Kontzeptua

Euskal Herriko hauteskunde-sistemak

Hauteskunde-sistemak herritarren botoak ordezkarien eserleku bilakatzeko metodo eta prozedura arautuak dira. Hauteskunde-sisteman herritarren lehentasunak (ordezkatuak) agertzen dira bototan eta ordezkari (eserleku) bilakatzen (eraldatzen) dira.

Hauteskunde-sistema batean hura definitzen duten elementu batzuk baitaratzen dira. Horien artean lau osagai nagusi azpimarratu behar dira: hauteskunde-formula, hauteskunde-barrutiaren tamaina, hauteskunde-atalasea eta hautagaitza mota. Propietate horiek eragin nabarmena dute alderdien sistemaren eraketan, batez ere, lehenengo biek.

Eserlekuak banatzeko elementurik garrantzitsuenetako bat hauteskunde-formula da, hots, modu dikotomikoan hauteskunde-sistemak ordezkaritza proportzionalean eta gehiengoan sailkatzeko erabiltzen den ezaugarria. Gehiengoari dagokionez, gehiengo osoa edo gehiengo soila izan daiteke izen bakarreko barrutitan (izen askodun barrutietan ere erabil daiteke, baino ez da ohikoena). Gehiengo soilaren formulak herrialde anglosaxoietan eta Britainiaren ohiko kolonietan erabiltzen dira arrunki. Aitzitik, gehiengo osoa eskatzen duten gehiengoaren formulak ez dira hain ohikoak eta maiz gertatzen da lehen itzulian hautagai bakarrak ere ez lortzea aurrezarritako gehiengoa; hori gertatzen denean, boto gehien eskuratu dituzten bi hautagaien artean bigarren itzuli bat egitea izaten da ordezkaritza1 erdiesteko metodo erabiliena. Frantziako estatuan, gehiengo osoaren eta soilaren arteko eredu hibrido bat dago. Hala, Asanblea Nazionalerako hauteskundeetako lehen itzulian gehiengo osoa erdiesten duen hautagaitza hautatzen da diputatu gisa; halakorik gertatzen ez bada, bigarren itzuli bat egiten da eta botoen %12,5 baino gehiago lortu duten hautagai guztiek parte hartzen dute. Azkenik, gehiengo osoa edo soila lortu duenak irabazten du.

Gehiengoan oinarritutako hauteskunde-formula horiek nahasmen handiak eragin ditzakete, izan ere, hauteskunde-barruti guztietan hautetsien banaketa nahiko homogeneoa duen alderdi bat merezi baino ordezkari gutxiagorekin gera daiteke lehiatzen den barrutietan garaipena lortzen ez badu; aitzitik, boto gutxiago jaso arren, hautetsien banaketa hauteskunde-barruti jakin batzuetan metatzen duen alderdi batek eserleku ugari eskura ditzake.

Bestalde, ordezkaritza proportzionalean oinarritutako formulak dira sistema demokratikoetan gehien erabiltzen direnak. Diseinu anitzekoak izaten diren arren, honakoa da eredu hedatuena: alderdiek hautagai-zerrendak aurkezten dituzte izen askodun barrutietan eta hautesleek zerrenda horien arteko hautua egiten dute (zenbaitetan botoa hainbat zerrendatan bana daiteke, aurrerago ikusiko dugunez). Formula matematikoei dagokienez, ohikoenak bi multzotan sailkatzen dira: gainerako handiena eta batez besteko handiena.

Lehen multzoan eserleku2 bat eskuratzeko kuota bat kalkulatzen dituzten formulak barneratzen dira. Beraz, alderdi batek boto kopuru osoan eskuratutako kuota adina eserleku eskuratzen ditu. Banaketaren ostean eserlekuak izaten dira soberan, banatu beharreko eserlekuen eta kuoten kopuruak bat ez etortzeagatik. Hori gertatzen denean, soberako botoak (kuota erdietsi eta ondorioz eserleku bilakatu direnak apartatu ostean) handienetik txikira apailatzen dira eta gainerako handienen artean banatzen dira eserleku guztiak betetzen diren arte.

