Kontzeptua

Ondasunen foru-komunikazioa

Egun indarrean dago Eusko Legebiltzarrak onartutako 3/1992 Legea, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzkoa (aurrerantzean EHFZZL); lurralde-aplikazio eremua mugatua duena, Bizkaiko zati handi bati eta Arabako zenbait udalerriei zuzendua. Lege hau 1999ko azaroak 26ko Legeak osatu zuen, Gipuzkoako araudia jasoz. Hala ere, kontuan hartu behar da Gipuzkoan ez dagoela ezkontzaren eraentza ekonomikoari buruzko berezko araurik. Hori dela eta, Gipuzkoan Kode zibila aplikatuko da ezkontzaren eraentza ekonomikoari dagokionez.

Bizkaiko eta Arabako Foru-zuzenbidean, ezkontideen ordezko eraentza ekonomikoa ondasunen foru-komunikazioa da. Instituzio hau Bizkaiko Jaurerriko Foruetan jaso egin zen XV eta XVI. mendeetan (Foru Zaharra eta Foru Berria, hurrenez hurren). 1959an Bizkaiko eta Arabako Foru-zuzenbide zibilari buruzko Konpilazioa onartu zen, eta bertan aztertzea dagokigun instituzioa arautu egin zen, 1526ko Foru Berriak ezarritakoari jarraiki. Gaur egun, EHFZZLko 93-111 artikuluetan arautzen da. Nahiz eta instituzio hauek arautzen dituen Legeak (Eusko Legebiltzarrak onartutako 3/1992 Legea, uztailaren 1ekoa), "Euskal Herriko" Foru-zuzenbide zibila aipatu, ondasunen foru-komunikazioa Bizkaiko eta Arabako Zuzenbideak arautako berezko figura da, Bizkaiko Lur lauan aplikagarri suertatzen dena (Kode zibilpean geratzen diren hiribilduak kanpo utziz, adb. Bilbo), eta baita Arabako udalerriak diren Laudio eta Aramaion (Legearen 5. eta h. artk.; eta 146. art.).

Bizkaiko eta Arabako Foru-zuzenbide zibilaren eremupean jasotako arauen aplikagarritasuna, ezkontzaren ondarezko efektuei dagokienez, Kode zibileko 9.2. artikuluak ezarritakoak bideratzen du. Arau hau Espainiako Nazioarteko Zuzenbide pribatuko xedapena da eta Espainian indarrean dauden ezkontza eraentza ekonomikoen aplikagarritasuna finkatzen du; baita beste herrialdeetan arautzen direnena ere. Hala ere, EHFFZLk 94. artikuluan gai hau erregulatzen du. Azken arau honen edukia KZeko 9.2. artikuluarenaren antzekoa da, baina ezberdintasunak badaude bien artean. KZeko 9.2. artikuluak ahalbidetzen du ezkontideek (auzotartasun zibila ezberdina badute) erabakitzea (muga batzuekin), "agiri autentikoan", euren ezkontzari aplikagarria izango zaion araudia. Aukera hori ez du EHFZZLko 94. artikuluak aurreikusten.

Bizkaian, Foru-zuzenbidepean eta Kode Zibilpean dauden lurraldeen arteko gertutasun geografikoa dela eta, maíz ezkontza "mistoak" sortzen dira (ezkontide batek auzotartasun foruduna dauka eta besteak forugabea). Kasu hauetan, aplikagarria izango den legedia erabaki beharra dago. Arazoak barne edo kanpo mailakoak izan daitezke, baldin eta Espainiako Zuzenbideen eremuan edo eta atzerriko ordenamenduekiko ematen baldin bada aipatutako dikotomia. Barne mailako arazoei gagozkiola, gatazkak erkidego-barnekoak edo erkidegoen artekoak izan daitezke, baldin eta autonomía erkidego beraren baitan dauden ordenamenduen artean edo eta autonomía erkidego ezberdinetan indarrean dauden artean sortu badira.

Foru-komunikazioa bera aztertzen hasi baino lehen, ezkontideen arteko ondarezko harremanei buruzko printzipio orokorrak aipatu behar dira. Eremu honetan, printzipio garrantzitsuena hauxe da: ezkontideek duten askatasuna ondasunen eraentza finkatzeko. Printzipio honen arabera, ezkontideek ezkontzari aplikagarri suertatuko zaion eraentza aukera dezakete, ezkontza ospatu aurretik edo ostean, EHFZZLko 93.1. artikuluaren arabera. Aukera hau egikaritzeko, beharrezkoa da ezkontza kapitulazioak erabiltzea (93.1 eta 2. art). Horrek esan nahi du, Bizkaiko eta Arabako Foru-zuzenbidepean dauden pertsonek ez dutela, derrigorrez, foru-komunikazioa aukeratu behar, komunitate-eraentza izaki. Irabazpidezko eraentza edo eta banaketakoa hautatu dezakete, baina, orduan, Kode zibila aplikatuko zaie ordezko araudi den heinean, EHFZZLk ez baitu horrelako eraentzarik erregulatzen.

Halaber, posible da foru-komunikazioaren aspektu batzuk aldatzea. Hala, ezkontideek ondasun bat edo batzuk komunitatearen eremutik atera ditzakete edo eta legez ezarrita dagoen likidazio sistema aldatu.

