Kontzeptua

Pasodoblea

Pasodoblea da ziur aski nazioartean son handiena izan duen dantza espainiarra. Dirudienez, testuinguru militarrean sortu zen pauso arin delakoa (gutxi gorabehera 120 pausu minutuko) egiteko, hortik dator pauso doble izena. Hori dela eta, lotura estua du banda eta martxa militarrekin. Erritmo bitarra ageri du, normalean 2/4 konpasean, nahiz eta 6/8 konpasean ere agertzen den. XIX. mendetik aurrera ospea hartu zuen testuinguru horretatik at, batez ere, zarzuelen eskutik. Toreatzaileen musika bilakatu zen eta oraindik Espainiako musika enblematikoetako bat da. XX. mendeko azken hamarkadetan jazbanek eta musika herrikoia jotzen zuten taldeek nahiz zenbait musikarik mantendu zuten haren ospea, esate baterako, Manolo Escobar ezagunak.

Koreografiari dagokionez, bikotean dantzatzeko dantza da, mugimendu aldetik askatasun osoa eskaintzen duena (Sobrino 1999). Horrela, maiz agertzen zen aretoko dantzaren errepertorioan (lehiaketak barne). Dantza horretan dantzariek, sarritan, zezenketen ingurumaria irudikatzen dute keinu nabarmenen bidez. Esan bezala, erritmo biziko dantza da. Hau izango litzateke oinarrizko erritmoa:

Partitura

Bistakoa denez, pasodoblea Baskoniara ere iritsi zen. Dena den, ez zuen beste erritmo batzuek izan zuten arrakastarik izan, hau da, arrakasta gehiago ukan zuten, besteak beste, balsak, habanerak, polkak, mazurkak edo ezkotixak. Lotuan dantzatzeko dantza zenez, arazoak izan ziren elizako agintariekin eta agintari zibilekin. Gainera, euskaldun izatea eta katoliko izatea izan ziren euskal nortasunaren hastapeneko ezaugarriak.

Horrenbestez, mugimendu errenazentistetan eta euskal nazionalismoan dantza lotuak ez zuen harrera onik. Ondorioz, pentsatzekoa da pasodobleak, Espainiako nortasunaren ikur sendoa ere bazenez, are harrera makurragoa izan zuela. Horrez gain, bazen Herrialdean genero horren aurka joateko beste arrazoi bat, hau da, musika-bandekin zuen lotura estua. Horrela Euskalerriaren Alde aldizkarian, esaterako, honakoa irakur zitekeen 1918an (74-78. or.):

"Azken urteotan, duela ez hainbestetik hona, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udal-bandetako programetan euskal musikako zenbait pieza tartekatzen direla ikus dezaket atseginez. Erabaki hori goraipatzeko modukoa izango litzateke, halaber, probintzia hauetan, bereziki (salbuespen batzuekin) pasodobleak edo martxak nahiz soinu flamenko edo harroak jotzen dituzten (zezenketarik izan zein ez izan, korrida edo nobilladak iragartzeko asmoz edo gabe, eta herriko festetan jotzen dutenean) txaranga herrikoi guztietan".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Beste erreferentzia interesgarri bat hartuz, Francisco de Gascuek (1920:95) hau idatzi zuen danbor-jotzaileen inguruan: "agian gure herrialdean jotak, polkak, valsak, habanerak eta zezenketa kutsuko pasodoble harroa sartzeko bide nagusia ziren". Hori, akaso, egia izan daiteke, genero jakin batzuen kasuan, batez ere, balsaren eta habaneraren kasuan. Baina, dauzkagun datuen arabera, ez dirudi pasodoblearen kasuan hala zenik. Pasodoblearen adibiderik ez da ageri 1885eko data duen Fernando Ansorena Izagirre danbor-jotzailearen koadernoan (Ansorena Miner 1996), guztira seiehun eta hogeita hamar pieza barneratzen dituena. Eta Txistulari aldizkarian argitaratutako beste bi koaderno berantiarragoetan ere (Ansorena Miner 1990 eta Apezetxea Aguirre 1991) ez da haren arrastorik ageri. Balsak eta habanerak, ordea, oso ugariak ziren horietan. Julian Romano gaita-jotzaile bikainaren errepertorioan (1831-1899) ere ez da adibiderik agertzen. Errepertorio hori Tomas Diaz Peñalbak (1989) argitaratu zuen eta rigodoiek, balsek, mazurkek, ezkotixek, polkek, 2/4erako rigodoiek, habanerek, jotek eta sonatek osatzen dute, ia maiztasun berean. 1955 eta 1998 bitartean argitaratu ziren Txistulari aldizkariko bigarren aroko lehen sei mila orrialdeetan (Agirregomezkorta eta Vesga 1998), bi pieza besterik ez dira agertzen titulu horrekin, hau da, aipamen guztien %0,1a baino ez.