Edozein modutan ere, egun, batez besteko handienaren formulak erabiltzen dira gehienbat eta, zehazki esatera, D'Hondt formula. Orokorrean, zatitzaile komunaren formula horien bidez hauteskunde-zerrenda bakoitzean erdietsitako boto kopuruaren eta dagokion ondoz ondoko zenbaki-sortaren arteko zatiketa egiten da, harik eta barrutiari dagozkion eserlekuak betetzen diren arte. Zatiketen ondoren suertatzen diren koefizienteak goitik behera apailatzen dira, eta banatu beharreko eserlekuak batez besteko handienak aintzat hartuz banatzen dira, eserleku guztiak betetzen diren arte. D'Hondt formularen kasuan erabiltzen den zenbaki-sorta naturala da (1, 2, 3, 4, 5,..) baina beste formula batzuetan, esate baterako Sainte-Laguë formulan boto kopurua eta zenbaki oso bakoitiak zatitzen dira. Azken formula horrek ez du eragozten alderdi txiki eta ertainen ordezkaritza, baina D'Hondt formularen kasuan egoera oso bestelakoa da, izan ere, azken formula horren bidez barrutian garaipena ukan duten alderdiak saritzen dira sistematikoki eta alderdi txikienak zigortu egiten dira. Hala, eserleku gutxi dituzten hauteskunde-barrutietan formula horiek gehiengoan oinarritutako hauteskunde-sistemek adina eragin izaten dute ia. Horregatik da horren garrantzitsua hauteskunde-barrutiaren tamaina.

Hauteskunde-barrutiaren tamaina (hauteskunde-distritu ere izendatzen dena) barruti bakoitzeko hautatzen den ordezkari kopuruaren arabera zehazten da. Geografikoki zatitutako barruti bakoitzean hautesle kopuru aldakor jakin bat lekutzen da, hauteskundeetan emandako botoen bidez ordezkari kopuru aldakor jakin bat aukeratzen duena (zinegotziak, batzarkideak, diputatuak,...). Hauteskunde tamainen arteko oinarrizko sailkapena egiteko izen bakarreko eta izen askodun barrutien arteko bereizketa egin behar da. Lehenengoetan ordezkari bakarra hautatzen da eta bigarrengoetan bat baino gehiago. Izen bakarreko barrutien joera nagusia gehiengozkoa izaten da, izan ere, irabazle ateratzen den hautetsiak barrutiko ordezkaritza guztia eskuratzen du. Horren abantaila nagusia ordezkatuen eta ordezkarien arteko harremana estua izaten dela da; desabantaila gisa, babesa eta lokalismoa sustatzen dituela esan ohi da, eta gutxiengoen ordezkaritza ekiditen duela. izen askodunen kasuan, aldiz, tamaina handia denean (banatu beharreko eserleku kopuru handia) gizarte osoa ordezkatzeko gaitasuna izaten duela esan ohi da, gutxiengoak barne; dena den, abantaila horrek ordezkari ezberdinak elkarrengandik are gehiago bereiztea eragin dezakeela esan ohi da kritika modura eta, horrenbestez, gehiengo egonkorrak sortzeko gaitasun urria duela.

Hortaz, barrutiaren tamaina eta banaketa egiteko hauteskunde-formula izaten dira hauteskunde-sistemaren proportzionaltasuna neurtzeko funtsezko elementuak. Horrela, izen bakarreko sistemetan, barrutiaren tamaina handitzen denean proportzionaltasunik eza areagotu egiten da eta alderdi nagusiek abantaila gehiago izaten dute. Izen askodun barrutietan, aldiz, tamaina handitzean proportzionaltasuna areagotu egiten da eta alderdi txikientzako baldintza egokiagoak ematen dira eta, horrenbestean, antolatutako gutxiengoentzat ere bai.

Parlamentuaren "gehiegizko" zatiketa ekidite aldera izen askodun barrutien proportzionaltasuna leuntzeko modu bat eserlekuen banaketari dagokionez legezko hauteskunde-atalase bat ezartzea da (legezko hesi ere izendatzen dena), hots, alderdi batek ordezkaritza lortzeko behar duen gutxieneko babesa zehaztea. Legeak legezko atalase bat aurreikusten duenean, atalase hori lurralde-maila batean edo gehiagoan (estatukoak, eskualdekoak, barrutikoak,...) aplikatzekoa izan daiteke eta gutxieneko boto kopuru batekin, portzentaje batekin edo bestelako formula batzuekin zehatz daiteke. Zenbaitetan, ordezkariak gehiengo osoaren formularen bidez hautatzen dituzten hauteskunde-sistematan ere erabiltzen da aipatu atalasea. Kasu horietan, eserleku bat lehiatzen da hauteskunde-barruti bakoitzean eta hori hautatzeko gehiengo osoaren formula baliatzen da lehen itzulian. Aurrezarritako gehiengoa inork eskuratuko ez balu, hauteskude-legean hauteskunde-atalase bat barneratzen da bigarren itzuli batean parte hartu ahal izateko baldintza gisa. Frantziaren kasuan atalase hori %12,5ean kokatzen da.

