Kontzeptua

Foru-kasazioa

Euskal lurraldeek mendetan izan dute berezko sistema judiziala, Foruek arautua.

Euren arteko ezaugarri komunak agerikoak dira, nahiz eta lurralde bakoitzaren justizia administrazio sistemak berezko berezitasunak mantendu izan dituen. Iparraldeko lurraldeek 1789ko Frantziar Iraultzaz geroztik galduko dute euren berezko zuzenbidea; Hegoaldekoek, berriz, Zuzenbide publikoari begira -eta honen baitan, bereziki, euren eraentza judizialari dagokiona- 1876ko Legea dela medio ezabatua ikusiko dute, Espainiako 1978ko Konstituzioa aldarrikatu arte. Geroztik, Hegoaldeko euskal lurraldeek Espainiar Estatuko sistema judizial bateratuan kokatuta, soilik mantentzen dute euren berezko Zuzenbide zibila 'etxean' interpretatzeko eta aplikatzeko aukera, autonomia erkidegoetan judiziozko instantzia gorena islatzen duten Justizia Auzitegi Nagusien aurrean tarteratu daitekeen kasazio helegitearen bitartez. Helegite hau ebaztean Auzitegiok ematen dituzten epaiek sortzen duten doktrina da Hegoaldeko ordenamendu zibilen iturrien osagarri, foru-kasazioa deritzonetik eratorria, alegia.

Goi Erdi Aroan, VIII eta XII. mendeen arteko garaian, eszenatoki juridikoa arau sakabanaketak ezaugarritzen du: hiri-ordenamenduak dira protagonistak, hiri bakoitzean bizi direnenentzat hainbat aspektu juridiko arautzen dituzten lehenengo testu idatziak. Fenomeno honi lokalismo juridikoa esaten zaio, eta hirietan indarrean dauden ordenamendu horiei, berriz, Zuzenbide lokalak. Bestela esanda: foruak. Foru hitza, Goi Erdi Aroko hiztegi juridikoan gehien erabiltzen denetakoa da, Katalunian izan ezik, bertan ez baitute inoiz ere erabili. Foru hitzaren esanahia anitza da: alde batetik, forua, aparteko arautzat hartu izan da, baina baita toki jakin batean indarrean dagoen ordenamendu juridikoa identifikatzeko termino gisa ere. Foruak jasotzen duen edukia abiapuntu hartuta, forua lurralde edo herri baten zuzenbidea biltzen duen testuari ere deitu izan zaio. Esanahi ezberdin hauek foruen artean egin beharreko bereizketa burutzen laguntzen digute.

Alde batetik, foru laburrak edo foru frankoak daude (hiri gutunak), erregeek eta jauntxoek hiri eta hiribilduei emandakoak, hiri horiek birpopulatzeko asmoz, bertako biztanleei eskainitako pribilegioz osatuak. Forua, kasu honetan, aparteko araua da, berezia, toki jakin batean indarrean dagoen euskarri juridikoa. Foru frankoen ondoan, ordea, herriak sortutakoak eta erregeak onartutako foruak daude, herriaren ohiturak testu idatzi batean jasotzen dituzten berezko foruak. Forua, bigarren testuinguru honetan, herri edo lurralde baten zuzenbidea jasotzen duen testua da. Kronologiari erreparatuz, aurrena foru laburrak agertzen dira hirietan, erregeak hiri bat sortzeko edo birpopulatzeko tresna gisa. Beranduagokoak dira berezko foruak, baina lurraldearen benetako zuzenbidearekin lotura estuagoa agertzen dute, herriaren ordezkariek idatzitakoak baitira, euren ohitura zaharrei sakon erreparatuta. Forudunen arteko elkarbizitza arautzeko berme sendoagoa eskaintzen duten testu juridikoak, jada indarrean dagoen zuzenbidea jaso egiten baitute.

Euskal lurraldeetan ere fenomeno hau oso adierazgarria da. Lehenengo foruak laburrak dira, XI. mendetik aurrera, zuzenki edo zeharka, errege ezberdinek euskal hiribilduei eskainitakoak, beroiek birpopulatzeko edo indartzeko helburuaz. Foru frankoak dira hauek, burgesak: merkataritza bultzatzeko eskaintzen ditu erregeak, hiribilduak sortzeko edo indartzeko. Frankoak dira, pribilegioak eskaintzen dituztelako, hiribildura biztanle berriak hurbil daitezen eginikoak. Foru laburrak edo frankoak familiaka biltzen dira: euskal hiribilduek jada beste lurraldeetan indarrean daudenak bere egiten dituzte, izena aldatuz. Alde batetik, Logroñoko Foru Frankoa dago [Alfontso VI.ak Logroñoko biztanleei eskaintzen diena 1.095. urtean], Bilbok eta Gasteizek hartutakoa. Bestetik, Estellako Foru Frankoa aurkitzen da [Antso Ramírezek 1.063an emandakoa], Donostiak bere egiten duena 1.180. urtean, Antso Jakitunaren eskutik. Beste euskal hiribildu guztiek, izena aldatuz, testu hauek bere egiten dituzte, lurraldearen arabera.

Hiribilduek foru frankoei esker lortzen duten status pribilegiatuak erreakzio bat eragingo du, ordea, landa lurrean edo Lur Lauan. Bi bloke hauen arteko tentsio progresiboak eta landa lurreko biztanleek jasaten duten desoreka sozio-juridikoak eragiten du, finean, hauek ere euren zuzenbidea idatziz jasotzeko grina. Horren adibide bikaina dira euskal lurraldeen ohiturazko zuzenbidea, aurrenekoz idatziz jasotzen duten foruak, Bizkaian Araban zein Nafarroan, Gipuzkoak ez baitu berezko forurik inoiz osatuko. Bizkaiari dagokionez, eta lurraldearen egiturari erreparatuz: Enkarterriak [1394ko Avellanedako Foru Zaharra eta 1503ko Enkarterrietako Foru Berritua]; Durango [data zehatza ezezaguna da baina Durangoko Merindadeko Forua XIV. mendekoa dela diote adituek], eta Bizkaia 'nuklearra' [1452ko Bizkaiko Foru Zaharra]. Hiru lurralde-eremu bizkaitarrek euren ordenamendu juridikoa bateratuko dute 1526ko Bizkaiko Foru Berriari esker [Enkarterriek bere egiten dute Foru Berria 1574an], Bizkaia osoko Lur Lauari geroztik aplikagarria izango zaion testu bakarra izango baita. Orozkoko bailara 1785ean sartzen da, behin-betiko, Bizkaiko lurralde-eremuan, baina ordu arte ere Bizkaiko Forua aplikatzen zaio, bertako Lur Laua bailitzan. Bizkaiko hiribilduak eta Orduñako Hiria, ordea, Foruaren eremutik kanpo geratuko dira, bertan indarrean egondako foru frankoek Gaztelako zuzenbidea absorbituko baitute, eurak tresna juridiko gisa eskasak geratzen diren momentutik gaur arte.

Arabari dagokionez, halaber, Aiarako 1373ko Forua izango da aiaratarren berezko ohiturazko zuzenbidea jasoko duen testu idatzia; beste arabar guztiek Gaztelako zuzenbidea izango dute ordenamendu juridiko nagusitzat. Gipuzkoak ohiturazko zuzenbideari eutsiko dio egunerokoan, idatzia egon ez arren, hiribilduetatik kanpo geratzen den Lur Lauari dagokionez; hiribildu horietan, beste lurraldeetan bezala, Gaztelako zuzenbidea izango baita aplikagarri. Nafarrek, 1237ko Foru Zaharra izango dute euren berezko zuzenbidea jasotzen duen lege-testu, gerora Nafarroako Foru Orokorraren muina izango dena, 1330ean eta 1418an 'hobetua'. Iparraldeko euskal lurraldeek euren ohiturazko zuzenbideak eratutako instituzioak bizirik mantenduko dituzte -ingelesen eta, beranduago, frantsesen menpe-, 1789an Frantziar Iraultzak ezabatzen dituen arte. Lapurdin aipagarriak dira 1215eko Baionako Hiri Forua eta 1514ko bi Bilduma -indarrean dauden ohitura orokorrei dagokienez, bata Lapurdirentzat eta bestea Baionarentzat [Lapurdi eta Baionaren arteko banaketa argi erakusten dute hainbat testuk]-. Zuberoari bagagozkio, berriz, aipagarria da 1520ko Ohituren Bilduma; eta Behe Nafarroari dagokionez, azkenik, 1611ko Foru eta Ohituren bilduma.

Hala, Erdi Aroko panorama juridikoa argi marrazten duen mapa agertzen da berezko foruak onartzen direnetik, batez ere Hegoaldeko euskal lurraldeetan: alde batetik, hiribilduak daude, foru frankoek ahalbidetuta, Gaztelako zuzenbidea jasotzen dutenak [1348ko Alcalako Ordenamenduaren eta Partiden eskutik]. Bestetik, Lur Laua -Gipuzkoan eta, Aiara kenduta, Arabako lurralde ia osoan izan ezik-, berezko foruek arautua. Euskal instituzio publikoen eremuan, ordea, lurralde bakoitzeko Batzar Nagusietara ordezkari guztiak joango dira, bai hiribilduetakoak baita Lur Laukoak ere, komunak diren gaiez aritzeko. Batzar partikularrak ere badaude haiez gain, hiribilduek haien artean egiten dituztenak edo eta Lur Lauko ordezkariak eurei dagozkien gaiez aritzeko.

Berezko foru hauen ondoan badaude ERMANDADEAK; bandoen arteko borrokek eragindako ondorioei aurre egiteko asmoz sortutako erakunde judizial kolektiboak. Ermandadeak Euskal Herriko probintzia gehienetan sortzen dira XIV. mendetik aurrera [Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Lapurdin], eta indar nabarmena izatera iristen dira lurraldearen egituran. Foruek aurreikusten duten Zigor zuzenbidea ez den beste zigor-araudi bat eratzen da ad hoc Ermandadeek aplika dezaten. Delitu eta zigor berriak sortzen dira bandoen arteko borrokak eragindako ondorioei aurre egiteko tresna eraginkor gisa. Zigor zuzenbide berezi hau Ordenantzen bidez eratzen dute Batzar Orokorrek. Aipagarriak dira Bizkaian, oso ezagunak direlako, 1342ko Ordenantzak edo Koadernoak, Nuñez de Lararen eskutik onartutakoak, eta 1394koak, Gonzalo Mororenetik. Borroken eragin gordinari aurre egiteko, Gaztelako Koroak ere eskua sartzen du, ezohiko neurri gisa, 1487ko Chinchillako Ordenantza hiribilduetan eta hirietan aplikatuz, banderizoen aurkako neurri oso zorrotzak jasotzen baititu. Baina bizkaitarrek ez dute testu hau ondo hartzen. Borrokak eteteko neurriak biltzeaz gain, hiribilduen gaineko kontrola areagotzen baitu, besteak beste, haiek Batzar Orokorretatik baztertuz eta Lur Lauarekiko dagoen distantzia indartuz. Ordenantza zorrotz horrekin eragiten den krisialdia konpontzeko, 1630eko KONKORDIA aldarrikatzen da, zeinak hiribilduei baimentzen dien, prozedura jakin baten bidez, Foruak bere egitea, Gaztelako zuzenbidea baztertuz.

Euskal lurraldeen foru-eraentzaren benetako dimentsioa ez da, ordea, Foruen arauek islatzen dutena soilik. Egia da Foruak diziplina anitzeko testuak direla: berezko Zuzenbide zibilari, Administrazio Zuzenbideari, Zigor zuzenbideari eta Prozedura Zuzenbideari buruzko arauak jasotzen dituzte, euskaldunen ohiturazko zuzenbidea lege idatzi bihurtuz. Baina orain, guri dagokigunez, funtsezko datua honako hau da: euskal lurraldeek berezko egitura politikoa eta judiziala izango dute mendetan zehar, nahiz eta batzuek Gaztelako Koroarekin egindako itun politikoaren ondorioz mantendutakoa dela esan, eta, beste batzuek, aurretik existitu eta Gaztelako Koroaren inbasioaren oinarrian -eta Gaztelako monarkiaren zentralizazioaren menpe-, erregeek nahi izan dutelako (edo komeni izan zaielako) euskaldunoi mantentzen utzi dizkiguten zenbait berezitasun edo pribilegio direla azpimarratu. Edozelan ere, eta eztabaida garrantzitsu hori orain alde batera utziz, ezin uka daiteke gure iragan politikoari eta judizialari buruz hainbat eta hainbat adituk eskaintzen duten ikerketa sendoa:

euskal lurraldeen foru-sistemak gobernu-sistema jakin batean du abiapuntua. Banakoen eskubideak defendatzen dituen sistema da [herritarren arteko berdintasuna kaparetasun unibertsalaren oinarrian; oinarrizko eskubideen babesa: tortura, epailearen esku hartzerik gabeko atxiloketak eta zorrengatiko kartzelaratzea debekatuz, etxebizitzaren bortxa-ezintasuna eta akusaziozko printzipioa aldarrikatuz...], berezko Zuzenbide zibila daukana familiaren eta oinordetzaren eremuan; berezko instituzio publikoak dituena [auzo, eskualde eta herrialde mailan], berezko sistema militarra, berezko justizia administrazioa, berezko ogasuna (zerga-salbuespena) eta sistemaren berezko defentsa tresnak ere ['foru-pasea'] badituena, alegia.

