Politologoak

Keating, Michael

Michael Keating Europako Unibertsitate Institutuko (Florentzia, Italia) Zientzia Politikoko eta Aberdeeneko Unibertsitateko irakaslea da. Unibertsitate eta doktorego kurtso askotako irakasle bisitaria da AEB, Ingalaterra, Frantzia eta Norvegian. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Ikasketetako Master Ofiziala da. Oxfordeko Unibertsitatean lizentziatu zen eta Glasgow College of Technology delakoan egin zuen doktoretza. Edinburgheko Royal Society ezaguneko kidea da. 2004-2007 bitartean Europako Unibertsitate Institutuko Zientzia Politikoko Departamentuko zuzendaria izan zen, hots, munduan gizarte-zientzia arloan diren lau ikerketa-zentro prestigiotsuenetako batean. 1988-1999 bitartean Western Ontario Unibertsitateko (Kanada) Zientzia Politikoko irakasle izan zen. Nazioarteko elkarte eta aldizkari ugaritan diren zientzia batzordeko kide da.

Erregionalismoaren, deszentralizazioaren eta nazionalismoaren ikerketan erreferentzia da nazioartean eta baitan politika konparatuan ere. Liburu eta artikulu ugari idatzi ditu. Horien artean Nations against the State: The new politics of nationalism in Quebec, Catalonia and Scotland [Nazioak estatuaren aurka: nazionalismoaren politika berria Quebec, Katalunia eta Eskozian] (Macmillan, 1996) nabarmendu behar da akademia barruan nahiz kanpoan izandako eraginagatik. Lan horretan, Gerra Hotzaren ondotik Mendebaldean estaturik gabeko nazionalismoek izan zuten goraldiaren eta hartu zuten garrantzia azpimarratzen da. 1998an The New Regionalism in Western Europe (Edward Elgar) argitaratu zuen eta lan horrek ere eragin itzela izan zuen.

Halaber, aipagarria da plurinazionalitate kontzeptuaren eragina, 1999an Euskal Herriko Unibertsitateak paradiplomaziari eta eskualdeen kanpo ekintzari buruz antolatutako mintegietan izandako eztabaidetan (hartako hitzaldiak Frank Cassek argitaratutako Paradiplomacy in Action. The Foreign Relations of Subnational Governments, liburuan jaso ziren) dagoeneko bistaratzen zena. Gerora, plurinazionalitate nozioa akademia barneko eztabaida izatera pasa zen Keatingek idatzitako Plurinational Democracy: Stateless Nations in a Post-Sovereignty Era liburuaren eskutik (Oxford University Press, 2001). Era berean, Keating irakasleak deszentralizazioari (devolution) buruzko Britainiako eztabaida aztertu du xehetasun osoz, hala Eskoziari dagokionez (The Government of Scotland: Public Policy Making after Devolution, Edinburgh University Press, 2005; The Independence of Scotland, Oxford University Press, 2009), nola Ingalaterrako nazionalismoaren bilakaera paraleloari dagokionez.

Euskadirekin ere harreman etengabea izan du Keating irakasleak 90eko hamarkadaz geroztik. Euskadin eman dituen doktorego-kurtso eta hitzaldi ugariez gain, zenbait argitalpenetan euskal egoera du aipagai. Beste batzuen artean, 2003an euskal nazionalismoaren berrikuntza teorikoak eta Europako joerekin zuten harremana agertzen zuen ikerketa bat argitaratu zuen ("Plurinational Democracy and the European Order", Estudios sobre la propuesta política para la convivencia del lehendakari Ibarretxe, Oñati, HAEE) eta 2006an Zoe Bray kolaboratzailearekin batera Eusko Jaurlaritzak proposatutako Estatutu Politiko Berriaren garapenari buruzko artikulu bat argitaratu zuen ("Renegotiating Sovereignty: Basque Nationalism and the Rise and Fall of the Ibarretxe Plan", Etnopolitics).

Identitatearekin lotutako gaiekiko eta estaturik gabeko nazionalismoekiko interesa, zalantzarik gabe, familiako kontuetatik datozkio Keating irakasleari. Ingalaterran jaio zen bera eta gurasoak Eskozia eta Irlandakoak zituen; horrez gain, bera Britainiako, Irlandako eta Kanadako nazionalitateen jabe da.

Michael Keating irakaslearen webgune pertsonala.