Hauteskunde-sistema guztiek ez dute halako atalaserik; dena den, horrek ez du esan nahi hauteskunde-sistemak proportzionaltasuna bereziki errespetatzen duenik. Aurrez azaldu den moduan, atalase handietan gertatzen denaren antzekoa gertatzen da tamaina txikietan ere, izan ere, proportzionaltasuna eta gutxiengoen abaguneak mugatu egiten dira. Muturreko adibide bat bi diputatuz osatzen den hauteskunde-barruti batean aurkitzen dugu. Kasu horretan, hautagaitza batek botoen %30 eskuratzen badu eserlekurik gabe gera daiteke.

Azkenik, hautagaitza mota ezberdinen arteko bereizketa egin behar da. Hautagaitzak kide bakarrekoak (pertsona bakarra ageri da) edo zerrenda bidezkoak izan daitezke. Zerrenda bidezkoari dagokionez askotarikoak izan daitezke. Hiru tipologia laburbil daitezke. Lehenik eta behin, zerrenda itxi eta blokeatuak dauzkagu, hots, hautagaitza bakoitzak hautagaien zerrenda apailatu bat aurkezten du eta boto-emaileak zerrenda horretarako botoa ematen du, hurrenkera horretan, eta hura aldatu gabe. Bigarrenik, blokeatu gabeko zerrendak dauzkagu. Kasu honetan, hautesleak zerrenda aldatzeko aukera dauka, hura goitik behera berrantolatuz, lehentasunak emanez (lehentasunezko botoa,...) edo hautagai batzuekiko ezadostasuna azalduz (zerrendatik izen bat marratuz).

1Badira beste metodo batzuk, esate baterako Australian erabiltzen den boto alternatiboaren metodoa. Hautesleak hautagaien arteko lehentasunak adierazi behar ditu ordena-eskala baten arabera. Lehenengo lehentasun modura hautagai bakar batek ere ez badu botoen gehiengo osoa erdiesten "lehen lehentasunean boto gutxien jaso dituen hautagaia ezabatu egiten da, eta lehen lehentasunean hautagai horrek jasotako botoak bigarren lehentasunetara eramaten dira" (Lijphart, 2000: 144); (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Prozedura hori behar adina aldiz errepikatuko da boto gutxien jaso dituzten hautagaitzekin, harik eta hautagairen batek gehiengo osoa erdiesten duen arte. Horrez gain, badira beste metodo batzuk. Horien artean boto mugatuaren metodoa nabarmendu behar da, hori baita Japonian izen askodun barrutietan erabiltzen den gehienezko sistema. Metodo horri jarraiki, boto-emaile bakoitzak hauteskunde-barruti baterako esleitutako eserlekuak baino hautagai gutxiago hauta ditzake).

2Formula ezberdinak daude kuota hori eskuratzeko. Hare kuota da ezagunena eta proportzionaltasun handiena ematen duena. "boto baliodunen kopuru osoaren eta hautatu beharreko eserleku kopuruaren arteko zatiketa egitean datza (Torrens, X. 1999: 363)". Gainerako formulen bidez izendatzailea areagotu ohi da eta, beraz, boto baliodun kopuruarekin zatitu beharreko eserleku kopurua ere areagotu egiten da. Eragiketa horren bidez proportzionaltasun urriagoko kuotak erdiesten dira.

Euskal Herrian hainbat hauteskunde-sistema daude, lurraldearen eraketaren arabera bereizten direnak. Kontuan hartu behar den lehen gauza sistemaren aniztasuna da, izan ere, lurraldea lege eta hauteskunde-barruti ezberdinak dituzten bi estaturen artean banatzen da, gainera, herrialdearen hegoaldean bi autonomia erkidego ezberdin daude eta iparraldean ez dago instituzionalizaziorik.

