Monarkia eta noblezia

Antonio Borboikoa

Vendôme-ko dukea (1537-1562) eta Nafarroako errege ezkontidea (1555-1562).

Karlos Borboikoaren eta Aleçongo Frantziskaren semea. 1518an jaio zen. Vendôme-ko dukea izateaz gain, Beaumont-eko, Marle-ko eta Soissons-eko konde tituluak oinordetzan hartu zituen.

1548an Labriteko Joanarekin ezkondu zen Moulinsen, Nafarroako erresumaren oinordekoarekin alegia. Antoniok Vendôme-ko dukerria eta Pikardiako La Fére gaztelua eman zituen ezkonsari gisa. Bi familien arteko ezkontzarekin, borboitarren zitori horiak Nafarroako armarrian sartu zituzten. Horren bitartez, Frantziako armarrian ere erantsi ziren, eta, gero, Espainiakoan. Nafarroa Beherea Joanaren gobernupean geratu zen bere aita Henrike II.a 1555ean hil zenean, eta Antonio Borboikoa errege ezkontide bihurtu zen.

Senar-emazteek hainbat seme-alaba izan zituzten: Henrike, bi urterekin hil zena; etorkizunean errege izango zen Nafarroako Henrike III.a, geroago Frantziako Henrike IV.a ere bihurtu zena; Luis Karlos; Magdalena eta Katalina.

Errege-erreginak protestantismora aldatu ziren, eta Antonio Borboikoak Frantziako lehen erlijio gerraren hasiera bizi zuen (1562-1563). Emazteak erreforma protestantea euren agindupeko lurretan zabaldu nahi zuen, baina borboitarrak protestantismoa utzi eta katolikoen bandoan hasi zen borrokan. Rouen hiriaren setioan parte hartu zuen, erregezaleen alde, eta 1562an hil zen, borroka hartan izandako zaurien ondorioz.

  • BRYSON, David M. Queen Jeanne and the promised land. Dynasty, homeland, religion and violence in sixteenth-century France. Leiden; Boston; Köln: Brill, 1999.
  • GALLASTEGUI UCIN, Javier. Juana de Albret. La reina protestante de Navarra (familia y tiempo histórico). Madril: Letra Clara, 2010.
  • RUBLE, Alphonse de. Antoine de Bourbon et Jeanne d'Albret. Paris: Adolphe Labitte, 1881-1886. [Kontsulta data: 2011ko ekainak 16].
  • V.V.A.A. Joanes Leizarraga. Vida y obra. [Iruñea]: Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarra, 2007. 2. alea.