Zinekoak

La caja 507

Sogecine-k produzitu zuen filma, 2002an. Enrique Urbizu zuzendariaren seigarren film luzea da, eta haren lehen lana, Cachito (1996) egin zuenetik.

Film horren porrota hain gogorra gertatu zitzaion, urte mordoa eman baitzuen buru-belarri gidoi batzuk idazten. John Brownjohn-ekin eta Roman Polanski-rekin elkarlanean aritu zen, Arturo Pérez Reverte-ren El club Dumas eleberria zinemarako egokitzen. Eta Bernardo Atxagaren Zeru horiek eleberria saiatu zen zinemara eramaten. 2001ean, La caja 507-ren prestaketari ekin zion. Proiektu horri esker, ohorezko leku bat berreskuratu zuen espainiar zinemaren barruan. Michel Gaztambiderekin batera idatzi zuen gidoia. Filmak Modestoren (Antonio Resines) historia kontatzen du. Costa del Sol-eko banku-sukurtsal bateko zuzendari apal eta zintzoa da hori. Lapur batzuek bankuko segurtasun kutxak lehertzen dizkiote, eta ganbera korazatuan barrututa uzten dute bera. Giltzapean dagoen bitartean, eta ustekabean kutxetako bat aztertzen ari dela, 507a, zantzu harrigarri batzuk aurkitzen ditu. Horiei esker, ohartzen da bere alabaren heriotza (iraganean gertatua) ez zela ezbehar hutsa izan. Beste pertsonaia bat Rafael (José Coronado) da. Bere hiltzaile begirada lehorragatik, Jean Pierre Melville-ren El silencio de un hombre (1967) filmeko Alain Delon gogorarazten du. Rafael polizia ohia da, eta kutxatik lapurtutakoa berreskuratu beharko du. Thriller bikain honekin, Urbizuk bere Todo por la pasta (1991) maisulanaren espiritua berrartu zuen, nolabait.

Egia da girotzea desberdina dela. Bilboko asfalto ilun eta hezea oso urrun dago La caja 507-ko andaluziar espazio ireki, zabal eta argitsuetatik.. Eta azken film honetan, indarkeria ez da hain esplizitua; ikus-eremutik kanpokora jotzen da maiz, eta Todo por la pasta, aldiz, dena tiroketa eta jipoi zen. Orain, aitzitik, hiltzaileaz eta hark jendea hiltzeko duen arrazoiaz mintzo da Urbizu. Edonola ere, bada paralelismorik bi obren artean. Diruak dirau trama osoaren ardatz nagusi. Dirua zoritxarren sortzaile da, eta diruzalekeriaren eta zekenkeriaren mende eroritako gizateria baten erakusgarri. Bada ustelkeria ere, polizia bortiz bat (Ángel Estrada, Todo por la pasta-n, eta Rafael Mazas, La caja 507-n). Azkenik, bada inguruko gorabehera makurrengatik zeharo bestelakotzen den pertsonaia nagusi bat ere. Bai Todo por la pasta-ko Azucena, bai La caja 507-ko Modesto, zintzo, xalo eta gaitz-gabe ageri dira hasieran, gaiztakeriaz betetako mundu batean, eta izaki ziniko eta diru-gose bihurtuta ikusten ditugu azkenean; segur aski, ez dute jadanik gogoan izango lehen zintzoak zirela eta sistemaren arauak errespetatzen zituztela. Kritikak oso harrera beroa egin zion filmari. Urbizuk zinema beltza nola egiten den erakutsi zuen berriro, eta, batez ere, indartsu itzuli zen bere ohorezko tokira, Cachito filma estreinatu ondorengo krisia gaindituta. Zinemaldietan egindako ibilaldian, Urbizuk eta La caja 507-k hainbat sari jaso zituzten: Zuzendari Onenaren Ondas Saria; Espainiako Film Onenaren Saria, Sant Jordi Sarien 47. lehiaketan; bi Goya sari (Produkzio Zuzendaritza eta Muntaketa), Goya sarien XVII. lehiaketan (2003); Zuzendari Onenaren Saria eta Gidoi Onenaren Saria, El Mundok Euskal Zinemari emandako XI. Sarietan (2003), eta lau sari, Cognac-eko Zinemaldian.

  • Angulo, Jesús; Heredero, Carlos F.; Santamarina, Antonio: Enrique Urbizu, la imagen esencial, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 2002, 358 or
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.