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan sei hauteskunde mota egiten dira: tokiko hauteskundeak; kantondar hauteskundeak (Nafarroako Parlamentua -Pirinio Atlantikoko Kontseilaritza Nagusirako kontseilariak hautatzeko, hor barneratzen baitira Ipar Euskal Herria eta Biarno-); Akitaniako Kontseilaritzarako eskualdeko hauteskundeak; Frantziako Asanblearako hauteskundeak (Behe Ganbera); Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak; eta azkenik, Europako Parlamenturako hauteskundeak.

Kantondar hauteskundeen, legegintza-hauteskundeen eta lehendakari-hauteskundeen funtzionamendua oso antzekoa da. Erabiltzen den sistema gehiengozkoa da, bi itzulikoa eta izen bakarreko barrutietan. Lehendakari-hauteskundeei dagokienez, barruti bakarrean (Frantzia) egiten dira bost urtean behin eta bertara aurkezten dira hautagaiak. Inork botoen gehiengo osoa eta izen emandako hautesle kopuru osoaren laurden batek emandako botoak jasotzen ez baditu bigarren itzulia egiten da. Bigarren horretan parte hartzeko ezinbestekoa da izen emandako hautesleek emandako botoen %12,5 jasotzea gutxienez (edozein kasutan ere, beti lehen biak lehiatuko dira, bietako batek muga hori erdietsi ez badu ere). Bigarren txanda horretan nahikoa da gehiengo soila eskuratzea.

Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan 577 diputatu hautatzen dira izen bakarreko barrutietan eta erabiltzen den sistema lehendakari-hauteskundeetan erabiltzen dena da. Ipar Euskal Herrian bi barruti daude; horrez gain Biarnorekin beste barruti bat partekatzen du. Baiona eta inguruko herriek lau zenbakidun barrutia osatzen dute; bosgarrenean Miarritze eta Lapurdiko zati handi bat barneratzen dira eta Behe Nafarroako zati bat ere hemen sartzen da; azkenik, sei zenbakidun barrutian, Lapurdiko zati txiki bat, Behe Nafarroako zati handiena eta Zuberoa osoa barneratzen dira, Biarnoko zati handi batekin batera.

Kantondar hauteskundeetan Pirinio Atlantikoetako Kontseilaritza Nagusiaren asanblea osatzeko 52 kontseilari hautatzen dira beste horrenbeste hauteskunde-barrutitan. Horietatik 21 Ipar Euskal Herrikoak dira. Lehendakari-hauteskundeen eta legegintzakoen arteko ezberdintasun bakarra da bigarren txandara igarotzeko izen emandako hautesleek emandako botoen %10 jaso behar dela eta hauteskundeok hiru urtean behin egiten direla (eserlekuen erdiak aldatu egiten direlarik) sei urteko agintaldi baterako.

Udal-hauteskundeak sei urtean behin egiten dira eta sistema dibertsifikatu egiten da. Udaletxean izango diren zinegotzi kopurua herriko biztanleriaren araberakoa da. 3.500 biztanle edo gutxiagoko herrietan gehiengozko sistema erabiltzen da eta bi txandatan egiten da. Aitzitik, 3.500 biztanle baino gehiago hartzen dituzten udalerrietan, sistema mistoa erabiltzen da, zerrenda itxiarekin eta bi itzulitan. Bigarren txandara igarotzeko botoen %10 jaso behar da gutxienez. Zerrenda batek lehen itzulian gehiengo osoa erdiesten badu eserlekuen hiru laurdenak eskuratuko ditu; gehiengo hori bigarren txandan erdietsiz gero bi herenak eskuratuko ditu.

Europako Parlamenturako hauteskundeetan (bost urtean behin) sistema nabarmen aldatzen da, hala, esate baterako, 2009ko hauteskundeetan Frantzian 72 eurodiputatu hautatu ziren izen askodun zortzi barrutitan. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa Hego-mendebaldeko barrutian barneratu ziren (Akitania, Languadoc-Rousillón eta Midi-Pyrénées) eta 10 eserleku banatu ziren. Hauteskunde-zerrendak itxiak eta blokeatuak dira; hauteskunde-atalasea %5ekoa da; eta proportzionaltasuna neurtzeko D'Hondt formula erabiltzen da.