XIII-XVIII. mendeen artean loratu eta trinkotzen den sistema [Gaztelako Koroaren menpe dauden beste lurraldeetan gertatzen den bezala: Aragoi eta Katalunia] eta XIX. mendetik aurrera indarrez desagerrarazten dutena.

Foru-eraentzen abolizio-prozesua gogorra eta luzea izango da. Felipe V.aren XVIII. mendeko Planta Dekretuen saiakera zentralizatzailea abiapuntu hartuta, mota askotako ekimenak ugarituko dira, XIX. mendean zehar, euskal lurraldeen foru-sistema ezabatzeko helburuak gidatuta. Manuel Godoy Ministro espainiarrak lehentasunezko erronkatzat dauka euskal lurraldeen foru-sistemarekin amaitzea, horretarako borroka ideologiko anti-foralista zorrotza aurrera eramanez. Ildo honetan, enkargu ofizialen babespean idatzitako hainbat obra historiko-juridiko agertzen dira, foru-sistema bera inoiz existitu ez den 'mito' hutsa bilakatu nahian. Egun, oraindik, doktrinaren zati batek diskurtso horri eusten dio. Edozelan ere, bestelakoak dira foru-sistemaren desagertzean pisu nabarmena izango duten ekimen politikoak eta juridikoak: 1808ko Baionako Estatutua [96, 101, 116, 117 eta 144. artikuluak]; 1812ko Cadizeko Konstituzioa, 1837ko Espainiako Konstituzioa, 1837ko irailaren 16ko Legea (Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak disolbatuko dituena], 1839ko urriaren 25eko Legea [1. eta 2. artikuluak: Foru Aldundiak birjartzen ditu baina sistema judiziala ezabatzen du, foru-pasea debekatua geratzen da, eta, besteak beste, banderaren onura galtzen du Bilbok], 1841eko urriaren 29ko Erret Dekretua [Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak disolbatzen ditu Probintzia Diputazioak indarrean jarriz, estatuaren sistema judiziala ezartzen da foru-justizia administrazioa ezabatuz, aduanak kostara eta mugetara eramaten dira, udaletxeak estatuko sistemaren arabera antolatzen dira] eta 1845eko Espainiako Konstituzioa, jada neoforalismoa delakoaren garaian. Estatuaren eta euskal lurraldeen arteko tentsioa areagotuz doa, urtez urte (barealdi batzuk tartean: 1871ko urtarrilaren 25eko Erret Dekretua eta, batez ere, Espainiako I. Errepublikaren garaian, 1873ko Espainiako Konstituzio Federalaren Proiektua) eta 'negoziazioa' ezinezkoa izanik, estatuaren zentralismoa garaile ateratzen da. Prozesuaren gailurra 1876ko uztailaren 21eko Legeak irudikatzen du, 1876ko Espainiako Konstituzio monarkikoaren babespean eta Cánovas del Castilloren eskutik: euskal lurraldeen foru-sistema abolitu egiten dute eremu publikoari dagokionez. Ordu arteko foru-instituzioak galdu egiten dira.

Euskaldunok sutsu mantendu dugun foru-sistemaren defentsak geure autogobernuaren nahia argi islatzen duela ondorioztatu dute adituek. Are gehiago: CLAVERO irakaslearen hitzetan, foralismoak federalismoa ezkutatu du beti, federalismo estalia estatuaren konstituzionalismo bateratuaren aurrean. Gure historian zehar, errealitate eta aldarrikapen iraunkorra, alegia. Espainiako monarkiaren Berrezarkuntzaren garaian jada murgilduta, federalismo birtual horren adibidetzat hartu izan da, berez, 1878. urtetik aurrera martxan jartzen den tresna juridiko berria: kontzertu ekonomikoa. Estatuko Gobernuaren eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako Aldundien arteko akordioa oinarri, kontzertua estatuaren eta hiru probintzien arteko harreman ekonomikoak zein administraziozkoak arautzeko sistema konstituzionala da Kontzertua, estatuko legebiltzarraren kontroletik kanpo geratzen dena, eta hauek hari ordaindu beharreko kupoa muintzat duena. Aldundiek kudeatutako finantza-autonomia antolatzen duen tresna juridikoa; eremu fiskalean, estatuaren eta probintzien arteko 'tratu' eta 'negoziazio' esparrua sortzen duena, adituen artean aldeko eta kontrako iritzi argiak esnatu dituena, alegia. Lehenengo kontzertu ekonomikoa 1878tik 1887rarte egongo da indarrean; bigarrena, 1887tik 1894rarte; hirugarrena, 1894tik 1906rarte, eta laugarrena, 1906tik 1925rarte [laugarren hau Liga Foral Autonomistaren garaian kokatzen da, 1917an hiru aldundiek Espainiako Erregeari bidalitako -eta gerora ahaztuko den- mezuaren garaian, lehenengoz euskal lurraldeen eskubide historikoak esamoldea erabiltzen hasten den garaian]. Tartean, foru-sistema berreskuratzeko saiakerak badaude: 1917ko mezuaren ildotik, 1918ko azaroak 3an euskal Diputatu Abertzaleek Espainiako Kongresuan aurkeztutako Lege Proiektua.

Bosgarren kontzertu ekonomikoa Primo de Riveraren diktadurapean (1923-1930) onartzen da. Indarrean egongo da 1925tik 1937rarte. Espainiako II. Errepublikaren garaian kontzertua mantendu egiten da, baina, 1936ko Espainiako Gerra Zibilaz geroztik, bi probintzia euskaldunek izandako jarrera antifrankista dela eta, 1937ko ekainaren 23ko Lege-Dekretuaren bidez, sistema kontzertatua ezabatzen da Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Kausa frankistaren aldeko jarrera mantentzeagatik, kontrako jarrera hartuko da Araba eta Nafarroari dagokionez, eta bertan eraentza berezia mantenduko da. Egoera honetan heltzen gara 1978ko abenduaren 6an onartutako Espainiako Konstituziora eta bere Lehenengo Xedapen Gehigarriaren edukira. Araban ordu arte indarrean egondako kontzertua izango da Xedapen honen filosofiaren eredua baita autonomia erkidegoa osatzean eta 1979ko Euskadiko Autonomia Estatutuak hartutakoa ere (41. art; Zortzigarren Xedapen Iragankorra). Honela, 1981eko maiatzaren 13ko Legea izango da egun indarrean dagoen kontzertu ekonomikoa onartuko duena, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoari dagokionez. Berau izango da, ordu arteko eta Espainiako Konstituzioaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean egongo den sistemaren arteko zubia, Zuzenbide publikoari bagagozkio.

Esan beharra dago, bestela ere, ponentzia honen muina gure Zuzenbide publikoaren eremuan kokatzen den arren, Zuzenbide pribatuari dagokionez atal honen hasieran aipatutako Foruak ez dituela 1876ko uztailaren 21eko Legeak ezabatzen. Foru hauek -Bizkaiko 1526ko Foru Berria, Aiarako 1373ko Forua eta Nafarroako 1237ko Foru Orokorra-, eranskinen proiektuen arrakasta eza ikusita, indarrean jarraituko dute XX. mendeko bigarren erdirarte, Zuzenbide pribatuari bagagozkio. Hala, Foruak Konpilazioek ordezkatuko dituzte, geure lurralde batzuen arau nagusi gisa: 1959ko Bizkaiko eta Arabako Konpilazioak eta 1973ko Nafarroako Konpilazioak edo Foru Berriak. Gipuzkoak lege-testu berri hauen eremutik kanpo egoten jarraituko du, baita Arabako lurralde-eremu gehienak (Aiara kenduta). Bizkaiko hiribilduak eta Orduñako Hiriak ere. Baztertutako eremu hauetan Gaztelako zuzenbidea eta, gerora, estatuarena, egongo da indarrean, esan bezala.

Mapa hau izango da gure zuzenbide pribatu idatziaren erakusgarri, 1992. urte arte. Izan ere, 1978ko Espainiako Konstituzioko 149.1.8. artikuluak onartuta, legebiltzar autonomikoek izango baitute eskuduntza euren berezko Zuzenbide zibila mantentzeko, aldatzeko eta garatzeko, beti ere estatuaren zenbait eskuduntza esklusibo errespetatuz. Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrak 1992an onartzen du Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari Buruzko Legea, egun indarrean dagoena; eta 1999an sartzen du bertan Gipuzkoako Foru Zibilari buruzko araudia. Egun, oraindik, ulergaitza suertatzen den arren, EHFZZLren eremutik kanpo jarraitzen dute, Bizkaiko hiribilduen zentro historikoek eta, Aiara kenduta, beste Arabako lurralde osoak (Laudio eta Aramaio izan ezik, Bizkaiko zuzenbidea baitzaie aplikagarri)

Historian zehar gure lurraldeek berezko sistema judiziala izan dutela argi uzten dute hainbat eta hainbat ikerketek. Gaur egun, aldiz, berezko sistema judizialik ez dago. Hegoaldeko euskal lurraldeak Espainiar Estatuaren organigrama judizialpean kokatzen dira; Iparraldekoak, ostera, Frantziar Estatukoan barne. Hegoaldeko euskal lurraldeek berezko sistema judiziala mantenduko dute 1876. urte arte, Zuzenbide publikoaren eremuan gure foruak abolitu egiten dituzten arte. Ordutik aurrera eta Espainiako 1978eko Konstituzioa aldarrikatu arte, parentesi bakarra izango dute lurraldeok autonomia instituzionalari bagagozkio: Espainiako II. Errepublikak ahalbidetutakoa eta, ondorioz, Euskal Autonomia Estatutuek jasotakoa. Iparraldeko lurraldeek, berriz, 1789ko Frantziar Iraultzaz geroztik ez dute berriz ere berezko sistema judizialik edukiko. Ponentziaren atal honek, beraz, gaur arteko ibilbide historikoari jarraipena eta bukaera ematen dizkio, gure lurraldeek mendetan zehar izan duten berezko sistema judizialaren azterketa bilduz. Bi azpiataletan banatu da azterketa: lehenengoan, zazpi lurraldeek izan duten foru-sistema judizial bereiztua jasotzen da, 1876. eta 1789. urte arte, Hegoaldekoentzat eta Iparraldekoentzat, hurrenez hurren; bigarrenean, eta soilik Hegoaldeko lurraldeei dagokienez, abolizioaz geroztik Espainiako Bigarren Errepublikak ahalbidetutako autonomia-tartea azaltzen da.

Aurreko atalean irudikatu dugun ibilbide historikoaren zenbait momenturi argazki bat ateratzea dagokigu orain. Ikusi ahal izan dugun bezala, Hegoaldeko euskal lurraldeek berezko gobernu-sistema ia oso bat eduki dute 1876. urte arte [Iparraldekoek, leunagoa, 1789ko Frantziar Iraultza arte]. Data hura da, beraz, foruen abolizioaren adierazle; hots, Hegoaldeko euskal lurraldeen berezko Zuzenbide publikoa desagertzearen isla historiko-juridikoa. Ordu arte, euskal lurraldeek, Foru-eraentza disziplina-anitzaren baitan, izan dute berezko sistema judiziala, foruek ere argi jasotzen duten moduan. Atal honen bizkarrezurra hornitzeko, hiru azpiatal eraiki dira: lehenengoa, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako sistema judiziala bilduz; bigarrena, Nafarroako justizia administrazioa aztertuz eta, bukatzeko, hirugarrena, Iparraldeko euskal lurraldeena jasoz.

