zela. Berez, badirudi, fraide hark arazo nagusia kontaktu fisiko errepikatuan ikusten zuela, zela aurpegian, besoetan, sabelaldean edota saihets-inguruan (han bertan). Gure ikuspegitik, dantza horiek bortitzak eta baldarrak ziren zantarrak baino gehiago, bereziki soka-dantzaren amaieran egiten zirenak. Hain zuzen, soka-dantzaren inguruan agertu ziren horren arruntak ziren dantzen ezmoraltasunari buruzko polemikak (batez ere, XVIII. mendean). Agian Larramendik emandako deskribapena da errealitatea hobekien islatzen duena: "dantza haren basati izaerari dagokionez, barregarria da zantar baino gehiago", izan ere, "fuga azkar horietan ez dago luxuriazko tentazioa bultza dezakeen gusturik, ez inolako lizunkeriarik ere, hori baino lehenago ikusleen algara eta irrien artean barregarri geratzeko arriskua dago; hala ere, bizkortasun horretan emakume hauek eta besteak erori eta lizunkeriaren bat gerta daitekeenez, debekatu egin behar zaio danbor-jotzaileari [haiek jotzea]" (1882: 172 eta hurrengoak).

Horrenbestez, pentsatzekoa da hasiera batean kultura arloko berpizkundean eta lehen euskal nazionalismoan moralari buruz zegoen ikuskeraren eraginez eta, beranduago, dantza taldeek egindako aldaketen eraginez (estetika akademizista, atletiko eta teknikoago baten xerka), euskal dantza tradizional horiek aldatu egin zirela, egungo estereotipoak sortuz (esate baterako, Laborda 2007). Hala ere, esan dezakegu gaur egun dantza soltea euskal dantzaren ikur izateaz gain, gure mugetatik kanpo euskaldunon inguruan sortu ohi den irudia ere badela.

  • ARANA GOIRI, Sabino (1895). "¿Qué somos?". Obras completas de Arana-Goiri' tar Sabin (Sabino de Arana-Goiri). Donostia: Sendoa: D.L. 1980, I. lbk., 606-608., 625-628. eta 637-641. or.
  • ARANBURU, Mikel. Niebla y cristal: Una historia del txistu y los txistularis. Iruña: Pamiela, 2008.
  • BIDADOR, Joxemiel. Dantzaren erreforma Euskal Herrian. Bilbo: Udala, Kultura eta Euskara Saila, 2005.
  • BIKANDI, Sabin. Alejandro Aldekoa: master of pipe and tabor dance music in the Basque Country. Reno: Center for Basque Studies. University of Nevada, 2009.
  • LABORDA, Patxi. " La academización del baile tradicional en Euskal Herria". Euskonews & media, 2007, 392. zbk. Kontsulta data: [2011ko maiatzak 2].
  • LARRAMENDI, Manuel de (1882). Corografía: o descripción general de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1969.
  • SÁNCHEZ EKIZA, Karlos. Del danbolin al silbo: Txistu, tamboril y danza vasca en la época de la Ilustración. Iruña: Euskal Herriko Txistularien Elkartea, 1999.
  • SANTA TERESA, Fray Bartolomé de (1816). Euscal-errijetaco olgueeta ta dantzaeen neurrizco gatz-ozpinduba. Bilbo: Euskaltzaindia, 1986.