Azkenik, Akitaniako Eskualdeko Asanbleako hauteskundeetan (sei urtean behin), 2004an 85 kontseilari zeuden. Zerrenda itxi eta blokeatuak erabiltzen dira eta izen askodun barruti bakarrean. Hautaketan proportzionaltasun eta gehiengozko alderdiak partekatzen dira, hori dela eta, itzuli bakarrean edo bitan egiten dira. Lehen itzulian gehiengo osoa edo bigarren itzulian gehiengo soila eskuratzen duen zerrendak "gehiengozko hobaria" jasotzen du. Zerrendatan 95 hautagai barneratu behar dira bete beharreko 85 karguetarako. Zerrenda hauetan bada eragozpen bat, izan ere, departamendu-sekzio bakoitzeko hautagai kopuru jakin bat agertu behar da. 2004an 95 hautagaietatik 14 Dordogneko departamenduko ordezkari gisa aurkeztu behar ziren; 38 Gironden; 12 Landetan; 12 Lot eta Garonnen; eta 19 Pirinio Atlantikoetan. Azken horretan barneratzen da Ipar Euskal Herria.

Botoen zenbaketari dagokionez. Zerrenda batek gehiengo osoa erdiesten badu eserlekuen %25 eskuratzen du (22 kontseilari). Gainerako eserlekuak (63) boto baliodunen %5 erdietsi dituzten zerrenden artean banatzen dira. Gainerakoen banaketa egiteko erabiltzen den proportzionaltasun sistema, batez besteko handienaren sistema da. Gehiengo osoa erdietsi duen zerrendarik ez badago bigarren itzulia egiten da. Bigarren txanda horretan parte hartzeko boto baliodunen %10 jaso behar da gutxienez. Atalase horretara iritsi ez eta botoen %5 jaso duten zerrendek koalizio bat egin dezakete bigarren itzulian parte hartu ahal izateko. Bigarren itzuli horretan lehen itzuliko logika bera erabiltzen da, baina bada ezberdintasun bat, hots, gehiengo sinple bat nahikoa dela garaipena erdiesteko. Horrela, bigarren itzulian boto kopuru gehien erdiesten duen zerrendak ordezkarien %25 lortzen du zuzenean. Gainerako eserlekuak arestian aipatutako irizpideen arabera banatzen dira. Azkenekoz eragiketa bat geratzen da egiteke. Eserlekuak zerrenden arabera banatu ostean, zerrenda bakoitzaren barnean banatzen dira eserleku horiek. Banaketa hori zerrenda bakoitzean ageri diren departamendu-sekzioen arabera egiten da. Postuak departamendu-sekzioetan banatzen dira, betiere, departamendu bakoitzari esleitutako botoen proportzioa errespetatuz. Zerrenda bakoitzean geratzen diren gainerako eserlekuen banaketa egiteko batez besteko handienaren sistema erabiltzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan sei hauteskunde mota daude: tokiko hauteskundeak; probintzia bakoitzeko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) Batzar Nagusietarako hauteskundeak; Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak; Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeak; Espainiako Senaturako hauteskundeak; eta Europako Parlamenturako hauteskundeak. Nafarroako Foru-erkidegoan bost hauteskunde mota daude: tokiko hauteskundeak; Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak; Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeak; Espainiako Senaturako hauteskundeak; eta Europako Parlamenturako hauteskundeak.

Hauteskunde guztietan D'hondt formula da ordezkaritza hautatzeko erabiltzen den hauteskunde-formula eta hautagaitzak zerrenda itxi eta blokeatuz egiten dira, Espainiako Senaturako bozketaren salbuespenarekin, azken horretan zerrenda irekiak erabiltzen baitira.

Barrutien tamainari dagokionez, tokiko hauteskundeak eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak barruti bakarrekoak dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeetan hauteskunde-barruti ugari daude. Horietan, lurralde bakoitzerako 51 eserleku (batzarkide) banatzen dira eta biztanleriaren proportzioaren arabera egiten da banaketa. Horrenbestez, barruti batetik bestera aldatu egiten da prokuradore kopurua. Jarraian 2007ko hauteskundeetako banaketa ikusiko dugu: Araban hiru barruti bereizten dira: Aiarako koadrila (6 ordezkari), Gasteizko koadrila (38 ordezkari) eta Zuia, Agurain, Añana, Kanpezu eta Biasteriko koadrila (7 ordezkari). Bizkaian lau hauteskunde-barruti bereizten dira: Bilbo (16 ordezkari), Enkarterriak (13 ordezkari), Durango-Arratia (9 ordezkari), Busturia-Uribe (13 ordezkari). Azkenik, Gipuzkoan ere lau hauteskunde-barruti bereizten dira: Bidasoa-Oiartzun (11 ordezkari), Deba-Urola (14 ordezkari), Donostialdea (17 ordezkari), Oria (9 ordezkari).