Beste foru-instituzioekin alderatuz, sistema judizialari bagagozkio, nabarmendua izan da batasuna urria dela hiru lurralde hauen artean. Sistema judizialek ezberdintasunak ageri dituzte euren artean, batasunarekin bateraezina ez den pluraltasuna nabarmenduz.

Bizkaia

Bizkaiko Jaurerrian, berezko foru-justizia administrazioak funtsezko garrantzia izango du, Bizkaiko foru-sistemaren ardatz diren hainbat elementu bermatuko baititu: kaparetasunaren babesa, norbanakoen eskubide eta bermeak mantentzea eta Bizkaiko berezko zuzenbidea aplikatzea, besteak beste. Hauek dira Bizkaiko sistema judizialaren oinarrizko ezaugarriak:

  1. Lehenbizi, kontuan hartu behar da Epaileen eta Tribunalen sistema ezberdina dela Bizkaia osatzen duten eskualde edo lurralde-eremuen arabera: Durango, Bizkaia 'nuklearra', Enkarterriak eta Hiribilduak. Maila honetan ere pluraltasuna nabarmena da.
  2. Bestalde, materia berak ezagutzeko eskumena duten hainbat instantzia judizial dagoela ere azpimarratu behar da. Honek sistema oso konplexua bilakatzen du, oso ugariak baitira Tribunal eta instantzia ezberdinen arteko eskumen-gatazkak, batez ere bigarren instantzian.
  3. Oso arrunta da, eskema horretan, helegite ugari aurkeztea instantzia bat baino gehiagotan. Horregatik, prozesuak asko luzatu egiten dira. Hau zuzentzeko, askotan instantzia kopurua mugatzera joko da.
  4. Batez ere Durangon eta Enkarterrietan, etengabeak dira etxekoek, lehenengo udal-instantzia mantentzearren, Korrejidoreen esku-sartzeen kontra eutsitako borrokak. Tira-bira hauen oinarria argia da: bizkaitarrek euren auziak bertako Epaile eta Tribunalek ezagutzea nahi dute, eta ez Epaile edo Tribunal arrotz batek. Alde batetik, etxekoek beti ezagutzen dutelako askoz ere hobeto bertako Zuzenbidea, antzinako ohituretatik eratorria. Bestalde, prozesu edo auzi bat kanpoan izateak gastuak dakarzkie bizkaitarrei: etxetik aldentzea eta, beraz, bertakoez zuzenean ezin arduratzea. Ideia hau Bizkaiko 1526ko Foru Berriak berak jasotzen du (VII. Titulua; I. Legea).
  5. Bizkaiak, halaber, Epaileen, Tribunalen eta euren laguntzaileen jarduera kontrolatzeko sistema bat ezartzen du, baita horiek euren ekimenengatik duten erantzukizuna ere (Foru Berria, IV. Titulua, I. eta II. Legeak).
  6. Azpimarratu beharra dago, bestalde, Bizkaian, banderizoen borroken garaian, Ermandade-Alkateak badaudela baina, borrokak amaitu bezain laster, desagertu egiten direla (XV. Mendean), Ermandadeak ez baitu loturarik mantenduko Jaurerriarekin. Horregatik, ez du jada Foru Berriak organo judizial gisa jasotzen, garai batean funtzio hori baduten arren.
  7. Azkenik, ezaugarri orokor gisa aipatzeke ezin utzi daiteke bizkaitarrek gorengo instantzia judizialetan duten 'babes' berezia. Espainiar estatuko Tribunalen historian zehar Valladolideko Kantzelaritzan bizkaitarrek duten Sala bereziarena kasu bakarra izango da. Bertako arduraduna den Epaile Nagusiak aditua izan behar du Bizkaiko zuzenbidean, eta soilik kasu horiek aztertzen ditu bere Salan (Foru Berria, XXIX. Titulua, III. eta X. Legeak). Epaile hori, halaber, bizkaitarrei Bizkaitik kanpo daudenean sortzen zaizkien prozedura zibilak eta penalak ezagutzeko eskumenduna da, beti ere euren kaparetasuna frogatzen badute. Eta froga hori izapidetzearen arduraduna ere, Epaile Nagusia izango da (FB, I. Titulua, XIX. Legea).

Bizkaiak dituen lehenengo epaileak, IX. mendetik aurrera eta XV. mende arte, honako hauek dira: PRESTAMERO NAGUSIA eta Gernikako Kongresu Orokorrak aukeratutako BOST MERINO, Bizkaiko bost merindadeetan justizia administratzeko hautatuak. Prestameroak arlo zibilean eta penalean eskuduntzak ditu eta Jaurerri osoan dauka jurisdikzioa. Merinoak epaiak exekutatzeaz arduratzen dira. Bizkaiko 1526ko Foru Berriak aurreko sistema horretatik abiatuz, honako hau marrazten du bere arauetan, beti ere Epaileak eta euren Laguntzaileak argi bereiztuz:

Epaileak:

  1. Burdinolen Alkateak;
  2. Bertako Alkateak;
  3. Enkarterrietako Udalbatzetako Alkateak;
  4. Hiribilduetako Alkateak eta Orduñako Hiriko Alkatea;
  5. Foru-Alkateak;
  6. Korrejidorearen Tenienteak;
  7. Korrejidorea;
  8. Bizkaiko Diputatu Orokorrak;
  9. Bizkaiko Epaile Nagusia.

Laguntzaileak:

  1. Prebosteak
  2. Prestameroak;
  3. Merinoak.

Gipuzkoa

Gipuzkoan, XV. menderako, badago foru-egitura judiziala finkatua. Analisia laburtzeko, honako aspektu hauek azpimarratzen dira:

  1. Udal-justizia administrazioa
  2. Ermandadeko Alkateak
  3. Jurisdikzio bereziak
  4. Probintzia-justizia administrazioa

Udal-justizia administrazioa

Epaile arbitroak: Ekitatez arazoak konpontzen dituzten arbitroak dira, ez epaileak. Auziko alderdiek aukeratzen dituzte euren kasua ebazteko, bide judiziala ekiditearren. Erdi Aroan eta Aro Modernoan garrantzi handia hartzen dute. Epaile 'ofizialekin' batera osatzen dute arazoak ebazteko euskarri juridikoa eta batez ere arlo zibilean betetzen dute euren jarduera.

Ohiko Alkateak: Gipuzkoako hiribilduetan lehenengo instantziaz arduratzen dira hauek, arlo zibilean zein penalean, Korrejidorearekin batera. Udalerriko zenbait auzokok aukeratzen dituzte, "milarrak" eta "formazioa" dutenek. Epaimahai batek eta prebosteek laguntzen dituzte Alkate horiek. XVI. mendetik aurrera, ugariak dira Batzar Nagusiei egiten zaizkien eskaerak, Korrejidoreek Alkate horien lehenengo instantziako eskumena errespeta dezaten.

Auzo-Alkateak: Hiribilduekiko dependentzian dauden herrien edo auzoen Alkateak dira. Auzo horietan aukeratzen dituzte eta dagokion Ohiko Alkateak izendatzen ditu. Euren jarduera Ohiko Alkateek delegatzen dizkien eskumen batzuk exekutatzean datza, Zuzenbide zibilaren eremuan eta kantitate gutxiko auziei dagokienez. Alkate hauek desagertuko dira auzo eta herri horiek hiribildu bilakatzen doazen neurrian.

Alkate Nagusiak eta Alkate Nagusien Tenienteak: Hiribilduetan funtzio judiziala Ohiko Alkateen eskuetan erortzen den bitartean, Alkate Nagusiek Gipuzkoako Alkatetza Nagusietan betetzen dituzte funtziook. Udalerriak dira, Alkatetza Nagusi hauek, 'Unibertsitate' ezberdinez osatuak, Batzar Nagusietan ordezkaritza bakarra eta bateratua dutenak (Areria, Sayaz eta Aiztondo, adibidez). Erregeak izendatzen ditu eta normalean udalerritik kanpo bizi direnez, Tenienteak izendatzen dituzte euren izenean jarduteko.

Ermandadeko Alkateak

Zigor arloan eta gaizkileak atxilotzeko sortzen dira Ermandadeak lurralde askotan, jakina den bezala. Foruetan jada jasotzen diren zigor arloko arauak indartzeko eta exekutatzeko organo judizial kolektibo gisa, alegia. Alkate hauek epaileak dira, beraz, Ermandadearen eskumenpean sartzen diren kasuak ebazteko izendatuak: indarkeria, erailketa, lapurreta, sutea eta Elizetan lapurtzea). Lurralde eremuari bagagozkio, 'partiduetan' banatzen dira. Partidu bakoitzak Ermandadeko Alkate bat dauka, Ermandadeak daukan jurisdikzioa aplikatzeko. Eurek izapidetzen duten prozedura oso laburra da eta epaiak oso zorrotzak eta eraginkorrak. Batzar Nagusiek gertutik jarraitzen dituzte Ermandadeko Alkateek emandako epaiak eta zenbaitetan zuzendu ere. Apelazioan, Ermandadeko Alkateek emandako epaiak Erregeak bakarrik ezagutzen ditu, edo eta honek izendatutako Batzordeak. XVII. mendean desagertuko dira, beharrezkoak izateari uzten diotenean.

Jurisdikzio bereziak

Garrantzitsuenak hauexek dira:

Burdinoletako Alkateak: Urtero burdinoletako jabeek euren artean izendatutakoak dira, inolako forma jakinik gabeko prozedura jarraituz euren arteko gatazkak konpontzeko. Gatazkak, gehienetan, zibilak dira. Pixkanaka figura hau ahultzen joango da, burdinoletako jabeek eta langileek nahiago izango baitute Korrejidorearen Tribunalera joatea euren liskarrak ebazteko. Korrejidoreak absorbituko ditu Alkateok.

Saka-Alkatea: Gipuzkoak dauzkan jurisdikzio berezietatik garrantzitsuena hau da. XV. mendean agertzen da figura hau eta Erregearen errentak defendatzeko sortzen da: atzerrira zenbait ondasun ateratzea eta bertatik beste batzuk sartzea debekatuz.Urte beteko kargua da eta Batzar Nagusiek izendatzen dute. Laguntzaileak izango ditu eta mugetan egongo da ondasunon inportazioak eta esportazioak kontrolatzeko, baita, nolabait, kontrabandoa ikuskatzeko ere. Azkenean Irunen jarriko du bere erresidentzia, eta bertan kartzela propioa ere izango du, baita letradu baten aholkularitza ere. Bere epaiak bakarrik apelatu ahal izango dira Gaztelako Kontseiluaren aurrean, eta bere kargua bukatzean, Batzar Nagusien aurrean kontuak eman beharko ditu.

Indietatik Heldutakoaren Epailea: Donostian kokatzen da eta Indietatik etorritako itsasontzien kontrola darama. Bere epaiak Indietako Kontseiluaren aurrean bakarrik apelatu daitezke. Bere funtzioa beste epaile batek absorbituko du XVIII. mendeko bukaeratik aurrera: Donostiako Itsaso Komisarioak. Saka-Alkatearen funtzioak errespetatuko ditu, baina lur- eta itsaso-kontrabandoaz aritzen den epailearen funtzioak bere baitan hartuko ditu.

Erret Armen Komandantea edo Kapitain Orokorra: Bizkaian eta Araban ez da existitzen figura hau baina Gipuzkoan garrantzitsua da. Hondarribian eta Donostian kokatuko da. Jurisdikzio militarra dauka. Eskumen-liskar handiak izango ditu ohiko epaileekin, eta 1544ko Konkordiaz geroztik, bere esku geratuko dira militarrek euren artean dauzkaten auziak konpontzea. Aldiz, militarrek zibilekin dituzten liskarrak ezagutzeko, eskumena mistoa izango da ohiko epaileekin batera. Elkarrekin jardungo dute kasu horietan.

