Zinekoak

Bior bira

Gaurko Filmeak euskal produkzio-etxeak produzitu zuen filma, 1985ean. Berarekin sartu zen Eloy de la Iglesia euskal zinemako zerrenda ofizialean. Dena dela, Gaurko Filmeak produkzio-etxea estreinatua zen jadanik hor, Ópalo Films etxe madrildarrarekin elkarlanean aritu baitzen El Pico filma (1983) egiten, eta film hori Eloy de la Iglesiak zuzendu zuen.

Hain zuzen ere El Pico-ren arrakasta ekonomikoagatik eskuratu zituen zuzendari zarauztarrak Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Kultur Ministerioaren laguntzak, Henry James-en eleberri ospetsua zinemara eramateko. Ez zen lehen aldia eleberria film bihurtzen zela. Jack Clayton hartan oinarritu zen The Innocents egiteko -Deborah Kerr-ek antzeztu zuen protagonista nagusia-, eta Michael Winner-ek ere eleberrira jo zuen, The Nightcomers filmatzeko; film eskandalagarri horrek, esan dezagun bidenabar, Marlon Brando izan zuen aktore nagusi.

Eloy de la Iglesiak nahiko askatasun handiz birsortu du Jamesen obra. Bere filmografian beti hor duen ikuspegi homosexualari leial, eleberriko emakumezko irakasle partikularra kendu, eta Roberto izeneko apaizgaia sartzen du istorioan. Pedro María Sánchezi egokitu zitzaion pertsonaia antzeztea. Filmaketan, ordea, uko egin zion pertsonaia homosexual bat sortzeari. Horrek sekulako tirabira sortu zuen zuzendariaren eta antzezlearen artean. Eloy de la Iglesiak, gainera, beste gerra paralelo bat eduki zuen bere operadorearekin. Zinegileak, esku artean garaiko film nahiko asaldagarri bat edukita, giro viscontiar bat eta argi distiratsu eta iradokigarri bat bilatzen zituen, Stanley Kubrick-en Barry Lyndon filman bezala. Baina ez zen akordiorik iritsi horretaz, eta zuzendariak operadorea aldatu zuen filmaketaren erdian. Bestalde, ekintza ere jatorrizko Ingalaterra viktoriarretik XIX. mendeko Euskal Herrira aldatu zen, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza zuritzeko batik bat.

Laurogeietako euskal zinemak naturaz gaindikora egindako beste hurbilketa batzuek -Akelarre eta Fuego eterno- bezalaxe, Koxka bat estuagok ere funtsezko hutsa egiten du: tratamendu akademiko eta urrun bat darabil, bere izaera fantastikoagatik justu aurkakoa eskatzen duen kasu batean. Harrigarria, zinez. Eloy de la Iglesiak beti jakin baitu lokatzetan hondo-hondoraino sartzen. Nolanahi ere, Koxka bat estuagok ez zuen funtzionatu zinema-aretoetan, eta hortxe amaitu zen gipuzkoar zuzendariak euskal zineman egindako ibilaldia.



  • Aguilar, Carlos (et al.): Conocer a Eloy de la Iglesia, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Festival Internacional de Cine de San Sebastián/Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, 1996, 226 or.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.