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan hauteskunde-barrutiak probintziaka banatzen dira. Senatuan probintzia bakoitzerako lau eserleku gordetzen dira. Horietatik 3 zerrenda irabazleak eskuratzen ditu eta bestea bigarren geratu den zerrendak jasotzen du (horrez gain autonomian izendatutako senatariak egoten dira -parlamentu autonomikoetan hautatuak-); beraz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan sufragio unibertsal bidez izendatutako lau senatari hautatu daude.

Kongresurako hauteskundeetan 350 eserleku banatzen dira probintziaka. Probintzia bakoitzean bi diputatu izaten dira (100 eserleku) eta Ceutaren kasuan 1. Melillan ere 2. Gainerako eserlekuak (248) probintzia bakoitzeko biztanleriaren arabera banatzen dira. Biztanleriaren irizpidea eta hauteskunde-barruti bakoitzari esleitutako gutxieneko irizpidea nahasten direnez, biztanle gutxien dauden probintzietan ordezkari kopuru gehiegizkoa izaten da. Euskal Herriaren kasuan Araban eta Nafarroan gertatzen da hori. 2008ko hauteskundeetan honakoa zen probintzia bakoitzaren tamaina: Araban lau diputatu hautatu ziren, Bizkaian zortzi, Gipuzkoan sei eta Nafarroan bost. XX. mendeko laurogei eta laurogeita hamarreko hamarkadetan Bizkaiak eta Gipuzkoak garrantzia galdu zuten demografiari so. Horren ondorioz, Bizkaiak bi diputatu galdu zituen eta Gipuzkoak bat. Eserlekuen banaketan sartu ahal izateko legezko hesia barrutiko botoen %3an kokatzen da.

Aipatu ditugun hauteskunde guztien artetik, Europako Parlamentuetako hauteskundeetan izaten da zailtasun gehien euskal ordezkaritza erdiesteko. Hauteskunde horietan hauteskunde-barruti bakarra izan ohi da. 2009ko hauteskundeetan 50 eurodiputatu banatu ziren Espainiako estatuko boto guztien artean, D'hondt formula erabiliz.

Azkenik, Ipar Euskal Herriko lurraldeekin alderatuz gero Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak hauteskunde-sistema berezkoa eta zehatza dute, Eusko Legebiltzarrerako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan.

Euskadiko hauteskunde autonomikoetako ordezkaritza sistemaren arabera, 25 eserleku esleitzen dira probintzia bakoitzarentzat (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), biztanleriari dagokion inolako irizpiderik kontuan izan gabe. Egoera horrek arazo bat dakar, izan ere, Bizkaian ordezkari kopurua gutxiegizkoa da Araba edo Gipuzkoarekin alderatzen badugu. Gauza bera gertatzen da Gipuzkoan Arabarekin alderatuz gero. Esate baterako, 2005eko Erkidegoko hauteskundetan arabar baten botoa bizkaitar batenak halako 3,9 balio zuen eta arabarraren botoak 2,3 balio zuen gipuzkoar baten botoarekin alderatuz gero. 1986ko hauteskundeetan sortu zen nahasmenak hauteskunde-sistemaren beste eragin bat erakusten digu. Orduko hartan, PSE alderdiak hauteskundeak irabazi zituen boto gehien jaso zituen alderdia izan ez zen arren (EAJ alderdiak jaso zuen boto gehien).

Baina bitxikeria horiek alde batera utzita, Euskadiko hauteskunde-sistemak ez du aparteko arazorik. Zerrendak itxiak eta blokeatuak izaten dira eta probintzia mailako barrutietan aurkezten dira. Guztira 25 eserleku hautatzen dira, proportzionaltasun sendoa bermatzeko adinako kopurua beraz. Nafarroaren kasuan proportzionaltasun hori are handiagoa da, izan ere, hauteskunde-barruti bakarrean banatzen dira 50 eserlekuak.