Horrek, jakina, ez du esan nahi pasodoblea ez denik agertu Baskoniako eguneroko bizitzan. Horren harira, Ramon Sobrinok "eskualdeko pasodoble" izendatu zuenaren adibideak era badira, hots, doinu herrikoiak pasodoblearen erritmora egokituta, kasu honetan euskal doinuak pasodoblera egokituta. Horietako zenbait oso ezaguna dira gaur egun, esate baterako, Ume eder bat (Euskalerriaren Alde, 1920: 246-278). Are gehiago, harrigarria bada ere, 1908an Eibarren antolatutako Euskal Festetako musika-lehiaketen artean bandak jotzeko pasodobleak barneratu ziren, betiere, euskal doinuekin antzekotasuna izan behar zutelarik. Kasu hartan pasodoble hitza bera euskaraz itzuli nahi izan zen, "ibill-ariñ" izendapenarekin (Euskalerriaren Alde 1908:570). Horrez gain, musikaren arloko nazionalismoarekin eta, are, euskal politikarekin lotura estua zuten zenbait konpositorek hainbat pasodoble moldatu zituzten, esate baterako, Lizarrako Aita Olazaranek.

Edozelan ere, beste ideia batzuk nagusitu ziren Herrialdean. Horien aldekoa zen, beste batzuen artean, Alejandro Aldekoa Berrizeko txistulari (1920-1996) bikaina. Funtsean, dantza soltearen eta dantza lotuaren arteko dikotomia zen ideia horien oinarria. Lehenengoan ia ez zegoen kontakturik dantzarien artean eta, horren adibide dira, batez ere, fandangoa, arin-arina eta biribilketa. Bigarrenenean kontaktu fisikoa nabarmenagoa zen eta, horren adibide dira, besteak beste, pasodoblea eta balsa, hots, funtsean Espainiako dantzak. Euskal dantza zintzo horiek, jakina, egunaren argitan interpretatzeko ziren, eta ez gauez, eta horiek ziren txistuarekin interpretatu behar ziren bakarrak (Bikendi, 2009). Ideia horien aldamenean Herrialdean pasodoblearen eguneroko errealitatea bizi zen; dena den, egoera horrek ez gaitu gehiegi harritu behar.

  • AGIRREGOMEZKORTA, Txomin eta VESGA, Xabier. "Txistulariren aurkibideak". Txistulari 176. Donostia: Euskal Herriko Txistularien Elkartea, 1998. (4-108. or.)
  • ANSORENA MINER, Jose Inazio. "Una colección de música de tamboril del siglo XIX". Txistulari 143. Donostia: Euskal Herriko Txistularien Elkartea, 1990. (3-5. eta 4419-4480. or.)
  • ANSORENA MINER, Jose Inazio. "Fernando Ansorenaren danbolin musika bilduma". Txistulari 166. Donostia: Euskal Herriko Txistularien Elkartea, 1996. (11-14. eta 5464-5613. or.)
  • APEZETXEA AGUIRRE, Patxi. "Teodoro Erauskin Etxeberria Hernaniko danbolinteroa). Txistulari 147. Donostia: Euskal Herriko Txistularien Elkartea, 1991. (21-38. or.)
  • BIKANDI, Sabin. Alejandro Aldekoa: master of pipe and tabor dance music in the Basque Country. Reno: Center for Basque Studies. University of Nevada, 2009.
  • DÍAZ PEÑALBA, Tomás. Legado musical de Julián Romano: (dultzainaz jotzeko musika-errepertorioa). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1989. Folklore 2 ataleko koadernoak.
  • GASCUE, Francisco de. Materiales para el estudio del folk-lore músico vasco. Donostia: Martín, Mena y cía, 1920.
  • SOBRINO, Ramón. "Paso doble [pasodoble]". CASARES RODICIO, Emilio (zuzendari eta koordinatzaile nagusia): Diccionario de la Música española e hispanoamericana. Madril: SGAE, 1999. 8. lbk., 502-504. or.