Legeak bakarrik jaso egiten du ezkontza-eraentza askatasunez aukeratzeko printzipioa, baina askatasun horrek baditu muga zehatzak. Muga hauetariko batzuk arau bakanetan jasotzen dira, bai euskal Legean baita Kode zibilean ere; eta beste batzuk ezkontzaren eraentza ekonomikoaren egiturari erreparatuta antzematen dira, bai orokorrean baita foru-komunikazioari soilik begiratuta ere.

Ondasunen foru-komunikazioa definitzekotan, berau ezkontzaren eraentza ekonomikoa dela esan beharra dago, zeinaren bidez komunitate bat eratzen den ezkontideen ondasun guztien gainean, ondarezko masa ezberdinez osatua, batera kudeatua eta, disoluzio, likidazio eta partizio fasean sistema alternatibo bati lotutakoa, funtsean, aktiboari dagokionez.

Ezkontzaren eraentza ekonomikoa den heinean, ondasunen foru-komunikazioaren baitan hiru elementu bereiz daitezke:

  1. Komunitate-eraentza da. Ezkontideen ondasunek ondarezko masa bakarra osatzen dute eta masa horren titulartasuna biei dagokie, ondasunen komunitate gisa konfiguratzen baita, nahiz eta sozietatearen berezko ezaugarri batzuk izan. Zehazki, ezkontza-lotura indarrean dagoen bitartean, foru-komunikazioak komunitate unibertsal baten funtzionamendua dauka, berezitasun batzuekin, sui generis komunitate unibertsala baita.
  2. "Unibertsaltasunaren" aldeko joera dago. Aipatu komunitate unibertsalean ezkontideen ondasun guztiak sartzen dira, EHFFZLko 95.1. artikuluak dioenari jarraiki: Foru-komunikazioaren bidez ezkontideek erdibana izango dituzte ondasun mugiezin edo mugikor guztiak, ondasunon jatorria dena delakoa dela, batenak zein bestearenak izan, berdin ezkontzara bakoitzak ekarritakoak zein ezkontzan zehar irabazitakoak, ondasunok dauden lekuak zerikusirik ez duela.
  3. "Alternatibotasun" faktorea ere badago. Ezkontza ospatzen den momentutik aurrera sortzen den komunitate unibertsalak ez du modu berean funtzionatzen ezkontzak dirauen bitartean. Izan ere, ezkontzak biziko dituen inguruabarren arabera, komunitate ezberdinen aurrean aurki baikaitezke berau osatzen duten ondasun kopuruari begira:
  4. Eraentza finkatzen da. Ezkontza lotura disolbatu egiten bada ezkontide bat hil delako, seme-alaba komunak egonik, komunitateak izaera unibertsala izango du; hau da, ezkontideen ondasun guztiak, bai kostubidez eskuratutakoak (soldatak, enpresazko irabaziak, etab...), baita dohainez eskuratutakoak ere (oinordetzak, dohaintzak, etab...), komunitatean sartuko dira eta erdi bana zatituko dira ezkontide alargunaren eta hildako ezkontidearen oinordekoen artean. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 1994-4-12ko epaiak zioen bezala (RJ 1997/2732), ezkontide bati dohainik emandako ondasunek (kasu hartan balio handiko dotea) foru-komunikazioa osatzen dute ezkontza ondorengotza edukita disolbatzen bada.
  5. Eraentza ez da finkatzen. Aldiz, ezkontza ezkontide baten heriotza dela eta disolbatzen bada, ondorengorik gabe, edo eta beste kausa bat dela medio amaitzen bada lotura, adibidez banaketa edo dibortzioa dela eta, komunitatea irabazitako ondasunetara mugatuko da, ezkontide bakoitzak ezkontzara ekarritako ondasunak eta dohainik eskuratutakoak kanpo utziz. Dibortzio kasuetarako, ez dago ezkontideen artean inolako parte hartzerik elkarbizitzarekin inolako harremanik ez duten ondasunei dagokionez, "familiako ondasunen" kasua, esaterako. Alternatibotasun hau, badiot, disoluzio eta likidazio faseetan ematen da; baina bere garrantzia ere badu eraentzak indarrean dirauen bitartean, bi likidazio moduak ahalbidetu behar baitira.

Ondarezko masak.

Nahiz eta, printzipioz, ezkontideen ondasun guztiak komunitate bakar baten baitan bildu, horrek ez du esan nahi ondasunen arteko ezberdintasun guztiak ezabatzen direnik, eraentza finkatzen den ala ez kontuan hartuta, posible baita berau zatitzea. Horregatik, esan dezakegu ezkontza-loturak indarrean dirauen bitartean sui generis komunitate unibertsal baten aurrean gaudela. Ondasun masak ezberdintzea Legearen 97. artikuluak aurreikusten du:

"Foru-komunikazioan, irabazitako eta ezkontide bakoitzak ekarritako ondasunen arteko bereizkuntza, legeria zibil orokorrak irabazpidezko ondasunetarako eta bakarrekoetarako ematen dituen arauei jarraituz egingo da."

