Kontzeptua

Folklore, etnografia, etnologia eta antropologia

Antzinako zibilizazio klasikoetan ezarri dezakegu lehen lan antropologikoen jatorria, autoreek bidaiatu egiten zutenean eta beste latitude batzuetako zibilizazioen deskribapenak egiten zituztenean: Jenofanes (K.a. 570-475), Herodoto (K.a. 484-425), eta abar.

Magnus Hund autoreak 1501ean jada Antropologia izenburua zeukan obra bat argitaratu zuen. Baina Ilustrazio garaia arte ( XVII. mendea) itxaron behar da gizarteak ikerketa hauen balioaren kontzientzia har dezan. Honela, G.L. Leclerc (1707-1788) eta J.F. Blumenbach (1752-1841) "naturisten" lanak adibidez nabarmenduko ditugu. 1859an Charles Darwinek bere teoria eboluzionistekin kultura munduan eginiko agerpenak gaiaren inguruko jakin-mina piztu zuen.

A. Aguirre (1986) irakasleak Antropologia Kulturalaren jaiotza Espainian kokatzen du XIX. mende hasierako "naturista" (sendagileak gehienak) talde txiki batzuen eskutik: Vicente Adam, F. Fabra Soldevilla, Varela de Montes, Pedro Gonzalez Velasco eta beste batzuk. Aguirrek (1988) 1833 eta 1883 urte bitartean kokatzen duen mugimendu honek Folkloristei emango die bidea eta Antonio Machado Alvarezekin jaioko da Folk-Lore Espainiarra Sevillan (1881).

Antropologiaren ikerketa modernoen hastapenetatik "eskola" berriak sortzen joan ziren, hauetariko asko uneko ikusmolde historiko eta filosofikoen babesean jaiotakoak, adibidez: Eboluzionistak, Difusionistak, Funtzionalistak, Estrukturalistak, Materialistak, Deterministak, eta abar.

Etnografiaren gaur egungo joera gizarte-ikerketetara bideratura dago. Hammersley eta Atkinson (2003) autoreak haratago doaz zera esatean:

"ikerketa kualitatiboaren ospea hain da handia, ikerketarako joera nagusi bihurtu dela" (itzulpena gazteleratik moldatua).

Hori gero eta nabariagoa da gaian espezializaturiko aldizkariak irakurtzean, edo unibertsitateetan egiten diren tesi eta tesinak ikuskatzean.