Marinelak

Gaztañeta Iturrivalzaga, Antonio de

Marinel eta ontzigile gipuzkoarra. Mutriku, 1656ko ekainak 8 - Madril, 1728ko otsailak 5.

Antonio de Gaztañeta XVII. mende amaierako eta XVIII. mende hasierako itsasgizon handienetako bat izan zen. Espedizio eta itsaso-borroka askotan parte hartu zuen, eta bere garaiko espainiar itsas armadako ontzien neurriak aldatu. Horrela mintzatzen dira entziklopedia eta historia eskuliburu asko gipuzkoarraz aritzean.



Baina Jose Mª Lopez Piñero, zientziaren historialari espainiarren artean itzaltsuenak, Gaztañeta (Francisco Seijasekin batera) ontzigintza espainiarraren mugimendu eraberritzailearen aitzindaria izan zela zioen. Egia esan, Lopez Piñero etxerako jardunaz dabil, Gaztañeta novator edo kosmografoa baino gehiago izan baitzen -eta jakina, militar entziklopediagilea baino askoz gehiago-; izatez, horixe izaten hasi eta amaitu zen, baina tartean ontzi eta fragatak egin zituen, ontzigile eta itsasontzi-arkitekto lez nabarmenduz. Arlo horietan ezaugarri komunik izatekotan, bere esperientzia, pragmatikotasuna eta gaitasun teknikoa ziren.

Tradizio itsastardun familia (merkataritzakoa aitarenetik eta bale-arrantzalea amarenetik) batean Mutrikun jaioa (herri marinel petoa) txikitatik bere arbasoen nautika ezagutzak bereganatu zituen. Hamabi urte zituela pilotu izateko Cadizen ikasten bazegoen ere, prestakuntza praktikoa aitaren eskutik jaso zuen berarekin zeharbide bat baino gehiago burutu baitzuen. Indietara egindako bere bidaietan itsas esperientzia erabat aberasgarria eskuratzeaz gain, lantresnak eta mapak erabiltzen ikasi zuen.

Aurki izan zuen, zoritxarrez, bere gaitasuna hori erakutsi beharrik; hamasei urte zituela, biak Espainia Berrian zirela, aita hil zitzaion, itsasontzia etxera bidean gidatu beharra edukiz. 1684an Ozeanoko Errege Itsas Armadako pilotu nagusi izendatu zutenerako jada Ameriketara, ontzi eta galeoietan, hamaika bidai eginak zituen. Gerora gora eginez joan zen, eta itsasoko kapitain (1686), errege-almirante (1702) eta komandante nagusi (1717) karguak erdietsi zituen. Itsas armadan zela hain zuzen ere, 1692an bere ekarpen zientifikorik nagusiena argitaratu zuen (horrek ez du esan nahi originalena zenik): Norte de la Navegación; XVII. mende amaierako nautika idazlan espainiarrik garrantzitsuena izan zen. Guillaume Blondel de Saint-Aubinen ereduan oinarrituta zegoen arren [Trésor de la Navigation (1676), 2ª ed.], espainiar nautikan berrikuntza asko txertatzearen meritua izan zuen, hala nola, William Bournek (±1535-1582) garatutako korrikina edo Blondelen beraren erredukzio-koadrantea. Hala ere, proiekzioa edo mapa esferikoak erabiltzen hasi zen lehenetarikoa izan zen, Alonso de Santa Cruzek (1505-1567) asmatu eta berrogeita hamar urtegarrenean.