Finean, eraentza indarrean dagoen bitartean, hiru ondasun masa bereizten dira, eta euren konposaketa Kode zibilak irabazpidezko ondasunen eta ondasun pribatiboen artean egiten duen bereizketa berak zehazten du: 1) Irabazitako ondasunak; 2) Emaztearen ondasun pribatiboak; 3) Senarraren ondasun pribatiboak.

Zergatik bereizten dira hiru ondasun-masa, ordea, komunitate unibertsal baten aurrean bagaude? Erantzuna ulergarria da dibortzioaren hipotesia abiapuntu hartuta. Kasu honetan, esan dudan bezala, eraentzaren likidazioa komunitatea irabazpidezkoa balitz bezala egiten da. Ezkontide bakoitzak berreskuratzen ditu ezkontzara ekarritako ondasunak eta dohainik eskuratutakoak. Operazio hau egiteko, beharrezkoa da ezkontzak indarrean dirauen bitartean ere, ondasun mota ezberdinak bereiztea. Bestela, likidazio fasean ez genuke jakingo ondasun bakoitzak zein izaera duen, pribatiboa edo irabazpidezkoa. Gainera, ezkontzak indarrean dirauen bitartean, eta likidazio eta banaketa sistema posibleak kontuan hartuz, kudeaketari eta zorrengatiko erantzukizunari buruzko arauak ez dira berdin-berdinak izango irabazitako ondasunei edo eta pribatiboei bagagozkio.

Komunitatetik baztertutako ondasunak.

Printzipioz, komunitateak "unibertsaltasun" joera daukala jakina da. Hala ere, aipatu beharra dago ondasun zehatz batzuk komunitatetik kanpo geratzen direla (nahiz eta komunikazioa finkatu eta ezkontideen ondasun "guztiak" bertan bildu). Bazterketa hori bi arrazoi dela medio gerta daiteke: lehenik, ondasun batzuen izaerak berak ekiditen du beroiek komunitate baten baitan kokatzea (kasu honetan, komunitate unibertsala). Ondasun hauek pertsonari atxikitakoak dira, adibidez, nortasunaren ondasun bat urratzeagatik jasotako kalte-ordaina. Bigarrenik, kontuan hartu behar da interesdunen borondateak (ezkontideenak zein hirugarren pertsonenak) ondasun batzuk komunitatetik kanpo geratzea ahalbidetu dezakeela. Posible da, beraz, ezkontideek ezkontza-kapitulazioetan ituntzea, adibidez, emazteak oinordetza bidez eskuratutako etxebizitza haren ondare pribatiboan geratzea, nahiz eta gerora eraentza finkatua gelditu.

Foru-komunikazioari dagokionez, bizitza aseguruaren arazoa jartzen da mahai gainean. Zein puntu arte da onargarria bizitza aseguru baten bitartez ezkontideen ondasun guztien gainean legez ezarritako banaketa eraentza ekiditea edo desbideratzea? Neurri batean, bizitza aseguru bat kontratatzeak ezkontide bat onuraduna izanik, banaketatik erdibana ondasun batzuk baztertzea ekar dezake, foru-komunikazioaren eraentzaren ideia orokorraren aurka. Hala ere, badaude pisuzko argudioak bizitza aseguruak onargarriak direla estimatzeko, beti ere ezkontideek familiari ziurtasun ekonomikoa eskaintzearren burutzen badituzte. Bizitza asegurua aurreikuspeneko egintza gisa konfiguratzen da, baina ez luke efektu hori lortuko eraentzaren banaketan sartu beharko balitz ezkontide alargunak -aseguruaren onuradun gisa- jasotako ordaina.

Printzipio orokorra.

Foru-komunikazioaren eraentzan abiapuntu gisa hartzen da ezkontideen ondasunak kudatzeko bion baimena galdatzea, ondasunok irabazitakoak nahiz ezkontide bakoitzak ekarritakoak izan. Legegileak printzipio hau era zabalean jasotzera jo du, EHFZZLko 99 eta 101. artikuluek islatzen duten bezala. Bereziki esanguratsua da ezkontideenak diren ondasunak xedatzeko derrigorrez bion baimena behar izatea (99.1. art). Horrek esan nahi du, bi ezkontideen baimena beharko dela baita ere ezkondu aurretik ezkontide batenak ziren ondasunak eta gerora berak dohainik jaso dituenak xedatzeko. Bi ezkontideen baimena galdatzen duten egintzen artean ezkontide bakar baten ondasun bat erosteko aukera baten emakida egongo litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 1995-9-7 epaiak adierazi zuen bezala (RJ 1997/2873). Hala ere, onartu egiten da ezkontide batek bestea ordezkatuz jardutea edo eta ezkontide batek besteak eginiko egintzak "ondoren" berrestea.

Ezkontideek bakarka jarduteko dituzten esparruak.

