Konposatzaileak

Goicoechea y Errasti, Vicente

Konpositore. 1854ko apirilaren 5ean jaio zen Aramaioko Ibarran (Araba); 1916ko apirilaren 9an zendi zen, Valladolid-en.

Gasteizen batxilergoa ikasi zuen eta Unibertsitatean ikasten ari zen bitartean musika lantzen hasi zen. Notario titulua eskuratu zuen, baina ez zuen horretan lan egin. Apaiz izateko deia sentitu zuen eta, lortu ez bazuen ere, Gasteizko Seminarioan sartzen saiatu zen. Gero Valladolid-eko seminarioan sartzea lortu zuen eta bertako katedraleko kapera maisu postua erdietsi zuen lehiaketa baten bitartez 1890ean, apaiz bilakatu baino lehen alegia. Postu horretan lan egi zuen hil baino urte bete lehenago arte.

Gehienetan bere kasa ikasten zuen, baina armonia Jose Maria Abad-ekin ikasi zuen, Gasteizko San Vicente parrokiako organista alegia; horrez gain, Felipe Gorritirekin ere ikasi zuen eta gainera konpositore handien lanak irakurri eta aztertuz ikasketak hobetu zituen, bereziki, Bach, Cesar Franck, Gounod, XVI. mendeko polifonistak eta Richard Wagner bera.

Pio X.a Aita Santuaren (1903) Motu Propioaren bidez Vatikanoak sustatutako musika liturgikoaren erreformari aurrea hartu zion. Espainiako mugimendu berritzailearen buru bilakatu zen. Zentzu horretan, Gaztelako Seminarioan burutu zuen lan pedagogikoa funtsezkoa izan zen, musika derrigorrezko ikasgaia bilakatu baitzen.

Eginbehar hori zuzendaritzan ere jorratu zuen, katedraleko kapera zuzentzeaz gain, Orfeón Vasco-Navarro delakoa eratu eta zuzendu baitzuen. Orfeoi horretako kide gehienak Valladoliden bizi ziren ikasle euskaldunak eta nafarrak ziren.

Idatzi zituen lan guztiak erlijiosoak izan ziren eta bereziki azpimarra daitezke zenbait Meza, Miserere, Salve, Ave Mariak, Errespontsu eta abar. Horiez gain organo eta herri korurako konposizioak ere prestatu zituen. Ziur asko, polifonista klasikoez gain, mundu osoan barrena ezagunena izan den musika erlijiosoko Espainiako egilea da.

  • SALABERRI, Sabin; et al.: La Música en Álava. Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.