Aktoreak

Ugalde, Unax

Aktore arabarra, Gasteizen 1978ko azaroaren 27an jaioa.

Bere nerabezarotik jakin-mina zuen mutil lez azaldu zen. Euskal dantzak, kendoa eta irratia erabat gogoko zituen. Maritxu Berritsu haurren programan esatari gisa lan egin zuen. Artearekiko bere joerak gorabehera zinemagintzaren eremuan sartu izana bokazio argiari baino kasualitateari zor zaio. 19 urterekin Unaxek, C.O.U. errepikatu berri, bere lanbide-etorkizuna fabrikan bere aitarekin lanean arituz jardungo zuela ematen zuen. Itsas Zientziak ikasi nahi zituelako ikasketei berriz ekin zien baina azkenean ideia hori baztertu eta beste ezergatik baino jakin-minaren eraginagatik Basauriko Arte Dramatikoko Eskolan izena eman zuen. Ikasturtea amaitzean Euskal Telebistan iragarkia ikusi zuen. Entre dos fuegos serierako hautaketa froga zen. Josetxo San Mateo, serie-zuzendariak Unaxen gaitasuna behingoan ikusiz kontratatu egin zuen. Seriea ez zen mamitu eta Unax Eskolara itzuli zen baina handik hilabetera Madrilen zen beste casting baterako deia egin zioten eta aktore lez bere bizitzari aurre egiteko asmoz bertara joan zen. A las once en casa (1999), Condenadas a entenderse (1999) edo Compañeros (1999) bezalako serietan lan egin ondoren El grupo (Tele 5, 2000), seriearekin arrakasta lortu zuen. Ibilbideko lehen urte horietako bere pertsonaiarik garrantzitsuena, drogen desintoxikazio-sendaketan ibiliz arazoak dituen Fidel nerabearena zen.

Itxura onekoa eta arte dramatikorako jaioa (metododun aktorea baino intuiziozko aktorea da, akademia-heziketarik inoiz izan ez baitu) telebistako aro emankor horren ondoren zinerako igarobidea ekidin ezina izan zen. Bere zine-bidea 2000. urtean hasten du, bere jardunbidean garrantzitsuak izango diren zuzendari birekin. Pablo Malok bere Jardines deshabitados (2000) film labur kezkagarrian protagonista papera ematen dio eta Josetxo San Mateo, bere aurkitzaileak, Bailame el aguako (2000) Pilar Lopez de Ayalarekin batera paper protagonista ematen dio. Film horretan kale-poeta interpretatzen du. Gidoian zeuden olerki asko Ugaldek berak idatziak ziren. Film labur baten izandako lehen pertsonaia horrekin Euskal Zinemari (2001) "El Mundo" IX. Sarien Aktore Hoberenari Saria lortu zuen. Geroago, Yasumari Kawabataren lanean oinarritutako filma zen Eloy Mendozaren Las bellas durmientesen lan egin zuen, eta Jesus Moraren Mi dulcen ere. Interpretazio horri esker kritikaren konplizitatea eta Euskal Zinemari (2002) "El Mundo" X. Sarietan Aktore Hoberenari Saria lortu zituen. Bere pertsonaiak El grupon osperik eman bazion, bere entzutea Periodistasen parte hartzean gehitu egin zen. Beste paper garrantzitsu bat Antonio Chavarriasen Volverás filmean (2002) izan zuen, Tristan de Ulloarekin protagonismoa partekatuz. Bere ibilbidea gero eta indar gehiago hartuz zihoan. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 50.edizioan, Unax Ugaldek gazte balore bati emandako Aktore-Etxearen Lehen Saria jaso zuen. 2003an, Cinema Jove Nazioarteko Zinemaldiaren 18. Edizioan "Zinemaren etorkizuna" AISGE Saria eman zitzaion. 2004an Gracia Querejetaren Hector-en parte hartzen du eta Pablo Maloren Frío sol de invierno egiten du, Adriani bere burua eta familia bilatu nahian infernuetara abiarazten den gazteari, bizia emanez. Unax Ugaldek, bere intuizioari jarraituz ikaragarrizko lana egin zuen, krudeltasuna, zinismoa, atsekabea eta itotasuna aldi berean antzemanez. Bere interpretazio bikainak Ourenseko Zinemaldi Askean Aktore Protagonista Hoberenari Saria eta Viña del Mar Zinemaldian Aktore Protagonista Hoberenari Saria ekarri zizkion. 2005ean Unax Ugalde, European Film Promotionek europar zineko talentu berriak bultzatzeko gogo biziz sustatutako Shooting Stars programaren parte izateko hautatua izan zen. Erakunde horrek programan hautatuak kontinente zaharreko zinearen geroko izartzat aintzat hartzen ditu. Zinemaldi askotan urte betean zehar zuzendari eta ekoizleen artean ezagutaraztera emanez aktore berriak Europa guztiko herrietatik ezagutzen emateaz ahalegintzen den ekimen horretan Eduardo Noriega edo Leonor Watling aurretik izan zituen.