Parte hartutako itsas borrokaldiak edo espedizioak eta misioak Gaztañetari beste herrialdeetako ontziak ikusi eta bisitatzeko aukera eman zien. Izatez, itsaso-merkataritza hobetzekotan ontzi mota berriak egiten zebilen eta Frantziako eta Ingalaterrako ontzidien iturri ziren Herbehereek bizi zuten garapenaren lekuko izan zen. Itsasontzien arkitektura izan zen bere gairik kuttunena: bereziki berak merkantzia-ontzi eta gerraontzien artean "nuevas formas" izendatu zuena. 1702tik aurrera, Kantabriako Ontzioletako Superintendente Nagusi izendatu zutenetik aurrera, Zornoza, Pasaia eta Orio bezalako euskal ontzioletan arlo horretan helburu horretan jarduterik izan zuen. Abiadura handitu eta maniobrak erraztu nahian, gudarako ontziak luzatzea proposatu zuen. Berea, erabaki ausarta eta berritzailea izan zen eta izatez espainiar marinelik gehienek ez zetozen harekin bat: Francisco Antonio Garrote kapitainak, adibidez, gerraontziak merkataritzan erabilitako ontzien proportzio bertsuak eta galibo berdinekin eraiki behar zituztenaren defendatzailea zen (jatorrian herbeheretarrena zen ideia honek etsaien atzaparpeetara bultzatu zituen bertakoak). Eta, Gaztañeta, Francisco Seijasekin batera ontzigintza mugimendu eraberritzaile espainiarraren aitzindarietako bat izan zena, batez ere gizon pragmatikoa zen. Bere ideiak itsasoan izandako esperientzian oinarritzen ziren, gertaera hau ez da bat ere harrigarria, Gaztañetak egindako bidaien ondorioz, gutxik baitzekiten hark baino hobeto itsasoan ontziek zuten joera. Hark proposatutako proportzioak, arautzat onartuak izan ziren Espainian eta Amerikan hogeita hamar urteetan zehar (are gehiago, XVIII. mendeko Itsas Araudiek hark mendian haritzak markatzeko zeukan zatikatze metodoa eredutzat eta arautzat hartu zuen).

Bere idazkietan zentzu praktikoaren adibideak ugariak dira. Bere ikuspegi pragmatikoaren frogagarri dira XVIII. mendeko ontzi-arkitektura espainiarraren oinarriak ezarri zituzten hiru dokumentuak: Arte de fabricar reales (1687-91), bertan ohar zehatz eta korapilatsuen bidez zenbait ontzi eraikitzeko prozesua deskribatzen zuen; Proporciones de las medidas arregladas a la construcción de un bagel de guerra (1712), Espainian ezagutzen ziren forma modernoen lehenengo planoak biltzen zituen; eta Proporciones de las medidas mas esenciales para la Fábrica de Navíos y Fragatas (1720) Koroak Eraikuntza Erregelamendutzat hartu zuen dokumentua eta indarrean egon zen, 1752an Jorge Juan ( 1713- 1773) iritsi arte. Egia esan, errealak egiteko arteari buruzko eskuizkribuak, historian lehen aldiz, diseinua eta ezarpenari ekiten zitzaion heinean ordenatutako galeoiaren pieza guztien zerrenda zekarren. Izan ere, Gaztañeta ez zen digresio teorikoetan galdu eta inork azaldu ez zuena idazten saiatu zen: ontzigile gremioaren sekretuak, eraikuntza lanaren zokoa eta teknikaren alde positibo eta negatiboak.

Alderdi baten baino gehiagotan, zalantzarik gabe formak eta, berezitasunez, proportzioak, edo galiboak, eta xehetasunak, eredugarri, ia ispilu izan ziren europar ontzidientzat. Francisco Fernández Gonzalezek, -ontzi-arkitekturan adituak, baieztatu zuen bezala [Antonio de Gaztañetan (1656-1728), orr. 34-5]- "Gaztañetaren ontziak bere garaiko beste laterri batzuetakoenak baino askoz sendoagoak ziren... Ingelesek ikasia eta kopiatua, [Real Felipe zena] T. Slade-ren 1746ko Royal George-ren edo 1765eko Victory bezalako lehen mailako ontzien oinarria izan zen. Gaztañetaren 1712tik 1720ra bitarteko lanak, 1697an Holandan Cornelis van Ijk-ek adierazitakoak, 1711an Ingalaterrako Sutherlandenak eta, 1746an, Bouguerren frantsesak erabat gainditzen dituen eta 1752an Duhamel de Monceaurenei aurrea hartzen dien ontzi mota definitzen du. Lord Collingwoodek Sana Ana ontzia "Espainiar perfekzio" bezala deskribatuz bere harridura iratzartzen duten espainiar ontzien sortzaile dira.