Hauteskunde-atalaseari dagokionez, Eusko Legebiltzarrerako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan eserlekuen banaketan sartzeko boto baliodunen %3 jaso behar da gutxienez hauteskunde-barrutiko. Nafarroako Parlamenturako lehen hauteskundeetan (1983) ez zen horrela izan. Orduan hauteskunde-atalasea %5ekoa zen eta, ondorioz, Auzolan, Alderdi Karlista eta Euskadiko Ezkerra (EE) parlamentutik kanpo geratu ziren; Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere 2001. urtera arte botoen %5 jaso behar zen gutxienez, urte hartan, ordea, atalase hori %3an finkatu zen.

Beste herrialde batzuekin alderatzen badugu, Eusko Legebiltzarrerako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetako atalasea baxu antzekoa dela esan genezake. Horrek proportzionaltasuna bermatzen du. Dena den, atalase horiek ageriko gutxienekoak baino ez dira, eta zenbaitetan ezkutuko egoera bat azalarazi dezakete. Hala, gerta daiteke ordezkaritza lortu nahi duen alderdi batek, berez, boto kopuru handiago bat lortu behar izatea aurkezten den barrutian diputatu gutxi hautatzen badira. Ezkutuko atalase horri dagokionez, Lijphartek (2000) honako formula proposatzen du: U = 75% / M+1.

M (gaztelanizko magnitud) aztergai dugun demokraziako barrutiaren batez besteko tamaina izango litzateke eta U (gaztelaniazko umbral), berriz, ageriko atalasea. Modu horretan, ageriko atalaseak ezkutukoak baino txikiagoak izan daitezkeela ikus daiteke eta, berez, ezkutukoek islatzen dute errealitatea. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, hauteskunde-barruti bakoitzean batez beste 6,7 eserleku esleitzen dira, horrela, eserleku bat eskuratzeko ezkutuko atalase bat dago, hau da, botoen %9,7 jaso behar da gutxienez. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, aldiz, barruti bakoitzeko 25 eserleku banatzen dira, horrenbestez, ezkutuko atalasea botoen %2,8an kokatzen da. Hots, 1998. urtera arte %5eko ageriko atalasea erabili baitzen, berez, portzentajeei erreparatuz gero eserleku bat eskura zezakeen alderdi bat hura jaso gabe gera zitekeen, banaketan sartu ahal izateko eskatzen zen gutxienekoa zela-eta. Berez 1998ko hauteskundeetan baino ez zen halakorik gertatu; orduko hartan, Ezker Batua (EB) alderdia Gipuzkoan eserleku bat eskuratu gabe geratu zen hauteskunde-barrutian gutxienez botoen %5 jasotzea eskatzen zelako. Baina atalasea %3an kokatu zenetik, probintziako barrutien barnean ageriko eta ezkutuko atalaseak ia berdinak direla esan daiteke, modu horretan, demokrazia gehienetan ezohikoa den proportzionaltasun bat ageri da.

Nafarroako Parlamentuko hauteskundeei dagokienez, ezkutuko atalasea %1,4koa da. Hortaz, kasu horretan, gerta daiteke alderdi bat eserlekurik gabe geratzea eserlekuen banaketa sartzeko eskatzen den gutxienekoa dela-eta. Horixe gertatu zen 1987, 1991, 1995 eta 2003ko hauteskundeetan Batzarre alderdiarekin, boto baliodunen %3 ez jasotzeagatik eserlekurik gabe geratzea, alegia (hautagaitzak MATZA izena zuen); eta gauza bera gertatu zitzaien EE alderdiari eta Zentro Demokratiko eta Sozialari (CDS) 1991n.

Horrenbestez, biztanleriaren tamaina ezberdinetako barrutien artean eserleku kopuru bera banatzea eta D'Hondt aldaeraren arabera batez beste handienaren zenbaketa proportzionalaren formula erabiltzea dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hauteskunde-sisteman dauden elementu ez-proportzionalak. Nafarroaren kasuan, D'Hondt zenbaketa formulaz aparte, eserlekuen banaketan sartzeko legezko hesiak ere ez-proportzionaltasuna eragin dezake.