2006tik aurrera bere ibilbideak Agustín Díaz Yanesen Alatriste (2006), Milos Formanen Los fantasmas de Goya (2006), Tom Kalinen Savage Grace (2007) edo Mike Newellen El amor en los tiempos del cólera (2007) bezalako filmekin behin betiko bultzada izan zuen. Alatristen Iñigo de Balboaren papera egin eta Viggo Mortensenkin, El Señor de los anillos leinuko Aragorn ahaztezina, eszenak partekatzen bazituen, Los fantasmas de Goyan Milos Forman (Alguien voló sobre el nido del cuco, Hair, Ragtime, Amadeus edo Valmont maisu-filmeak beste hainbaten artean) bezalako jeinu baten agindupean Hollywoodeko egungo izarretako bat den Natalie Portmanek interpretatutako Inkisizioaren biktima zoritxarrekoaren neba zen Ángel Bilbatúaren papera betez lan egin zuen. Tartean, Savage Graceen, El fin del romance edo Las Horas bezalako filmetan protagonista zen Julianne Moorek burututako banaketan parte hartu zuen. Eta El amor en los tiempos del cóleran Javier Bardemek interpretatutako Florentino Ariza protagonistaren gaztaroko papera lortzen du. 2007an Helena Tabernaren La buena nueva protagonizatu eta bere belaunaldikoa zen El grupo edo Mi dulce filmetan elkarlanean izandako Barbara Goenaga euskal aktoresarekin bat dagi. Migelen pertsonaiari esker, Gerra Zibila hastear zegoela Altzaniara bidali zuten apaiza dugu Migel, nazkatuta Elizak matxinatuekin eta errepresio faxistarekin duen elkar aditzeaz, Valladolideko 53. Zine Astean (Seminci) (2008) Aktore Onenari Saria eksuratu zuen.

2008an Vaquerito-ren (Roberto Rodriguez) pertsonaia antzeztu zuen Steven Soderbergh-en Che, el argentino pelikulan, Benicio del Toro zen protagonista zelarik. Cuentame como paso telebistako saioan Jorge Arias-en papera izan zuen. 2009an, Cefalopodo pelikulan, Sebastian izan zen, hau da, zoritxarrezko maitasuna ahatu nahian Sonorako basamortuan galduta dabilen euskal jatorrizko gazte mexikarra. Ruben Imaz-ek zuzendu zuen pelikula eta Irusoin euskal ekoitetxeak ere parte hartu zuen nazioarteko koprodukzioa izan zen. Urte horretan ere David Pinillos-en Bon appétit pelikulan esku hartu zuen, Daniel protagonistaren papera antzeztuz. Jarraian There be Dragons filman ere parte hartu zuen, Roland Joffe ospetsuaren filmaketa izanik, The Killing fields, The Mission edota City of Joy pelikula handien zuzendaria alegia.