Nahiz eta foru-komunikazioaren ardatza kudeaketa bateratua izan, aitortu egiten zaizkie ezkontideei bakarka aritzeko zenbait esparru: 1) Ezkontide bakoitzaren ondasunen administrazioa (100. art); 2) Dirua eta balio higikorrak xedatzeko egintzak (99.3. art); 3) "Mortis causa" xedatzeko egintzak ; 4) Ondasunak eta eskubideak erostea eta eskuratzea; 5) Ezkontide bakoitzaren kreditu eskubideak norberak egikaritzea; 6) Enpresa jarduera baten eremupean ondasunak xedatzea, gutxienez komertzioari dagokionez (MKko 6. Art); 7) Ezkontide baten onuran eskainitako jaraunspena onartzea eta dagozkion banaketa operazioak egikaritzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 1999-7-7 epaiak dioen bezala (RJ 1999/5607).

Ezkontideen zorrei gagozkiola, jarduera bateratuaren printzipioa ez da zorrotz jarraitzen. Euren askatasun pertsonala eta ondarezkoa egikaritzean, edozein ezkontidek aurrera eraman ditzake, bere kabuz, zorrak dakartzaten egintzak. Adibidez, ezkontide batek delitu bat egiten badu, bere gain erantzukizun zibila sortuko da, nahiz eta beste ezkontidearen baimenik gabe jokatu. Garrantzitsuena, beraz, egintza juridiko horietatik eratorritako ondorio juridikoak dira, hots; zorrak sortu ostean, eurekiko ezkontideen zein ondasunek erantzungo duten zehaztea.

Bizkaiko eraentzan, komunitatearen pasiboa zein den zehazteko hainbat irizpide hartu behar da kontuan, ezkontideei dagozkien zorrak egituratzearren. Irizpide horien artean bi aipatu daitezke: lehenik, zorra bakarka edo batera sortu den; eta, bigarrenik, zorra zein motatako gastuari dagokion. Bi irizpideok konbinatuta, bost motatako zorrak aurki daitezke:

  1. Ezkontzaren kargak, esanbidez EHFZZLko 98. artikuluak aipatzen dituena.
  2. Bi ezkontideek batera sortutako zorrak.
  3. Bakarka sortutako irabazpidezko zorrak.
  4. Ezkontide bakoitzaren zor pribatiboak.
  5. Ezkontza ospatu aurretik sortutako zorrak edo dohaintza zein oinordetza dela medio sortutakoak.

Ezkontzaren kargei dagokionez -EHFZZLko 98. artikuluan arautuak-, esan beharra dago 1992ko uztailaren 1eko Legeak ez dituela definitzen. Horregatik, derrigorrezkoa suertatzen da ordezko Zuzenbidera jotzea, eta, bereziki, Kode zibileko 1.362.1. artikuluak dionera. Doktrinaren iritziz, artikulu honek jasotzen du ezkontzaren kargen kontzeptua. Ez dira ezkontideen zor komun guztiak, baizik eta elkarbizitzari zuzenki lotuta agertzen direnak. Hori dela eta, legegileak zor hauen aurrean erantzukizun sistema zorrotza ezarri egin du.

Erantzukizun maila bi daude ezkontzaren kargei dagozkien zorren aurrean: irabazitako ondasunen erantzukizun zuzena eta ezkontide bakoitzarenak diren ondasun pribatiboen ordezko erantzukizuna. Azken hauen erantzukizuna ezkontide bakoitzaren ondarearekiko proportzionala da, gainera. Beraz, ondasun gehiago dituen ezkontideak gehiago ordainduko du zor hauen aurrean. Sistema hau zuzena dirudien arren, dakartzan zailtasun praktikoak agerikoak dira.

Bigarren taldeko zorrak ezkontideek batera edo batak bestearen oniritziarekin sortutakoak dira. Euskal Legeak ez ditu aipatzen. Hala ere, zor hauen gaineko erantzukizun sistema honako hau izango da: ezkontideen ondasun guztiek erantzungo dute euren aurrean. Bi ezkontideek sortu badituzte zor hauek, logikoa da biek erantzun behar izatea.

Betebeharren hirugarren multzoa ezkontide bakar batek sortutako zor komunek osatzen dute. Dirudienez, EHFZZLk ez ditu zor hauek aurreikusten eta, Legearen 102. artikuluari jarraiki, pentsa genezake, gainera, zor horiek eragin dituen ezkontidearen zor pertsonalak direla, araua beste ezkontidearen baimenik gabe egindako zorrak eta betebeharrak aipatzen baititu. Euskal Legearen azaleko analisi bat egingo balitz, pentsa liteke Bizkaiko Zuzenbideak faktore subjektiboa bakarrik hartzen duela kontuan, hau da, ezkontideetatik zeinek eragin duen zorra. Hala, ezkontide bakar batek bere kabuz sortu badu zorra, erantzukizuna ez da izango zor komunentzat aurreikusitakoa. Era berean, soilik bi ezkontideek parte hartzen dutenean zorraren sorreran izango du hark izaera komuna. Ondorio hau ez da zuzena.

Suposa dezagun ezkontide bat dentista dela. Komunitate-eraentzaren eraginez, bere jarduera profesionaletik jasotako irabaziak komunak egingo dira, ondasun irabaziak baitira. Beraz, bere profesioa egikaritzen badu alokatutako pisu batean eta atzeratutako errentak ordaindu behar baditu, ez litzateke logikoa izango zor hori komuna izatea? Hipotesi honi eta beste batzuei "ubi emolumentum ibi onus" latinezko esapidea aplikatu beharko litzaieke.