Probintzia-justizia administrazioa

Probintzia osoan jurisdikzioa duten kargu judizial garrantzitsuenak, Korrejidorea eta Batzar Nagusiak izango dira. Hauek, Bizkaian ez bezala, funtzio judizialak izango dituzte:

Korrejidorea: Jakina da Korrejidorea Erregearen ordezkaria dela probintzian; funtzio politiko, militar eta judizial garrantzitsuak bere esku dituena, alegia. Lehenengo instantzian eskumena izango du, Alkateekin batera, kasu zibilak eta penalak ezagutzeko, nahiz eta bere funtzio ezagunena, Ohiko Alkateek emandako epaien apelazioa ebaztea izan. Korrejidorearen epaiak Valladolideko Kantzelaritzaren aurrean errekurri daitezke. Korrejidorearen Tribunala ibiltaria da Gipuzkoako lau hiribilduren artean: Donostia, Azpeitia, Azkoitia eta Tolosa. Hiribildu bakoitzean Tribunalak ematen duen denbora ere aldakorra izan da garaiaren arabera: hiru hilabete hasieran, gero sei, urte bete eta, azkenik, hiru urte. Laguntzaile ugari izango ditu Korrejidoreak eta kargua bukatzean, Batzar Nagusien aurrean kontuak eman beharko ditu. Kargu honek XIX. mende arte iraungo du, berezko sistema judiziala abolitu egiten duten arte.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak: Eskumen judizialak izango dituzte: a) Ermandadeko Alkateen jarduera eta epaiak ikuskatzea edo eta zuzentzea; b) Zenbait auzi ezagutzea, batez ere herri, auzo, unibertsitate eta auzo-batza ezberdinen artekoak direnean, edo eta pertsona asko tartean biltzen dituztenean; c) Gipuzkoatik kanpo gipuzkoarren kontra egindako delituak ezagutzea; d) Sorginkeria; e) Kargu publikoen kontrako delituak; e) Eskriturak faltsutzea. Kasu guzti hauetan eskumena esklusiboa da eta soilik apelatu daitezke epaiak Gaztelako Erregearen edo eta bere Kontseiluaren kideen aurrean.

Araba

Ibilbide kronologikoa abiapuntu hartuta, Arabak mendetan zehar izan duen sistema judiziala laburbiltzen saiatuko gara atal honetan, kontuan izanik, beste lurraldeek baino lehenago galdu zituela berezko ezaugarriak, Gaztelako justizia administrazioa ia lurralde osoan gailenduz. Azter ditzagun, laburki, ezaugarriok:

Arriagako Kofradia: Erdi Aroan zehar, 1332. urte arte, Gaztelako Erregearen jurisdikzioarekin batera Arriagako Kofradiarena dago indarrean, bakoitza bere lurralde-eremuan. Arriagako Kofradiaren jurisdikzio-eremuan Erregearenak ez dauka eskumenik; funtzio judiziala Kofradiako Jaunak dauka, zuzenean edo ordezkari bidez (Prestameroa, Arabako Alkateak edo Epaile Unibertsalak), kasu zibilak zein penalak ezagutzeko. Bertako zuzenbidea aplikatzen dute eta apelazioa Justizia Nagusiaren aurrean egiten da, euretariko bat baita kargu hori daukana. Kofradia 1332. urtean desagertzen da, borondatez bere burua entregatzen baitio Gaztelako Koroari. Geroztik Gaztelako sistema judiziala aplikatuko da ia Araba osoan, Aiarako lurraldea kenduta, berezko Forua baitu. Hala ere, Borondatezko Entregan argi galdatzen dute arabarrek, Gaztelako sistema indarrean jarri arren, euren kasuak epaituko dituzten epaileak bertakoak izan behar dutela.

Ermandadea: Araban ezin utzi daiteke aipatzeke Ermandadea. Zigor arloan dihardu batez ere, jakina den bezala. Arabako lurraldean garrantzi handia hartzen du Ermandadeak. Bere baitan, Ermandadeko Alkateak daude, Ermandadearen jurisdikzioan funtzio judiziala dutenak. Prokuradoreak eta Komisarioak ere egongo dira Ermandadean, Alkate horiek izendatzeko, euren jarduera ikuskatzeko eta, beharrezkoa bada, emandako epaiak zuzentzeko. Batzar Nagusiek ere funtzio hori egikarituko dute Ermandadeari dagokionez. Herri bakoitzak Ermandadeko Alkate bat izango du eta denak egongo dira Arabako Ermandadearen barruan. Hauen epaiak Diputatu Orokorraren aurrean errekurritzen dira.

1) Ohiko Alkateak: Bere lurralde-eremuan lehenengo instantziaz arduratzen dira: auzokoek aukeratzen dituzte, Jaurerrietan izan ezik, Jaunak izendatzen baititu zuzenean edo eta, auzokoek aukeratuta, Jaunak berretsi. Aro Modernoan, aholkulariek lagunduta emango dituzte euren epaiak.

2) Alkate Nagusiak, Justizia Nagusiak edo Gobernadoreak: Arabako Jaurerrietan jarduten dute eta Jaunak izendatzen ditu Jaurerri osoko lurraldean aritzeko. Jauna ordezkatzen dute eta astero audientzia publikoan betetzen dute euren funtzio judiziala, lehenengo instantzian zein apelazioan. Euren epaiak Valladolideko Kantzelaritzan errekurritu behako dira.

3) Diputatu Orokorra: Araban ez da Korrejidorerik egongo, beraz, Diputatu Orokorrari dagozkio hari beste lurraldeetan dagozkion funtzioak. Ermandadeko autoritate gorena dugu: Ermandadeko Alkateen jarduera ikuskatzen du eta euren epaien apelazioa ezagutzen du. Formazio handiko pertsona, bere epaiak apelatuak izan arren exekutatzen dituena eta, denborarekin, lehenengo instantzia ere bere esku hartuko duena. Pribilegio gisa, bere epaiak errekurrituak izan daitezke soilik Erregearen edo Kontseiluaren aurrean, ez Valladolideko Kantzelaritzan.

XIX. mendean foru-sistema judizialak zuzenean egiten du talka Gaztelako Tribunalen antolakuntza berriarekin. Foru-ezaugarriek zailtasun handia topatzen dute Gaztelako sistemarekin bateragarriak izateko orduan, izan ere, Koroak, Konstituzioetan behin eta berriz ezarritako oinarrizko printzipioek argi adierazten duten bezala, estatuaren subiranotasuna, botereen arteko banaketa eta jurisdikzio batasuna aldarrikatuko baititu.

Valladolideko Kantzelaritza desagertzen da 1834ko Erreformaz geroztik: Bizkaia Sala desagertzen da, noski, eta hiru lurraldeen azken instantzia Burgoseko Audientziara eramaten dute. Egungo Espainiako Auzitegi Gorena sortzen da 1894an. Sistema berri horretan, Bizkaiko eta Gipuzkoako Korrejidoreen lana kolokan jartzen da: lehenengo instantziako epaitegiak sortuko dira eta epaile profesionalen esku jarriko dira, euskal Alkateen eskumenak desagerraraziz. Aldaketa progresiboa izango da (Gerra Karlistak tartean), baina behin-betikoa.

Atal honetan, Nafarroako berezko sistema judizialari bagagozkio, eta SALINAS QUIJADA-ren analisia abiapuntu hartuta, bi aro ezberdinduko ditugu:

1) Goi Erdi Aroa: Elizaren jurisdikzioa eta jurisdikzio feudala alde batera utziz, Erret Kuria agertzen da funtsezko instituzio judizial gisa. Erregeak ezagutzen ditu auziak eta Kuriak Erregea laguntzen du funtzio horretan, beste instantziek konpondu eziniko kasuei bagagozkio (nobleen arteko liskarrak, eliztarren artekoak eta mistoak, batez ere). Erret Kuria izango da geroago sortuko den Tribunalen sistemaren enbrioia. Kuriarekin batera, Batzar edo Asanblada Judizialaz ere hitz egin behar da, justizia administrazioaren sistema osoaren abiapuntua, alegia. Hasiera batean herritarrek osatzen dute, gero Erregeak edo Jaunak izendatutako epaileek. Aldeen alegazioak, frogak eta ebazpena emateaz arduratzen da.

2) Behe Erdi Aroa eta Aro Modernoa: Mailakatuagoa agertzen da jada sistema judiziala. Ikus dezagun.

1. Ohiko Alkateak: Udalerrietako epaileak dira, lehenengo instantzia euren esku dutenak, garrantzi gutxiko kasu zibil eta penalak ezagutzeko. Printzipioz, erregeak izendatzen ditu, baina udalerri batzuek euren epailea izendatzeko pribilegioa daukate. Alkate edo epaile horiek astero hirutan audientzia publikoa ospatu behar dute eta epaiak Erregeak onartu behar ditu. Ohiko Alkate hauen gainetik, Alkate Nagusiak egongo dira (Jaurerrietan izango dute jurisdikzioa eta Jaunak izendatuko ditu), hiribilduetako arduradunak dira eta inguruko herri eta auzo askoren gaineko jurisdikzioa dute, kasu zibilak eta penalak ezagutzeko eskumendunak.

2. Erret Gortea edo Gorte Nagusia: Tribunal bat da eta XIV. mendean agertzen da lehenengoz. Lau Alkatek edo Epailek osatzen dute: batek Erregea ordezkatzen du, besteak Eliza, besteak Noblezia eta azkenekoak hiribilduak. Bi Salatan antolatzen dira. Lau Notario, Prokuradore Fiskala eta justizia-exekutatzaileak daude bertan lanean, halaber. Ohiko Alkateen eskumena gainditzen duten kasuak ezagutzen dituzte lehenengo instantzian eta baita horiek emandako epaien apelazioa. Nafarroa Gaztelaren esku jausten denean ia berdin mantenduko da Gorte edo Tribunal hau, aldaketa larregirik gabe. Gorteak emandako epaiak Erret Kontseiluaren aurrean errekurritu ahalko dira.

3. Nafarroako Erret Kontseilua: Funtzio politiko garrantzitsuak betetzeaz gain, 1450ko Oliteko Gorteez geroztik, Nafarroako Auzitegi Gorenaren funtzioak eskuratzen ditu, hots, kasu zibil eta penal guztien azken instantzia, alegia. Kontseilua osatzen dute: Arduradunak, sei Epailek eta Erregeak aukeratutako lau Alkatek. Arduraduna eta bi Epaile Erregeak izendatuko ditu, eta ez dira Nafarrak izango. Kontseiluak sala ezberdinak izango ditu, baita, funtzionatzeko orduan, plenoa eta batzorde murriztua ere.

Sistemaren abolizioa, beste Hegoaldeko euskal lurraldeekin gertatzen den bezala, XIX. mendeko prozedura arloko erreformaz geroztik gauzatzen da. 1834ko urtarrilak 29ko Erret Dekretuak Audientziak sortzen ditu eta, aurreko azpiatalean aipatu dena hemen errepikatuz, 1894ko martxoak 24ko Erret Dekretuak egungo Espainiako Auzitegi Gorena. 1834ko apirilaren 21eko Erret Dekretuak partidu judizialak sortzen ditu eta ordu arte Alkateen esku dauden eskumen judizialak epaile profesionalei esleitzen zaizkie. Orobat, 1835eko irailaren 26ko Erret Dekretuak Justizia Administrazioari buruzko Behin-behieneko Erregelamendua onartzen du. Nafarroako Erret Kontseiluak izena mantentzen du baina, errealitatean, Audientziek izango dituzten eskumen berak izango ditu. Probintziako Tribunal Gorena izango da, finean.

Estatuak Nafarroarentzat egindako 1841eko abuztuaren 16ko Hitzartutako Legeaz geroztik, Nafarroan estatuaren sistema judiziala gailenduko da. Prozedura eta auzitegien antolaketa estatuak lurralde osorako sortutakoa izango da. Negoziatzaileek soilik lortuko dute Audientzia Iruñean geratzea eta estatu osorako Kode Orokorrak egin arte, Nafarroak bere legedia mantentzea. Adituen iritziz, Erreinu bat izatetik probintzia soila izatera pasako da Nafarroa.

Hiru lurraldeen berezko sistema judizialaren azterketa banan-banan burutuko dugu, izenburuan lurraldeok aipatutako ordena jarraituz.

Lapurdi

Erdi Aroan, Lapurdiko Bailean, sistema judiziala Baileko Tribunalak ezaugarritzen du, Baileak presiditutako Tribunala, alegia. Kuriaren oinordeko (hasiera batean, bederen, herri-ordezkaritza daukana), Uztaritzeko Gaztelu parean dauka egoitza. Funtzionario judizialek osatzen dute, Zuzenbidean jakitunak. Presidentea, aldiz, Bailea, noble bat izan ohi da, Erregearen ordezkaria eta zuzenbidean ezagupenik gabea. Bere eskumenak justizia arlokoak eta militarrak dira. Horregatik, laster utziko ditu bere eskumenak Teniente Orokorraren esku: hau bai, zuzenbidean aditua izango da eta, denborarekin, bere kargua instituzio bilakatuko da, 1493tik aurrera berak presidituko baitu, izatez, Baileko Tribunala.

