Itzultzaileak

Archu, Jean Baptiste

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Altzürükü, 1811-La Réole (Okzitania) 1881.

Irakasle ikasketak egin ondoren, irakasle ibili zen Bordelen; geroago, La Réolen, irakasle eta baita eskola-ikuskari ere aritu zen. Urte haietan irakaskuntzak hartu zuen garrantziaren erakusgarri, "Guizot Legea" delakoa atera izana dugu, 1833ko ekainaren 28an, irakaskuntza publiko orokorra eta ikasle guztiek frantsesa ikasi beharra ezarri baitzituen.

Errepublikazale erradikala izaki, La Réolen zinegotzi ere ibili zen 1851-1870 bitartean.

Idatzi zituen obra gehienak itzulpenak izan ziren. Horien artean beharbada garrantzitsuena La Fontainaren aleghia-bereheziak neurt-hitzez franzesetik uskarara itzuliak izan zen, 1848an La Réolen argitaratua. Liburua "Uskal Herriari" eskaintzen dio, eta haurrek jolastuz ikasteko idatzi zuela dio: "Ghezurtto batzu, hau da eghia / Zure haurren tchostatzeko, / Menturaz hen skolatzeko. / Tchostatzia, / Skolatzia / Hanitz alditan / Ber thokietan / Egoten dia." Bestela esanda, haurrek frantsesa ikasteko baliatu nahi zituen alegiak, arestian aipatutako Guizot legearen bidetik, obraren hitzaurrean ere aipatzen dena. Edizio osoa elebiduna da, frantsesez eta euskaraz, eta euskal ortografia eta gramatikari buruzko atal bat ere jasotzen du. Alde horretatik, Orpustanen iritziz, euskara ikasteko ere balio zezakeen liburuak. Izenburuak dioenez, La Fontaineren alegien itzulpenak biltzen ditu liburuak; zehazki, frantses idazlearen 50 alegia euskaratu zituen, hitz neurtuz.

Alegien itzulpena argitaratu zuen urte berean Archuk Kantu patriotikak (1848) izeneko lana ere plazaratu zuen. Bertan, "Phartitzeko kantua", "Marseillaise", "Uskaldun kantua" eta "Kantu republikanoa" kantu euskaratuak bildu zituen.

Gramatika baten egilea ere izan zen: Uskara eta franzes gramatika, uskalerrietaco haurrentzat eguina (1852), Baionan argitaratua; Bidadorren esanetan ospe handien eman zion lana; izan ere, urte gutxitan hiru edizio egin baitziren.

Bonaparte printzeak zuberotarraren sonaren berri izan zuenean, honako biblia-itzulpen hauek agindu zizkion: Daviden gorantzak edo psalmiak -1862an argitaratua-, Moisasen lehen libria Jenesa deithia -Nafarroako artxiboan oraino argitaragabe datzana-, eta Ruthen libria Salomounen kantiken kantika eta Jonasen libria -Baionan 1888an Londresko Elkarte Biblikoak agerrarazia-.

Azkenik, Archuk Etxepareren eta Oihenarten euskal poesiaren frantsesezko bertsioak ere egin zituen: Poésies basques de Bernard Dechepare, recteur de Saint-Michel-le-Vieux eta Les Proverbes basques, reueillis par le Sr. d'Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur, biak 1847an argitaratuak, Bordelen.

Beldarrainek dioskunez, Hiribarrenek lehen mailako idazletzat jo zuen Archu Euskaldunac poema luzean; egindako itzulpenei dagokienez, berriz, Francisque Michelek maila handikoak zirelako iritzia adierazi zuen. Manterolak, ordea, literalegi iritzi zion alegien bertsioari, baina hizkuntzak konparazioz ikasteko horixe zela biderik egokiena erantsi zuen. Jean Ithurriaguek goraipatu egin zuen La Fontaineren alegien Archuren bertsioa; eta Lafittek haren idazkeraren dotoretasun eta naturaltasuna azpimarratu zuen. Santi Onaindiaren iritziz, berriz, Archuk estilo traketsa zerabilen, batez ere joskera aldetik; Marivi Unamunok, azkenik, Archuk helburu literariorik ez zuela izan, eta irakaskuntza zuela gogoan adierazi zuen.

  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Jean Baptiste Arxu". [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • BELDARRAIN AGIRRE, Josune. Alegia klasikoak euskaraz: Isopeteko, La Fontaineren eta Samaniegoren alegien berridazketen azterketa. EHUko Doktorego Tesia. Argitaratu gabe [2010].
  • BIDADOR, Joxemiel. "Zuberoako bedatse loraduna", Euskaldunon Egunkaria , 1996.
  • ROJO COBOS, Francisco Javier. "La Fontainaren Alhegia Berheziak (1848)". Euskal Literaturaren Hiztegia - Idazlanak. EHU-Euskara Institutua. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Gasteiz: Editorial Aránzazu, 1979.