Euskal Legearen 102.2. eta 109.3 artikuluetatik zera ondoriozta daiteke: familiaren interesa ukitzen duten esparruetan ezkontide bakar batek eragindako zorrak komunak izango dira. Bestalde, Legearen 98. artikulua aipatu beharra dago, ezkontzaren kargei buruzkoa; izan ere, arau horrek ez baititu derrigorrez lotzen zor komunak soilik bi ezkontideek eragindakoekin. Are kontrakoa. Arau horretatik bi ondorio atera daitezke: lehenik, ondare komuna lotzeko ez dela beharrezkoa bi ezkontideek batera jardutea; eta, bigarrenik, gastuaren kausari erreparatu behar zaiola erantzukizun sistema zein izango den zehazteko.

Gogoeta hauek kontuan hartuta, beraz, adierazi daiteke irabazpidezko sozietatearen baitan zor komunak direnak foru-komunikazioan ere zor komunak izango direla. Talde honetan komertzioa egikaritzetik eratorritako zorrak ere barnebiltzen dira.

Laugarren taldea ezkontide bakoitzaren zor pertsonalek osatzen dute, hurrengo atalean sakonki aztertuko ditugunak.

Bosgarren eta azken taldea zor pertsonal mota "berezi" batzuk osatzen dute: ezkondu aurretik ezkontide batek eragindako zorrak eta oinordetzak zein dohaintzak grabatzen dituztenak. Printzipioz, zor hauek ez dute komunitatean eraginik izango eta, horregatik, ezkontide bakoitzaren zor pertsonal gisa kontsidera daitezke. Adibidez, suposa dezagun senarrak mailegu bat eskatu zuela Zuzenbide ikasketak burutzeko ezkongabea zenean. Komunitatea gerora sortu denez, zor hori eragin zuen ezkontidearena izango da soilik. Gauza bera esan daiteke emaztea ukitzen duen oinordetza grabatzen duten zorrei buruz. Printzipioz, izaera pertsonala dute.

Euskal Legearen 102. artikulua konplexua da. Ezkontide baten zor pertsonalei aurre egiteko kanpo-erantzukizun sistema bat diseinatzen du, funtsean, zor pertsonalengatiko erantzukizuna mugatzea helburu izanik. Zailtasun praktiko gehien sor ditzakeen afera dugu hau, Legeak iluntasun nahiko uzten baititu agerian eta supostu oso gatazkatsua baita.

Zehaztu beharreko lehenengo kontzeptua zor pertsonalei dagokiena da. EHFZZLk ez digu esaten noiz gauden mota honetako zor baten aurrean. Legegilea 102. artikuluak aurreikusten duen sistema ezkontide batek bestearen baimenik gabe eragindako zorrari aplikatuko zaiola adieraztera mugatzen da. Baina, ikusi dugun bezala, irizpide subjektiboa ez da nahikoa zorraren izaera zehazteko; hala azpimarratzen du Bizkaiko Probintzia Entzutegiak 1992-5-15 epaian (AC 1992/680). Zehaztea, beraz, bazterketaren bidez gauzatuko da; zor komunak edo irabazpidezkoak zeintzuk diren definitu ondoren, beste guztiak zor pertsonalak direla adieraztea nahikoa izango da. Azken hauen adibide dira hurrengo hipotesiak: delitu batetatik eratorritako erantzukizuna, administraziozko urratze batetik sortutakoa, kontratuz kanpoko zorrak -beti ere komunitateari onurarik ez badakarkiote-, edo eta interes pertsonal soilak gidatuta eragindakoak, adibidez, masaje etxe batean eginiko gastuak.

Indarrean dagoen sisteman, 102. artikuluko lehenengo erregelak zera dio: "Zorpetu ez den ezkontidearen ondasunak beti geratuko dira erantzukizunetik kanpo". Horrek esan nahi du ezkontide baten zor pertsonalengatik ez dutela inoiz beste ezkontidearen ondasun pribatiboek erantzungo: hau da, ezkondu aurretik zituen edo eta dohaintza zein oinordetza bidez eskuratutakoak.

Artikulu horren arabera, zor pertsonalengatiko bahitura zorduna ez den ezkontideari jakinarazi behar zaio. Honek hiru aukera ezberdin ditu eskura: 1) Lehenik, bahitura eta ondasunen exekuzioa baimendu dezake, dena delakoa izan bere izaera eta kopurua. 2) Bigarrenik, ondasunen foru-komunikazioa disolbatzea eska dezake. 3) Eta hirugarrenik, nahiz eta aukera hau eztabaidagarria den, eska dezake bahitura zorpeko ezkontidearen ondasun pertsonalen eta irabazitako ondasun guztien balioaren erdira murriztea. Arauak, izatez, erantzukizunari buruz aritzean "zorpekoaren erdi komunikatua" aipatzen du. Erregela hauek Prozedura Zibileko Legeko 541. artikuluak aurreikusten duenarekin lotu daitezke, artikulu honek zor pertsonalengatik ondasun komunak bahitzen diren supostuetarako zorpekoa ez den ezkontideari eskaintzen baitio ezkontza-eraentza disolbatzeko aukera. Kasu horretan:

"auzitegiak, ezkontideei entzun ondoren, ondarearen banaketari buruz dagokiona ebatziko du, eta, bere kasuan, Lege honek xedatzen duenaren arabera burutzea erabakiko du, bitartean ondasun komunen gaineko exekuzioa etenaz".