Aurrez aipatutako elementu horiek ordezkari kopuruan sorraraz dezaketen nahasmena kalkulatzeko, Gallagher3 indizea da gehien erabiltzen den metodoetako bat: Indize hori boto portzentajearen (Vi) eta eserlekuen portzentajearen (Si) arteko ezberdintasunean oinarritzen da, baina hautaketa guztiaren baterako ikuspegi batekin.

Honakoa da Gallagher indizearen formula: U = √ 1/2 Σ (Vi - Si)²

1. TAULA
Gallagherren ez-proportzionaltasunaren indizea
Eusko Legebiltzarrerako eta Nafarroako Parlamenturako erkidegoko hauteskundeetan.

Eusko Legebiltzarrerako
hauteskundeak
Gallagher indizea
Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetan
Nafarroako Parlamenturako
hauteskundeak
Gallagher indizea
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan
19803,80
19842,0719835,08
19863,2919873,49
19902,6619915,35
19943,2519952,58
19982,7319991,93
20012,2420033,22
20052,4320071,64
20093,95
Iturria: berezko sorkuntza.

Taula horretan Gallagherren ez-proportzionalaren indizearen bilakaera ikus daiteke Eusko Legebiltzarrerako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskunde guztietan. Emaitzak ezberdinak dira bi autonomia erkidegoetan. Normalean, Euskadin, ez-proportzionaltasun handiagoa gertatzen da hauteskundeetan Araban edota Gipuzkoan Bizkaian baino emaitza hobeak lortzen dituen alderdi bat dagoenean. Hau da, proportzionaltasuna txikiagoa izan da, probintzia ezberdinetan hauteskundeetako emaitzak ezberdinak izan direnean. 1986ko hauteskundeetan, PSE alderdiaren aldeko garrantzia politiko dezente handiagoa, 1994an Unidad Alavesa alderdiaren alde, edo 1980. eta 1998. urteetan eskatutako gutxieneko atalasera ez iristeagatik PCE eta IU alderdiak barruti batzuetan eserlekuen banaketatik kanpo geratzearen ondorioz sortutako ez-proportzionaltasunak. Dena dela, orokorrean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez-proportzionaltasunaren indizea baxuagoa da Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan baino4; era berean, Euskadiren kasuan aldaketa bortitzak gutxiagotan gertatzen dira. Nafarroari dagokionez, aipagarria da ez-proportzional gutxieneko bi hauteskundeetan, 1999an eta 2007an, Batzarre ez zela bakarka aurkeztu. Hortaz, hauteskunde horietan haren botoak Euskal Herritarrok (EH) eta Nafarroa Bai alderdien artean banatu ziren.

3Ikus: Gallagher, Michael, "Proportionality, Disproportionality and Electoral Systems", in Electoral Studies 10, 1991, 33-51. or.

4Espainiako Kongresurako hauteskundeetan indize horretan %8,15eko ez-proportzionaltasuna hautematen da, ikus: Lijphart, 2000: 158.

  • BLAS, Asier. "Identidad nacional y postmaterialismo en la comunidad autónoma vasca: el nacionalismo lingüístico como modelo en expansión para el siglo XXI". In Barataria, Separata 6, 2002; orrialdeak zenbatu gabe.
  • BLAS, Asier. "Izquierda, nacionalismo y postmaterialismo. Análisis de los ejes de conflicto en la sociedad vasca a través de los indicadores de cultura política". In: Inguruak, 33. zenbakia; 2002; 179-195.
  • BLONDEL, J. "Party Systems and Pattern of Government in Western Democracies". In Canadian Journal of Political Science 1. zenbakia, 1968; 180-203.
  • LIJPHART, Arend. Sistemas electorales y sistemas de partidos. Bilbo: Konstituzio Ikasketen Zentroa, 1995.
  • LIJPHART, Arend. Modelos de democracia. Formas de gobierno y resultados en treinta y seis países. Bartzelona: Ariel, 2000.
  • TORRENS, Xavier. "Los sistema electorales". In: CAMINAL BADIA, M., Manual de Ciencia Política. Madril: Tecnos, 1999; 343-371.
  • SARTORI, Giovanni. Parties and Party Systems. A framework for analysis. ECPR Press: New Ed edition, 2005.
  • SARTORI, G. (1999): Partidos y sistemas de partidos: Marco para un análisis. Madril: Alianza.