Fisikariak

Etxenike Landiribar, Pedro Miguel

Fisikaria, Akademiako lehenengo lehendakaria. Izaban (Nafarroa) jaio zen, 1950ean.

Materia kondentsatuaren fisikako katedraduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Horrez gain, Donostia International Physics Center zentroko, CIC Nanoguneko eta Jakiundeko presidentea da, eta Innobasqueko presidenteordea. Post - Doctoral Fellowa Oak Ridge National delakoan, eta Nordita Fellowa Lund eta Kopenhage hirietako unibertsitateetan. Cambridgen eta Bartzelonan doktoratu zen.

1980tik 1984ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburua izan zen, eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Overseas Fellowa izan da Churchill College-n, eta Cambridgeko Cavendish Laboratory-ko irakasle bisitaria. Amerikako Fisikako Elkarteko (APS) eta Amerikako Zientziaren Aurrerapenerako Elkarteko Fellowa izan da.

1998an, Urteko Euskaldun izendatu zuten. BBVA Fundazioko Zientzia Kontseiluko eta Hirualdeko Batzordeko kidea da, baita IDOMeko eta MAPFRE Norteko kontseilaria ere.

Bere lanbide-ibilbidean zehar, hainbat sari jaso ditu. Besteak beste, honako hauek azpimarratu behar dira: Munibe saria, Euskadi saria, Dupont saria, Príncipe de Viana saria, Príncipe de Asturias saria, Max Planck saria, Iberdrola saria eta Blas Cabrera sari nazionala. Alfontso X.a Jakitunaren Gurutze Handia jaso du, baita Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina, Donostia Hiriko Urrezko domina, Espainiako Fisikako Errege Elkartearena eta Gipuzkoako Urrezko domina ere. Valladolideko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Doctor Honoris Causa izendatu zuten, eta Doctor in Science da Cambridgeko Unibertsitatean.

300 argitalpen baino gehiago egin ditu aldizkari espezializatuetan. Haren ikerketa-lerro nagusiak materia kondentsatuaren fisika, mikroskopia elektronikoa, eta kargek eta erradiazioak materiarekin duten interakzioa dira.