XV. mendetik aurrera, bi Teniente izendatuko. Bata kasu zibilak ezagutzeko, eta bestea kasu penalak eramateko. Ziur asko ez da beharrezkoa egiten, Lapurdin sortzen diren kasuak ebazteko, bi Teniente izendatzea. Adituek diote Frantziar Monarkiak kargu horiek, dirua ateratzearren, salgai jartzen dituela eta familia ahaldunek erosi egiten dituztenez, hori dela bi kargu egotearen arrazoia, ez Tribunalaren beharra bera. Horregatik, 1757. urtean bikoiztasuna desagertu eta Tenientea berriz bakarra izatera igarotzen da, Hody familiaren eskutik. Belaunaldiz belaunaldi, familia ahaldunek izango dute kargu hau euren esku, benetako epaile-dinastiak sortuz.

Tenientea da, beraz, Tribunalaren benetako presidentea. Erregeak izendatuko du Biltzarrak eskainitako hiru izenen artean. Esperientziadun abokatuen aholkularitza izango du, hauek harekin batera ospatuko baitituzte epaiketak. Erregearen Prokuradoreak eta Erregearen Abokatuak ere badute bertan bere funtzioa erregearen ordezkari gisa eta bestelako funtzionarioak eta laguntzaileak ere bilduko ditu Tribunalak. Tribunalaren eskumena lehenengo instantzian oinarritzen da, kasu zibilak eta penalak ezagutzeko. Tenientearen epaiak errekurritu ahal izango dira Lanneseko Seneskalaren aurrean, Baionan kokatua. Eta, azken instantzia, Bordeleko Parlamentua izango da.

Behe Nafarroa

Behe Nafarroako sistema judizialari buruz ari garenean, etapa ezberdinak bereiztu behar dira:

1) 1512. urtea baino lehen: Behe Nafarroa, etapa honetan, Nafarroaren parte da. Nafarroa da. Ez dago lurraldea bitan zatituta. Bakarra da. Garai honetan hiru jurisdikzio existitzen dira autoreen iritziz: Alkate txikia edo merkatuko Alkatea, herritarren auziak lehenengo instantzian ezagutzen dituena; Alkate Nagusia, beste horien epaien apelazioa ezagutzen duena; eta Erret Gortea, nobleen auziak ezagutzen dituen Tribunala, hamabi gizon aberatsek osatua eta Gorteko Alkateak presiditua.

2) 1512. urteaz geroztik: Nafarroako erregeek berrantolatu behar izango dute sistema judiziala egoera berrira egokitzeko, Nafarroa Garaia Gaztelaren esku geratzen baita. Hala, Nafarroako Kantzelaritza sortzen dute, Iruñeko Gortearen hutsa betetzeko. Urte horretatik hasita eta 1620. urte arte, Pauen Nafarroako Parlamentua sortzen den arte, sistema judiziala horrela antolatzen da: Bailaratan edo eta estatuetan (herrialdeetan) banatzen diren lurraldeetan, justizia administrazioa organo judizialek eramango dute, Erregearen ordezkariek edo eta euren Tenienteek (herriak aukeratutakoak eta epaile batek edo bik lagunduta) presiditutakoak. Lehenengo instantzian kasu zibilak eta penalak ezagutzen dituzte eta euren epaien apelazioa Nafarroako Kantzelaritzan burutuko da. Hiribilduek euren epaimahaiak izango dituzte (Jurats) eta nobleen arteko auziak zuzenean Nafarroako Kantzelaritzan ezagutuko dira. Jaurerriek, halaber, euren jurisdikzioan eskumena izango dute, berezko funtzionarioek eramana. Bestalde, 1611ko Foruak epaileen laguntzaile mordoa izendatzen ditu: Kartzelariak, Atezainak eta Notarioak, nafarrak eta euskaldunak izan behar dutenak, gainera. Azken instantzia Nafarroako Kantzelaritzak ezagutuko du, esan bezala. Erregeak izendatutako funtzionarioek osatzen dute: Presidenteak, Kantzelariordeak, sei Kontseilarik, Abokatu Orokorrak eta Prokuradore Orokorrak.

3) Luis XIIIak 1620an aldarrikatutako Batasun Ediktuaz geroztik: Frantziar Koroak eskuratzen ditu Nafarroako eta Bearneko lurraldeak Ediktu honen bidez. Nafarroako Kantzelaritza desagertzen da eta Pauen kokatuko den Parlamentu subirano bakarrean batzen da Bearneko Kontseilu subiranoarekin. Nafarrak neurri honen aurka jardungo dira baina ez dute euren instituzioa mantentzea lortuko. Egingo zaien kontzesio bakarra Parlamentu berriak euren izena eramatean datza: Nafarroako Parlamentua. Organo hau izango da Behe Nafarren, Zuberotarren eta Bearnetarren azken instantzia judiziala Frantziar Iraultza iritsi eta berau ezabatu arte. Organo honen sorrerarekin Nafarren oinarrizko printzipio bat betiko galtzen da: Nafarrak Nafarroan epaituak izatea eta epaileak ere nafarrak izatea. Pauen kokatzen den organo berria zuzentzen dutenak ez dira euskaldunak izango eta nafarrek hara joateko gastu guztiak jasan beharko dituzte. Arazo hauek konpentsatzeko, Luis XIIIak Saint-Palaiseko Seneskaltza sortzen du, baina azken instantzia Nafarroako Parlamentua izanik, arazoak ez dira konponduko.

Zuberoa

Zuberoako Tribunal ezagunena Lixarreko Gortea da, Lixarreko intxaurrondopean betidanik bildutakoa eta, ziur asko, Bizkondearen Tribunalaren oinordekoa. Presidentea, Mauleko Kapitai-Gaztelaua da, arlo zibilean zein penalean eskumen unibertsalak izango dituena. Presidentearekin batera, Tribunala Zuberoako hamar Jaurerri garrantzitsuenetako Jaunek osatzen dute (zortzi egunero sesioetara joan behar dutenak), baita berrogeita hamar lur-jabek ere (lau sesioetatik batera soilik joan behar dutenak). Denborarekin, presidente lanak honen Tenienteak beteko ditu. Erregeak izendatutako Notarioa ere egongo da, baita funtzio judizialak betetzen dituzten Mezulariak ere. Gortearen jurisdikzioarekin batera, beste jurisdikzio bereziak ere badaudela aipatu beharra dago, beste euskal lurraldeetan gertatzen den bezala.

Lixarreko Gorteak emandako epaiak apelatzeko, bi aukera izango ditu errekurritzaileak: Daxeko Gortera edo Lanneseko Seneskalaren Gortera joatea. Azken instantzia, hauen ondoren, Guyenneko Epaile Nagusia (Zuberoa ingelesen menpe dagoen bitartean) edo eta Bordeleko Parlamentua izango dira (azken hau Zuberoa frantsesen menpe dagoenean). Saiakera bat baino gehiagoren ostean, 1691an Frantziar Erregeak -'Matalaz' erreboltaren ondorioz-, azken instantzia Nafarroako Parlamentuan kokatuko du. Zuberotarrak Nafarroako Parlamentuaren aurrean euren ohiturak defenditzen jarraituko dute, 1731an Frantziar Koroak debekatzen dituen arte, 'Cartas Patentes' delakoak derrigorrez aplikaraziz. Foruen kontrako ofentsibak Lixarreko Gortea kentzea lortuko du, azkenean.

XX. mendeko hirugarren hamarkadak dimentsio berri bat ematen dio Hegoaldeko euskal lurraldeen autogobernuaren desioari. Helburua argia da, autore gehienen iritziz: autogobernu horren isla izango den Autonomia Estatutua lortzea Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroarentzat. Ez dute zenbait eskumen ekonomiko eta administratibo biltzen dituen testu bat bilatuko, Kontzertuak jada finkatzen duena luzatuz. Autonomia politiko baten bila arituko dira Hegoaldeko euskaldunak etapa honetan, lau lurraldeen berezitasunak errespetatuko dituen instituzio komun bat lortu nahian. Erregimen 'neoforalaren' eta 'kontzertatuaren' dimentsioa nabarmen gaindituko duen egoera politiko bat irudikatu nahian arituko dira, alegia. Estatu espainiarraren eta euskaldunen arteko mendetako liskar politikoari konponbidea topatzea izango da erronka nagusia, egun indarrean dagoen autonomia-estatuaren aurrekari hurbilena.

Primo de Riveraren Diktadura jada agortua eta, ondorioz, Monarkia baztertua, Espainiako II. Errepublika aldarrikatzen da. Hegoaldeko euskal lurraldeen Estatutua lortzeko bidean pauso ezberdinak emango dira hurrengo urteetan. Lehenbizi, Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako 'Euskal Estatutuaren Aurreproiektua' azpimarratu beharra dago, Eusko Ikaskuntzak 1931ko maiatzaren 31an onartutakoa. Lehenengo aldiz erabiliko du testu honek "País Vasco" esamoldea, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa herri gisa batuta aurkezteko. Estatu espainiarraren barruan lau lurraldeek estatu autonomo bat osatzen dutela aldarrikatzen du Estatutuak, halaber, lurraldeen arteko autonomia nabarmenduz. Espainiar estatuarekiko harremanetan eredu federala, beraz, eta Hegoaldeko euskal lau lurraldeen artean, egitura konfederala. Foru-berrezarkuntzaz haratago doan planta berriko eredua marrazten du Estatutuaren Aurreproiektuak, Suitzako modeloari jarraiki.

Botere judizialari bagagozkio, Estatutuaren II. Tituluko 4. artikuluak, Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren sorrera aurreikusten du, eta, harekin batera, Euskal Kidego Judiziala azpimarratzen du, euskal epaile eta magistratuek osatua. Orobat, testuaren III. Tituluko II. Kapitulua Botere judizialaren antolaketari buruz ari da, 14. artikulua, hain zuzen ere. Batik bat, hemen nabarmendu behar duguna zera da: Estatutuaren Aurreproiektuak apustu argia egiten du berezko euskal botere judizial bat eraikitzearen alde, euskal estatu berriak antolatutako boterea, alegia. Apustuak erabat aldatzen du Espainiar estatuko botere judizialaren egitura, berezko antolaketa argia proposatuz:

  1. Auzo epaitegiak ezabatzea
  2. Lehenengo Instantzia eta Instrukzio epaitegiak aldatzea
  3. Bilbon Lurralde Audientzia ezarri eta Iruñekoa mantentzea
  4. Probintzia Auzitegiak mantentzea
  5. Euskal Auzitegi Gorena sortzea, hiru Salakin: Zibila, Administrazioarekiko Auzi-prozesua eta Lan zuzenbide arlokoa. Auzitegi honen eskumenen artean, 14.5. artikuluak esanbidez aipatzen du gure ikerketaren muina den kasazio-helegitea, Zuzenbide zibilaren eta Merkatal Zuzenbidearen aplikazioari dagokionez: "...creación de un Tribunal Supremo Vasco, con tres Salas, una de lo Civil, otra de lo Contencioso Administrativo y otra del Trabajo y Reforma Social, que entenderán: la primera, en los recursos de casación relativos a la aplicación del Derecho civil y Mercantil, y recursos gubernativos contra las calificaciones de los Registradores de la Propiedad de las cuatro Provincias...".
  6. Justizia administrazioan jarduten dutenei, Notarioei eta bestelako funtzionarioei, euskararen ezinbesteko ezagupena galdatzea.
  7. Euskal Kidego Judiziala osatuko duten kideak Euskal Auzitegi Gorenak aukeratzea eta izendatzea.

Estatutuaren Aurreproiektuak eztabaida sakonak eragingo ditu euskaldunon artean, batez ere, Nafarroari buruzkoak eta akonfesionaltasunari buruzkoak. Eztabaida horien ondorioz, bi bloke nagusi sortzen dira alderdi politikoen artean, eta estatuko Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetara bakoitza testu ezberdin batekin joango da. Ezkerreko alderdiek proposatuko duten testua Aurreproiektuaren oso antzekoa den bitartean, gehiago aldenduko da eskumako alderdiek aurkeztutakoa. Azkenean, Alkateen mugimenduak konbokatutako Asanbladak testu berri bat hautatuko du Lizarran, 1931ko ekainaren 14an: Lizarrako Estatutua, Eusko Ikaskuntzaren Aurreproiektua eskumakoen, nazionalista konfesionalen eta karlisten gustura aldatuz eratutako testua. Udalerri asko falta izango dira asanblada horretan, eta ordezkatuak daudenek aldaketa nabarmenak egingo dizkiote Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako Aurreproiektuari. Terminologia zaharrera bueltatzen da Lizarrako Estatutua, foru-berrezerpena aldarrikatuz eta Aurreproiektuak aurkeztutako eredu federala disolbatuz. Adituen iritziz, Espainiar estatuaren errealitate konstituzionalarekin uztartzeko aukerak nabarmen gutxituz. Eskubide historikoen esamoldearen eraikuntzan elementu oso interesgarriak aurkezten ditu Lizarrako testuak, egun erabiltzen diren formulen aitzindaria baita. Eusko Ikaskuntzaren Aurreproiektuak hainbeste zaintzen duen euskaldunen arteko adostasuna ez du Lizarrakoak lortuko, hala ere. Hori da, askoren iritziz, bere akatsik larriena. Botere judizialari bagagozkio, orobat, ez du Lizarrako testuak aldaketarik eragiten Aurreproiektuan jasotako diseinuan.