Xedapen honek 1881eko Prozedura Zibileko Legepean sortutako zalantzak konpondu gabe uzten ditu.

Prozedurari berari bagagozkio, printzipioz, posible da komunitatearen likidazioa eta banaketa egitea: 1) Prozesuari gehitutako ezkontideen akordio bidez. 2) Kontrako kasuan, Prozedura Zibileko 806-810 artikuluak aplikatuko dira, edozein komunitatezko ezkontza-eraentza ekonomiko banatzeko prozedura finkatzen dutenak. Logikoena litzateke, exekuzioa daraman Epailearen aurrean hastea prozedura hau, eta honek ezkontideengan luzatzeko maniobrak atzemango balitu, berau bukatutzat jo lezake, ondasun komunen gaineko bahitura mantenduz.

Ikuspegi metodologiko batetik, ezkontza-krisialdiak deitutakoen (banaketa, dibortzioa edo deuseztasuna) eta foru-komunikazioaren arteko harremana, Kode zibilak araututako figura batzuen eta Foru-zuzenbide zibilak jasotako beste baten arteko harremana da. Hala, aipatu beharra dago Zuzenbide komunean eta Bizkaiko Zuzenbidean planteatzen diren arazoak eta hauei eskaintzen zaizkien konponbideak oso antzekoak direla. Lehenik, jakina den bezala, banaketa, deuseztasuna eta dibortzioari buruzko araudia Kode zibilean jasotzen da, EHFZZLk ez baitu halakorik arautzen, Espainiako Konstituzioak ezarritako eskuduntza banaketari jarraiki. Bigarrenik, Foru-komunikazioa bera irabazpidezko sozietate gisa konfiguratzen da banaketa, deuseztasun eta dibortzio kasuetan. Kode zibila aplikatuko zaio hipotesi horiei, Espainiako ordezko zuzenbide orokorra den heinean.

Foru-komunikazioak aurkezten duen berezitasunik nabarmenena, ziur asko, fase honetan ematen den alternatibotasuna da. Eraentza disolbatzeko kausaren bat existitzen denean, inguruabarren arabera, eraentza likidatzeko eta banatzeko bi modu daude: lehenengoa, komunitate unibertsal gisa eta bigarrena, irabazpidezko sozietate soil bezala.

Komunitatezko beste edozein ezkontza-eraentza ekonomiko disolbatzen den kausengatik disolbatzen da ere foru-komunikazioa. Kausen zerrenda Legearen 95. 2 eta 3. artikuluan jasotzen da: ezkontza krisialdiak (banaketa, deuseztasuna eta dibortzioa), ezkontza-kapitulazioak esleitzea eraentza aldatuz, eta judiziozko adierazpen zuzena ezkontide batek, ezkontza-ekonomiarentzat anormalak diren egoeratan, luzatutako eskaeraren ondorioz (beste ezkontidearen ezgaitasuna, izatezko banaketa, etab...). Kausa hauei gehitu beharko litzaieke ezkontide baten heriotza eta 102. artikuluan aurreikusten den zor pertsonalengatiko exekuzioa.

Komunitatea amaitzea

Disoluzio kausek eraentza amaitzea eragiten dute. Foru-komunikazioa arautzen duten xedapenak ez dira jada aplikatuko. Ezkontideek (edo euren oinordekoek) data horretatik aurrera eskuratzen dituzten ondasunak ez dira komunikatuko, euren titulartasuna pribatiboa izango baita. Disoluzio data da, beraz, komunitatean ondasun eta zor berriak sartzen ez direla erabakitzen duen inflexio puntua. Disoluzioaz geroztik sortzen den egoeran garrantzi handia dute, hala ere, kasuan ematen diren ukanbehar zehatzak. Aplikazio orokorreko erregelak ezarri badaitezke ere, supostu bakoitzean aurkezten diren berezitasunek pisu handia izango dute, printzipio orokorrak moldatzeko adinakoa. Inguruabar hauen artean azpimarragarria da foru-komunikazioa finkatzea edo ez finkatzea, baita komisarioaren existentzia, disoluzio kausa bera, ezkontza-ondarearen konposaketa, etab.

Foru-komunikazio ondorengo komunitatea

Disoluzioaz geroztik, ondare komuna osatzen duten ondasunak ez dira automatikoki ezkontide bakoitzaren (edo eta bere oinordekoen) ondare pertsonalera igarotzen. Lehenago, likidazio eta banaketa fase ireki egin behar da. Operazio hauek bukatu arte (maiz atzeratu egiten dira, adibidez, ezkontide alarguna hil arte), komunitate egoera juridikoa mantendu egiten da, nahiz eta disoluzio datatik aurrera ezkontideek (edo euren oinordekoek) eskuratzen dituzten ondasunek izaera pertsonala eduki. Egoera horri foru-komunikazio ondorengo komunitatea deritzo, eta foru-komunikazioa arautzen duten arauak ez diren beste batzuek erregulatuko dituzte haren kudeaketa eta zorrengatiko erantzukizun sistema.

