Pintoreak

Arzuaga, Miguel Ángel

Margolaria. Oñati, 1925eko maiatzaren 27an Oñatin jaioa; Gabiria (Gipuzkoa) inguruan auto istripu lazgarri batean galdu zuen margolariak bizia 1960ko urriaren 5ean. "Oñatiko paisaia-margolaria", horrela deitu zion Flores Kaperotxipi artigrafo eta pintoreak Gipuzkoa sakoneko margolari honi, eta gaur egun ia ezezaguna den.

Klase ertaineko familia euskaldun batean jaio zen. Donostiako Marianisten Ikastetxean hasi zen Batxilergoa ikasten, hirugarren edo laugarren ikasturtean, Arte eta Lanbideetako Eskolan margolaritzako gau-eskoletan matrikulatu zen; eta han asko lagundu zion maisu batekin topo egin zuen, Vicente Cobreros Urangarekin, alegia. Batxilergoa utzi eta Cobreros maisuaren ikaslerik onenetakoa bihurtu zen.

Han ezagutu zuen adiskide eta bidelagun izango zuen Jose Manuel Setien, hura ere joera postinpresionistako paisaia-margolari nabarmena eta ia gure egunotara arte bizi izan dena. Eta Banco Guipuzcoanon hasi zen lanean aitaren ondoan, nahiz eta hori ez izan berak gogoko. Beste askotan bezalaxe, gerraosteko giroak ez zuen margolaritzatik bizitzeko aukerarik ematen, eta ogibide finko baten beharra zegoen.

Ez da batere harritzekoa haren familiako kultura-giroan margolaritzarako zaletasuna sortu izana, gero argazkigintzarekin egin zuen bezala. Margolaritzarako zaletasuna ia berezkoa zuen, ongi marrazten baitzuen oso umetatik. Familiak eta adiskideek lagundu zioten. Baita ere lagundu zion, eta ez gutxi, beste margolari batzuen presentziak eta konpainiak; adibidez, María Guineak eskolak eman zizkion Miguel Angeli, baita paisaia berberak partekatu ere; eta Vicente Cobreros-ek lehen urratsetan gidatu zuen.

Arzuaga eta Floresen arteko harremana aita Madinaren eta bere iloba Periko Olegaren bidez ezarri zen, azken hau margolariaren laguna ere bazen eta. Horrelaxe bidali zituen hainbat margolan Mar de Platako (Argentina) galeriaza. Aita Agustindarren bidez New Yorkera bidali zituen ere beste margolan batzuk.

1946, 48 eta 50. urteetan Arzuaga Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketetara aurkeztu zen: lehenengo bietan 13. saria eman zioten eta azkenekoan 3. saria.

1946. urtean lehen saria lortu zuen Akuarelan Educación Descanso-ren lehiaketan, eta hurrengo urtean erakusketa berean lehen saria Olio-margolaritzan.

1952. urtean berak bakarrik egin zuen erakusketa Gasteizen Aurrezki Kutxaren aretoan, eta 1955ean, Jose Manuel Setienekin batera, Iruñean Ibañez aretoan. 1957. urtean lehen saria eta urrezko domina eman zizkioten "Educación y Descanso"ren XV. Erakusketan Sevillan.

Ez da harritzekoa, beraz, Flores Kaperotxipik Arzuaga aipatzea 1954an gorantz doan eta etorkizun handia izan dezakeen margolari gazte gisa:

"Erakusketa horietan eta horietatik kanpo (Artista Berrien erakusketez ari da), nik kanpoan daramatzadan 18 urteotan entzuten diren izen berriak hauek dira: Miguel Angel Arzuaga, Simon Arrieta, Menchu Gal, Etxandi, Ansa medikua, Fray Javier de Eulate, Mari Paz Jiménez de Bizcarrondo, Chillida margolaria, eta Chillida eskultorea".

Benetan, artigrafoak gure margolaria sartu dueneko zerrenda ez da nolanahikoa eta hutsala, eta kontuan hartzekoa da gure pertsonaia kokatu, bere testuinguruan jarri eta hobeto balioesteko.

Llanos Gorostizak ere "Alternativa entre figurativos y abstractos" kapituluan, Gipuzkoako margolari onenen artean aipatzen du, beste hauekin batera: Gracenea, Miguel Angel Alvarez, Julio García Sanz, Ana María Parra, Maite Rocandio eta Jesús Montes.

1953. urte aldera, Arzuagak Mar de Platan Flores Kaperotxipiren galerian egin zuen erakusketa XX. mendeko artista ospetsuen ondoan, eta erakusketa hura ia milioi bat turistak ikusi zuen:

"Kaperotxipik prestaturiko erakusketaren katalogoan, berak egindako margolanez gain, beste hauenak ere ageri dira: Juan Zuloaga, G. Ruiz Idarraga, Philippe Veyrin, Ricardo Baroja, José de Bikandi, Ramón Arrúe, J. L. Cruzalegui, Miguel Angel Arzuaga, Félix Muñoa, Pedro Mari de Irujo, Emilio Azarola, José de Arechalde eta G. Montes Iturrioz."

1951. urtean, 26 urte zituela, margolari gaztea Parisera joan zen Jose Manuel Setien margolari adiskidearekin batera. Ziur asko Educación y Descanso-ren lehiaketetan irabazitako sarietakoren baten diru-laguntzari esker. Bigarren aldiz ere itzuli zen Parisera, eta biluzi onak margotu zituen han, gero desagertu zirenak.

Floresek esan zuenez, bai Arzuaga eta bai Setien, gauza asko eta onak ikasita itzuli ziren Parisko egonalditik. Bere paisaia arinagoa eta modernoagoa zen, eta irabazi egin zuen egitura edo testuretan:

"Berrietako bat, nondik dabilen oso ondo dakiena, Jose Manuel Setien da. Marrazten ziurtasun handia izateaz gain, kolorearen ikuspegi zehatza du, eta jarraikitasuna lanean. Miguel Angel Arzuaga paisaia-margolariarekin egon zen Parisen, eta gauza asko eta onak ikasita itzuli zen."

1953. urtean, Setienekin batera Erromara joan zen, eta han Aita Agustindarren egoitzan hartu zuen ostatu; han, beste batzuen artean, Urkia monsinorearen erretratua margotu zuen. Palma Mallorcakoan ere margotu zuen, baita Madrilen ere opor batzuetan.

1957. urte aldera, Banketxean lan-utzialdia eskatu eta argazki-estudioa ireki zuen Oñatin, hartan jardun nahi baitzuen. Lanbidea Gasteizen ikasi zuen Albrecht Schommer Kotch-ekin (bere adiskide eta eskiatzen lagun zuen Alberto Schommer-en aitarekin); han lan egiten zuen astelehenetik larunbatera, eta asteburuetan Oñatira etortzen zen bere familiarekin. Hura hil ondoren, Oñatiko estudioa anaia txikiak, Jesus Mari argazkilari profesionalak, hartu zuen.