Hainbat Estatutu Proiekturen ostean, Espainiako II. Errepublikako 1931ko Konstituzioa onartuta eta urte bereko abenduaren 8ko Dekretuari jarraiki, Espainiar estatuko behin-behineko Gobernuak argi uzten du nortzuk bideratu behar duten euskaldunon aspirazioen euskarri juridiko-politikoa, hots, estatutu berria: Espainiako Gobernuak aukeratutako eta kontrolatutako lau Diputazioetako Batzorde Kudeatzaileek. Lau Diputazioetako Batzordeek idatzi egingo dute Estatutuaren Proiektua 1932ko martxoaren 21erako. Baina Nafarroako eskumaren estrategiak Nafarroa prozesutik kanpo utziko duenez [bertako udalerrien 2/3en baietza galdatzeko klausula onartzea lortzen baitu eta bozketan ez baita portzentaia hori eskuratuko], eta Kataluniako Estatutua 1932ko irailaren 9an onartuta, beste Proiektu bat jartzen da martxan Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Diputazioen Batzorde Kudeatzaileen esku. Azkenean, 1933ko azaroaren 5an erreferenduma konbokatzen da. Parte hartzea oso altua izango da, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Espainiako Errepublikako Konstituzioak galdatutako portzentaia erraz lortuko da. Espainiar estatuko hauteskundeak ospatuko dira bi aste geroago eta eskumak irabaziko ditu oraingoan. Ondorioz, Estatutua bertan behera geratuko da.

Hala ere, aipagarria da 1933ko Batzorde Kudeatzaileen testuan botere judizialari egiten zaion erreferentzia, gure gaiari bagagozkio, 19.10. artikuluan:

"Un fiscal asistido del personal dependiente que se estime preciso ejercerá en el Tribunal Superior las funciones propias de su Ministerio, con extensión en todo el País Vasco en orden a la vigilancia para el exacto cumplimiento de las leyes promulgadas por el mismo y a la intervención que le corresponde en los negocios judiciales que hayan de ser resueltos en todas sus instancias, y por virtud de los recuros de casación y revisión exclusivamente por la Judicatura Vasca".

Ikus daitekeenez, Eusko Ikaskuntzaren Estatutuaren Aurreproiektuak (14.5. art), Lizarrako Estatutuak (14.5. art) eta Batzorde Kudeatzaileen 1933ko Estatutuak (19.10. art), argi aipatzen dute, botere judizialaren antolaketari buruz ari direnean, eta Euskal Auzitegi Gorenaren edo Auzitegi Nagusiaren eskuduntzetariko bat bezala, kasazio-helegitea ezagutzea, azken testuan, berrikuspen-helegitearekin batera, alegia.

Hala jasoko du ere, Espainiako II. Errepublikaren bukaeran onartuko den 1936ko Euskal Estatutuak, bere 3.3. artikuluan:

"El Tribunal Superior Vasco que será nombrado conforme a la legislación interior, tendrá jurisdicción propia y facultades disciplinarias en las materias civiles y administrativas cuya legislación exclusiva corresponda al País Vasco, conociendo de los recursos de casación y revisión que sobre tales materias se interpongan".

Azken testu hau, 1936ko Estatutua, 1933an onartutakoa abiapuntu gisa hartzen duena, 1936ko martxoaren 1ean ospatzen den hauteskunde orokorren bigarren bueltak eragindako emaitzek ahalbidetuko dute, Indalecio Prietoren babespean. Ezkerreko estatutua, EAJren hauspoari esker ere sortutakoa; batez ere, Agirrerena. Hasieran 53 artikulu eta 9 titulu dauzkana eta, bukaeran, bost titulu eta 14 artikulu soilik bilduko dituena.

Gerra Zibilak Hegoaldeko Euskal Herria bi zatitan banatzen du: Arabak eta Nafarroak, gehiengoa tradizionalista eta katolikoa edukita, altxamenduarekin bat egingo dute; Bizkaiak eta Gipuzkoak, gehiengoa abertzalea eta ezkertiarra edukita, bat egingo dute, ordea, Errepublikarekin. Gerra Zibila hasita, Errepublikako espainiar Gobernuak, egoera zaila gainean, Euskal Estatutua onartzen du, 1936ko urriaren 6ko Legea dela medio. Hurrengo egunean Madrileko Gazetak publikatuko du testua. Testu hau ez da herriak onartutakoa izango, erreferendumik ez baita egongo Espainiako Gorteek onartu baino lehen, 1933ko testuarekin gertatutakoarekin alderatuz. Garai haietan Estatutu hori izatea ezer ez izatea baino hobea dela usteko dute gure ordezkari gehientsuek, batez ere EAJren buruek, 1936ko hauteskundeetan emaitza onak jaso eta gero. Euren aspirazioak nabarmen gutxituko ditu azken testu honek, teknikoki ere gabeziak aurkezten dituena. Herriarentzat eta herriak onartutako testua ez eta 'emandako kartaren' tankera hartuko du 1936ko testuak: eskubide historikoen, foruen eta Euskal estatuaren erreferentzia oro ezabatuak geratzen dira eta Nafarroaren etorkizuneko integrazioa ere aipatu gabe uzten du.

Euskal Gobernu Autonomikoaren lehenengo Lehendakari Jose Antonio Agirre jeltzalea izendatuko dute 1936ko urriaren 7an, Gernikako Batzar-Etxean bildutako mila bat zinegotzik, gehiengo zabal batekin. Koalizio gobernua osatuko dute hiru probintzietarako, behin-behineko izaeraz, Gerra Zibilak dirauen bitartean. Baina 1937ko udan Frankoren tropek bukaera jarriko diote 1936ko Estatutuari eta Euskal Autonomiari: Euskal Gobernua erbestera pasako da, Agirre Lehendakari izanik eta, hau hiltzean, Leizaola. Eta hala izango da, hamarkadetan zehar, 1975an Franko Diktadorea hil arte eta 1978an egun indarrean dagoen Espainiako Konstituzioa aldarrikatu arte. Frankoren Diktadurapean, Arabak mantenduko du soilik harentzako onartutako Kontzertu Ekonomikoa.

Estatu autonomikoa. Gernikako 1979ko autonomia estatutua eta euskal autonomia erkidegoko auzitegi nagusiaren eskumena kasazio helegiteari dagokionez.

Abiapuntua: marko juridiko orokorra

Indarrean dagoen 1978ko Espainiako Konstituzioko 149.1. artikulua arduratzen da estatuaren eskumen esklusiboak zerrendatzeaz. Arau horren 6. atala mintzo da prozedurazko legegintzari buruz:

EK-ko 149.1.6: "El Estado tiene competencia exclusiva sobre las siguientes materias: (...). 6ª. Legislación mercantil, penal y penitenciaria; legislación procesal, sin perjuicio de las necesarias especialidades que en este orden se deriven de las particularidades del derecho sustantivo de las Comunidades Autónomas".

Arauak argi hitz egiten du. Zenbait autonomia erkidegok prozedura arloko 'berezitasunak' dituzte, beharrezkoak diren heinean eta euren berezko zuzenbide substantiboan oinarri dutenak. Azken datu honek beste baieztapen bat egitera garamatza, halabeharrez: zenbait autonomia erkidegok, zuzenbide substantibo eta prozedurazko berezitasun horien euskarri den berezko ordenamendu juridiko zibila mantentzen dute, hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioko 149.1.8. artikuluak hala baimentzen duelako:

EK-ko 149.1.8: "El Estado tiene competencia exclusiva sobre las siguientes materias: (...). 8ª. Legislación civil, sin perjuicio de la conservación, modificación y desarrollo por las Comunidades Autónomas de los derechos civiles, forales o especiales, allí donde existan. En todo caso, las reglas relativas a la aplicación y eficacia de las normas jurídicas, relaciones jurídico-civiles relativas a las formas de matrimonio, ordenación de los registros e instrumentos públicos, bases de las obligaciones contractuales, normas para resolver los conflictos de leyes y determinación de las fuentes del Derecho, con respecto, en este último caso, a las normas de derecho foral o especial".

Aipatu berri ditugun bi arauak lotzea da, orain, gure erronka. Ikusi ahal izan dugun bezala, EK-ko 149.1. artikuluak estatuaren eskumen esklusiboak zeintzuk diren argi adierazten du, horien artean Zuzenbide zibileko legeak egiteko ahalmena (EK-ko 149.1.8 artikulua). Hala ere, atal honek estatuaren eskumenaren gainetik -lehentasunezkoa baita-, Zuzenbide zibilaren eremuan, berezko foru-zuzenbidea duten lurraldeen eskumena jartzen du, zuzenbide hura kontserbatzeko, aldatzeko eta garatzeko, zehazki. Eskumen hori onartzea, ordea, ez da beharrezkoa, hautazkoa baizik. Autonomia erkidego bakoitzaren esku geratzen da hura bere egitea, eta, beti ere, ezinbestez errespetatu beharko dira estatuaren eskumen esklusiboak.

EK-ko 149.1.8 artikuluak berezko Zuzenbide zibila duten autonomia erkidegoei ematen dien kontserbatzeko, aldatzeko eta garatzeko eskumenaren inguruan, ordea, eztabaida handia sortu da azken urteotan doktrinan, garatu terminoaren zentzua zehaztu nahian. Izan ere, ez da gai makala: zer puntutara arte garatu dezake autonomia erkidego batek bere Zuzenbide zibila? Ba al du, horretarako, mugarik? Galdera horiei erantzuten dietenen artean hiru ildo edo iritzi daude nabarmen: eskumena ahalik eta gehien hedatu nahi dutenak, berau ahalik eta murritzen aurkezten dutenak eta erdibideko irtenbidea proposatzen dutenak. Azken aukera hau da, hain justuki, Espainiako Konstituzio Auzitegiak onartu duena 88/93 epaian: autonomia erkidegoek soilik garatu dezakete euren berezko Zuzenbide zibila, konpilazioetan arautzen zutena eta honekin harreman zuzena daukana jasoz.

Gauzak horrela, badira zenbait autonomia erkidego, EK-ko 149.1.8 artikuluaren babespean eta 88/93 epaiak ezarritako mugapean, euren autonomia estatutuan beren Zuzenbide zibila kontserbatzeko, aldatzeko eta garatzeko eskumena hartu egin dutenak: VALENTZIA, 31.2 artikulua; BALEAR UHARTEAK, 10.2 artikulua; ARAGOI, 35.4 artikulua; GALIZIA, 27.4. artikulua; NAFARROA, 48. artikulua; ASTURIAS, 16. artikulua; EXTREMADURA, 12. artikulua; KATALUNIA, 9.2. artikulua; EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA, 10.5. artikulua.

Nahiz eta eskumena hartu, autonomia erkidego guzti horiek ez dute foru-zuzenbidearen inguruan lege autonomikorik egin, soilik batzuek: Kataluniak, Aragoik, Balear Uharteek, Galiziak, Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak. Gure kasuan, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 1992ko Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legea da bizirik dirauen euskal foru-zuzenbidea jasotzen duena, 3/1992, uztailaren 1ekoa [Nafarroak, 1973ko Foru Berriari eutsi egiten dio, oraindik]. Lege horrek arautzen ez dituen esparruetan, ordezko araudia Kode Zibila izango da, jakina denez.

