Zinekoak

Agur, Everest - Namaste, Chamo Longmu

Lamia Films-ek produzitu zuen filma, 1981ean. Fernando Larruquertek eta Juan Ignacio Lorentek zuzendu zuten. La fuga de Segovia eta Siete calles filmekin batera, Agur Everestek tresna garrantzitsu bat abiatu zuen: Gerra Zibilaren ondoko lehen Eusko Jaurlaritzaren funts galdurako diru-laguntza politika.

Hasteko, 1974ra itzuli behar da, urte horretan Everest mendira igotzen saiatu zen euskal espediziora. Azken mementoan, espedizio hark atzera egin behar izan zuen, eguraldi txarragatik eta beste zailtasun batzuengatik. Ez zuen iritsi helburua. Fernando Larruquert zinemagilea, Ama Lur (1968) filmaren egileetako bat, espedizioarekin joan zen, igotzea filmatzeko. Beste behin ere, sentiberatasun handia, gauzak ikusteko gaitasun aparta eta muntaketarako iaiotasuna erakutsi zituen. Filmatu zuen materialean, bada tontorrera heltzeko borrokarik baino gehiago. Izan ere, ez da hainbeste ardura azken porrota; garrantzitsuagoak dira abenturaren kontakizuna, mendizaleen ahalegina eta haien barne-bidaia. Garrantzitsua da, halaber, Nepali, haren kulturari, haren erlijioari eta hango biztanleei egiten zaien begirada emankorra. Filmean zehar, Larruquertek doinu intimista bat ezarri zuen; erabat urrundu zen agerpen hitz-handi, epiko eta kasik militarretatik, hots, "gailurrari eraso" eta antzekoetatik. Naturarekin bat egitea zen kontua, ia-ia filosofia budistaren aginduei jarraiki. Problema tekniko batzuengatik, filma ez zen erakutsi; muntatuta eta argitara gabe gelditu zen.

1980an, beste espedizio bat antolatu zen Everest mendira. Orduan, bai: zapaldu zuten gaina. Aldi hartan, Larruquertek ez zuen parte hartu igotzean. Lagunek filmatu zioten hura; Juan Ignacio Lorentek eta Martin Zabaletak, besteak beste. Material hori Londresa eraman zutenean errebelatzera, ordea, 45 minutuko zatia hondatu zen laborategian. Hala, nola 1980ko filma ezin zen bakarrik muntatu, 1974ko materialarekin batera muntatzea erabaki zen. 1980an filmatutako zatiaren balioa testigantzazkoa da batik bat, euskal alpinismoaren une nagusi bat erakusten baitu: ikurrina Everesten lehen aldiz nola ipini zuten, 1980ko maiatzaren 14an. Zinemagintza-kalitatearen aldetik begiratuta, 1980an filmatutakoa ezin da konparatu Larruquertek 1974an egindako lanarekin. Agur Everestek Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko XXIII. Jaialdiko Nazioarteko Ataleko Dokumental Luzearen Sari Nagusia irabazi zuen.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbo, Mensajero, 1984, 331 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 or.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbo, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 or.