Ondasunen foru-komunikazioaren likidazioa eta banaketa, aipatutako alternatibotasunari jarraiki, bi sistema ezberdinen arabera egingo da, eraentza bera finkatzen den ala ez kontutan hartuta: finkatze-sistema edo ez finkatze-sistema. Edozein kasutan, banatuko dena komunitate bat izango da, baina ez du hedadura bera izango eraentza finkatzen bada edo ez bada finkatzen. Eraentza finkatzen bada komunitatea unibertsala izango da eta eraentza finkatzen ez bada, mugatua. Horregatik, burutu beharreko operazioak baita aplikagarri suertatzen diren printzipioak ere berberak izango dira bi hipotesietan, berezitasun esanguratsu batzuk kenduta.

Banaketa operazioei dagokienez, aplikatuko zaizkie, lehenbizi, foru-komunikazioaren arau espezifikoak. Bigarrenik, euskal Legearen 102.2. eta Kode zibileko 1.410. artikuluek agintzen duten bezala, aplikagarri suertatuko zaizkie jaraunspen komunitatearen banaketa erregulatzen duten xedapenak. Erremisio hau Kode zibileko arau substantiboei egina dagoela ulertu beharra dago (EHFZZLk ez baitu halako xedapenik, 58, 63 eta 64. artikuluetan jasotakoa salbuetsiz). Prozedurazko arauei bagagozkio, kontuan hartu behar da Prozedura Zibileko Legean (806. eta h. artk) badagoela "ad hoc" prozedura bat ezkontza-eraentza ekonomikoa banatzeko, foru-komunikazioari erabat aplikagarria suertatzen zaiona. Prozedurak, ondo bereizitako bi fase ditu (jaraunspenaren banaketan baino bereiztuagoak): lehenengo fasea, inbentarioa zehazteko eta, bigarrena, ondasunak banatzeko.

Hala ere, ezkontideek legegileak komunitatea likidatzeko eta banatzeko aurreikusten dituen arauak alda ditzakete. Adostasunean oinarritutako bide honek kasu konkretuari hobeto egokitzen zaizkion soluzioak aurkitzea ahalbidetuko du.

Ezkontza-eraentza ekonomikoaren eremuan, ezkontideen adostasunak antolatzeko modu ezberdinak daude: 1. Ezkontza-kapitulazioak dira akordio horiek plazaratzeko tresna erabiliena ezkontza-lotura egoera normal batean dagoenean. 2. Ezkontza-krisialdietan, berriz, hitzarmen arautzailea, zeinaren parte bat ezkontza-eraentza ekonomikoaren likidazioari buruz aritzen den. 3. Ezkontideen arteko kontratuak, zeintzuen bidez era guztietako operazio ekonomikoak egin daitezke (adibidez, ondasun baten salerosketa, dohaintza bat, etab.). 4. Foru-komunikazioaren likidazio eta banaketa operazioak, izan ere, ezkontideek eurek askatasunez banatzen eta esleitzen baitituzte ondasunak, adostutakoaren arabera.

Komunitatea finkatzea: komunitate unibertsala

Komunitatea soilik finkatzen da ezkontza-lotura ezkontide baten heriotzagatik disolbatzen bada eta, gainera, ezkontideen seme-alaba komunak badaude. Alternatibotasuna Bizkaiko tradiziozko zuzenbidean tronkalekotasunak duen garrantzian oinarritzen da. Tronkaleko onibarren titulartasuna eskuratu dezaketen seme-alabak daudenean soilik izango da onargarria ezkontza-ondasunen komunitate unibertsala. Seme-alabak daudenean, nahiz eta ondasun guztiak komunikatu, tronkalekotasunaren eraginkortasunak eta senipartearen malgutasunak, ondasunak familiatik kanpo irtetea galerazten dute, ezkontza dela medio ondasunok beste familia-lerrora igarotzea ekidinez. Alde batetik, tronkalekotasunaren bertutez, tronkaleko onibarrak behin-betiko ezkontza horretatik sortutako seme-alaben eskutan erori behar dira, haiek baitira lehentasunezko lerroko senitartekoak. Bestetik, Bizkaiko zuzenbidean arautzen den lau bosteneko senipartearen bitartez -Foru Berritik gaur egun arte etenik gabe indarrean egon dena- alargunaren ondasun zatia seme-alabei zuzendua geratzen da. Finean, komunitate unibertsala Bizkaiko zuzenbidearekin bat dator seme-alabak daudenean, baina ez da horrela gertatuko beste hipotesi guztietan. Horregatik bereizten dira supostuok.

Ezkontideen ondasunen banaketa, foru-komunikaziotik at geratu direnak salbuetsiz, erdi bana gauzatzen da euren artean. Erregela honek likidazioan dagoen ondare osoaren balioan du oinarria, eta ez ondasun bakoitzaren balioaren erdian -funtsean, Legearen 108. artikuluari jarraiki, baita banaketaren arrazionaltasun irizpideari erreparatuta ere, ez baita gomendagarria ondasun zehatz bat pertsona ezberdinen artean banatzea.