Espainiako Konstituzioko 149.1.6. artikulua: prozedurazko berezitasunak. Kasazio eta Berrikuspen helegiteen marko juridiko orokorra

Espainiako 1978ko Konstituzioak euskal lurraldeen foru-zuzenbidearen eta prozedurazko zuzenbidearen arteko erlazioa birkokatzen du, 148.1.6. artikulua dela medio. Gogora dezagun, artikulu honek prozedurazko legegintza estatuaren eskumen esklusiboa dela aldarrikatzen duela, sin perjuicio de las necesarias especialidades que en este orden se deriven de las particularidades del derecho sustantivo de las Comunidades Autónomas. Konstituzioak, beraz, adierazten du zenbait autonomia erkidegok, daukaten berezko zuzenbide substantiboak hala galdatzen duenean (149.1.8. art), prozedurazko berezitasunak izan ditzaketela, hots, prozedurazko berezko araudia sortu dezaketela (149.1.6. art). Berezitasun horiek, hala ere, beharrezkoak izan behar dute eta autonomia erkidego horien berezko zuzenbidearen partikulartasunetatik eratorriak izan, gainera. Ildo honetan, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.6. artikuluak bere egiten du eskumen hori, berezko zuzenbidearen berezitasunetatik eratorritako prozedurazko arauei dagokienez.

Azaldutakoaren harira, beraz, 1978ko Espainiako Konstituzioa aldarrikatzen denetik, Prozedurazko zuzenbidearen eszenatoki berria birkokatzen da. Euskal ordenamendu zibilen iturri sistemaren osagarri izango da, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako Auzitegi Nagusiek emandako Zuzenbide zibilari buruzko jurisprudentzia. Hala adierazten du, bereziki, EHFZZLko 2. artikuluak:

Jurisprudentziak osatuko du Foru-Zuzenbide zibila, berau ulertu eta ezartzerakoan Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Zibileko Salak emandako jarraituzko irizpideekin.

Jurisprudentzia-doktrina hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandakoa [Nafarroan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak], iturri sistemaren osagarri gisa aurkezten da EHFZZLko 2. artikuluan, kasazio helegitea ebazterakoan sortutakoa, alegia. Estatuarentzat bezala, logikoa da berezko Zuzenbide zibila eta beharrezkoak diren prozedurazko berezitasunak dituzten autonomia erkidegoek ere euren ordenamendua interpretatzerakoan eta aplikatzerakoan sortutako berezko jurisprudentzia doktrina edukitzea. Nolabait, datu hau izango litzateke mendetan gure lurraldeek izandako berezko justizia administrazio haien filosofiatik mantentzen den hondarra: berezko ordenamendua lurraldean bertan interpretatzea eta aplikatzea.

Espainiako 1978ko Konstituzioak 152.2. artikuluan onartzen ditu autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusiak, aitzindari Espainiako II. Errepublikako Euskal Herriko eta Kataluniako Auzitegi Nagusia duena, garaiko Konstituzioak eta bi autonomia estatutuek jasotzen duten bezala. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia 1989an sortzen da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Akordio bidez, urte horretako maiatzaren 10ekoa, hain zuzen ere. EAEko JANa ez da berezko justizia administrazioaren isla, hala ere, II. Errepublikako garaian gertatzen den ez bezala. Estatuan botere judiziala bakarra da, jurisdikzio batasuna dagoen heinean. Autonomia erkidegoetako JANk hari egokitzeko organoak dira, Espainiako Konstituzioaren adierazpenen oinarrian eta haren mendean sortutakoak eta inola ere justizia administrazio paralelo eta ezberdin bat artikulatzen dutenak. Espainiako Konstituzioaren 2. artikuluak marrazten duen estatu autonomikoaren isla besterik ez dira, administrazio mailako deszentralizazio hutsa. Hala jasotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko 14. artikuluak ere. Espainiako Konstituzioak eta, ondorioz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Legeak aurreikusten dituen eskumenen garapenerako sortutakoak dira, alegia. Horregatik, Espainiako ?Konstituzioaren araudian, autonomia erkidegoetako Auzitegi Nagusien erreferentzia ez da kokatzen botere judizialaz ari diren artikuluetan, autonomi erkidegoen antolakuntzaz ari direnen artean baizik.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, JAN Bilbon kokatzen da [Nafarroakoa, Iruñean], Bilboko Lurralde- Audientzia zegoen tokian, hura ordezkatzen baitu -Kantzelaritza aitzindari izanik- eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak kokapen horri buruz ezer ere ez baitu esaten. Hala adierazten du Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari buruzko Legearen 2. Xedapen Gehigarriak:

Hiru Atal edo Sala dauzka: (1) Zibila eta Penala, (2) Administrazioarekiko auzi-prozesuari dagokiona, eta (3) Lan arlokoa. Ponentzia honen gaiari dagokionez, beraz, bi eskumen garrantzitsu dauzka, Zibileko eta Penaleko Atalak edo Salak: (1) Kasazio helegitea ezagutzea, autonomia erkidegoan kokatzen diren beste organo judizialek emandako epaien kontra, beti ere, helegiteok, berezko zuzenbide zibila urratzeagatik tarteratzen badira; (2) Berrikuspen helegitea, epai irmoak berrikusteaz arduratzen dena, autonomia erkidegoko beste organo judizialek emandako epai irmoen kontra, beti ere, helegiteok, berezko zuzenbide zibila urratzeagatik tarteratzen badira. Azter ditzagun, sakonago, hurrengo atalean.

Kasazioa ebazteko eskumena duen JANko Zibil eta Penal Ataleko Presidentea, aldi berean, Justizia Auzitegi Nagusiko Presidentea da (Planta eta Demarkazio Judizialari buruzko 38/1988 Legeko 13.2. art). Artikulu honek dioenari jarraiki, Atala edo Sala osatzen duten beste magistratuetatik bat (bi badira) edo bi (lau badira), autonomia erkidegoko legebiltzarrak aurkeztutako izenetatik aukeratuko dira Justizia Ministroak aurkeztutako Erret Dekretu bidez (BJLOko 316. art), Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren proposamena dela medio (BJLOko 330.4. art):

En las Salas de lo Civil y Penal de los Tribunales Superiores de Justicia, una de cada tres plazas se cubrirá por un jurista de reconocido prestigio con más de 10 años de ejercicio profesional en la comunidad autónoma, nombrado a propuesta del Consejo General del Poder Judicial sobre una terna presentada por la Asamblea legislativa; las restantes plazas serán cubiertas por magistrados nombrados a propuesta del Consejo General del Poder Judicial entre los que lleven 10 años en la categoría y en el orden jurisdiccional civil o penal y tengan especiales conocimientos en derecho civil, foral o especial, propio de la Comunidad Autónoma.

Kasazio helegitea, ez-ohiko helegitea da. Ez-ohikoa da, errekurrigarriak diren ebazpenak mugatuak direlako eta ebazpenok aurkatzeko kausak esanbidez legegileak berak aurreikusten dituelako. Bere helburua ebazpen zehatz bat baliogabetzea da, soilik arau bat urratzen duenean, materiala edo prozedurazkoa; baina helegitea ezagutu behar duen ad quem organoak egitateak eta frogak birbalioesteko aukerarik eduki gabe, hauek lehenengo eta bigarren instantziako organoei baitagokie.

Tradizionalki, kasazio helegitearen funtzioa 'nomofilaktikoa' izan da, hots, legebiltzarrak estatu osorako onartutako legeen aplikazio zuzena bermatzea. Espainiako Konstituzioko 123.1. artikuluak Espainiako Auzitegi Gorenari esleitzen dio eskumen hori, alegia. Frantziar estatuan sortzen da Auzitegi Gorenaren figura -Erret Kontseilua aitzindari duena-, hain zuzen ere, estatu osorako diren legeen aplikazio zuzena bermatzeko; horretarako beheko instantzietako organoek emandako epaiak 'kasatu' edo 'apurtzeko' ahalmena izanik. Funtzio nomofilaktikoarekin batera -eta auziperatuak babesteko funtzioaz gain-, kasazio helegitearen bitartez legeen interpretazio uniformea eta bateratua bilatzen da, Auzitegi Gorenaren jarraikako epaiek sortutako jurisprudentzia-doktrina dela medio. Autoreen iritziz, funtzio honekin EK-ko 9.3. eta 14. artikuluek, hurrenez hurren, aldarrikatzen dituzten ziurtasun juridikoa eta berdintasun printzipioak bermatzen dira. Hala, beheko instantziako organo judizialek ez badute Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia-doktrina jarraitzen, auziperatuen artean ezberdintasunak eraginez, hark epaiok baliogabetu ditzake. Praktikan, hala ere, kasazio arteko bidea oso luzea izaten da eta Auzitegi Gorenak ezin dio auzi bolumenari garaiz erantzun. Ugaritu dira, ondorioz, Konstituzio Auzitegiaren aurrean aurkeztutako babes helegiteak, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluan jasotzen den berdintasun printzipioa hausteagatik.

Ez-ohikoa ere bada, gaur egun, kasaziozkoarekin eta babes helegitearekin batera, prozedurazko arau-hauste helegitea. Izatez, 1881eko PZLan kasazio helegiteak bi modalitate zituen: arau-hauste materialagatikoa eta prozedurazko arau-hausteak eragindakoa. Indarrean dagoen 2000ko PZLk bi helegite atera ditu aurretiazko bi modalitate haietatik: arau-hauste materialari kasazio helegitea dagokio (477-489. art) eta prozedurazko arau-hausteari berariazko helegitea (468-476. art). Araudi honetan jaso egiten da autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusiek bi helegite hauek ezagutzeko duten eskumena (468 eta 478. art), baina, oraindik, prozedurazko arau-hausteagatiko ez-ohiko helegitea ezagutzeko eskumena ez zaie Auzitegioi onartu.

Eskumen falta hori dela eta, Espainiako Senatuan Talde Popularrak aurkeztutako 306. emendakina onartuta, EZLko 16.2. Azken Xedapenak, behin-behineko prozedurazko eraentza biltzen du ez-ohiko helegiteei buruz, egun aplikagarria dena BJLOren erreforma gertatu bitartean. Espainiako Auzitegi Gorenaren Lehenengo Salak, halaber, 2000ko abenduaren 12an, zenbait irizpide onartzen ditu kasazio zein ez-ohiko prozedurazko arau-hauste helegiteen izapidetzeari dagokienez, EZLko 16.2. Azken Xedapenak jasotzen duena barne. Azter ditzagun irizpideok eta behin-behineko eraentza hori, beti ere ponentzia honetan jorratzen dugun gaiari lotuta.

Kasazio helegite zibila ezagutzeko eskumena bi organok dute: Espainiako Auzitegi Goreneko Lehengo Salak (BJLOko 56.1 eta EZLko 478.1. art) eta autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusietako Zibil eta Penal Salak; azken kasu honetan, beti ere kasazio autonomikoari dagokionez, hots, autonomia erkidegoak duen berezko ordenamendu zibila urratzetik eratorritako helegiteei gagozkiola (BJLOko 73.1. a); EZLko 478.1.II. art). Bi organoen arteko eskumen banaketa, beraz, errekurritu egiten den epaiak urratutako arau juridikoaren araberakoa izango da: estatu osorako komunak diren arauak urratuak izan badira, merkatal arlokoak zein zibilak, EAGk izango du eskumena; aldiz, zuzenbide zibil autonomikoa osatzen duten arauak urratu badira, edo eta hauetariko batzuk komunak diren beste batzuekin batera, eskumena JANei dagokie. Azkenik, urratu den araua konstituziozkoa bada, eskumena, beti ere, EAGrena izango da. Eskumen funtzionala jasotzen duten arauak ez dira xedagarriak.

Derogatua dagoen 1881eko PZLk arautzen zituen, kasazio helegitearen kausen edo arrazoien artean, batetik arau materiala haustea ("in iudicando") eta bestetik, formazko akatsengatikoa ("in procedendo"). Indarrean dagoen PZLk binomio hau hautsi egiten du eta bigarren kasazio modalitatea errekurtso berri batera bideratzen du, jakina den bezala: prozedurazko arau-hausteagatiko ez-ohiko helegitea. Beraz, egun indarrean dagoen legediari begira, kasazio helegitea soilik tarteratu daiteke arau material bat hautsi egin denean, komuna edo autonomikoa. Beraz, kasazio helegiteak Probintzia Auzitegiak emandako epaia errekurrituko du, bere baliogabetzea eskatuz, beti ere errekurtsoaren bidez epaileak, arau materiala zehazterakoan, interpretatzerakoan edo egitateei aplikatzerakoan izan dituen akatsak adieraziz (PZLko 477.1. art). Prozedurazko arauak izan daitezke errekurtsoaren arrazoiaren parte ere, baina beti kasazio materialarekin batera aurkezten badira, hots, arau materialen urratzearekin lotuta. Bestela ez da kasazio helegitea onartuko. Izatez, ikusi den bezala, PZLko 16.1.1. Azken Xedapenak zehazki aurreikusten du autonomi erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusiek ezagutu behar dituzten kasazio helegiteetan posible dela prozedurazko arau-hausteengatiko ez-ohiko helegitea gehitzea, nahiz eta honek, printzipioz, BJLOko 56.1. artikuluaren xedapena urratu. Praktikan, beraz, prozedurazko arau-hausteak ere ikus ditzake JANk, beti ere kasazio materialarekin batera aurkezten badira (PZLko 469. artikuluak zerrendatzen dituen kausak oinarri hartuta). Eta, guri dagokigunez, urratutako prozedurazko arauek, berezko Zuzenbide autonomikoa osatzen badute, EK-ko 149.1.6. artikuluari jarraiki.