Tronkalekotasunak ondasun higiezinei ematen dien izaerak ezkontza indarrean dagoen bitartean dirau, baita hura disolbatzen denean ere. Tronkalekotasuna babesten duten arauek, onibarrak familiari lotuz, ezkontza-eraentza ekonomikoa arautzen duten erregelekin bat egiten dute. Sistemaren ardatza tronkalekotasuna arautzen duten erregelek osatzen dute, posible den heinean ezarritako ezkontza-eraentza ekonomikoari dagozkion xedapenak mantenduz. Hala, Legearen 108. artikuluak ezkontza-komunitatearen aktiboa esleitzeko eraentza ezartzen du, tronkalekotasuna mantentzea helburu izanik.

Zor pertsonalak ordaintzeko barne eta behin-betiko ekarpenari bagagozkio, ondasunen foru-komunikazioak arau bereziak aurkezten ditu, beste komunitatezko eraentzekin alderatuz. Komunitate unibertsala disolbatzeko kausa dena delakoa izanik, ezkontide bakoitzaren zor pertsonalak ez dira komunikatzen, zorpeko ezkontidearen erantzukizunpean geratzen dira. Foru-komunikazioa ez bada finkatzen eta irabazpidezko sozietate bat bezala likidatzen bada, logikoa da horrela izatea, Kode zibilak berak arautzen duenari jarraiki. Hala ere, eraentza finkatzean, ondasun guztiak komunikatzen diren arren, zor pertsonalekin ez da gauza bera gertatzen, eta zorpeko ezkontideak berak jasan beharko ditu. Ondorio hau 102. artikuluko azken paragrafotik eta 108. artikuluko azken paragrafotik ateratzen da, bi xedapenek likidazio operazioetan ezkontide baten zor pertsonalengatik ordaindutakoa konputatzea galdatzen baitute. Legegilearen aburuz, zor horiek ezkontidearen interes pertsonal soilean oinarrituta eragin badira, komunitateari onurarik ekarri gabe, honek ez ditu zertan jasan.

Komunitatea ez finkatzea: irabazpidezko sozietatea.

Komunitatea ez da finkatuko ezkontide bat hiltzean seme-alaba komunik ez badago. Horregatik, ezkontza-loturaren krisialdi egoeratan, akordio gehigarririk gabeko ezkontza-hitzarmenen kasuan, arrazoizko kausa dela eta ezkontide batek disoluzioa eskatzen duen hipotesietan eta ezkontide baten heriotza gertatuta seme-alabarik ez dagoenean, ez da komunitatea finkatzen, eta ezkontza-eraentza ekonomikoa irabazpidezko sozietatearen araudiari jarraiki likidatu beharko da. Konpilazioa indarrean zegoenean (testuan ez baitzen esanbidez jasotzen), eztabaidatu egin zen dibortzioak zein motatako likidazioa eragiten zuen, komunitate unibertsal gisakoa edo eta irabazpidezko sozietateari zegokiona. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 1991-2-28 epaiak (RJ 1992/10281) bigarren aukera onartu zuen.

Finkatzen ez den foru-komunikazioaren likidazioari dagokionez, EHFZZLk ez du araudi zibil orokorraren aldeko erremisiorik egiten fase hori arautzeko. Testuaren 109. artikuluak jasotzen ditu likidazio eta banaketa erregela guztiak. Hala ere, logikoa da ulertzea ordezko araudi bezala, Kode zibilak aurreikusitakoa aplikatuko dela irabazpidezko sozietateari gagozkiola.

  • ASÚA GONZÁLEZ, C. I., GIL RODRÍGUEZ, J., eta HUALDE SÁNCHEZ, J. J., "El ejercicio de la competencia en materia civil por parte de la Comunidad Autónoma del País Vasco", Derecho Privado y Constitución, 2, 1994, 9-34. orr.
  • CELAYA IBARRA, A.: Comentario a la Ley del Derecho Civil Foral del País Vasco, Tomo XXVI de los Comentarios al Código Civil y Compilaciones Forales, M. ALBALADEJOk zuzenduak, EDERSA, Madril, 2005.
  • CELAYA IBARRA, A.: Derecho civil vasco, Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1998.
  • GARCÍA CANTERO, G.: "La comunicación foral como régimen supletorio en la Ley del Parlamento Vasco de 1 de julio de 1992", Revista Jurídica de Navarra, 16, 1993, 45-60. orr.
  • MARTÍN OSANTE, L. C.: El régimen económico del matrimonio. La comunicación foral de bienes, Eusko Jaurlaritza-Marcial Pons, Madril, 1996.
  • MARTÍN OSANTE, L. C.: "Conflictos de leyes en materia de régimen económico del matrimonio desde la perspectiva del Derecho Vizcaíno", Conflictos de leyes en el desarrollo del Derecho Civil Vasco, Bilbo, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, 1999, 199-260. orr.
  • SEISDEDOS MUIÑO, A. y MARTÍN OSANTE, L. C.: "La troncalidad y el régimen económico del matrimonio en la Ley del Derecho Civil Foral del País Vasco"), Derechos Civiles de España, II, Madril, Banco Santander Central Hispano, S.A. Asesoría Jurídica del Negocio-Editorial Aranzadi, 2000, 235-275. orr.