Printzipio orokor gisa, kasazio helegitea dela medio errekurrigarriak dira, bigarren instantzian Probintzia Auzitegiek emandako epaiak; ez, aldiz, autoak edo auto gisa atera beharko liratekeenak, lehenengo instantzian emandakoaren arabera. Epai errekurrigarri haien baliokide izango dira atzerriko epaien onartzearen eta exekuzioaren kontrako errekurtsoak askatzen dituzten ebazpenak, 1968ko abenduaren 27ko Bruselako Hitzarmenaren arabera.

Baina Probintzia Auzitegiek apelazioan emandako epai guztiak ez dira kasazioan errekurrigarriak izango. Hala, EZLko 477.2. artikuluan aipatzen diren hiru kausetariko batek egon behar du helegitearen oinarrian: (1) Oinarrizko eskubideen babes judiziala bermatzeko prozesuetan ematen badira, EK-ko 24. artikuluan jasotakoa kenduta; (2) Auziaren objektuaren kantitateak 150.000 euro gainditzen baditu; (3) Helegitea ebazteak kasazio-interesa agertzen badu. Hiru kasu hauek ez dira euren artean bateragarriak. Errekurritzekotan, hiru arrazoietatik bakarra hautatu beharko du interesdunak eta, behin aukeratuta, Auzitegiak ezin izango du beste batekin ordezkatu edo beste kausa batera bideratu.

Halaber, EZLko 477.3. artikulua arduratzen da kasazio-interesa noiz agertzen den zehazteaz. Helegite batek kasazio-interesa izango du:

1) Errekurritutako epaiak Espainiako Auzitegi Gorenak emandako jurisprudentzia-doktrinaren kontra egiten badu [gutxienez EAGren bi epai aipatu beharko dira helegitean eta errekurritutako epaiak zein puntutan eta zentzutan urratzen duen jurisprudentzia hori];

2) Errekurritutako epaiak jorratzen dituen aspektuekiko Probintzia Auzitegien jurisprudentzia kontraesankorra badago [Probintzia Auzitegi ezberdinei buruz ari gara, edo eta Auzitegi bera osatzen duten bi atal ezberdinek emandakoak; bakoitzeko bi epai irmo beharko dira, aspektu juridiko jakin bati buruzko jurisprudentzia jasotzen dutenak eta helegitean kontraesana zein den argi azaldu beharko da, kasuak antzekoak izanik] edo eta bost urte baino gutxiago indarrean daramaten arauak aplikatzen baditu eta, azken kasu honetan, ez balitz egongo oraindik Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarik eduki bereko edo antzeko aurretiazko arauekiko [dies a quo: araua indarrean sartzen deneko data; dies ad quem: errekurritutako epaiaren data];

3) Kasazio helegitea autonomia erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezagutu behar badu, kasazio-interesa egongo da, baita ere, errekurritutako epaia Auzitegi horren jurisprudentzia-doktrinaren kontrakoa bada edo eta doktrinarik ez badago, autonomia erkidego horrek duen berezko ordenamendu zibilari bagagozkio. Gogora dezagun, puntu honetan, EZLko 478.1.II. artikuluak dioena: Zuzenbide zibilari bagagozkio, kasazio helegitea ezagutzeko eskumena Espainiako Auzitegi Goreneko Lehenengo Salak dauka. Hala ere, autonomia erkidegoetako Justizia Auzitegi Nagusietako Zibil eta Penal Salek kasazio helegitea ezagutu ahal izango dute, beti ere, helegitea, epaiak autonomia erkidego horren berezko ordenamendu zibila osatzen duten arauak urratu dituelako tarteratu bada, eta autonomia estatutuan eskumen hori aurreikusi bada.

Laburbilduz, beraz, kasazio helegitea honako kausak direla medio aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusietan:

1) Auziaren objektuaren balioak 150.000 euro gainditzen baditu, eta ohiko epaiketaren objektua izan bada. Ezingo dira kasazio bidez ebaluatuezineko kantitateei buruzko epaiak errekurritu, ahozko prozeduran edo prozedura berezietan eman direnean. Azken hipotesi hauek soilik eskuratuko dute kasazioz errekurritzeko bidea, kasazio interesa baldin badute. Autonomia Erkidegoek kasazio gutxiago ezagutu ditzaten ahalbidetzen duen neurria edo filtro argia litzateke honako hau, berezko Zuzenbide zibila osatzeko eta berrindartzeko traba teknikoa, alegia.

2) Kasazio interesa baldin badu auziak, hots: 1) Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia urratzen badu; 2) Probintzia Auzitegien jurisprudentzia batasuna hautsi egiten badu; 3) Bost urte baino gutxiago indarrean daramaten arauak badira errekurritutako epaiarekin urratu direnak.

3) Zuzenbidea autonomikoaren corpusa osatzen duten prozedurazko arauak ere errekurri daitezke ez-ohiko prozedurazko arau-hausteagatiko helegitearen bidez, baina beti ere kasazioz errekurrigarriak diren epaiekiko, hots, arau-hauste material bati lotuta agertzen badira.

Hala ere, badago Legearen intereserako helegitea ere, Ministerio Fiskalak tarteratu dezakeena Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean, kasazioaren supostuetan sartu ezin diren bigarren instantzietan emandako epaien aurka, hark jurisprudentzia-doktrina bateratua eman dezan.

  • ASUA GONZÁLEZ, C. I., GIL RODRÍGUEZ, J. eta HUALDE SÁNCHEZ, J. J.: "Situación actual y perspectivas de futuro del Derecho civil vasco", Derechos Civiles de España, I, Rodrigo BERCOVITZek eta Julián MARTÍNEZ-SIMANCASek zuzendua, Aranzadi, Iruñea, 1999.
  • AYERBE IRIBAR, M. R.: "La administración de justicia en los territorios vascos", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, LVI-1, 2000, 5-51. orr.
  • BEOBIDE EZPELETA, I. M.: "Prieto y la autonomía vasca: Un problema de Estado", Estudios de Deusto, XXX/1, 1982, 9-69. orr.
  • BERCOVITZ RODRÍGUEZ-CANO, R.: "Casación foral", Aranzadi Civil, 12/2005, Iruñea, 2005.
  • BERCOVITZ RODRÍGUEZ-CANO, R.: "La conservación, modificación y desarrollo de los derechos civiles forales o especiales allí donde existan", Derecho Privado y Constitución, 1, 1993, 15-82. orr.
  • BONET NAVARRO, A.: "La reforma de la casación. Efectos en la función casacional de los Tribunales Superiores de Justicia", Revista Aragonesa de Administración Pública, 1993, 3, 4. eta h. orr.
  • CASTELLS, J. M.: "El Derecho público vasco desde 1876 hasta el Estatuto de Gernika. Conciertos Económicos y Autonomía", Euskal Herria, Caja Laboral Popular, Donostia, 1985.
  • CELAYA IBARRA, A.: Tradición y Modernidad. De los Fueros a los Estatutos, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Bizkaiko Batzordea, Bilbo, 1994.
  • CLAVERO SALVADOR, B.: "Fuero en tiempos de Constitución: una suerte de federalismo", Jornadas sobre la actualización de los Derechos Históricos Vascos, UPV-EHU, Bilbo, 1986, 237-251. orr.
  • DELGADO ECHEVERRÍA, J.: "Los derechos Civiles Forales en la Constitución", RJC, 3, 1979, 145 eta h. orr., eta "Doctrina del Tribunal Supremo sobre la competencia legislativa autonómica en materia de Derecho Civil", Revista Aragonesa de Administración Pública, 4, 1994, 361. eta h. orr.
  • ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ, J. eta J. C.: "La estructura foral-judicial de Vizcaya en el Antiguo Régimen", II Congreso Mundial Vasco, Congreso de Historia de Euskal Herria, III, Txertoa, Donostia, 1988, 51-61. orr.
  • ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I.: "Génesis del Estatuto General de Estado Vasco de Eusko Ikaskuntza", Eusko Ikaskuntza, Saileko Koadernoak, Zuzenbidea, 4, 1989, 97. eta h. orr.
  • GIL RODRÍGUEZ, J.: "Qué son los Derechos civiles forales", La Tierra de Ayala, Actas de las Jornadas de Estudios Históricos en conmemoración del 600 Aniversario de la construcción de la Torre de Quejana, Arabako Foru Aldundia, 2001, 285. eta h. orr.
  • GÓMEZ RIVERO, R.: "Breve síntesis histórica de la administración de justicia en los Territorios Históricos Vascos y en el Reino de Navarra", Revista Vasca de Derecho Procesal, I-1, 1987, 25. eta h. orr.;
  • GOTI ORDEÑANA, J.: "La cláusula eclesiástica en el Estatuto de Estella", La Sociedad de Estudios Vascos y el Estatuto de Estado vasco de 1936, Eusko Ikaskuntza, Saileko Koadernoak. Zuzenbidea, 4, 1989, 115-151. orr.
  • GOYHENECHE, E.: "Fueros e instituciones de Zuberoa", Amigos del País hoy, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Bizkaiko Batzordea, Bilbo, 1982, 35-37. orr.
  • GOYHENECHE, M.: "Goi Nafarroatik Behe Nafarroara", Eusko Ikaskuntza, Historia-Geografia Koadernoak, 11 (1989), 33-38. orr.
  • GOYHENECHE, M.: "Les institutions de la Monarquie navarraise en la genese du For moderne de Basse Navarre", Eusko Ikaskuntza, Jornadas sobre Cortes, Juntas y Parlamentos del Pueblo Vasco, Saileko Koadernoak, Zuzenbidea, 6 (1989), 103-107. orr.
  • LALINDE ABADÍA, J.: "La foralidad de francos", Actas de la Reunión Científica "El Fuero de Logroño y su época" (Logroño 26-28 abril 1995), Logroño, 1995.
  • LARRAZABAL BASAÑEZ, S.: Derecho público de los territorios forales, IVAP, Oñate, 2004.
  • LÓPEZ BASAGUREN, A.: "Errepublika garaiko Euskal Herriko Autonomiaren ezaugarriak eta 1979ko Estatutua", Revista Vasca de Administración Pública, 11, 1985, 133-188. orr.
  • LORCA NAVARRETE, A. M.: "Derecho procesal y foralidad vasca", Revista Vasca de Derecho Procesal y Arbitraje, 1996, 8. liburukia, 3. koadernoa, iraila, 396-403. orr.
  • LORCA NAVARRETE, A. M.: El Derecho procesal en el Fuero Vasco, Dykinson, Madril, 1995.
  • LUCAS MURILLO DE LA CUEVA, E.: "El poder ejecutivo en el Proyecto de Estatuto de la Sociedad de Estudios Vascos", La Sociedad de Estudios Vascos y el Estatuto de Estado vasco de 1936, Eusko Ikaskuntza, Saileko Koadernoak. Zuzenbidea, 4, 1989, 181-195. orr.
  • MONREAL ZIA, G.: "La evolución histórica de la Administración de Justicia en los Territorios Vascos Occidentales", Tamayo Salaberria (Koord), Justicia y Autogobierno. Jornadas Internacionales celebradas en Donostia el 11 y 12 de febrero de 2000, Donostia, 2001, 64-84. orr.
  • RODRÍGUEZ CABAJO, J. R.: "Los recursos de casación en el Estatuto de Autonomía de Cataluña", Actualidad Adminitrativa, 20. zkia, Kasazioaren Oinarrien Atala, Azaroak 16-30, 2009, II. liburukia, La Ley, 2.481. eta h. orr.
  • SALINAS QUIJADA, F.: "La Administración de Justicia en el Reino de Navarra", El Tribunal Superior de Justicia de Navarra, Separata, Eusko Ikaskuntza, Abokatuen Bazkuna, Iruñea, 1989.